EGA NAFARROA

EGA azterketa, 2002ko iraila

TESTUA

STEPHEN J. GOULD: zientziaren “ipuin–kontalaria”

Zientzialari on asko dago munduan, baina ez dira asko beren ideiak ongi transmititzen dakitenak, eta are gutxiago ideia horiek publiko orokorrari transmititzen dakitenak. Stephen Jay Gould, ordea, langintza horretan asmatu dutenetakoa da.

Gould eboluzioaren eta giza adimenaren alorretan ekarpen handiak egin dituen zientzialaria ere bada. Eboluzioaren teoria neodarwinista, berak gizakiaren ahalmen kognitiboen eboluziorako adaptazio-eredu hertsitzat duena, biziki kritikatu (zer esanik ez kreazionismoa) eta 1972an Niles Eldredge-rekin batera “oreka taiduna” izeneko teoria plazaratu zuen. Teoria horren arabera, eboluzioa ez da pixkanakako moldatze geldoen ondorioa, bat-bateko aldaketa bortitzen ondorioa baizik. Eboluzioa etena da, bere ustez, denbora laburrean izandako gertakariek eragiten baitute espezializazioa.

Guk Stephen Jay Gouldekin hitz egiteko aukera izan dugu, eta hemen dituzue kontatu zizkigunak.

Besteak beste, jakina da oreka taiduna izeneko teoria plazaratu aurretik, Darwinen eboluzioaren teoria zela biziaren historia azaltzeko onartuena, baina baziren beste ikuspuntu batzuk ere (neutralismoa, eboluzio ez-adaptatiboa, neodarwinismoa bera...). Oreka taidunaren teoria plazaratzean arrakasta handia izan zuen, baina eztabaidak ez ziren amaitu, jarraitu egin zuten, eta horrek argitu baino gehiago nahasketa areagotu ez ote zuen egin galdetzean harritu egin da. Neurri batean horrela izan daitekeela esan du, “baina bizitza konplexua da eta bizitzaren historia bezalako gauza konplexuetan, ezin genezake espero hori azaltzeko mekanismo sinple bakarra egotea”. Ez du uste “organismoak moldatuko dituen hautespen naturala bezalako mekanismoek, edo aldaketa handiak lortzeko denbora luzean gertatuko diren aldaketa geldoko prozesuek, edo aldaketa txikien metaketaren bidezko prozesuek azal dezaketenik hain sistema konplexua”. Azalpen guztiak uztartzen lan zaila izan daitekeela esan du, baina Darwinen hautespen naturalarekin arazorik ez duen arren, ez deritzo nahikoa biziaren historia azaltzeko.

Hori horrela izanik ere, eskolan Darwinen eboluzioaren teoria irakasten dela azaldu diogu eta beste teorien berri izateko (neutralismoa, eboluzio ez-adaptatiboa, neodarwinismoa, kreazionismoa edo oreka taiduna bera) unibertsitatera jo behar dugula. Beraz, edo teoria batzuk besteekiko alboratu egiten direla, edo Darwinen teoria gainerakoak ulertzeko abiapuntu egokia dela ondoriozta litekeela aipatu dugu. Bera, ordea, ez dago alboratzearen ustearekin ados. Bere aburuz, Darwinen teoriak gauza asko azaltzen ditu, besteak beste zergatik dauden organismoak une bakoitzean ingurunera hain ondo moldatuta edo zergatik egiten duten eskuek lan azaltzeko, baina, esaterako, genomaren izaera edo geneen hainbat eta hainbat kopia izatea edo geneen kopia neutroak izatea azaltzeko beste eboluzio-mota baten beharra ikusten du, “hori ez da Darwinen hautespen naturala”. Dena den, eskoletan lehen aldiz eboluzioa irakastean Darwinen teoria abiapuntu egokia dela deritzo, hori baita muina.

