EGA NAFARROA

EGA azterketa, 2001eko iraila

TESTUA

GIZA KLONAZIOA EZTABAIDAGAI

1997ko otsailean, Ian Wilmut ikertzaile britainiarrak eta bere lankideek ardi bat klonatzea lortu zutela jakinarazi zuten. Dolly zen, hain zuzen, klonatutako ardia. Mundua harri eta zur geratu zen berri hura entzundakoan, giza klonazioari bide emango zion beldurrez. Izan ere, mundu osoko agintari politikoek eman zioten erantzuna Dolly-ren klonazioaren berriari, eta denak bat etorri ziren honetan: klonazioaren inguruko saiakuntzak atzeratu egin behar zirela mundu osoan. Erresuma Batuko gobernuak erantzun zuen, 1990ean onartutako lege baten arabera (Human Fertilization and Embryology), giza klonazioa debekatuta zegoela bere lurralde osoan. Aipatutako legean jasotzen denez, giza fetuetan lehenengo 14 egunetan baino ezin izango dira egin azterketak. Lege horrek, beraz, "klonazio terapeutikoari" (klonazioa organoak eta ehunak ordeztu edo sendatzeko erabiltzea) ireki zizkion ateak, neurri batean.

1999ko ekainean, Human Fertilization and Embryology Authority erakundeak legea aldatzeko proposamena egin zuen klonazio terapeutikoaren inguruko ikerketak legezkoak izan zitezen. Baina Erresuma Batuko gobernuak ez zuen proposamena onartu; denbora behar zuela erantzun zuen, gai horren ondorio etikoak sakon aztertu nahi zituela-eta.

Klonazioaren gaiak auzi politiko gogorra eragin du Erresuma Batuan. Ian Wilmutek eta bere lankideek erabilitako klonazio-teknika aurrerapen zientifiko garrantzitsua zela pentsatu zen hasieran, eta medikuntzan ustez izango dituen erabilera ugariek bultzada ederra emango ziotela Britainia Handiko ekonomiari (batik bat patenteak mundu osoko konpainiei saltzearen ondorioz). Baina "behi eroen" gaixotasunak kolokan utzi zuen jendeak aditu britainiarrengan jarri zuen konfiantza. Eta kezka hori areagotu egin da genetikoki aldatutako landareek sorraraz ditzaketen arriskuekin, ez baitago argi nolako kalteak eragin ditzaketen giza osasunean eta ingurumenean. Gauzak horrela, Britainia Handiko gobernuak ez du teknologia "iraultzaile" eta eztabaidagarri hori zilegiztatzeko asmorik, ez baitu bere izen ona berriro kolokan geratzerik nahi.

Klonazioa behar bezala erabiltzea

Ia inor ez dago gizakia neurri gabe klonatzearen alde. Klonazio terapeutikoak medikuntzan izan ditzakeen erabilerak, horixe da auziaren iltzea. Klonazioa baliagarria izan daiteke, adibidez, mitokondrietako (zelulari indarra ematen dion material genetikoa) ADNa kaltetua daukaten emakumeak sendatzeko, betiere gaitz hori seme-alabei transmititzeko arriskua egonez gero, jakina. Edo, bestela, injertoetarako azala sortzeko, gaur egun gaixoen gorputz-atalen batetik hartzen baitute. Klonazioa baliagarria ere izan daiteke hezurretako edo gibeleko zelula txarrak ordezteko.

"Klon" hitzak izugarrizko arbuioa eragiten dio askori, irudi jakin bat ekartzen baitie gogora: bere buruaren milaka erreplika izan nahi dituen diktadore edo izarrarena, alegia. Klonazioaren kontrakoen ustez, teknika horren bidez azken muturrera eramango dugu gizakiaren instrumentalizazioa, gizaki batzuk beste batzuen interesetarako erabiliko baititugu, lehenengoen izatea ezertarako ere errespetatu gabe. Bestalde, "ugalketarako" klonazioaren eta klonazio "terapeutikoaren" arteko bereizketa hori kontu dialektiko hutsa iruditzen zaie, bigarrena legeztatuz gero, lehenengoari ere emango baitzaio bidea. Klonazioaren aukera medikoak erabat aprobetxatu behar direla uste dutenek, ordea, funtsezko deritzote aipatutako bereizketari. Horixe pentsatzen du, adibidez, Ian Wilmut-ek. Berak azken bi urte eta erdi honetan etengabe aldarrikatu ditu klonazioak eskaintzen dituen aukera apartak, eta arriskuak ere ez ditu inoiz ezkutatu. Wilmut-ek alde on ugari ikusten dizkie klonazio-teknikei, baina behar bezala erabili behar direla ere esaten du: "Ezin konta ahaleko aukerak izango genituzke ugaldu ezin diren zelula kaltetuek eragindako gaixotasunak sendatzeko. Adibidez: Parkinson gaitza".

