EGA NAFARROA

EGA azterketa, 2003ko ekaina

TESTUA

GAUEKOOI ILARGIAK BELZTU EGITEN ZIGUN AZALA

Isidro Barberena (Zugarramurdi, 1932) gaueko izandakoa dugu eta oso gustuko du gauekoen istorio eta pasarteak kontatzea. Supazter goxoaren inguruan eseri eta solasaldiari samurki heldu diogu.

Usantzaz, gauekoen balentriek oihartzun handiagoa izan dute ahozko literaturan idatzizkoan baino, eta ia beti heroiak balira bezala deskribatu izan dira gauekoak. Isidro Barberena, ostera, munduko ekintzarik arruntena balitz bezala mintzo da gaiaren inguruan. Laboraria izanik, Isidrok artoa, patata eta behientzako arbiak erein eta jorratzen zituen bere landan. «Baina, jakina, laborantzatik bakarrik ez zara bizitzen ahal, Zugarramurdin ez baita fabrikarik. Hortaz, gure industria aduana bazterrean utzi eta muga mendiz iragatea izan da» gehitu du, iluntasunean ikustera usatuak daudenen begirada urdina erakutsiz.

Segidan, Lehen Mundu Gerra amaitu berritan bere aitak bizi izandako pasarte bat kontatu digu: «Gau ilun batean, ederki afaldutakoan, Frantziako muga alderat abiatu ziren gauekoak azukre kargak bizkarrean harturik. Aitak erran zuen, "badaezpada, ni banoa aitzinean". Bidexkan  goiti egin  eta mendi gain-gainetik hurbil zegoela, zapla, bi karabinerorekin suertatu zen. Beharrik mantan biratuak ziren, lotan. Orduan, aitak bere azukre karga lurrean pausatu eta gibelean heldu zirenak abisatzera joan zen. Karabineroak hurbil zirela erranik, lagunek bertze alde batetik jo zuten. Berak, ordea, bere kargaren bila itzuli behar zuen. Inguruan deusik mugituz gero, iratzarri eta akabo! Isilka-misilka, aitak erdietsi zuen bere karga berriz hartzea. Gibela eman orduko, ordea, zerbait entzun eta iratzarri egin omen ziren, nahiz eta inor ez ikusi. Berandu baino lehen, gauekoek mendi kaskoan zen Bergara bentan azukre karga guzia utzi zuten. Hala, lasaitu ederra harturik mendian beheiti heldu zirela, otadi batean barna sartu eta, bat-batean hiru guardia zibil atera eta bi kontrabandista atzeman zituzten. Sarjentuarengana eraman eta honek goitik beheiti begiratuz, behatzak bien lepoaren kontra eraman zituen eta han arraskatu. Ondoren, ahora eraman eta dastatu egin zuen. Hasmentako izerdi gaziaren ondoan, zapore gozo-gozoa sumatu zuen. Bazekiten zertan ibili ziren, baina ezin deusik egin, ez baitzuten fitsik. Makilakada batzuk eman eta hala, hanka!».

Naziak Zugarramurdin

Isidro aise oroitzen da Bigarren Mundu Gerran alemaniarrek Iparraldea inbaditu eta muga zaintzen izan zireneko garaiez.

«1940an sartu zirelarik, nik zortzi urte nituen. Alemaniarrak Frankorekin ongi konpontzean, egun-pasa bizikletan etortzen ziren Zugarramurdirat, turista gisa. Ostatuetan sartu eta jan-edanean ematen zuten eguna, herrikoak franko poliki errespetatuz. Hori bai, aldean zeramatzaten pistola eta matxetea ez zituzten gainetik  kenduko. Eta ez pentsa hogei urte inguruko soldaduak zirenik, hogeita hamar urtetik goitikoak baizik, serioak eta gogorrak. Gure herrira etortzen zirenak austriarrak omen ziren. Oroitzen naiz zein bota ederrak eramaten zituzten, belaunetarainokoak eta beti garbi-garbiak, dirdiratsuak».

