EGA NAFARROA
SUIZIDIOA. Zergatik? Nola aurre egin?Portaera suiziden eragina, hedadura zein joera baloratzea oso zaila izan arren, ontzat jo genezake, zalantzarik izan gabe, suizidioari lotutako zenbait faktore badaudela. Ildo horretan, suizidio-gertakarien lagin zabalak erabiliz egindako ikerketa epidemiologikoek adierazten dute badaudela portaera suizidari lotuta zenbait arrisku faktore sozial zein psikiatriko garrantzitsu. Arrisku faktore horiek ezagutu eta konponduz gero, aurrerapauso baliagarriak eman daitezke suizidioaren prebentzioan. Gaixotasun psikiatrikoak 1959. urtean, Robins eta kideek lehen aldiz frogatu zituzten suizidioaren eta gaixotasun psikiatrikoen arteko loturak. Beraiek egindako ikerketan, aztertutako suiziden % 94k bere buruaz beste egitean gaixotasun psikiatrikoren bat sufritzen zutela frogatu zuten. Haietako % 45ek arazo afektiboak zituzten, eta beste % 23k alkoholismoa zuten diagnostikotzat. Beste hainbat ikerketak baieztatu du depresioa, alkoholismoa zein bestelako drogen abusua eta eskizofrenia suizidioarekin lotura handia duten gaixotasun psikiatrikoak direla. Depresioa Depresioa da, zalantzarik gabe, suizidioari maizen lotuta ageri den gaixotasun psikiatrikoa. Aldi berean, ontzat jotzen da depresio bete-betea sufritzen duten gaixoengan suizidio-arriskua % 19koa dela. Horregatik, suizidioaren prebentzioa zaila izan arren, depresioak jotako gaixoen benetako suizidio arriskua aztertzeko, gertakizun depresiboaren larritasun-maila zehazteak ezinbestekoa dirudi. Gaixotasun depresiboen artean, depresio bete-betea argi eta garbi diagnostikatu zitzaien gaixoen eta horretarako baldintza guztiak betetzen ez zituztenen arteko ezberdintasunak frogatu dira. Adibidez, bigarren multzo horretan gizonezkoak dira nagusi, eta bertan, maiz, suizidioa erlazionatuta dago alkoholaren abusuarekin edo mendekotasunarekin, nortasun-arazoekin edo depresioaren aurreko gaixotasun fisiko larriren batekin. Aitzitik, depresio bete-betea nagusiki emakumezkoengan gertatzen da, eta, kasu askotan, diagnostikoa bakarra izaten da. Bestalde, depresio bete-betearen lehenengo hiru hilabeteetan edota errepikatzen diren gertaera depresiboetan suizidio-arriskua handiagoa omen da. Gaixo deprimituek euren buruaz beste egitea eragozteko eta prebenitzeko jarraitu beharreko tratamenduaren eta beharrezkoa den laguntza psikiatrikoaren betebeharrak eztabaida gogorrak piztu izan ditu. Ikerketa batzuen arabera, oso garrantzitsuak dira depresioaren tratamendu psikologiko edota farmakologiko egokiak suizidiorako arrisku faktoreak gutxitzeko. Hori kontuan hartuta, depresioaren aurkako tratamenduan farmakoren bat erabili beharko litzateke, batez ere suizidio-arriskua nabarmena den kasuetan. Hori horrela izanda ere, Isometsa eta kideek 1994an egindako ikerketan agerian jarri zuten benetako egoera zein den. Esaterako, depresioa zuten suiziden % 45 soilik zeuden tratamendu psikiatrikopean bere buruaz beste egin zutenean, eta % 3k baino ez zuten hartu depresioaren aurkako farmakoren bat dosi egokietan. Egindako beste ikerketa baten arabera, deprimituen erdiak baino gehiagok mediku batekin egon ziren bere buruaz beste egin aurreko hiru hilabeteetan, baina haien erdiei soilik eman