EGA NAFARROA
BOST MENDEKO HARREMANAKristobal Kolonek 1492. urteko urriaren 27an zapaldu zuen estreinakoz Kuba. Berarekin batean hainbat euskaldun joan ziren, gehienak ere Santa Maria ontzian. Lehenengo euskaldun haiek Kubara heldu zirenetik bost mendetik gora igaro dira dagoeneko. Hain zuzen ere, azken 512 urteotan Antilla itsasoko uharte handienetik igarotako euskal herritarren ibilbidea jaso du Cecilia Arrozarenak El roble y la ceiba. Historia de los vascos en Cuba liburuan. Nekez jakin daiteke zehatz-mehatz zenbat euskaldun joan ziren Kolonek gidatutako lehen bidaian, baina gutxienez hamabi inguru izan ziren, antza; gehienak Santa Maria itsasontzian joandakoak. Guztien artean, hala ere, Juan Lacosa nabarmendu behar da. Santa Maria itsasontziaren jabea zen bera, eta guztiz ziurtatuta ez egonagatik, bizkaitarra zela diote ikerketek. Jakina da haren ama Katalina Debakoa zela. Lacosarekin batera, Domingo Lekeitiokoa, Ispasterko Domingo Atxi, Lekeitioko Martin Urtubia, Lope Erandiokoa, Debako Juan Martin Azoge... joan ziren, besteak beste. Berebiziko garrantzia izan zuen Lacosak garai hartan. Kartografoa zen eta bera izan zen Kuba uharte gisa marraztu zuen lehena, 1500. urtean. Cecilia Arrozarenak Lacosak jasan behar izan zituen presioak azpimarratu ditu. <<1494. urteko ekainaren 12an Kuba kontinente bat zela sinatu behar izan zuen. Kolonek Kuba kontinentea zela legeztatu nahi zuen, eta, horretarako, Lacosaren sinadura ezinbestekoa zuen. Kartografo aparta zen Lacosa; eta berak, ziurrenik, jakin bazekien sinatzera behartu zutenak ez zuela ez bururik ez buztanik. Kontuak kontu, derrigortu egin zuten, eta inoiz kontrakoa esaten bazuen mingaina mozteko mehatxua ere egin zioten. Harrigarria da Lacosak zein zehatz irudikatu zuen Kuba. Mapa egin zuen garaian ez zituzten ez San Antonio lurmuturra, ez iparraldeko itsasertzaren zati handi bat ezagutzen. Bere irudimenean eta indigenek egindako testigantzetan oinarritu zen. Kolon 1506. urtean zendu zen, aurkitutako lurraldea Asia zelakoan eta Kuba kontinente horren hasiera zela erabat sinetsita>>. Lehenengo euskaldunek ez bide zuten urrerik aurkitu Kuban. Horren ondorioz, itxuraz, konkista eta kolonizazioa nahiko atzeratu ziren; 1510. urtera arte, hain zuzen. Hala ere, urte horretatik aurrera, laster hasi ziren euskaldunak sortu berriak ziren hirietan finkatzen. Era askotako ogibideak zituzten: merkataritzako ahaldunak, harginak... Alabaina, euskaldunen eta Kubako indigenen arteko lehenengo harremanak ez ziren gizalegean oinarritu. <<Lehen euskaldunek eta Kubako indigenek ez zuten ez berdintasunean ez gizalegean oinarrituriko harremanik izan. Kubaren konkista lau urtean egin zen, eta pare bat belaunaldiren buruan ia indigena guztiak sarraskitu zituzten>>. Garai hartako harremanen lekuko aski ezaguna da Kuban Hatueyren kondaira. <<Hatuey tainoen etniako kazike bat zen. Espainiarrek bizirik erre behar zutela eta, apaiz batek zin egin zion damutzen bazen zerura joango zela. Hatueyk ea kristauak zerura joaten ziren galdetu zion apaizari. Eta hark, jakina, baiezkoa erantzun, kristau zintzoak hil ostean zerura joaten zirela. Orduan, Hatueyk apaizari esan omen zion: “Tira, ba, kristauak zerura joaten badira, nik ez dut hara joan nahi”. Kondaira honek argi uzten du bi kulturen arteko topo egitea ez zela baketsua izan. Ameriketako gainerako herrialdeetan gertatu bezala, sarraskia izan zen, eta euskaldunek ere zerikusi handia izan zuten horretan>>. XVII. eta XVIII. mendeetan euskaldun ugarik izan zuten lotura Kubarekin. Gehienak piratak, filibusteroak, kortsarioak edo merkataritzan zihardutenak ziren. Garai hartan lotura estua zuten ogibide horiek. Amerika aurkitzeak sustatu egin zuen merkataritza, eta Europako herrialde nagusiek bertako aberastasun handienak lapurtzen zituzten Europara eramateko. Ontzi gehienek ibilbide bertsuak egiten zituztenez, piratak, filibusteroak eta kortsarioak ugaritu egin ziren. Makina bat euskaldun aberastu zen. XIX. mendearen erdialdean nabarmen handitu zen euskaldunen emigrazioa. Gehienak bizkaitarrak ziren, nekazari jendea batik bat. Uharte osoan zabaldu ziren eta gehienek merkataritzaren inguruko ogibideetan egiten zuten lan. Hala ere, eskulangileak, nekazariak eta jornalariak ere ugari ziren. <<Premutasunaren tradizioa zela eta, presio demografikoa zela