Gerra ondoko penak eta miseriak tarteko, kontrabandoa gori-gorian zela, Isidro bere aita nekatuari laguntzen hasi zitzaion. «Ez zen bertze manerarik sos batzuen irabazteko». Gainera, zortzi anai-arreben artean helduena da bera, «nahiz eta orain lau baizik ez garen gelditzen», gaineratu du. Halaxe, kilometro puskak beti mendiz eginez, «egunean lau bat bidaia egiten nituen frantsesendako 96 graduko alkohola eta arnoa eramanez, aizu! Eta 30 pezeta irabazi bi oreneko bidaia bakoitzean, hau da, 0,75 zentimo litroko. Eta dirutza ikaragarria zen hori». Garai hartan munta handikoak ziren joan-etorri haiek, Frantzian debekatua baitzen alkohola erabilita inork esentziak egitea. Debekuaz baliatuz, hamar lagun inguru aritzen ziren merkantzia bentetara eramaten, «gauez ia beti». Egun-argiz ere «abiatzen ginen noiz edo noiz; hori bai, behe-lainoaren edo euri erauntsiaren babesean».

Garai hartan, 40ko hamarkadaren hondarrean alegia, makiak ere inoiz aurkitu zituen: «Mendiko bordetan lo eginez ibilki, behin Zugarramurdi ingurura ailegatu ziren Francoren kontra etortzeko. Baina zer eginen zuten gaizo haiek goseak akitzen eta muniziorik gabe baldin baziren?».

Beste aldetik alde honetara

Ingeles Bidea erabiliz, Isidrok eta gaueko lagunek beste aldetik ere pasatzen zituzten gauzak, Baionatik ekarritako parpaila, kasu, Sarako Istilarte auzotik Zugarramurdira, 30 kiloko paketetan banaturik. «Kobrezko haria ere ekartzen genuen, bizkarrean eramanda rollo handietan bilduta. Ibiltzeko hagitz txarra zen. Hura bai zela gogorra!». Esaterako, atera aitzin, Isidrok bere burua baskulan jarri eta 58 kilo zirela ikusirik, «kobre paketea paratu eta hara non 61 kilo zirela nik eraman beharrekoak. Hara!».

 Gero, kobrea behin Zugarramurdira ekarrita, Arraiozko kuadrilla batzuek Belateraino eramaten zuten karga. Eta han, hondo bikoitza zeukaten kamioietan sartu eta Bilbora garraiatzen zuten, funditzeko tokietara, alegia.

Beste aldi batez, Lambretta motor bat alde honetara ekarri zuten, «Nola? Piezatan desmuntatua. Normandiako mandoak ere pasatu izan genituen, pentsa». Merkantzia bizkarreratzeko tenorean ez zen jakiten ahal zein zen paketerik erosoena eramateko, «aunitzetan haundiena arinena izaten baitzen; edo bertze gisa, ttikiena pisuena. Hori duk, ba!».

Gauekoen jokamoldea bitxia izaten zen: «Batto aitzinean joaten zen eta bertzeak bidanaka hagitz gibeletik, hamar minutura edo». Beti tentuz ibili behar, «eta guardia zibilek edo jendarmeek altoa emanez gero, paketea bota eta eskapatzea zen kontua». Behin baino gehiagotan karabineroen tiro hotsak entzun bazituen ere, Isidrori ez zitzaion gertatu guardia zibilek atzematea. «Hala ere, beti beldurrez eta zainak airean zenbiltzan, are gehiago karabineroek fitsik ez bazekiten. Orduan, kasu!».

Horren haritik, Isidrok garbi utzi nahi du karabinero gehienak erosiak zirela. «Oiloen eta bildotsen truke ez ikusiarena egiten zuten. Bereziki, Sergio izeneko batekin oroitzen naiz. Hura hoberena zen paso egiten; jakina, baldin eta bildots bat ematen bagenion». Baina guardia zibilak ez ziren  beti berak izaten: «Batto berria agertzen zelarik, kasu eman behar zen».

Gauerdiko ezkilak

Kontu bitxi bat azaldu digu: «Gauekooi ilargiak azala belztu egiten zigun». Gure harridura aurpegia ikusita, eta hobeki uler dezagun, gehiago zehaztu du: «Ba bai, ilargia delarik, gaua kanpoan pasatzen baduzu, belztuko zara, eguzkitan izan bazina bezala».

