EGA NAFARROA
EUSKAL EKINTZAILEAK: MARTIN LOPEZ DE ISASI EIBARTARRAXVI. mendeko Euskal Herriaz pentsatzean, zalantza sortu ohi zaigu: garai hartako herritarrek ba ote zekiten zeuden lur apurrak landu, arrantzan egin eta burdina eraldatzeaz gainera, beste ezer egiten? Uste dugu ondo kostata biziraun zutela urte haietan. Ez al digute sinetsarazi gure lurrean izan den modernotasun bakarra XIX. mendearen amaierako industrializazioaren ondoriozkoa izan zela? Nik galdera txanponaren beste aldeari begiratuta egin ohi dut: nola liteke herri atzeratua eta bere baitara bildurik dagoena izan, eta aldi berean garai hartako itsasgizonik trebeenak sortu, itsasontzi eraginkorrenak egin, Gaztelako monarkiari idazkari onenak eskaini, eta Mediterraneoko, Europako eta Ameriketako merkatuetan arrakastaz jardutea? Legazpi, Elkano edo Idiakeztarrak ez ziren kasualitatez agertu. Historian barrena, Euskal Herrian estutasunek aukera bikainak sorrarazi dituzte. Garia eta ardoa urriak zirenez –eta kontuan izan behar da elikagai horiek ezinbestekoak zirela Erregimen Zaharrean bizirauteko–, zer egin pentsatu beharra izan zuten garai hartakoek, goseak dakarren zorroztasun horrekin, eta dirua harripeetan ere lortu behar izan zuten, bistan denez: lurrean aztarrika egin eta azpiko meategiak ustiatu zituzten. Euskal Herrian zegoen baliabide natural bakarretako bat burdina-mea zen, eta horregatik garatu zen metal horri loturiko industria. Antzeko arrazoiengatik sartu ziren euskaldunak itsasoko ur handietan. Patuak itsasoa jarri zien alboan, beldur-ikara eragiten zuen belaze kontrolaezina. Itsasoei aurre egitea arrisku handiko apustua zen, baina neurria hartuz gero, aukera paregabea ere bai gure herria arrantzaren eta itsaso bidezko garraioaren punta-puntako lekuetan kokatzeko. Burdina, itsasontziak eta arrantza: plataforma ezin hobea merkatua bilatzeari ekiteko. Baina negozioetan aritzeko jende prestatua behar zen, baliabide ekonomikoak eta baita merkataritzako tradizioa ere. Testuinguru horretan bizi izan zen gure protagonista, Martin Lopez de Isasi eibartarra, XVI. mendearen bigarren erdian. Martin Lopez de Isasi merkatarien artean nabarmen ageri da, ordezkari trebe gisa, Gaztelako nobleek ofizio hori gutxietsi zuten garaian, Euskal Herrian aitoren seme izan eta lan egitea ez baitziren bateraezinak, osagarriak baizik. Eibarko familia boteretsu bateko semea, errenten kontura bizi izateko aukera izan zuen, baina euskal nobleziako kideak ez zetozen bat penintsulako pentsaerarekin, europarrarekin baizik: gizartean lekua egiteko, ez zuten pribilegioetan oinarritu nahi; ahalegina, lana eta ekimena ziren horretarako bidea. Isasik, familiari esker, ondare handia zuen, eta merkataritzaren arloan erabiltzea erabaki zuen, arriskuak hartu, beste lagun batzuk bere proiektuan parte hartzera bultzatu eta Europako sektore berritzaile eta bidegileenetan jardunez: mundu berria eta berrikuntzak zituzten aurrez aurre. Berak eta berak bezala diru-sarrerak osasuntsu zituzten beste hainbat euskaldunek, enpresarien ikuspegia izanik, proposamen arriskutsuak egin zituzten, baina onuragarriak izan zitezkeenak, baldin eta ondo hezurmamitu eta bide onetik egiten bazuten aurrera. Baina ez zen eroa, ezta ergela ere: merkataritzak indar handia hartu zuen garaian, euskal gizarte osoa bereganatu zuen mugimenduko beste kide bat izan zen; hain zuzen ere, ordura arte Erdi Aroan ohorea aitzakia hartuta borrokan eman zuten familia boteretsuetako eta bandoen arteko liskarretan indarra galdu zuten horietako beste kide bat baino ez. Aurrerantzean, merkataritzan jardungo zuten, ez borrokan. Sistemaren baldintzengatik, merkatariek merkataritzako