EGA NAFARROA
Marte, uretan saltzen den planetaAZKENIK, URA AURKITU DUTE MARTEN... SEIGARREN ALDIZ. NASAk letra handiz zabaldu du aurkikuntza komunikabide guztietan. Baina, oraingoan ere, letra txikia irakurri beharra dago: ez dute ura aurkitu, ustez urak utzitako arrastoa baizik. Bi hondar-arrasto, Marteren gainazaleko bi tokitan, hain zuzen. 1999an eta 2001ean egin zituzten bi toki horien argazkiak, eta 2004an eta 2005ean errepikatu zituzten. Azken bi argazkietan hondar-jausi bana ikusten da lau urte lehenago horrelakorik ez zegoen tokian, eta NASAko astronomoen ondorioa izan da ur-jario batek eragin dituela hondar-jausi horiek. Alegia, ura aurkitu dutela, urik aurkitu gabe. Ez da lehen aldia. Beste hainbatetan ere zabaldu dute ura aurkitu izanaren albistea, ura bera ez diren arrasto geologiko eta kimikoetan oinarrituta. Uraz hitz egin dute, baina urik aurkitu gabe. Azken urteetan, hiru aurkikuntzatan oinarritu dira Marten ura dagoela esateko. Alde batetik, 2001ean, Mars Oddisey zundak hidrogeno-atomoak detektatu zituen Marteko hego poloan. Ez ziren hidrogeno-atomo askeak, baizik eta molekula batzuen parte. Baina zer molekula? NASAkoen arabera, ur-molekulak izatea zen aukera nagusia. “Hidrogenoa dagoenez –esan zuten–, ura ere izan behar da”. Beste alde batetik, karbonatoak aurkitu zituzten. Karbonatoak ez dira eratzen uraren eraginez ez bada, eta, beraz, karbonatoak egote hutsak adierazten zuen Marten ura bazegoela. Baina karbonatoen kopurua oso txikia zen; planetaren inguruko orbitatik, NASAren Mars Global Surveyor eta ESAren Mars Express zundek detektatu zuten aipatutako minerala, baina planetaren gainazalean sulfatoak besterik ez zuen aurkitu Opportunity ibilgailuak. Orduan, azalpen bat eman zuten: sulfatoek eragotzi egiten dute karbonatoen sorrera. “Sulfatoak eta karbonatoak tartean egonda –esan zuten–, noizbait ura izan da Marten”. Azkenik, argazkietan arrasto gehiago ere aurkitu dituzte: Marteren gainazalean erreken arro lehorrak eta likidoak eragindako fenomeno geologiko asko ikusi dituzte; oraingo hondar-jausiak, besteak beste. Eta zein da hori guztia eragin duen likidoa? NASAren ustez, urak behar du izan. Astronomo guztiak ez daude ados; karbono dioxido likidoa ere izan daiteke, edo hondarra maldan behera jausi izana ere bai. Baina urak, aukera zientifiko ona izateaz gain, beste zerbait ere eskaintzen du: publizitatea. Ura dagoen tokian bizia sor daiteke. Hori bai, ura egoera likidoan baldin badago. Ez dute ur likidorik aurkitu, ordea. Izan ere, logikoa da, bi arrazoirengatik: alde batetik, Marte Eguzkitik urrun dagoelako; eta, bestetik, txikia delako. Urruti egonda, oso tenperatura baxua du Marteko gauak, ur likidoa guztiz izozteko modukoa. Planeta txikia izanda, grabitate txikia du, eta ez du gas-molekula askorik mantentzen inguruan; hau da, atmosfera mehe-mehea du, eta, beraz, presio atmosferikoa ere oso txikia du. Atmosferak presiorik egiten ez badu, Marteko egun argiaren tenperaturan ura lurrundu egiten da. Horregatik ez dute ur likidorik aurkitu; urik baldin badago, solido- edo gas-egoeran egongo da, ez egoera likidoan. Agian ez zen beti horrela izango. Agian, planeta sortu zenean atmosfera trinkoagoa izango zuen. Agian, garai bateko ur likidoa lurperatuta egongo da; edo, agian, izoztuta. Nolanahi ere, NASAk eta ESAk ez dute urik aurkitu Marten. Elhuyar, 2007ko urtarrila |
1. |
Hondar-jausiak… | ||
|
a. | urak eragindakoak direlakoan daude NASAko astronomoak. | |
|
b. | ikusten dira azken argazkietan; ugari, gainera. | |
|
c. | sortzen ari dira ur-jario handien eraginez, hala ikusten da argazkietan. | |
|
d. | 2004an eta 2005ean gertatu dira hurrenez hurren. | |
|
|
||
2. |
NASAkoen arabera, … | ||
|
a. | argi dago Marteko hidrogeno-atomoak ur molekulen parte direla. | |
|
b. | Marten urik ez badago ere, karbonatoak sor daitezke. | |
|
c. | sulfatoak eta karbonatoak egotea noizbait ura izan delako seinalea da. | |
|
d. | sulfatorik ez dagoenez, karbonato gutxi dago Marten. | |
|
|||
3. |
Ura likido egoeran Marten. | ||
|
a. | Likido egoeran ez ezik, gas –eta solido-egoeran ere topatu dute. | |
|
b. | Egunez ura lurrundu egiten da, atmosferaren presioa handia baita. | |
|
c. | Ikustekotan, egun-argitan ikusiko da ur likidoa. | |
|
d. | Eguzkitik urrun egoteak zerikusia du uraren egoerarekin. | |
|
|
||
4. |
NASAren azken aurkikuntza dela-eta: | ||
|
a. | Astronomoek aho batez onartu dute ura aurkitu izana. | |
|
b. | NASAk, ura egon daitekeela esanez, publizitatea lortu nahi du. | |
|
c. | Marten bizia dagoela frogatu du NASAk. | |
|
d. | Ura aurkitu dute, bai, baina ez dago argi zer egoeratan dagoen. | |
|
|||
5. |
Zein da egia? | ||
|
a. | Testuaren egileak NASAk zabalduriko berria argitu nahi izan digu. | |
|
b. | Garai batean bazen urik Marten, baina orain lur azpian dago. | |
|
c. | Aspaldiko urak izotz bihurtuta daude Marten. |
|
|
d. | Testuaren egileak NASA gezurretan ari dela frogatu digu. |
1)a, 2)c, 3)d, 4)b, 5)a