zitzaien depresioaren aurkako farmakoren bat, eta azken horien herenek soilik zeuzkaten antidepresibo-aztarnak odolean autopsia egin zitzaienean. Datu horien guztien arabera, tratamendu ezak, tratamendu desegokiak edo tratamendua egoki ez betetzeak portaera suizida susta lezake. Era berean, diagnostiko egokiek zein depresioaren aurkako farmakoen bidez egindako tratamenduek gaixo deprimituen suizidio-arriskua nabarmen murrizten dutela frogatu da. Alkoholismoa Alkoholikoen arteko suizidio kopurua ere populazio arruntarena baino dezente altuagoa da. Gaur egungo alkoholikoen suizidio-arriskua % 8tik 11 bitartekoa da, baina tratamenduan dauden alkoholikoengan % 3,4ra jaisten da. Hala ere, hil baino lehen suizida alkoholikoen erdiek baino gehiagok bestelako gaixotasun psikiatrikoren bat sufritzen dutela ere demostratu da. Horren arabera, alkoholismoaren eta bestelako gaixotasun psikiatrikoen arteko elkarrekintza portaera suizidarako arrisku-faktore garrantzitsua da. Sarritan alkoholismoa eta depresioa elkarri lotuta agertzen zaizkigu. Horrela, alkoholikoek depresioa sufritzeko duten arriskua alkoholiko ez direnena baino bi aldiz handiagoa da. Bi arazo horiek sarriago agertzen dira batera emakumezkoen artean. Gainera, agertzeko ordena ere generoaren araberako kontua da. Esaterako, gizonezkoen % 78tan alkoholismoa agertzen da lehenengo, eta alkoholismo horren ondorioz deprimitzen dira. Emakumezkoen artean, ordea, % 66tan depresioa da lehenengo arazoa eta, ziur aski, depresio horrek bultzatuta alkoholismoa agertzen da gero. Bestalde, badirudi alkoholaren abusuak gazteen suizidioarekin zerikusi handia duela. Adibidez, euren buruaz beste eginda hil ziren gazte finlandiarren % 50ek detektatzeko adinako alkohol maila zeukaten odolean. Gazteen kasuan, gero eta nabarmenagoa da alkoholak ez ezik, bestelako drogek ere suizidioarekin duten lotura. Eskizofrenia Eskizofrenia sarritan suizidioarekin erlazionatuta dagoen beste gaixotasun psikiatriko bat da. Eskizofrenia sufritzen duten gaixoek jende arruntak baino 10-20 aldiz suizidio-arrisku handiagoa dute. Hortaz, eurengan heriotza goiztiarraren arrazoi nagusietakoa suizidioa da. Arrisku hori gizonezko gazteen artean handiagoa da eta, besteen artean ez bezala, adinean aurrera joan ahala murriztu egiten da. Bestalde, gaixo eskizofrenikoen suizidio-arriskua ospitalean dauden bitartean txikiagoa izaten da, baina ospitaletik atera ondoren bikoiztu egiten da. Gaixo eskizofrenikoek modu askoz ere bortitzagoak eta normalean hilkorragoak erabiltzen dituzte beren buruaz beste egiteko. Gehienetan eskizofrenian bi motatako sintomak agertzen dira: negatiboak (emozio eza, afektibitatea desagertzea, jendearekiko mesfidantza eta erlazio falta...), eta positiboak (haluzinazioak, asaldura, hiperaktibitatea, susmagarritasun paranoikoak...). Sintoma positiboak negatiboak baino nabarmenagoak diren heinean, suizidio-arriskua altuagoa izango da. Dena den, eskizofreniaren arazo garrantzitsu eta larrienetariko bat ondorengoa da: gaixoak berak ez du bere buruaren gaixotasunaren inolako kontzientziarik. Horregatik, eskizofrenia sufritzen duten gaixoek sendagileekiko joera guztiz negatibo eta mesfidagaitza dute, eta, horren ondorioz, normalean