Wilmut Geron Bio-Med enpresako zuzendari zientifikoa da egun. Geron Bio-Med 1999aren hasieran sortu zuten Roslin Institutek eta Geron izeneko bioteknologia-enpresa estatubatuarrak, alor horretako aurkikuntzak garatzeko asmoz.

Hala ere, Ian Wilmuten eta beste hainbaten ustez, ez dago ukatzerik gizakien klonazioak identitate eta harreman arazoen gai korapilatsua azalarazi duela, batik bat familien baitan. "Imajinatu zer gertatuko litzatekeen gure etxean haur klonatuak jaioz gero. Pentsatu, adibidez, nolako arazoak izango lituzketen gurasoen itxaropenei behar bezala erantzun ezean. Eta ez da zaila hori gertatzea, nortasuna ez baita izaten ondare genetikoaren emaitza hutsa". Baina, arazoak arazo, klonazioaren inguruko eztabaidaren urrats guztietan parte hartzeko irrikan dagoela argi utzi du Wilmut-ek.

Klonazio terapeutikoa ikertzeko baimena lortu nahian dabiltzanek eragozpen handiak izaten dituzte. Ildo horretan, abortuaren kontra daudenen presioak aipatu behar dira bereziki, oso gogor egiten baitiote kontra klonazio-mota orori. Halaxe gertatu zen, esaterako, Clinton presidentearen gobernuak klonazioaren inguruko lege-proiektua aurkeztu zuenean. Abortuaren kontrako taldeek eginahalak egin zituzten bertan behera gerarazteko. Aipatutako proiektuak bi helburu zituen: ugalketarako klonazioa debekatzea eta klonazio terapeutikoa legeztatzea. 1999aren hasieran, Osasunaren Institutu Nazionalak jakinarazi zuen, Kongresuak enbrioien inguruko ikerketak finantzatzeko diru federala erabiltzea debekatzen zuen arren, zelula-amei buruzko lanei laguntza emateko asmoa zuela. Eta, horretarako, sektore pribatuak utzitako zelulez baliatuko zirela, in vitro ernalketan erabili gabe geratutako zelulez, alegia.

Kongresua klonazioaren gaiari irtenbideren bat eman nahian ari da egun.

Klonazioari buruzko legedia dela-eta, Europan nagusitu den ikuspegia eta klonazioaren kontrako talde estatubatuarren ikuspegia oso antzekoak dira benetan. Talde horiek klonazioak "gizakiaren duintasuna" kolokan jarriko duelakoan daude. Ildo horretan, aipa dezagun gizartean biziki errotuta dagoen beste uste bat: sorkuntzaren unean bertan hasten dela bizia. Izan ere, uste horrek eraginda, Europako ia estatu guztietan debekatuta geratu da bai giza klonazioaren inguruko saiakuntzak egitea, bai enbrioiei buruzko ikerlanak burutzea. Baina Britainia Handiko eta Estatu Batuetako agintarien ikuspegia pragmatikoagoa izan da orain arte: giza klonazioak ustez eragin ditzakeen kalteak arrisku medikoak baino ez direla pentsatzen dute. Esate baterako, epe luzera klonazioak eragin ditzakeen balizko konplikazioak ez ezagutzea.

Morala galbidean

Britainia Handiko gobernuak duela gutxi egindako adierazpen batzuei erreparatuz gero, beste jarrera bat hartu duela ematen du, eta aurrerantzean ikuspegi etikoa ere kontuan hartuko duela. Jarrera aldaketa hori gogo onez hartu zuten Christian Action Research and Education-ek eta gainerako presio-talde erlijiosoek. Ildo horretan, azpimarratzekoa da Christian Action Research and Education taldeko zuzendariak, Charles Colchester-ek, gobernuari egindako eskaria: giza klonaziorako teknikei behatzeko sortu duen erakundeak inoiz ez dezala ahaztu horrelako ikerketek agian "morala galbidean" jarriko dutela.

