EGA NAFARROA
POESIAREN ONDOEZAAzken hiru urteotan, helduentzako poesian, 20-25 liburu argitaratu dira, gutxi gorabehera. Kopuru txikia da hori, egile gehienen irudiko. 1999. eta 2000. urteetako Euskal poesiaren kritika argitara eman berri duen Jon Kortazarrek ere halaxe uste du: "Konparazioak eginez gero, kopuru txikia da gurean kaleratutakoa. Galizian, esaterako, 50 poesia liburu inguru kaleratzen dituzte urtero". Ez omen da, ordea, poesiaren arazoa soilik: "Euskal literatura, oro har, ez da oso joria. Ipuinak eta eleberriak ere asko egiten direnik ez zait iruditzen". Jose Luis Otamendik, bestalde, hauxe gehitu du: poesia argitalpenak gutxi izan arren, ahots askotarikoak direla gure plazan. "Liburuetara bakarrik mugatuz gero, esan beharko genuke bezero gutxi dela osasun egoera aztertzeko; osasun etxe erdi huts baten irudia letorke hortik. Baina jotzen badugu badirela bestelako bozgorailuak ere, hala nola, aldizkariak, fantzineak, errezitaldiak, musika, lantegiak, bide horrek ez dirudi horren itoa. Nola begiratzen den. Argitalpenen industriari erreparatuta, flako antzean gabiltzala aitortu beharra dago". Erdipurdikoa iritzi dio Kirmen Uribek poesiaren osasunari -Bitartean heldu eskutik poesia lana argitaratu berri du-. "Liburuen kalitatea ona da, baina kantitatea txikia. Eta irakurleak ere ez dira asko". Eskasiaren arrazoiak hamaika izan badaitezke ere, hezkuntza aipatu du aurrena: "Gurean, hezkuntzan, kultura ez da garrantzitsua, eta, ondorioz, arreta ez da kulturan paratzen". Aitzitik, 1998an Anemometroa eman zigun Igor Estankona baikorrago azaldu da. "Badago poesia osasuntsu dabilelako uste orokorra duenik. Horrek ez du esan nahi oinarriak sendoegiak direnik, baina bada zerbait". Komertzializazioa Egungoak baino sasoi ilunagoak zein aberatsagoak ezagutu ditu euskal poesiak. 70eko hamarkadan zortzi bat liburu kaleratzen ziren urtero; 80ko hamarkadan, batez bestekoa hogei liburukoa zen. 1990. urtetik aitzinera, berriz, poesia lanen kopuruak behera egin zuen nabarmen. 90eko hamarkadan errelebo faltaz hitz egiten zen arren, ordutik gaur egun arte jazotakoa, erreleboa baino gehiago jarraipena dela esan du Aingurak erreketan (Susa, 2001) liburuaren egile den Jon Benitok: "Ez delako deus ere eten, ez delako deus ere irauli; garapen baten ondorio logikoa da egungo poesia. Finean, egindako irakurketen ondorio dira, hein batean, orain idatzitako poemak". Kirmen Uribek ere ez du etenik eta hutsunerik nabarmendu. Ostera, poesiaren ibilbidea beti emankorra izan dela dio: "Bestalde, egungo idazle gazteek denetik idazten dute; poesia nahiz narratiba. Beraz, urak baretu egin dira, antza". Poesia eta narratiba senideak izanik, batzuetan etsai handi bilakatzen dira. Horra hor alderaketen bekaturik handiena. Batzuek bi generoak osagarriak direla diote. Gehienak, ordea, poesiaren onarpen ezaz mintzo dira. Uribek beste ikuspuntu batetik eutsi dio bi generoen arteko harremanari, mendetasunaz mintzatu zaigularik: "Sarritan, garrantzi handiagoa ematen zaio narratibagintzari. Eta ni ez nago ados horrekin. Poesiari maiz egozten zaizkio neurriz gaineko sentiberatasuna eta erdi mailako literatura izatea. Aurreiritziak dira, idazle askoren artean ere bizi-bizirik dirautenak". Kalitatea eta kantitatea Kantitateak ez dakar kalitatea, halabeharrez. Eta baieztapen horren inguruan ez dute dudarik idazleek ere. Kortazarrek arazoa bestelakoa dela dio: zenbat irauten duen liburu horrek gizarte literarioaren oroimenean. "Beraz, kalitate kontu hori parametro askotatik neurtu behar da: