EGA NAFARROA

EGA azterketa, 2004ko ekaina

TESTUA

IDAZKERA ZENBAIT ZIBILIZAZIOTAN

Gaur egun uste da idazketa eta alfabetatzea baliabide onuragarriak direla, oro har. Ziur aski, irakurtzen eta idazten dakienak alfabetatugabeak baino aukera handiagoak izango ditu pozik bizitzeko. Alabaina, onartu beharra dago idazketaren hedapenaren inguruan alderdi ilunak ere izan direla. Eta susmo txar horiek, gainera, gaur egunera arte iritsi zaizkigu, garai batean bezain nabarmen ez bada ere. Besteak beste, idazketa erabili izan da gezurrak nahiz egiak esateko, jendea engainatu eta zapaltzeko, edo jendea hezteko edo ezjakinago egiteko.

Sokratesek ederki aski azaldu zuen Egiptoko Thoth jainkoari buruzko istorioan idazketarekin dugun joera bitarikoa. Jainko hark asmatu omen zuen idazketa. Behin batean erregearengana jo omen zuen bere asmaketa irakasgarri hura bedeinka zezan. Erregeak zera esan bide zion Thothi: "Zuk, letren aita zaren horrek, zure zaletasun horren eraginez, berez duten botereaz bestelakoa eman diezu letrei... Asmatu duzun edabe hori ez da oroimenaren edabea, gogoratzearena baizik. Zure ikasleei jakituriaren itxura eskaintzen diezu; ez, ordea, benetako jakituria, gauza asko heziketarik gabe irakurriko baitituzte. Eta, hala, gauza asko dakitela irudituko zaie, gauza gehienei buruz ezjakin hutsak izan arren".

Buruzagi politikoek propagandarako erabili izan dute idazkera beti. Babiloniako Hamurabiren basaltoz egindako legearen kodeen eta Iraken aurkako gerran 1990ean erabilitako leloen eta iragarkien artean ia 4.000 urteko aldea dago. Horrek eta idazkera-sistema guztiz desberdinek bereizten dituzte, nahiz eta bietan erabilitako mezua antzekoa izan. Hamurabik bere buruari <<errege ahaltsu zeritzon, Babiloniako, Sumeriako eta Akadiako errege, Amurruren herri osoaren errege, eta Sumeriako eta Akadiako errege, hots, munduaren lau laurdenen errege>>. Horretaz gainera, adierazi zuen bere legeetan agindutakoa betez gero, bere mendeko jende guztiaren onerako izango zela.

Zoritxarrez, beste idazkera batzuk ere –Babiloniako eta Asiriako jauregi eta tenpluetako hormetan landutako idazkera kuneiformea, Egiptoko hieroglifoak, Erdialdeko Amerikako maien glifoak– antzeko helburuetarako baliatu ziren: jende xumeari agintzen zuena nor zen oroitarazteko, buruzagi haien garaipenen handitasuna nabarmentzeko, eta agintari haien aginpidea zeru-goietan zein sendo oinarrituta zegoen erakusteko... Karnakeko (Egipto) tenplu baten kanpoaldeko horma batean Kadeshko guduaren irudiak ikusten dira. Gudu hura Ramses II.ak egin zuen hititen aurka K.a. 1285. urtearen inguruan. Hieroglifo horietan faraoiaren eta hititen erregearen arteko itun baten berri ematen da eta egiptoarren garaipen handia ospatzen. Baina hititen hiriburuan, Bogazkoyen, itun horren beraren beste bertsio bat aurkitu zen; eta bertan hititak agertzen dira garaile!

Hilezkor izan nahiak berebiziko garrantzia izan du beti idazleentzat. Etruskoek milaka pasarte idatzi zituzten, hileta-inskripzioak gehienak ere. Inskripzio horietan hildakoaren izena, heriotzaren data eta lekua irakur ditzakegu, alfabeto grekoaren egokitzapen batean idatzita baitaude. Baina, horixe da herri garrantzitsu haren hizkuntza misteriotsuari buruz dakigun ia gauza bakarra. Etruskoek Greziatik hartu zuten alfabetoa eta erromatarren esku utzi zuten ondoren. Horiek, azkenik, Europa osoan barrena zabaldu zuten. Hala ere, esan beharra dago hilarriak soilik irakurriz euskara ikasten saiatzea bezain zaila dela hizkuntza etruskoa deszifratzen ahalegintzea.

