EGA NAFARROA
GERHARD BÄHR, EUSKAL ALEMANIARRAGerhard Bähr, 1900-1945. Gerhard Bähr alemaniarra zen jatorriz, familiaz eta heziketaz. Gipuzkoan, Legazpiko Udana auzoan, jaio eta bertakotutako alemaniarra genuen. Aizkorri azpiko euskararen doinuak txikitan kulunkatua, gaztaroan azkar hizkuntza honen jabe egin eta zientifikotasun germaniarrez bere misterioetako batzuk arakatu eta aztertzeari eskaini zizkion urterik hoberenak. Bizitza laburregia gertatu zitzaion, ordea, patuak Bigarren Mundu Gerra amaitu bezperan lapurtu baitzion bizia, artean 45 urte bete gabe. Gerrateak ostu zituen, halaber, bere azken lanak, etxeko liburutegia bonbapean kiskalita. Hala ere, bere garaian euskalgintzan izandako eraginak eta, bereziki, hizkuntzalaritzan utzitako ondareak euskalarien galeriako figura garrantzitsu bihurtu dute Gerhard Bähr. 1941 inguruan beldur zen Espainiako gerraosteko giroak ez ote zuen mendeetako hizkuntza zaharra itoko, eta hori gertatuz gero, �min hartuko nuke� zioen. Izan ere, euskalaria bakarrik ez, euskaltzalea ere bazen. Alemaniarrak Udanan Udana gainean, Legazpitik Oñatirako bidean eskuinetara, bada etxe bat ingurukoak ez bezalakoa. Estiloz Ipar Europako airea nabari, gaur egun onenak emanda baldin badago ere, antzematen zaio gustuz altxatutako eraikina dela: leiho handiak, udan toldoz estaltzen zen terraza, landare bitxiz hornitutako lorategia... 1891-92an egina da eta hortxe daude Bähr-tarren aztarnak, bertakoek Alemanen Etxea esaten dioten horretan, alegia. Gerhard jaio zenerako �1900eko maiatzaren 6an� bere aita Friedrich Bähr-ek hamar bat urte bazeramatzan Euskal Herrian Kataberako meategietako zuzendaria baitzen. Saxonia Beheretik zetorren, Alemaniako ipar-mendebaldetik, alegia. Jaiotzaz Osterodekoa, emazte herrikidea hartu zuen, Johanna Von Daacke, eta berarekin familia osatu. Gerhard-en aurretik seme bat izan zuten, Friedrich, eta ondoren beste hiru seme-alaba: Joachim, Mercedes eta Hans. Guztiak Legazpin jaio ziren, 1898 eta 1908 bitartean. Udanako etxeak adierazten duen bezala, Bähr-Von Daacketarrek, inguruari muzin egin gabe, izaera eta bizi-maila alemaniarrari eusten zioten egunerokoan. Pare bat neskame eta morroi zituztela beren zerbitzura, umeak zaintzeko Fraülein edo institutrizen bat izan ohi zuten etxean. Alaba Mercedes baino ez zuten bidali Legazpiko eskolara. Mutilek irakasle alemaniarrekin etxean bertan egin zituzten lehen ikasketak harik eta batxilerra egitera Alemaniara joan ziren arte. Nolanahi ere, eta hizkuntza muga izan arren �gurasoak ez omen ziren iritsi sekula gaztelania bera ere txukun egitera�, bertako adiskide anitz egin zuten Bähr-tarrek, batez ere seme-alabek. Horien artean euskal giroa gehienbat bizi izan zutenak, Mercedes txikitan �euskaraz mintzatzen zen� eta Gerhard izan ziren. Erlijioz protestanteak izanik, beraien ohiturek eskandalutik hurbil zegoen harridura ere sortzen zuten zenbaitetan. Adibidez, ama, Johanna, lasai aritzen omen zen puntua egiten igandeetan ere, erlijio katolikoak batere lanik ez egitea agintzen zuenean, hain zuzen. Ordainetan, dena den, berak trikotaturiko jantziak behartsuen artean banatzen omen zituen. Etxeko burubideetan hemengoa ez bezalako kultura zuten. Aita, Friedrich, baratzezalea ere bazen eta fruta arbola ederrak lantzen zituen; baita sariren bat irabazi ere bere sagarrekin Euskal Jai batzuetako lehiaketan. Senarraren abildadeari jarraituta, Johannak egindako marmeladak estimu handitan edukitzen bide zituzten inguruko lagunek. Horretaz gain, erlategi bikaina ere bazuten, itxuraz. Hori guztia erosotasunez eta aurrerapenez hornituriko etxean: zaldi bikainek tiratutako kotxeak, Legazpiko aurreneko bizikleta... Ongizate-maila hori, ordea, jaioterriko gorabeheren baitan zegoen neurri handian. Lehen Mundu Gerrak (1914-1918) izan zuen eraginik Alemanen Etxean. Alemaniako kontsularen adiskide izanik, hark bidalitako herritarrak izan zituzten aterpetuta Udana gainean. Eta gerra horren ondoren galdu zuen Friedrich-ek bere lanbidea. Udanako etxea utzi eta Legazpiko Olaberri auzora aldatu behar izan zuen Bähr familiak. Handik, berriz, Ormaiztegira jo zuten 1922 aldera. Han zeudela, Friedrichek, ondoezik, Donostiara sendagilearengana joan eta diagnostiko lazgarriaren berri jaso zuen: hesteetako