Klonazioaren alorrean ari ziren ikertzaileek gogor kritikatu zuten gobernuaren jarrera aldaketa hori. Robert Winston Londreseko Royal Postgraduate School-eko irakaslea da, eta bertan esterilitatearen inguruko gaiak irakasten ditu. Winston-ek ere ez zuen ongi hartu gobernuaren erabakia, arriskutsua iruditu baitzitzaion. Haren ustetan, Gobernuak bere erabakiari eutsiz gero, Erresuma Batuko "bururik argienetako" asko kanpora joango ziren. Haren hitzak erabiliz: "Klonazioaren inguruko eztabaidan nahasmendu handia eragin du gobernuak, eta horrela jarraituz gero, medikuntzak azken hamarkada honetan emandako aurrerapausorik garrantzitsuenetakoa izan den horri trabak baino ez dizkio jarriko".

Badira, bestalde, klonazioari beste helburu bat eman nahi diotenak ere: merkataritzarako produktuak eskuratzea. Talde horiei ere ez zitzaien batere gustatu gobernuaren erabakia. "Britainia Handiko zientzia punta-puntakoa da klonazioaren alorrean, eta ez da ahaztu behar alor hori gorantz doala", dio John Simek, Bioindustry Association-eko (bioteknologiaren alorreko langileen elkartea) buruak. "Lehia bizia dago klonazioaren alorrean, eta asko dago jokoan, bai gaixoentzat, bai ekonomiarentzat", dio John Simek.

Batzuk baikorrak dira klonazioari dagokionez, ziur baitaude, azkenean, gobernuak horrelako ikerkuntzak egiteko baimena emango duela. "Endekapenezko gaixotasunak sendatzea helburu duten teknika berri horien hobariez esaten den guztiaren erdia egia bada, ez-morala izango litzateke ikerkuntzei aurrera egiten ez uztea", adierazi du Juliet Tizzard-ek, Progress Educational Trust elkarteko kideak. Izan ere, Progress Educational Trust ugalketa teknologiari buruzko ikerketen aldeko erakundea dugu.

Baina hortxe segitzen du eztabaidak. Gizaki helduen kopia berdin-berdinak sortzeko aukera horrek lilura eragiten die batzuei, baina erabateko arbuioa beste batzuei. Klonazioaren inguruko ikerketei esker medikuntzan ustez lor daitezkeen aurrerapausoak alde batera utzita, argi dago teknika horien aldekoei asko kostako zaiela aurrera jarraitzeko baimenak lortzea.

UNESCO ALBISTARIA, 2000ko urtarrila, otsaila, apirila (egokitua)

 

 

 

GALDERAK

81. Dolly ardiaren berriak mundu osoa astindu zuen eta agintari politikoak klonazioaren inguruko saiakuntzak atzeratu beharra aldarrikatzera eraman zituen. Erresuma Batuko gobernuaren erantzuna, bestalde, hauxe izan zen:
  a.

1990ean onartutako lege baten arabera, giza klonazioa debekatuta dagoela bere lurralde osoan, nahiz eta giza fetuen lehenengo bi asteetan frogak egin daitezkeen.

  gaizki b. 1990ean onartutako lege baten arabera, bere lurralde osoan giza klonazioa debekatuta dagoela, nahiz eta klonazio terapeutiko mota batzuk onartzen dituen.
  gaizki c. 1990ean onartutako lege baten arabera, guztiz debekatuta dagoela fetuaren lehenengo 14 egunetan egin ohi diren frogez gainera beste ezer egitea.
  gaizki d. Human Fertilization and Embryology legearen arabera, giza klonazioa debekaturik dagoela. Eta, beraz, klonazio terapeutikoaren inguruko ikerketarako baino ezingo dela erabili giza fetua bere lehenengo bi asteetan.
       
82. Klonazioaren gaiak auzi politiko gogorra eragin du Britainia Handian. Gauzak horrela, gobernuak ez ditu klonazio-teknikak legeztatu nahi.
  gaizki a.

Hasieran klonazio-teknikek medikuntzari bultzada ekonomikoa emango ziotela pentsatu zen arren.

  gaizki b.   Izan ere, "behi eroen" polemika piztu zenean, aditu britainiarrek tekniketan jarria zuten konfiantza galdu zuten.
  c. Genetikoki aldatutako landareek osasunari eta ingurumenari ekar diezazkieketen kalteen ezjakintasunak, besteak beste, klonazioaren kontrako jarrera hartzera eraman du gobernua.
  gaizki d. Dolly sortzeko erabilitako klonazio-teknikek diru mordoa ekarriko zuten britainiar ekonomiarentzat, krisian egonda burua altxatzeko aukera emango ziotelako.
       