Geroa aurrez ikustea zen idazketaren beste helburuetako bat. Antzinako gizarte guztietan kezka handia zuten geroak ekarriko zienaren inguruan. Eta kezka horiek kodetzeko aukera bikaina eman zien idazketak. Iragarpenak jasotzeko, kolorez margotu eta jaguarren larrutan bildutako enbor-azalez egindako liburuak sortu zituzten maiek. Iragarpen haietarako, idatzizko egutegi sistema izugarri sofistikatua erabiltzen zuten, denboran bost mila milioi urte atzera iristen zena; gaur egungo kalkuluen arabera, lurrak berak duen adina baino atzerago ere bai, beraz. Txinan, bestalde, Brontze Aroko Shang dinastiaren garaian, etorkizunari buruzko galderak dortoken maskorretan eta idien hezurretan idazten ziren, “orakulu-hezur” direlakoetan, hain zuzen ere. Burdina gori batez berotzen zituzten hezurrak, pitzatu arte. Ondoren, pitzaduraren formaren esanahia asmatu eta galderari zegokion erantzuna inskribatzen zen bertan. Gerora, benetan gertaturikoa ere inskribatzen zuten zenbaitetan.

Ekialdea eta mendebaldea

Europako eta Amerikako herritar alfabetatu arruntek badakite bereizten eta idazten alfabetoko 52 soinu, beste zenbait sinbolo (zenbakiak, puntuazio-markak, eta abar.) eta "hitz osoak" adierazten dituzten sinbolo semantikoak (+, &...). Aipaturiko sinbolo semantiko horiei logograma izena ematen zaie batzuetan.

Japoniarrek, berriz, 2.000 sinbolo bereizteko eta idazteko gai izan behar dute. Oso ikasiak direnek, ordea, 5.000 sinbolo edo gehiago bereizi behar dituzte. Europako eta Amerikako egoerak, batetik, eta Japoniakoak, bestetik, guztiz desberdinak diruditen arren, uste baino parekotasun handiagoa dago bien artean.

Oso zaila da idazkera txinatarra eta japoniarra ikastea. Japonian, 50eko hamarkadaren erdialdean, inoiz baino gaztetxo gehiagok egin zuten beren buruaz beste, eta buru-hilketen gorakada honek lotura izan omen zuen gerra ondoko hezkuntza masiboaren hedapenarekin, haurrek zuzen eta artez ikasi behar izan baitzituzten japoniera idazteko erabiltzen diren milaka karaktereak. Esaten da txinatarrek eta japoniarrek mendebaldekoek baino urte batzuk gehiago behar izaten dituztela irakurtzen ongi ikasteko.

Halere, milioika mendebaldarrek ezin izan dute irakurtzen eta idazten ikasi. Japonian Mendebaldean baino alfabetatze maila handiagoa dago –nahiz eta diotena bezain handia izan ez–. Idazkera japoniarra konplexua bada ere, horrek ez dio galarazi Japoniari botere ekonomiko handia bihurtzea. Konplexutasun horrek ez du ekarri karaktere txinatarrak utzi eta haien ordez zeinu silabikoetan oinarritutako zeinu-sorta murritzagoa baliatzea, teorian egin bazitekeen ere.

60ko hamarkadaren erdialdean Mao Zedongek Kultura Iraultza gidatu zuen Txinan. Milioika txinatar alfabetatugabeak erromatar idazkeran alfabetatzearren, karaktere txinatar guztiak ezabatuko zituela esaten zuen. Baina kontserbadoreek aurka egin zioten, gogor asko gainera, eta Kultura Iraultzan zehar, Zaindari Gorriek erromatar idazkerako ereduak suntsitu zituzten.

Gaiak Argitaldaria. 2000. Gaiak Bilduma. 46. alea (moldatua)

 

GALDERAK

81. Idazketaren hedapena.
  gaizki a. Ziria sartzeko edota gezurrak esateko ere baliatu eta hedatu du idazketa jende ezjakinak.
  gaizki b. Onuragarria izan da idazketaren hedapena, pozik bizitzeko aukera ezin hobea eskaini baitio gizaki orori.
  gaizki c. Iluna izan da idazketaren hedapena eta gaur egun, gainera, inoiz baino susmo txar gehiago ari da sortzen.
  d. Idazketaren hedapena dela-eta, bada susmo txarrik ere, argi baitago idazketa ez dela beti asmo onez baliatu.
       
82. Sokratesen istorioa.
  gaizki a. Thoth jainkoak ongi aski azaldu zuen idazketarekin dugun jarrera bikoitza.
  gaizki b. Thoth jainkoak oroimenerako asmatu zuen edabearen osagaiak gogoratzeko, idatziz jarri behar ziren.
  c. Erregearen irudiko, idazketaren bidez ez zen egiazko jakinduriarik eskaintzen ahal.
  gaizki d.

Egiptoko erregeak Thoth jainkoarengana jo zuen ikasleei idazketa irakats ziezaien eskatzeko.

       
83. Babilonian basaltoz eginiko kodeak eta 1990ean Iraken aurkako gerran erabilitako lelo eta iragarkiak.
  gaizki a. Legea betetzen bazen, gizaldi haietako jende guztiaren onurarako izango zela zioten 4000. urteko mezuek.
  b. Denboran milaka urteko aldea egonagatik, bai batean eta bai bestean emandako mezuak berdintsuak dira.
  gaizki c.