«Eta ba al dakizue zein den gaurik argiena? Ba, ilargi beterik argienak abendukoak izaten dira» dio Isidrok. «Baina hori ez da sobera ona gauekoentzat, urrunera ageri baita. Hoberena guretako aro garbia eta ilargirik gabea izatea da. Gaurik ilunena, berriz, maiatzekoa izaten da. Hara!».

Dena dela, eta gauarekin ohitua egon arren, Isidroren irudiko, gaua aski goibela da gizakiarentzat. «Gaua izigarri serioa da, gero! Oren bata, bi orenak, hirurak, ezkilak ezin motelago doaz eta dena isil-isilik eta lo dago. Goizeko oren batetik bortzak arte arrunt txarra da. Gero, hortik aitzina hasiko dira ardiak eta bertze animaliak mugitzen, dinbili-danbala eta tira!».

Goiti-beheiti, 20 urte luze eman zituen gaueko lana egiten. Hala, 60ko hamarkadatik goiti gaueko lana urritzen joan zen eta mutilzahar geratzeko bidean zela, 39 urterekin, Isidrok Lesakako emakume bat ezagutu zuen, Antonia. «Bera ere nire adin bertsukoa zen». Luze jo gabe ezkondu ziren, nahiz eta gero seme-alabarik ukan ez. Dena amultsuki zihoan, harik eta Antonia gaixotu eta zendu zen arte, «orain 21 urte dira alargun naizela». Horretaz mintzo, begitartea zimurtu egin zaio. «Orain usatua naiz, baina arrunt txarra da gizonendako».

Duela bost urte hartu zuen erretiroa Isidrok. Bere aburuz, laborantza munduaren gainbehera eta hondamendia «Europar Elkartean sartu gintuztelarik hasi zen». Orduan pentsatu zuen erretiroa hartzeko tenorea hurbil zela.

Beńat Doxanbaratz. Zabalik, 2002ko azaroaren 15a (moldatua)

 

GALDERAK

81. Isidro Barberenak...
  gaizki a. aduana gurutzatu eta mugaz bertze aldeko industriari esker irabazi du ogia.
  gaizki b. nekazaritza izan du diru-iturri nagusia fabrikarik ez baitzen Zugarramurdin.
  c. dio ez dela nekazaritzatik bakarrik bizitzen ahal.
  gaizki d. arrunkeriatzat ditu gauekoen balentriak, ahozko literaturak ez bezala.
       
82. Lehen Mundu Gerra bukatu berritan bizi izandako gertaera batean,...
  a. karabineroek inor ez ikusiagatik, zer edo zer aditu eta iratzarri egin omen ziren.
  gaizki b. Isidroren aitak erran zuen bera bertzeen gibeletik joanen zela, badaezpada ere.
  gaizki c. mendi gainean zegoela, mantan bildurik zeuden bi karabinerorekin suertatu zen Isidro.
  gaizki d.

Isidroren aitak ez zuen kargaren bila itzultzerik izan; zerbait mugituz gero, karabineroak iratzartzeko arriskua baitzegoen.

       
83. Bergara bentan karga utzi eta gero,...
  a. guardia zibilek esku artean froga argirik ez zutenez gero, joaten utzi zieten kontrabandistei.
  gaizki b. guardia zibilek kontrabandista guziak otadi batean harrapatu eta haietako bi sarjentuaren aitzinera eraman zituzten.
  gaizki c. izerdiaren zapore mikatzagatik antzeman zuen sarjentuak zertan ibili ziren kontrabandistak.
  gaizki d. guardia zibilek makilakada latzak emanda bidali zituzten etxera Isidro eta bertze bi kontrabandistak.
       
84. Bigarren Mundu Gerraren inguruan, Isidrok gogoan du...
  gaizki a. nola etortzen ziren turista alemaniarrak bizikletaz mugaren bertze aldetik Zugarramurdira eta herriko ostatuetan nola iragaten zuten eguna.
  b. soldaduen bota luze eta dotoreek liluratu egiten zutela umetan.
  gaizki c. bera mutil koskorra zelarik, Zugarramurdira etortzen ziren soldadu austriarrak 20 eta 30 urte bitartekoak izaten zirela.
  gaizki d.

herrira etortzen ziren soldaduek herriko jendea izutu egiten zutela soinean eramaten zituzten matxete eta pistolekin.

