EGA NAFARROA

BRIKO-HIGUINA, egizu etxean konplikaziorik gabe

TESTUA

BRIKO-HIGUINA, egizu etxean konplikaziorik gabe


Jack Destripadoreak esaten zuen bezala, “joan gaitezen atalez atal”. Zerbait higuingarria baina eguneroko bizitzarekin lotua bilatzen saiatu nahi nuke.

Ezer baino lehen, nire izebari entzundako kontakizun bat datorkit burura. Ohiko duen graziarekin kontatzen zidan bide bazterrean aurkitutako txori txiki bat nola etxeratu zuen. Txoria, nonbait, jaio berria, eta ez omen zen fidatzen jaten ematen ziotenaz. Zer bururatuko izebari, eta purea xiringa bidez mokotik sartzea. Mokoa ireki eta barrura xiringa, txoria oka egiten hasi arte, zintzurra xiringaren orratzak zulaturik ia. Baina izeba berehala ohartu omen zen txori haren etorkizun ezaz... Hiru kopa Martell edan, artaziak hartu eta harraskan lepoa moztea deliberatu zuen, borondate on guztiarekin, Martell beroaren antzeko odola hatzen artean irristaka zuela bor-bor. Ez omen zen ausartu harraskan begiratzen ere. Bi egunen buruan, egunkari orrialde pare bat gainera bota, gorpuzkina bertan bildu –libelula bat bezain hauskorra omen zirudien– eta zaborretara bota zuen. Baina, ez, inola ere ez; ez zait hain higuingarria iruditzen, batez ere izebak istorioa kontatzeko duen umorea kontuan hartuta.

Film batean ikusitako eszena higuingarriren bat gogoratzen saiatzen naiz ondoren, eta burura etortzen zaizkidan lehenengoek motozerra dute protagonista. Baina hasierako eszena gore esplizituegiek ez naute konbentzitzen. Elm Street ez dago nire auzoan, eta Vitoria-Gasteizko kalean edo Egiako igoeran nekez irudika dezaket halako eszenarik. Errealista ez zaidanez, ez zait higuingarri, edo ez behintzat sosegua galdu edo urdaila nahasteraino. Distantziak higuina neutralizatzen du. Baina gaiari irabialdi pare bat gehiago emanda, askoz ere izenburu lasaigarriagoa –itxura batera behintzat– duen Regarde la mer izeneko filma oroitzen dut, bere baitan eszena higuingarri parea zuena: kanpin-dendarekin alderrai dabilen neska gazte batek etxalde batean bakarrik bizi den emakumeari baimena eskatzen dio bere lorategian kanpatzeko. Honek etxera gonbidatzen du eta bere komuna uzten, bainu bat har dezan, premia ederra du eta. Sarkinak, bainuontzian lokatz arrasto nabarmena utzi ondoren, hortzak garbitzen ditu etxeko jabearen eskuilarekin. Ondoren, komunean egin beharrekoak egin eta bonbari tira egin aurretik hortzetako eskuila komuneko zuloan erabiltzen du, ur zikinetan bira pare bat emanez, kafesne beroari koilararekin bueltak ematen ariko balitz bezala. Gero, bere lekuan uzten du. Orduan ohartzen gara Regarde la mer izenburu inofentsiboa duen filmaren baitan dagoen eszena higuingarri hori askoz ere gertuagoko zaigula plasma litro ugari eta heste festa gehiegizkoz eginiko odolki sarraskia baino. Higuina ez dator sofistikaziotik edo gehiegizko bortxakeriatik. Edonork egin dezakeen zerbait da hortzetako eskuilaren hori, eta horregatik larritzen gaitu askoz gehiago: edonor sar daiteke gure komunera, eta behin film batean azaldu den hori mimetismoak moda bihur dezake, ezarian-ezarian.

Mimetismoaren beldur gara bat-batean. “Zer nazka!”, diote zinema-aretoaren atzeko lerroetakoek. Jendea gorroto duen jendez beteta dago mundua. Eta jendea gorroto duen jendea bere etsaien komunetan (edo besterik gabe, sinpatikoegi ez zaion jendearen komunetan) sartzen da edozein party edo guateque baliatuz, eta hara zein erraz gauzatzen duen mendekua motozerrarik gabe eta delituaren gorpua ezkutatu beharrik gabe!

Mentalki errepasatzen hasten gara orduan gure etxean azken urteotan izan dugun gonbidatuen zerrenda, hagin-hobietan zerbait mikatza eta deserosoa sentitzeaz batera.

Harkaitz Cano, Ipuin izugarriak. Elkar (moldatua).

 

GALDERAK

1.

Txorikumearen istorioa.

 

gaizki
a. Izeba jaten ematen ari zitzaiola, xiringaren orratza eztarriraino sartuta hil zen txoritxoa.

 

gaizki
b. Izebaren kontatzeko moduagatik-edo, istorio ezin higuingarriagoa iruditzen zaio idazleari.

 

gaizki
c. Txoritxoa zakarretara bota zuen izebak, ez omen zen-eta akabatzen ausartzen.

 

d. Izebak argi ikusi omen zuen txorikume hura ez zitekeela luzaroan bizi.

 

 

 

2.

.Filmak gogoratzen hasita,

 

a. idazleari urrunak iruditzen zaizkio motozerra protagonista duten eszenak.

 

gaizki
b. idazleari lehendabizi Gasteizko eta Egiako kaleetako eszena higuingarriak etortzen zaizkio burura.

 

gaizki
c. idazleari errealitatearekin zerikusi gutxien duten eszenak iruditzen zaizkio higuingarrienak.

 

gaizki
d. idazleari lehendabizi bururatutako eszenek hunkitzen dute gehien edonor.

 

   

3.

Idazleak, Regarde la mer filma adibidetzat hartuta, frogatu nahi izan du...

 

gaizki
a. sofistikazioa eta indarkeria beharrezkoak direla ikuslearen higuina sorrarazteko.

 

gaizki
b. eszenetan odol asko agertzea aski dela istorioa sinesgarriagoa egiteko.

 

c. ikusleak errazago sentitzen duela higuina hurbileko eszena batekin, sarraskia eta odola nagusi diren eszena batekin baino.

 

gaizki
d. izenburu beldurgarria izatea ere funtsezkoa dela ikuslearengan higuina sorrarazteko.

 

 

 

4.

Regarde la mer filmean...

 

a. bainuontzia zikin gelditzen da neska gazteak bainua hartu ondoren.

 

gaizki
b. neska gazteak kanpineko komunean sekulako kuxidadea topatzen du.

 

gaizki
c. neska gazteak hortzetako eskuila lapurtuta eramaten du.

 

gaizki
d. etxaldearen jabeak komun-zuloan aurkitzen du hortzetako eskuila.

 

   

5.

Zein da egia?

 

gaizki
a. Egiatan, nekez imita daitezke filmetako eszena higuingarriak.

 

gaizki
b. Mendekuaren beldur direnek jende gutxi gonbidatu ohi dute etxera.

 

c. Filmean ikusitakoa benetan gerta dakigukeen beldur izan gaitezke bat-batean.

 

gaizki
d. Filmak film dira eta zerikusi gutxi dute errealitatearekin; beraz, ikusleok nekez sentitzen dugu higuinik edo izurik.

 

1)d, 2)a, 3)c, 4)a, 5)c