EGA NAFARROA
1. Oro har, industria
farmazeutikoak ezin du, inola ere, gaixotasunetan ikertu inbertsioaren
parte handi bat berreskuratu gabe. Baina zer zenbateko inbertitzen du
industria farmazeutikoak medikamentu berrien ikerkuntzan? Normalean, industriak
etekinen % 15-19 baliatzen du ikerketa-alorrean; bestalde, inbertsio handiena
produktuen marketinean egiten du. Horren erakusgarri, 10 enpresa farmazeutiko
multinazional handienen salmentetatik jasotako datuak ditugu. Azken urteetan,
salmentekin lortutako etekinak (% 17) handiagoak izan ziren ikerketan
eta garapenean egindako gastua baino (% 14); merkaturatzeko eta marketineko
kostuak, bestalde, askoz altuagoak izan ziren (% 35). Datu horietatik
zera ondorioztatzen da: ikerketa eta garapeneko kostuak enpresa farmazeutikoen
aurrekontuen parte txiki bat baino ez dira merkaturatzean eta administrazioan
erabiltzen denaren aldean. Elhuyar aldizkaria, 302. zenb. Moldatua. |
2. Medikuntza ofizialak -dei
diezaiogun hala erosotasunaren mesedetan- arriskua dagoela onartzen du,
baina ez aurkakoek salatzen duten bezain handia. Jose Maria Bayasek poliomielitisaren
adibidea ipini digu berriz: txertoa hartzen duten bi milioitik pertsona
bakar batek izaten du paralisia, baina arrisku hori hartuta urtean 400.000
kasu izatetik 1.000 izatera pasatu gara. “Bestalde –gaineratu
du AEVko presidenteak–, ordaindu beharreko zerga hori ez da hain
garestia, kontuan izanda txertoaren erruz gaixotu den ume horrek askoz
aukera handiagoak edukiko zituela poliomielitisaz kutsatzeko txertoa hartu
gabe, txertoa hartuta baino”. Arazoa da, Bayasen ustez, normalean
ez dugula piramidearen oinarria ikusten, alegia txertoei esker hiltzen
ez diren milioika pertsonek osatzen dutena, eta, aldiz, asko erreparatzen
diogula piramidearen erpinari. Erpin horretan daude txertoei leporatzen
zaizkien efektu kaltegarriak, “batzuetan, arrazoiz, eta besteetan,
arrazoirik gabe”, nabarmendu du Bayasek. Argia aldizkaria, 2.220. zenb. Moldatua. |
3. Jakina da farmako asko ez
direla eraginkorrak populazioaren parte batean, eta horixe da gaur egun
medikuntzan dagoen erronketako bat. Farmako horiek eragingo ez dieten
pazienteei ematea kaltegarria da (albo-ondorioak ekarriko dituztelako),
eta alferrikakoa, efektuaren zein ikuspuntu ekonomikoaren aldetik. Farmakogenetikaren
helburu nagusia norbanako bakoitzaren tratamendua optimizatzea da, eta
terapia pertsonalizatu eraginkorra eta segurua lortzea; horretarako, pertsona
bakoitzaren genetikak farmakoen erantzunean duen eragina zehaztu behar
du. Jakintza horrek eguneroko praktika klinikoan farmakoak errezetatzeko
modua alda dezake. Farmakogenetikaren bidez, tratamendu baten aurrean
erantzungo duten gaixoen eta haien dosi egokienaren aurretiko aukeraketa
egin daiteke. Hala, botiken alferrikako erabilera eta albo-ondorioak saihets
daitezke. Elhuyar aldizkaria, 301. zenb. Moldatua. |
4. Gaixotasun infekziosoen agerraldiek osasun
publikoko baliabideen eskasia adierazten dute; ikusi besterik ez dago,
adibidez, nola gertatu den ebolaren krisia. Egia da eskasia horiek agerian
jartzean konponbideak bila daitezkeela eta, akatsetatik ikasi ondoren,
hobetu egin daitekeela, baina argi dago, mundu globalizatu honetan azaleratzen
ari diren infekzioak kontrolatzeko, ezinbestekoa dela nazioarteko lankidetza.
Nazio bakoitzak ezin du bere kasa jardun; mundu mailako zenbait erakunde
(OME, adibidez) infekzioen arazoez arduratzen dira eta aholkuak kaleratzen
dituzte infekzio-agerraldiak izaten direnean. Bestalde, txerto eta botika
berriak ere ari dira egiten, beste ikuspegi batzuetatik: txertoei dagokienez,
teknologia errekonbinantea eta kaltegarriak ez diren birusak erabiltzen
dira; botika berriak egiteko, berriz, eremu zabaleko farmakoak prestatzen
dira (esate baterako, hainbat birus mota suntsitzeko gai direnak). Botika
horietako batzuek birusen entzima espezifikoak suntsitzen dituzte; beste
batzuek, berriz, RNA-molekulak. Elhuyar aldizkaria, 317. zenb. Moldatua. |
5. Txertoek milioika heriotza eta bestelako kalte
saihestu dituzte, hori da egia. Baztanga edo nafarreriaren adibideari
erreparatu besterik ez dago. Gaitz honek milaka biktima eragin zituen
Europan XVIII. mendean. Behin kutsatuta, hiru lagunetik bat hiltzen
zuen, bai eta gainerakoei arrasto larriak utzi ere. Gaur egun oraindik
baztangarik balego, bi milioi lagun hilko lirateke urtero gaitzak jota.
Baina, zorionez, 1980an desagertutzat jo zuen Munduko Osasun Erakundeak.
Gizakiei eraso egiten dien eta gizakiak erabat desagerrarazi duen gaixotasun
bakarra da orain arte, eta txertoek lorpen horretan izan duten zeregina
ukaezina da. Baztangaren kasua paradigmatikoena da ziurrenik, baina
txerto-kanpaina sistematikoak egiten hasi zirenetik, dozenaka gaitz
oso kutsakorren hedapena etetea lortu da. Zientzia kaiera webgunea. Moldatua. |
A. Gehiago dira onurak kalteak baino, gaixotasun kutsakorrei aurre egiteko hartzen diren neurriak direla-eta.
B. Farmakoen prezio altuak ulergarriak dira, gaixotasunen zergatia jakiteko diru asko inbertitu behar da-eta.
C. Gaixotasun kutsakor bakarra desagertu da mundutik txertoei esker.
D. Munduan zehar izurriteak murriztea lortuko bada, nazioek ezin diote elkarri bizkarra eman.
E. Ikerkuntzak tratamendu hobeak lor ditzake, gaixo bakoitzari egokitutako botiken bidez.
F. Hainbat txertoren segurtasunari buruzko kezka adierazi dute ikertzaileek.
G. Irabaziak direla eta, industria farmazeutikoek ez dute ikerkuntza lehenesten, bestelakoak baizik.