medio eta gerra karlistaren ondorioz, euskaldun ugari Ameriketara joan ziren 40ko hamarkadatik aurrera. Gehienak Rio de la Plata ingurura joan ziren arren, emigrazioaren % 20 Kubara heldu zen>>. Kuba Espainiaren kolonia zen garai hartan, baina askatasuna lortzeko mugimenduak sortuz eta indartuz joan ziren apurka-apurka. Horrela, 1898. urtean, mende luzez indarraren bidez kendu zioten askatasuna berreskuratu zuen Kubak Independentziaren Gerran. Garai hartan, euskaldunek jarrera ezberdinak hartu zituztela dio Arrozarenak. <<Independentziaren Gerran hainbat euskaldun Manuel Calvo Agirreren inguruan batu ziren. Calvo Agirre Portugaleteko aberats berri bat zen; esklabotzatik dirutza handia irabazi zuen oligarka zen, eta gerran interes asko zituen. Botere handia zuen, baina beti itzalean mugitu zen. Calvo Agirrek Batasun Konstituzionalaren Alderdia sostengatzen zuen. Espainiak Kuban zituen interesen eta sakarokraziaren –azukrearekin lotutako oligarkia– alde egiten zuten alderdi horretako kideek. Gero, Canovasen alderdi kontserbadoreko edo Sagastaren alderdi liberaleko kideak izan zitezkeen, lasai asko. Beste euskaldun batzuk, berriz, Kubaren independentziaren alde borrokatu ziren. Ez da ahaztu behar euskal nazionalismoaren sortzailea, Sabino Arana, Kubaren independentziaren aldeko elkartasuna adierazteagatik kartzelatu zutela>>. Espainiako gerrak (1936-1939) bultzada nabarmena eman zion euskaldunen emigrazioari. Batez ere, alderdi abertzale eta ezkertiarretako kideak izan ziren Kubara joan zirenak. Esate baterako, Jesus Larrañaga eta Juan Astigarribia komunista gipuzkoarrak aipa daitezke. <<Horiek gehienak gero iraultzaren alde borrokatu ziren, eta ardura handiak ere izan zituzten>>. Zalantzarik gabe, 1959. urteko lehen eguna Kubako historiako egunik garrantzitsuenetakoa da. Egun horretan, iraultzaren garaipenak Fulgencio Batistaren diktadurari eta 60 urtez Ameriketako Estatu Batuek ezarritako egitura neokolonialari eman zien amaiera. Kuban bizi ziren euskaldunek oso jarrera kontrajarriak hartu zituzten iraultzaren inguruan. <<Denetik egon zen, baina iraultza erradikalizatzen joan zen neurrian, burgesia Kubatik alde egiten hasi zen. Euskaldun dirudun asko zeuden Kuban, negozio gizonak. Pertsona horiei negozioak bahitu zizkieten. Euskal Etxea bahitu zuten; Jai Alai pilotalekua ere nazionalizatu zuten. Egun Ponce Carrasco izena du lekuak eta boxeorako eta borroka librerako erabiltzen dute. Jende xumearentzat, berriz, iraultza askatasuna izan zen. Euskaldun ugarik hartu zuten parte iraultzan; gerrillariekin batera borrokatu ziren, eta ondoren, lan handia egin zuten sozialismoaren eraikuntzan. Garaituak izan ziren burgesen artean bi joera egon ziren. Euskaldun sentitzen zirenak Euskal Herrira itzuli ziren. Beste batzuk, negozio gizon soilak, Miamira joan ziren>>. Azken hamarkadetan bukatu da Kubarako euskal emigrazioa, eta euskal jatorriko kubatarrak adinekoak dira gehienak. “Hala ere, senide diren bi herriri buruz hitz egiten ari gara”. Pilotariak Kubako izarrak Euskal Herritik Ameriketara emigratu zuten euskaldunek pilota eraman zuten XIX. eta XX. mendeetan. Jokoak arrakasta handia izan zuen, eta Florida, Mexiko, Caracas, Buenos Aires, Montevideo eta Habana hirietan harrera bikaina izan zuen. Hiru urteko proiektu baten ostean, Jai Alai pilotaleku handia inauguratu zuten 1901. urteko martxoaren 3an. Zesta-puntak Kubako aristokraten eta oligarken arreta bereganatu zuen, eta pilotariak izar handiak bihurtu ziren. Diru kopuru handiak xahutzen zituzten lagun ugari biltzen ziren partidak ikusteko. Udan Habanara joaten ziren estatubatuarrek ere erreparatu zioten zestari. Horrela, 1921. urtean, George H. Ruth beisbol jokalaria zestara izugarri zaletu zen. Ruth New York Yankees taldeko izarra zen, eta beisbolak inoiz eman duen jokalari onenetakoa. Zenbait zurrumurruren arabera, beisbola utzi eta zestan jokatzen hasteko asmoa izan zuen. Adituek ziotenez, izugarrizko indarra zuen, baina teknika falta zitzaion. Kontuak kontu, entrenamendu batean bizkarreko tendoi bat apurtu zuen. Ameriketako Estatu Batuek inoiz eman duten kirolari ospetsuenetakoak utzi egin behar izan zuen Habana lesio larri batengatik.
Gorka Quevedo. BERRIA, Igandea gehigarria, 2004-02-29 (moldatua) |
81-c / 82-c / 83-b / 84-a / 85-d / 86-c / 87-b / 88-a / 89-c / 90-d