irakurleari gustatu ote zaion; gizarte literarioaren oroimenean gelditu den; eredugarri bihurtzen den..." Egun argitaratzen den poesia, berez, gutxi dela dio Otamendik atzera. "Argitalpenen lehorte hori bere testuinguruari lotu behar zaio; alegia, ez dago alde batera uzterik argitalpenen mundua murgilduta dagoen uniformizatze bide bortitza, esate baterako. Best-sellerizazio-tik kalte zuzena datorkio liter-aniztasunari". Kalitateaz baino gehiago, poesia interesgarriaz mintzatu da gero. "Alegia, hizkuntza batean bizi den komunitate bateko norbaitentzat asegarri gertatu nahi duen lana, norbaiten gaur-hemenari erantzuten eta, batez ere, galderak egiten ausartzen dena da poesia interesgarria. Homologazioaren jukutriari amore emanez gero, esango nuke normaltasuna erdietsi duela euskal poesiak; paradoxaz horrela adieraz daiteke: herri anormal baten poesia normala. Garaian garaikoa izatean dago, nire ustez, lanik handiena, eta egun badira lan interesgarriak". Egia esan, poesia ez daiteke liburu soiletan neur. Irakurlerik ez dagoela ikusi eta, esaterako, kantuaren eta poesiaren arteko loturak sakondu dituzte. Poesia errezitaldien esperientziak adibide nabarmenak dira. Diziplina anitzek hartu dute poesia beren magalean. Edo, alderantziz, poesiak hainbat adierazpidetan kausitu du etxe berria. Kantagintzaren eta poesiaren arteko erlazioak ekarpenik egin duela nabarmendu du Benitok: "Jendeak gertuagotik sentitzen ahal du poesia. Gutxi batzuen esparru izateari utzi dio, eta musikarekin eta beste kultur adierazpen batzuekin egindako elkarlanek egundoko garrantzia izan dute. Egungo kezkei edota itaunei aurre emateko poetika berri bat sortu da, nahiz eta kezkak historian zehar errepikatzen diren berberak izan". Estankonaren iritziz, aitzitik, ikusteko dago musikaren eta poesiaren arteko aliantza zaharra noraino iritsiko den poeta gazteekin, "garai batekoekin izan zuen arrakasta lortzea zaila izango den arren. Gainera, beti ez dago argi onuragarria den arlo bientzat". Lehen eta orain Nekeza da lehengo eta oraingo poesia alderatzea, Otamendiren aburuz. "Duela bospasei urtetik hona, poeta gazteen lanek eginagoak ematen dute, helduagoak, profesionalagoak, nolabait. Baina ezin da eskuarki horren arin hitz egin. Poesiaren diagnosia egiteko eskatu eta, oro har, ondoezik dagoela diote idazleek. Castillo Suarezek eman du iritzirik baikorrena, apika. "Poesia dezente ari da kaleratzen Euskal Herrian azken urteotan. Gainera, argitaratutako gehienak idazle gazteek idatzirikoak dira. Oso lan ezberdinak dira, eta aukera zabala osatu dute. Egia da, bestalde, poesia lan bat diru iturri bilakatzea zaila dela, poesia gutxi irakurtzen baita". Poesian ere denetik dagoela adierazi du Kortazarrek: "Korronte ugari dago, baina azpian badago krisi kultural garrantzitsua, eta ez gurean bakarrik". Azkenik, poesiaren funtzioaz eta etorkizunaz bi hitz gaineratu ditu Otamendik: "Poesiak beti bilatuko ditu bere adierazteko moduak. Kontua da guk geuk jakingo dugun lan hori gure gizartean, gure sasoian, gure hizkuntzan egiten; edo beste batzuek beteko duten eginkizun hori. Gizakien eta gauzen esentziarekin lotuta ikusten dut poesia. Zaila da benetan gaitz horretatik sendatzea. Alderantziz gerta daitekeela ere iruditzen zait; hots, bizkorregi bizi garela narratiba irakurtzeko eta, agian, motelegi poesia irakurtzeko, entzuteko. Gauza errazik ez dago".
Euskaldunon Egunkaria, Begia gehigarria. Ane Sarasketa, 2002ko urtarrilaren 5a (moldatua) |
81-d / 82-d / 83-c / 84-b / 85-c / 86-a / 87-a / 88-d / 89-b / 90-d