Darwinek eboluzioaren teoriak plazaratu zituenean, kontrako iritzi asko entzun behar izan zituen eta hainbat karikaturatan irudikatu zuten. Teoria horren arabera, bizidunok hainbat aldaketa txikiren bidez eboluzionatzen dugu eta moldatzen gara ingurunera. Aldaketa txiki horiek oso denbora-eskala luzean gertatzen direla esan zuen. Oso abiadura geldoan gertatzen dira. Urte batzuen ondoren ia mundu guztiak onartu zuen teoria hura, eta gaur egun jarraitzaile sutsuak ere baditu. Hala ere, Gouldek eta Eldredgek oreka taidunaren teoria plazaratu zuten duela 25 urte inguru. Teoria horrek ez du eboluzio geldoa ukatzen, baina biziaren historian askoz abiadura azkarragoko etenak gertatu direla dio, baita ia bizidun-mota konplexu guztiak hasieratik sortu zirela ere.

Darwinen eta oreka taidunaren artean hiru desberdintasun nabarmen aipatu dizkiogu. Lehena denbora-eskala izan daiteke. Eta horren inguruan lehen arazoa denbora-eskala geologikoarena dela esan du. Izan ere, jendeari zaila egiten zaio eskala hori ulertzea, “profesionalok ere akatsak egiten ditugu etengabe, zeren beti gure bizitzaren eskalarekin neurtzen dugu, 70-80 urteko bizitza luzerarekin. Ezinezkoa zaigu milioika urteko terminotan pentsatzea”. Adibidez, bere ustez oreka taiduna ez da bat-bateko aldaketen inguruko teoria, espeziazioak nola lan egiten duen azaltzen duen teoria baizik (nola sortzen diren espezie berriak taldeen bakartzeaz, jatorrizko taldetik banandu eta eboluzionatuz). “Espeziazio hori milaka urtekoa izan daitekeenez, oreka taidunean ere aldaketak oso-oso geldoak irudi dakizkiguke, gradualismoan bezain geldoak, baina datu geologikoetara jo eta espeziazio jakin batek 3.000 urte hartzen dituela ikusten badugu, hori bat-bateko aldaketa da”.

Bigarren desberdintasuna ikuspuntuarena izan daiteke, Darwinen eboluzioa askotan nolabaiteko helburu, direkzionalitate edo hoberako moldapen gisa interpretatzen baita... “Hoberakoa bai, baina ingurune lokalean soilik; ohiko nahasketa da hori, jendeak askotan egiten duena”. Darwinek moldatzeaz hitz egiten duela eta jendea nahastu egiten dela uste du, bizitzaren historian hobekuntza gisa ikusten baitu jendeak, baina berez ez da hori. “Hurbileko ingurura hobeto moldatzearen inguruko teoria da soilik, nahitaez aldaketa bat eskatzen ez duena. Darwinen eboluzioak ez dauka direkzionalitate edo aurresangarritasunik, inguru hurbilenera (denboran eta espazioan) moldatzea besterik ez da. Eguraldia hotzagoa bada animaliak molda daitezke, baina ondoren berriz epel dezake..., ezin dute epe luzera iragarri”.

Dena den, hori jendearentzat ulertzeko zail samarra ote den, edo ikuspuntu klasikoarekiko aldaketa handiegitxoa ez ote den aipatu eta ulertzeko zailtasunik ez duela erantzun du. Bere ustez oso tradizio sozial gogorrak ditugu eta atsegina zaigu bizitzaren historia gauza progresibo eta aurresangarri gisa ikustea, eta geure burua garapenaren buru gisa ikustea, noski. “Ez da zailtasun naturala, nik uste emozionalki dela zaila”.

Hirugarren desberdintasun gisa taxon-kopurua eta hauen izaera aipatu ditugu. Ikuspegi klasikoan taxonak gutxitik ugari eta garatuagoetara aldatzen direla izaten da askotan gure pertzepzioa. “Tira... denbora izugarri luzean bai; nahikoa atzera jo eta bakterioetatik hasiz gero, baina ez 500 milioi urteotan. 500 milioi urteotan oinarrizko eredu berak ditugu”. Kordatuak ere hasieratik zeuden, “bai behintzat animalia konplexuen hasieratik”. Filum-kopurua ere bera da. “(...) Espezie gehiago dago gaur egun, animalia-mota gehiago dago, baina filum nagusi berak garatu dira garai kanbriarretik hona, salbuespen batekin; briozooak, garai ordobizikoan (kanbriarren hurrengoan) agertu ziren. Gainerakoan, filum guztiak oso goiz agertu ziren biziaren historian”.