elkarte handietan bildu beharra zeukaten, dirua eta ahalegina inbertitzeko. Batzuek burdinaren ekoizleekin negoziatzen zuten, beste batzuek salgaia Sevillara edo Indietara bidean jartzen zuten, eta azkenik, zenbaitzuek salmentan ziharduten, konfiantzazko ordezkarien bitartez. Isasiri dagokionez, hiru osaba Ameriketako merkatuan aritutakoak zituen, eta beraz, arloa ez zitzaion arrotza gertatu, aurrekoek zabaldua baitzuten bidea. Bestalde, garraioaren esparrua kontrolatzen ere saiatu zen Isasi. Horretarako, itsasontzi handi eta ondo egindakoak behar zituen, eta lan hori konpainiako kide bihurtuko ziren enpresariekin lankidetzan egin zuen. Dena den, ontzi horiek beste eginkizun batzuetarako ere erabili zituzten: batzuk Gaztelako artilea Flandesera eramateko, beste batzuk Ternuan arrantzan egiteko. Felipe II.aren interesak ere bete behar izan zituen, eta Gaztelako erregeak eskatuta, Euskal Herrian egindako armak batetik bestera eraman eta kortsarioen arriskuei egin behar izan zien aurre. Martin Lopez de Isasi euskal enpresari handien eredu izan zen, eta garai hartan indarra hartu zuten negozio guztietan jardun zuen; Euskal Herriarentzat gogoangarria izandako garai baten erakusle dela esan liteke. Baina nahiz eta arlo askotan aritu, ez zen bere herritik nahiz familiarengandik aldendu. Izan ere, bizitzaren azken urteak Eibarren igaro zituen, senide eta herriko lagunengandik gertu. Lau mende igaro diren arren, gaur egungo enpresarientzako eredu perfektua izango litzateke. Jose Antonio Azpiazu, Administrazioa euskaraz,
63. zb., 2009ko urtarrila (moldatua) |
1. |
Testugilearen ustez, ekonomiari dagokionez, XVI. mendeko Euskal Herria… | ||
|
a. | ez zegoen kanpoko garapenari begira, eta garrantzi handia eman zien oinarrizko arloei. | |
|
b. | hiru arlo ekonomikotan bakarrik garaturiko zibilizazioa izan zen. | |
|
c. | ez zen XIX. mendearen amaierakoa baino askoz atzeratuagoa izan. | |
|
d. | garatu gabeko herrialdetzat jo genezake, jendearen bizimoduak erakusten duenez. | |
|
|
||
2. |
Garai hartan, … | ||
|
a. | itsasoaren ondoan bizi zirenak marinel bihurtu ziren, kortsarioei aurre egiteko. | |
|
b. | merkataritza ohorezko bizimodutzat jotzen zuten erdaldun boteretsuek. | |
|
c. | oinarrizko elikagaiekin arazorik ez zegoenez, azpiko meategiak ere ustiatu zituzten. | |
|
d. | elikagaien eskasiak aukera paregabeak eskaini zituen negozioak garatzeko. | |
|
|||
3. |
Martin Lopez de Isasi… | ||
|
a. | eibartarrak ohorez bizi nahi izan zuen, merkataritzan lortutako irabaziei esker. | |
|
b. | merkatari aparta izan zen eta errenten kontura bizi izan zen beti. | |
|
c. | ez zetorren bat, pentsamoldeari dagokionez, Gaztelako nobleekin. | |
|
d. | ohorea beste ezeren gainetik jartzen zutenetakoa izan zen. | |
|
|
||
4. |
Zer ondorioztatu ahal dugu Martin Lopez de Isasiren biografia irakurrita? | ||
|
a. | Bere kabuz eta bakarrik mota guztietako negozioei aurre egiteko gai izan zela. | |
|
b. | XVI. mendeko boteretsu guztiek bezalaxe jokatu zuela, ohorez, hain zuzen. | |
|
c. | Gaur egungo enpresariek ere eredutzat har dezaketela. | |
|
d. | Armagintza izan zela garai hartako diru iturri nagusi eta hoberenetarikoa. | |
|
|||
5. |
Ondorengo baieztapenetatik zein da egia? | ||
|
a. | Erregimen Zaharrean, dirua harri azpian ere aurkitu eta meategietan inbertitzen zuten. | |
|
b. | Merkataritza elkarte handiak irtenbidea izan ziren ahaleginak batu eta aurrera egiteko. | |
|
c. | Aberats euskaldunek Felipe II.aren interesen kontrako jarrera hartu behar izan zuten. | |
|
d. | Ongi egindako itsasontziak Gaztelako artilea Ternuara eramateko erabili zituzten. |
1)c, 2)d, 3)c, 4)c, 5)b