minbizia zeukan. Egia osoa jakin nahi zuela esana zion medikuari, baina gizon puska haren kemenak behea jo zuen egia gordinaren aitzinean. Handik gutxira hil zen, 62 urterekin. Johannak, ordurako seme-alaba guztiak Alemanian ikasketak egiten zeuzkala, harako bidea hartu zuen laster, 1926an. Hor bukatu zen, beraz, Bähr-tarren bizialdia Euskal Herrian. Ez, ordea, zorionez, lotura guztiak. Gerhard-ek, distantzia gorabehera, euskalgintzari uztartuta segitu zuen, tarteka hona etorriz. Artean emateke zeuzkan bere lanik oparoenak. Euskalgintzan Bähr-ek euskalgintzari heldu zion lehen urteetan ezusteko tresna bat, garaian modernoa, izan zuen lagun: bizikleta. Autorik apenas, tren eta autobusak eskas, Gipuzkoan zehar, herriz herri, Euskaltzaindiaren enkarguz Erizkizundi Irukoitza osatzeko, eta bidenabar aditz jokoak jasotzeko egin zituen ibilietan, ezinbesteko lagun izan zuen bizikleta. Gerhard-ek marka guztiak hautsi zituen euskara ikasi eta euskalgintzan bete-betean sartzeari dagokionez. 1919-1921 bitartean egin zuen hori guztia. Lehen Mundu Gerra osteko Alemanian giroa baretu bitartean, etxekoek senide gazteagoen ikasketen ardura ezarri zioten Legazpin. Horrekin nahikoa ez, nonbait, eta euskaran jarri zituen begiak. Arreba Mercedesen laguntza izan zuen lehen hitz eta esapideak ikasteko. Hortik aurrera auzoan bilatzen zituen mintzaideak. Udanako gainak, Legazpi eta Oñatiren artean, bi euskalkiren arteko alderaketak egiteko parada eskaini zion, gainera. Izan ere, ordurako hizkuntzalaritzan interesatuta zegoen, eta berehala osatu zuen arlo honetako lehenbiziko lana: �Legazpiko aditzaz�, hain zuzen ere, Erraimun Olabidek 1921eko otsailaren 24an, Euskaltzaindiaren osoko bilkuran irakurri zuena. Lan hori ezagutzearekin batera, Bähr euskaltzain urgazle izendatzea erabaki zuten. Hogeita bat urte bete gabe artean, Euskararen Akademiak inoiz izan duen euskaltzain urgazle gazteena bihurtu zen. Ordurako Bähr, aurreko urtetik hasita, harremanetan zen Euskaltzaindia sortu berriarekin, Resurrección M. Azkue euskaltzainburuari euskaraz igortzen zizkion gutunen bidez. Azkuek laster jo zuen begiz gaztea eta, horrenbestez, berehala ekin zioten urteetan luzatu zen lankidetza aberats eta zenbaitetan arazotsu samarrari. Bähr-ek zuen estimazioaren lekuko, hauxe: Euskaltzaindiak enkarguz eskatzen zizkiola lanak eta ordaindu. Jose Antonio Arana Martijak dioenez, Bähr izan zen Euskaltzaindiaren lehen bekaduna. Laster, eta artean hogeita sei urte bete gabe, Azkuek euskaltzain osorako aurkeztu gura izan zuen alemaniarra. Gerhard-ek, ordea, uko egin zion proposamen horri, bera baino aurreragokoak bazeudela iritzita. Azkenean, Bonifazio Etxegarai izendatu zuten. Hogeita hemezortzi herritan ibili zen Bähr, Gipuzkoan alderik alde, Irundik Zegamara eta Berastegitik Zumaiara. Euskalkiz bizkaierakoak direnak bakarrik utzi zituen alde batera, ez ordea, nafarrerakoak, hala nola Oiartzun eta Hondarribia. Lan eskerga egin zuen. Forman erabat lan teknikoa da. Euskarazko aditzaren aberastasunak harrapatutako hizkuntzalaria izan zen, ezbairik gabe. Halaxe aitortu zuen 1941ean, Alemaniako aldizkari espezializatu batean argitaratutako Das Baskische izeneko euskarari buruzko txostenean. Nolanahi ere, aditzaz gain, Bähr-ek euskararen beste arlo batzuk ere landu zituen. Eta horietan bere izaera eta zaletasunen isla aurki daiteke. Nabarmena da artikulu zenbaitetan nola lotu zituen bere jakintza zientifikoa eta hizkuntzari dagokiona, euskara ezohiko gaietara egokitu nahian. Besteak beste, eta betiere herriz herri bildutako altxorrari tiraka, landare izenei buruzko artikulua; erle, tximeleta eta abarren izenei buruzkoa; berunaren izenaren gainekoak; ostadarraren izenaren ingurukoak, eta abar, eta abar. Bähr-tarren Euskal Herriko abentura aspaldi amaitu zen, 1926an. Gerhard 1930ean izan zen azken aldiz Euskal Herrian, baina heriotzak bakarrik bereizi zuen lurralde honetatik. Bere herentzia, oso-osorik ez badago ere, euskalgintzaren ondare garrantzitsua da. Urteetan ahaztu samar egon ondoren, legazpiarrek plazaratu dute altxor hori, herrikide izan zutena ezagutarazi eta aintzat hartua izan dadin. Elixabete Garmendia. Eusko Jaurlaritza (moldatua) |
81-a / 82-d / 83-a / 84-c / 85-d / 86-d / 87-b / 88-a / 89-a / 90-b