EGA NAFARROA
POTRETA. AHOBIZARRIK GABE. MARGARITA MARTIN“Oso isila nintzen umetan. Eskolan ez nuen lagunik. Nire altuerak ere izango zuen zer esanik horretan: beste guztiak baino askoz handiagoa nintzen. 'Jaitsi gandorra!', esaten zidaten, burlaizez. Eta betaurrekoek ere konplexua sortzen zidaten”. Gaur egun ere, Margarita Martinek betaurrekoak daramatza. Nahi duelako. “Nire garaierak, berriz, lagunei adarra jotzeko balio dit: haiek gizendu egin dira, eta ni oraindik ez”, dio umoretsu. Euskal Herriko Meteorologia Zentroko zuzendariak hitz-jario ederra du. “Orain ez dut ahobizarrik, ez!”. “Oso lotsatia izan nintzen, gutxienez 18 urte bete arte. Hitz egiten ez nuenez, asko pentsatzen nuen, eta hiperkritiko bihurtu nintzen. Eta ezin izan nituen kritikak niretzat gorde!”. Iritzia eta ekintza batu zituen. Madrilen zegoen Fisika Teorikoa ikasten, eta Alderdi Komunistako kide egin zen, frankismoari azken hatsa ematen laguntzeko. Feminismoa ere ezagutu zuen. “Ikasle nintzela ezkondu nintzen, eta ama ere izan nintzen. Unibertsitateko haurtzaindegian uzten nuen alaba. Ezagutzen genituen antisorgailuak, baina uste genuen gazte izan behar genituela umeak, egitasmorik ez alboratzeko. Haurrekin joaten ginen unibertsitatera, manifestazioetara, rock kontzertuetara...”. Ingurumenak ez zuen artean kezkatzen. “Banuen lagun ekologista bat: itsasoaren eta airearen kutsaduraz hitz egiten zidanean, erotuta zegoela pentsatzen nuen, inoiz ez zela gertatuko. Halakoak ez zitzaizkion inori ardura! Bagenituen buruhauste handiagoak”. Ikasketetako azken urtean konturatu zen meteorologia zela bere bokazioa, kasualitatez. Baina urte dezente geroago hasi zen benetan ekologiaz arduratzen; “nire arazo nagusia jatea zelako: ekonomia”. Ama banandua zen, eta bere soldata eskasarekin mantentzen zituen bi seme-alabak, akademia batean eskolak emanda. Meteorologian lanean hasi zenean, orduan bai: kontzientzia betiko piztu zitzaion. “Kapitalismoak ekarriko zuen hondamen ekologikoa jada XIX. mendean aurreikusi zuen Engelsek. Klima aldaketa deitzen diote orain, baina ez da, eguraldia beti aldatu izan delako; txorakeria litzateke horri kontra egitea. Gizakien eredu ekonomikoa aldatu da. Hori da Al Gorek bere filmean esaten ez duena, kultura kapitalistaren ordezkaria delako!”. Atera zaio alde kritikoa: “Zer gertatuko litzateke kontsumitzen dugun energia sortzeko gai bagina? Etxe moldeak aldatu eta energia eolikoa, eguzkiarena eta geotermikoa erabilita, kontsumitzaile izateari utzi, eta ekoizle bihurtuko ginateke. Produktuaren prezioa kontrolatuko genuke. Eta nori interesatzen zaio hori? Sistema kapitalistaren kontrako iraultza da. Eta iritsiko da, nik ikusiko ez badut ere. Teknologia badago, baina...”