       
85. Gerra ondoren hasi zitzaion laguntzen Isidro aitari.
  gaizki a. Kilometro anitz egin behar izaten zituen mendian barna: beti lau bidaiatik goiti alkohol eta ardo frantsesa batetik bertzera eramateko.
  b. Ez zegoen dirua irabazteko bertze modurik. Isidro zen zortzi anai-arrebetan zaharrena, gaur egun erdiak baizik bizi ez badira ere.
  gaizki c. Batik bat gauez ibili ohi baziren ere, zerua oskarbi zen egun batzuetan egun-argitan ere abiatzen ziren.
  gaizki d. Hogeita hamar pezeta inguru irabazten omen zituen bi kilometroko bidaia bakoitzean. Dirutza handia zen hori.
       
86. Mugaz bertze aldetik alde honetara ere ekartzen zituzten gauzak.
  gaizki a. Lambretta motorren piezak eta mandoak ez ezik, Baionatik ekarritako parpaila ere pasatu ohi zuten honat.
  gaizki b. Zugarramurditik Bilbora kamioitzar handietan ezkutaturik eramaten zen kobrea han berean erre zezaten.
  gaizki c. Kobre-hari gogorra bizkarrean bilduta aise ekartzen zuten zama izaten zen.
  d.

Tamainarik handieneko paketea izaten zen maiz pisurik ttikienekoa. Hartu aitzin nekez jakin ahal izaten zen hori, ordea.

       
87. Arrunt erne ibili behar izaten zuten beti.
  gaizki a. Ohi baino handiagoak izaten ziren izua eta urduritasuna baldin eta karabineroek zer edo zer susmatzen bazuten.
  gaizki b. Guardia zibilek zein jendarmeek harrapatuz gero, paketea bizkarrera bota eta lehenbailehen eskapatzea zen kontua.
  gaizki c. Hala ere, karabinero gehienek ez ikusiarena egiten zuten oiloen eta bildotsen kontrabandoan.
  d. Karabineroen tiroak maiz aditu bazituen ere, guardia zibilek ez zuten sekula harrapatu Isidro.
       
88. Gauerdiko ezkilak.
  a. Nahiz eta gauez ibiltzen jarria egon, gau iluneko isiltasuna ez da Isidroren gogokoa.
  gaizki b. Animalien mugimendua antzematen hasi ondoko denbora-tartea iduritzen zaio Isidrori latzena gauetan.
  gaizki c. Gauekoendako hobeak dira abendu gauetako ilargi beteak maiatzekoak baino, ilunagoak izaten baitira.
  gaizki d.

Ilargipean ibiliz gero, eguzkitan ibilita baino gehiago belzten omen da azala.

       
89. Zer da egia?
  a. Hogei urtetik goiti iragan da Isidrori emaztea eritasunak jota hil zitzaionetik.
  gaizki b. 60ko hamarkadatik aitzina kontrabandoa guttitu baitzen, Isidrok ez zuen hogei urte pasatu gaueko lanean.
  gaizki c. Isidroren iduriko, hagitz txarra da gizonezkoak alargun gelditzea. Bera oraindik jarri gabe dago egoera horretara.
  gaizki d. Elkar ezagutu ondoren, bi gazteek adin bertsua zutelarik denbora luzea pasatzen utzi gabe ezkondu ziren eta umeak izan zituzten.
       
90. Erretiroa.
  a. Badira bortz urte Isidro Barberenak nekazalgoa utzi zuela. Egun, kontrabandisten gaineko gertaeren berri izatea eta kontatzea atsegin du.
  gaizki b. Europar Elkartean sartu orduko, Isidrok laborari izateari utzi zion eta erretiroa hartu zuen.
  gaizki c. Nekazaritza gainetik beheiti hasi zenean, Europar Elkarteko partaide egin gintuzten eta horregatik erabaki zuen Isidrok erretiroa hartzea.
  gaizki d.

Nahiz eta erretiroa hartuta dagoen, egun oraindik ere alkoholaren kontrabandoan aritzen da Isidro, gutti bada ere.

       

 

81-c / 82-a / 83-a / 84-b / 85-b / 86-d / 87-d / 88-a / 89-a / 90-a