83. Klonazioa, halere, baliagarria izan daiteke medikuntzan.
  gaizki a.

Besteak beste, mitokondrietako ADNa kaltetua daukaten emakume haurdunak sendatzeko, betiere gaitz hori seme-alabei transmititzeko arriskua dagoenean.

  b. Injertoetarako azala sortzeko, adibidez. Gorputz-atalen bateko azala baliatu beharrean, berria sortzen baita klonazioaren bitartez.
  gaizki c. Hamaika dira klonazio terapeutikoak izan ditzakeen erabilera onuragarriak, nahiz eta gutxi batzuk baino ez dituen onartzen komunitate zientifikoak.
  gaizki d.    Hezurretako edo gibeleko zelula kaltetuak ordezteko oso baliagarria dela ederki asko frogatu bada ere, esperimentazio mailan baizik ezin da teknika hau erabili.
       
84. Kontuak kontu, hauek dira klonazioaren kontrako argudioetako batzuk:
  gaizki a.

Klonazioa diktadoreek beren buruaren erreplikak egiteko erabiliko duten tresna beldurgarria izango da.

  gaizki b. Bi klonazioen arteko ezberdintasuna funtsik gabekoa da. Izan ere, bataren legeztatzeak bestearena ekarriko luke berehalako batean.
  c. Gizakia bere baitan helburu izan beharrean, beste batzuen interesen menpe egongo den tresna bihurtuko dugu.
  gaizki d. Klonazio "terapeutikoa" eta "ugalketarakoa" txanpon bereko bi aldeak dira. Argi dago lehenengoak bigarrenak adina arrisku dituela.
       
85. Badira klonazioaren aukera medikoak eta, beraz, onuragarriak aprobetxatu behar direla uste dutenak ere. Ian Wilmut dugu horietako bat.
  gaizki a. Klonazioak eskaintzen dizkigun aukera mediko onuragarri ugari horiek berandu baino lehen erabiltzen hastearen alde-aldekoa da.
  gaizki b. Klonazioaren arriskuak zein diren oso argi badugu ere, abantailak askoz gehiago eta nabarmenagoak direla aldarrikatzen aritu da azken bi urte eta erdi honetan.
  gaizki c. Arestian aipatutako bi klonazioak ezin dira zaku berean sartu, eta, beste askok bezala, berak ere arbuiatzen du giza klonazioa.
  d. Bere ustez, kontaezinak dira klonazioak ematen dizkigun aukera terapeutikoak; Parkinson gaitzaren sendabidea aurkitzea, esaterako.
       
86. Wilmutek, halere, uste du gizakien klonazioak familien baitan identitate eta harreman arazoen gai korapilatsua mahairatu duela:
  gaizki a. Haur klonatuak jaioz gero, eta gurasoen esperantzei erantzun ezean, litekeena da hauei sekulako frustrazioa eragitea eta, ondorioz, haurra baztertua sentitzea.
  b. Klonazio-tekniken bitartez ez dago nortasuna aurrez diseinatzerik, geneak ez baitira berau mugatzen duten faktore bakarrak. Hori dela eta, guraso askok zapuztuta ikus ditzakete jarritako esperantzak.
  gaizki c. Klonazio-teknikak gurasoen berdin-berdina jaiotzea lortuko ez balu, arazoak sor litezke, afektibitate arazoak gehienbat, familiaren baitan.
  gaizki d. Klonazioaren bitartez erreplika genetikoak lortzen ditugu. Beraz, ondare genetikoa da klonatzen dena; nortasuna, sekula ez. Horrek frustrazioa ekar diezaioke nortasun ezaugarri zehatz batzuen zain dagoenari. 
       
87. Klonazio terapeutikoa ikertzeko baimena lortu nahian dabiltzanek eragozpen handiak izaten dituzte; bereziki, abortuaren kontrako taldeen eskutik.
  gaizki a.