Lege eta iragarki hauek guztiek mundu osoko errege ahaltsu izendatzen dute Hamurabi.

  gaizki d. Buruzagien propaganda idazkera-sistema batean baino gehiagotan egin bazen ere, legea betetzen zuen jendearen onerako izan zen.
       
84. Hainbat idazkeraren helburuak.
  a. Karnaken eta Bogazkoyen itun beraren berri ematen den arren, bi mezuak ez datoz bat.
  gaizki b. Hiru idazkera mota –idazkera kuneiformea, hieroglifoak eta glifoak– erabili ziren hiru helburutarako.
  gaizki c. Ramses II.ak hititen aurka egindako guduan hititek irabazi zuten, Bogazkoyen besterik azaltzen bada ere.
  gaizki d.

Tamalez Kadeshko guduaren gaineko informazioa tenplu baten horma batean baizik ez zen irudikatu.

       
85. Etruskoak eta hizkuntza.
  gaizki a. Etruskoek, milaka pasarteren bidez, Europa osoan hedatu zuten alfabeto grekoa.
  gaizki b. Etruskoen hileta-inskripzio gehienak alfabeto grekoan idatzi ziren.
  c. Ezer gutxi dakigu etruskoen hizkuntzaren inguruan.
  gaizki d. Etruskoek baino lehenago, erromatarrek jaso zuten alfabetoa greziarrengandik.
       
86. Geroa aurrez ikustea.
  gaizki a. Txinako Shang dinastiakoek dortoka-maskorretan eta idi-hezurretan idazten zituzten iragarkiak.
  gaizki b. Maiek asmaturiko egutegi sistema sofistikatua ia-ia lurra bera bezain zaharra zela ikusi da.
  c.

Etorkizunaren nondik norakoek ardura bizia sortu izan dute antzinako gizarte orotan.

  gaizki d.

Iragarpenak jasotzeko, maiek sortu zituzten liburuek egurrezko azala eta jaguar-larruzko orriak zituzten.

       
87. Europako eta Amerikako alfabetatu arruntek...
  gaizki a. hitz osoak ematen dituzte aditzera berrogeita hamabi logograma erabiliz.
  b. berrogeita hamabi soinu ez ezik, bestelako marka batzuk ere bereizten eta izkiriatzen dituzte.
  gaizki c. berrogeita hamabi sinbolorekin nahikoa dute behar bezala idazteko.
  gaizki d. idazteko erabiltzen dituzten berrogeita hamabi karaktereei logograma izena ematen diete.
       
88. Japonian.
  a. 50eko hamarkadaren erdialdean, gaztetxoen suizidio kopuruak gora egin zuen eta, itxuraz, hezkuntza hedatzearekin izan zuen zerikusia.
  gaizki b. 50eko hamarkadako gerran heriotza ugari gertatu izanak inoiz baino argiago utzi zuen gaztetxoak hezi beharra.
  gaizki c.

50eko hamarkadan gaztetxoen artean sekula baino erailketa gehiago gertatu zirenez, heziketa ahalik eta gehien hedatu beharra ikusi zen.

  gaizki d.

50eko hamarkadaren hastapenetan, hezkuntza gazte guztiengana zabaldu nahi zela-eta, ume japoniarrek mila karaktere ikasi behar izan zituzten japonieraz idazteko.

       
89. Alfabetatze maila.
  gaizki a. Mendebaldean dagoen alfabetatze maila Japoniakoa baino handiagoa da, uste bezain handia izan ez arren.
  b. Esaten duten adinakoa ez bada ere, handia da alfabetatze maila Japonian.
  gaizki c. Besterik esan izan bada ere, Japoniako alfabetatze maila ez da Mendebaldekoa bezainbestekoa.
  gaizki d. Mendebaldean milioika lagunek ez dute ikasi ez irakurtzen, ez idazten. Japonian are handiagoa da alfabetatugabeen kopurua.
       
90. 60ko hamarkadaren erdialdean, Txinan.
  gaizki a. Kultura Iraultzaren bultzatzaileak milioika herritar idazkera erromatarraren bitartez alfabetatzearen aurka azaldu ziren.
  gaizki b. Mao Zedong ez ezik, kontserbadoreak ere Kultura Iraultza egitearen aldekoak izan arren, Zaindari Gorriek erromatar idazkerako ereduak desagerrarazi egin zituzten.
  c.

Kultura Iraultzaren gidari Mao Zedong prest zegoen karaktere txinatar oro ezabatu eta herritarrak erromatar idazkeran alfabetarazteko.

  gaizki d.

Kontserbadoreen oposizioa handia izan ez bazen ere, Zaindari Gorrien jokabideak ezinezko egin zuen Kultura Iraultza.

       

 

81-d / 82-c / 83-b / 84-a / 85-c / 86-c / 87-b / 88-a / 89-b / 90-c