Azkenik, bukatze aldera oreka taidunaren gaia apur bat alde batera utzita, Burgess Shale aipatu dugu. Izan ere, toki garrantzitsua izan da Goulden ikerketetan. Baina, noski, gehienok ez dugu ezagutzen eta paleontologo ez garenoi non dagoen eta zer duen azaltzeko eskatu diogu. Kanadan dagoela eta oso toki polita dela esanez hura laudatzen hasi da, baina bertan zer kontserbatu den da garrantzitsua. “Normalean fosil-erregistroetan maskorrak eta zati gogorrak besterik ez da aurkitzen, eta ez da uretako faunaren benetako dibertsitatearen maila ikusten. Baina Burgess Shalek ia lehenengo bizidunak agertu ondorengo erregistroak ditu animalia filum guztietan, eta zati bigunak ere oso ongi kontserbatuta daudenez benetako dibertsitatea ikus daiteke. Horregatik da garrantzitsua”.

Elhuyar aldizkaria, 2002ko urtarrila (moldatua)

GALDERAK

81. Stephen J. Gould zientziaren "ipuin-kontalari"aren ustez ...
  gaizki a.

eboluzioaren teoria neodarwinista erabat kritikatzekoa da; hori dela eta, 1972an Niles Eldredgerekin elkartu eta "kreazionismoa eta oreka taiduna" izeneko teoria plazaratu zuen.

  gaizki b. eboluzioaren teoria neodarwinista gizakiaren ahalmen kognitiboen eboluziorako adaptazio-eredu egokia da.
  gaizki c. eboluzioaren teoria neodarwinista garatuz lortu da oreka taiduna azaltzea.
  d. eboluzioaren teoria neodarwinista erabat kritikatzekoa da, gizakiaren ahalmen kognitiboen eboluziorako adaptazio-eredu hertsia delako.
       
82. Oreka taidunaren arabera, ...
  gaizki a.

eboluzioa bat-batean gertatzen diren aldaketa bortitzen ondorioa ez ezik, denbora laburrean izandako eten espezializatuen eragina ere bada.

  gaizki b. eboluzioan aldaketa bortitz ugari gertatzen dira. Horren ondorioz, eten laburrak sortzen dira gertakari horien artean.
  gaizki c. eboluzioa pixkanaka-pixkanaka moldatzearen ondorioz, galdu diren espezieen aldaketa behartuz sortu da.
  d. eboluzioa bat-batean gertatzen diren aldaketa bortitzen eraginez sortzen da.
       
83. Stephen J. Gouldek hau dio:
  gaizki a.

Bizitzaren historia gauza konplexua bada ere, mekanismo sinple bakarra aurkitzea espero genezake hori ulertzeko.

  b. Bizitzaren historia hain da konplexua non ez baitezakegu mekanismo sinple bakar batez azal.
  gaizki c. Bizitzaren historia oso konplexua denez, azaldu ahal izateko historiako mekanismo konplexuenera jo behar da.
  gaizki d. Bizitzaren historia konplexua izanagatik, mekanismo bakar sinpleenaren bidez azal daiteke.
       
84. Ondorengo baieztapenen artean aukeratu egokiena: Goulden ustez, ...
  gaizki a.

Darwinen teoriak oso ongi azaltzen ditu, besteak beste, zergatik dauden organismoak une bakoitzean ingurunera hain ondo moldatuta edo zergatik egiten duten eskuek lan, baina beste zenbait aldaketa alboratu egiten ditu.

  b. geneen kopia neutroak edo genomaren izaera edo geneen hainbat eta hainbat kopia izatea azaltzeko Darwinen hautespen naturala ez den beste eboluzio mota baten beharra dago.
  gaizki c. teorien artean ez dezakegu alborakuntzaz hitz egin, jarraipenaz baizik. Izan ere, eskolan Darwinen eboluzioaren teoria irakasten da eta neutralismoa, eboluzio ez-adaptatiboa, neodarwinismoa edo oreka taiduna unibertsitatean.
  gaizki d. Darwinen teoria abiapuntu egokia da eskoletan lehen aldiz eboluzioa irakasteko, hori baita muina eta horren ondorio baitira gainerako teoria guztiak.
       