Halaxe gertatu zen Clinton presidentearen gobernuak klonazio terapeutikoa legeztatzea helburu zuen lege-proiektua aurkeztu zuenean. Hainbesteko indarra jarri zuten talde horiek proiektua bertan behera geratzeko, non Kongresuak legea eztabaidatzeari uko egin zion.

  b. Clintonen gobernuak klonazio terapeutikoa legeztatzea eta ugalketarakoa debekatzea helburu zuen proiektua aurkeztu zuenean, abortuaren kontrako taldeen presioek eraginda, enbrioien inguruko ikerketak finantzatzeko diru federala debekatu zuen Kongresuak.
  gaizki c. Clintonen gobernuak klonazioaren inguruko lege-proiektua aurkeztu zuenean, presioak zirela-eta, gauza bat baino ez zuen lortu: in vitro ernalketarako zelulak erabiltzeko aukera ikerketa burutu ahal izateko.
  gaizki d. Clintonen gobernuak klonazioaren inguruan aurkeztutako lege-proiektua zapuzteko eginahalak eta bi egin zituzten abortuaren kontrako taldeek. Eta hasiera batean Kongresuak proiektuari babes ekonomikorik ez ematea lortu bazuten ere, ez zuten erdietsi sektore pribatuak eskainitako laguntza ezerezean geratzea. 
       
88. Klonazioaren auzian Europako agintarien ikuspegia Estatu Batuetako agintarienarekin alderatuta ...
  gaizki a.

Ez da batere pragmatikoa, sinetsita baitaude klonazioak "gizakiaren duintasuna" kolokan jarriko duela. Gauzak horrela, klonazioarekin zerikusia duten ikerketa guztiak geldirik daude.

  gaizki b. Ez da hain pragmatikoa. Bizitza sorkuntzaren unean bertan hasten delako usteak itsututa, klonazioaren inguruko saiakuntzak oztopatzen dituzte ia Europa osoan.
  gaizki c. Estatu Batuetan ez bezalako ikuspegi praktikoa dute, arriskuak ondo aztertu artean, klonazioaren inguruko saiakuntzarik ez burutzea hobesten baitute.
  d. Ez da hain pragmatikoa. Izan ere, gizartean errotuta dauden hainbat ustek eraginda, debekatuta geratu dira ia Europa osoan giza klonazioaren inguruko saiakuntzak. 
       
89. Gobernu britainiarrak orain arte izan duen jarrera pragmatiko hori berriki aldatu eta ikuspegi etikoa ere kontuan izango duela baieztatu du.
  gaizki a.

Jarrera aldaketa hori gogo onez hartu zuten talde erlijiosoek, haien ustetan ezin baita ahaztu klonazioak hondamendia ekarriko diola gizakiari.

  b. Klonazioa merkataritzaren aldetik baloratzen dutenek ere ez dute begi onez ikusten erabaki hori, klonazioaren alorra gorantz doan honetan, eta lehiakortasunak eraginda, Britainia Handiko zientziak bertan duen goreneko tokia gal dezake-eta.
  gaizki c. Klonazioaren alorreko ikertzaileek arriskutsua deritzote erabaki horri, kanpora joan beste irtenbiderik ez baitute ikusiko lana edukiko badute.
  gaizki d. Robert Winston irakasleak ez zuen ongi hartu gobernuaren erabakia, medikuntzan hamar urtetako lanaren emaitza den aurrerapen garrantzitsu hori galbidean jar lezakeelako. 
       
90. Arazoak arazo, batzuk ziur daude gobernu britainiarrak azkenean horrelako ikerketarako baimena emango duela.
  gaizki a.

Izan ere, ez-morala litzateke teknika horiei bide ez ematea, arriskuak abantailak baino gutxiago direla nahikoa frogatu denean.

  gaizki b. Ikuspegi morala tarteko, endekapenezko gaixotasunak sendatzea helburu duten teknika horiek ez baliatzea ez litzateke-eta zilegi izango.
  gaizki c. Eta ugalketa teknologiari buruzko ikerketen aldeko erakunde bateko kide den Juliet Tizzard-ek dioen bezala, ez-morala litzateke teknika berri horien onurez esaten den guztiari bizkar eman, eta endekapenezko gaixotasunen batek jota dagoenari osatzeko dituen aukera apurrei trabak jartzea.
  d. Progress Educational Trust elkarteko kide batek ez-moraltzat jotzen du teknika horiei buruzko ikerketei oztopoak jartzea, egozten dizkieten onura guztien erdiek ere nahikoa justifikatuko bailukete ikerketekin segitzea.
       

 

81-a / 82-c / 83-b / 84-c / 85-d / 86-b / 87-b / 88-d / 89-b / 90-d