ez dute laguntza psikiatrikorik eskatuko. Gainera, tratamenduan hasita ere, eskizofrenikoek farmakoak hartu beharra eraso gisa ikusten dute eta, eskuarki, edozein aitzakiaren bidez tratamendua uzten saiatuko dira. Horrela, bere buruaz beste egiteko arriskua areagotzen da. Arrisku-faktore sozialak Aurreko guztiaz gainera, portaera suizidarekin erlazionatuta egon daitezkeen zenbait faktore sozial ere badaudela frogatu da. Dirudienez, ezkongabea izatea edo bananduta egotea, langabea izatea edo bakarrik bizitzea suizidioa eragin dezaketen egoera sozialak dira. Ildo beretik, adinak eta generoak ere portaera suizidarekin zerikusirik izan dezakete. Adibidez, suizidioa gehiago gertatzen da gizonezkoen artean emakumezkoetan baino. Badirudi, gainera, salbuespenak salbuespen, adinarekin batera handiagotzen dela joera hori. Hala ere, azken boladan, gazteen artean -batez ere mutiletan- suizidio-tasaren igoera nabarmena izan da. Adibide gisa, 1980tik 1992ra bitartean, Estatu Batuetan, 15etik 19 urte bitarteko adin-tartean, suizidio-kopurua % 28 igo zen, eta 10etik 14 urte bitarteko adin-tartean % 120. Gazteen kasuan, familia arazoak, ikasketa arazoak eta gurasoek emandako tratu txarrak dira, nabarmen, euren buruaz beste egiteko arrazoia. Pertsona zaharren kasuan, aitzitik, bakartze soziala, bakardadea eta jendearekiko komunikazio eza izan ohi dira suizidio-eragile. Suizidioen kopurua gerra garaian txikiagoa da. Depresio ekonomikoko garaian, berriz, nabarmen igotzen da, jendearen egoera ekonomikoa behera doan heinean, suizidio arriskuak gora egiten baitu. Adibidez, Sobiet Batasuna desagertzearen ondorioz sortutako krisialdi ekonomikoa dela eta, Errusian suizidio-tasa % 4 igo da. Testuinguru horretan, immigranteen edo etorkinen suizidio-arriskua oso altua izango da, eurengan egoera ekonomiko txarrak, bakardadearekin eta bizi duten gizarte-bakartzearekin bat egiten baitu. Azkenik, suizidio gehiago gertatzen dira egunean zehar gauean baino. Era berean, astearen hasieran eta udaberrian sarriago gertatzen dira beste inoiz baino. Ondorioak Laburbilduz, asko dira portaera suizidarekin zerikusirik izan dezaketen arrisku-faktoreak eta, badirudi, horiek ikertzea ezinbestekoa dela suizidioaren benetako prebentzioa lantzeko. Ezin dugu ahaztu, estatistiken arabera, populazioaren % 5ek bere bizitzan zehar behin, gutxienez, beren buruaz beste egitea pentsatu dutela. Gainera, beren buruaz beste egiten duten pertsona askok medikuarengana jotzen dute aurreko hilabeteetan edo egunetan. Gaixo bakoitzaren suizidio-arriskuaren balioespenak pertsona horren osagai guztiak hartu beharko lituzke kontuan, gaixoak bere buruaz beste egitea saihesteko. Gainera, kasu gehienetan suizidak bere erabakia aditzera emango du lehenago. Horregatik, suizidio-saioei arreta handia eskaini behar zaie, aurrerantzean horietako % 10ek benetako suizidioa burutuko baitute. Oro har, osasungintzako profesionalek erne egon beharko lukete faktore horien guztien aurrean, kasu bakoitzean asistentzia edo laguntza espezializatua beharrezkoa ote den baloratzeko eta gaixoa ondoen dagokion moduan bideratzeko.
Elhuyar, 1999ko iraila (egokitua) |
81-b / 82-a / 83-d / 84-b / 85-c / 86-d / 87-a / 88-c / 89-b / 90-c