85. Darwin, eboluzioaren teoriaren gainean ...
  gaizki a. kontrako iritzi asko entzun behar izanagatik, hainbat karikaturatan irudikatuta plazaratu zuten.
  gaizki b. kontrako iritzi asko entzun behar izanagatik, hainbat karikaturatan ere irudikatu zuten.
  gaizki c. kontrako iritzi asko entzun behar izateagatik, hainbat karikaturatan irudikatu zuten.
  d. kontrako iritzi asko entzun ez ezik, hainbat karikaturatan ere irudikatu zuten.
       
86. Jendeari zaila egiten zaio denbora-eskala geologikoa ulertzea …
  gaizki a. espeziazioa milaka urtekoa izaten ahal den arren, aldaketak ez direlako oso geldoak.
  b. gure 70-80 urteko bizitza-luzera eta denbora-eskala geologikoa parekaezinak direlako.
  gaizki c. 70-80 urteko bizitza-luzeraren arabera neurtzen dugulako (profesionalak barne) eta gaur egun, oro har, jendea urte gehiagoz bizi izaten delako.
  gaizki d. espeziazio jakin batek aldatzeko 3.000 urte har ditzakeelako, eta hori oso geldoa da guk sakon aztertu ahal izateko.
       
87. Zergatik dio Gouldek jendea nahasi egiten dela Darwinek moldatzeaz hitz egiten duenean?
  gaizki a.

Jendeak pentsatzen duelako hurbileko ingurura hobeto moldatzeak ez duela nahitaez aldaketa bat eskatzen.

  gaizki b. Hori delako aldaketa bat eskatzen ez duen moldatzearen inguruko teoria bakarra.
  gaizki c. Darwinen ingurune lokaleko jendeak bizitzaren historiaren hobekuntza teoria horren ildotik lortzen ahal dugula pentsatzen duelako.
  d. Berez hala ez izan arren, jendeak bizitzaren historian hobekuntza legez ikusten duelako.
       
88. Zein da EGIA?
  gaizki a.

Bizitzaren historian geure burua garapenaren buru gisa ikustea emozionalki zaila denez, ez zaigu batere atsegin.

  b. Bizitzaren historia gauza progresibo eta aurresangarri gisa ikustera garamatzate ditugun tradizio sozial gogorrek.
  gaizki c. Bizitzaren historian geure burua garapenaren buru gisa ikustearen ondorioz, historia gauza progresibo eta aurresangarri gisa ikusten dugu.
  gaizki d. Bizitzaren historian geure burua garapenaren buru gisa ikusteak tradizio sozial gogorrak izatera garamatza.
       
89. Ikuspegi klasikoaren aburuz, taxonak gutxi izatetik asko eta garatuagoak izatera aldatzen dira.
  gaizki a.

Hori, ordea, duela 500 milioi urtetik gaur egunera baino ez da gertatu.

  b. Hori, ordea, nahiko atzera jo eta bakterioetatik hasiz gero gertatzen da.
  gaizki c. Halaber, 500 milioi urteotan oinarrizko eredu berak izateak kordatuak ere animalia konplexuen hasieratik zeudela baieztatzera zuzentzen gaitu.
  gaizki d. Izan ere, askotan gure pertzepzioa denbora izugarri zabalean mugitzen da, horregatik filum-kopurua ere bera dela baiezta dezakegu.
       
90. Burgess Shale toki garrantzitsua izan da Goulden ikerketetan.
  gaizki a.

Fosil-erregistro horretan lehenengo animalien erregistro guztiak aurkitu zituztelako.

  gaizki b. Normalean gertatzen ez den moduan, fosil-erregistro horretan maskorrak eta zati gogorrak besterik ez delako aurkitzen.
  gaizki c. Normalean gertatzen den moduan, fosil-erregistro horretan maskorrak eta zati gogorrak aurkitzen direlako, baina ez da uretako faunaren benetako dibertsitatearen maila ikusten.
  d. Normalean gertatzen ez den moduan, fosil-erregistro horretan maskorrak eta zati gogorrak ez ezik, uretako faunaren benetako dibertsitatearen maila ere ikusten delako.
       

 

81-d / 82-d / 83-b / 84-b / 85-d / 86-b / 87-d / 88-b / 89-b / 90-d