. Borondatea falta. “Eritreari kutsadura kuota erostea al da kutsaduraren kontra egitea? Kyotoko Protokoloarekin, posible da kutsatzen ez duten herrialdeei kuota erostea. Eta hori da Espainiako Gobernuaren asmoa”. “Inork ez du bizimodua aldatu nahi”. Eta kontzientzia faltaz gainera, aukerarik ere ez dago: “Garapen kapitalistak lanpostuak, garraioak eta zerbitzuak hirietara eraman ditu, eta herri txikiak hustu. Eta lurra nahi duten prezioan saltzen dute! Botere publikoek esku hartu beharko lukete, eta deszentralizazioa bultzatu”. Martinen ustez, ez dago inbertsio aski energia berriztagarriak ikertzeko. Mareen eta olatuen indarra, esaterako. Baina politikariak ez zaizkie aholku eske joaten. BARTZELONATIK DONOSTIARA. “Hiru seme-alaba ditut, denak nire kargu. Azkena euskaraz hezi da, beste biak katalanez”. Orain bost urte etorri zen Donostiara, bizimodua aldatuta. Arrazoi nagusia: senarraren tratu txarrak. “Ezetz esaten ikasi nuen, nire bizitza nirea dela”. Ihes egin zuen Bartzelonatik. Beste era batera bizi da: “Planeta errespetatuz”. Iparraldean, landa giroan, “lasaitasuna eta segurtasuna” lortu ditu. Zentroko tresnei bezala, neurria hartu dio bizitzari. “Feminismoa da nire ezaugarri nagusia. Aspaldi galdu nuen fedea politikan. Eta oso garesti ordaindu dut feminismoa aukeratu izana. Ez dago batere onartuta”. Dagoen tokira iristeko asko borrokatu behar izan du. Eta badaki ezin duela hutsegiterik egin lanean. “Bestela jan egiten zaituzte”. Emakumea delako, beste zentroetako zuzendariak ez bezala. Emakumeak sexu objektu izaten jarraitzen duela dio. “Eta gauzak aldatu egingo dira. Emakumeak umeak izateagatik dirua jasoko du, eta hori nik ikusiko dut”. Idoia Etxeberria, Berria egunkaria, 2007-10-28
(moldatua) |
1. |
Margarita Martinek, bere haurtzaroaz hitz egitean, hauxe dio: | ||
a. | Hitz-jario ederrekoa zela, eta, orain bezalaxe, ez zuela ahobizarrik. | ||
b. | Haurtzaroan zein gaur egun betaurrekoak daramatzala, nahi duelako. | ||
c. | Oso isila zela, bere itxura fisikoarengatik ikaskideek trufa egiten ziotelako agian. | ||
d. | Umetan barre egiten ziela lagunei, bera ez baitzen gizena eta haiek bai. | ||
2. |
Gaztetan, … | ||
a. | feminista bihurtu zen eta ama izan zen, Madrilen Fisika Teorikoa ikasten hasi zelako. | ||
b. | Madrilen zegoela, komunista egin zen, Frankoren diktaduraren kontra egiten laguntzeko. | ||
c. | ikasle garaian ekologiarekin ere kezkatzen hasi zen, itsasoaren eta airearen kutsadura zela eta. | ||
d. | unibertsitatean ikasten hasi eta berehala konturatu zen meteorologia interesatzen zitzaiola. | ||
3. |
Bere ustez, … | ||
a. | klima aldaketari kontra egin behar zaio, XIX. mendean hasitako hondamendi ekologikoa saihesteko. | ||
b. | sistema kapitalistaren kontrako iraultza egitea oso zaila da, teknologia garatu gabe dagoelako. | ||
c. | herrialdeek kontsumitzen duten energia ekoiztu beharko lukete, beste iturri batzuk erabilita. | ||
d. | Kyotoko protokoloa oso baliagarria izango da, batik bat kutsatzen ez duten herrialdeentzat. | ||
4. |
Margarita Martinen iritziz, … | ||
a. | botere publikoek herrietan bizitzea erraztu beharko lukete, eta energia berriztagarriak ikertzeko inbertitu ere bai. | ||
b. | jendeak ez du bizimodua aldatu beharrik ikusten, eta aukera egon badago, hiriak garatu direlako. | ||
c. | botere publikoek lurra garesti saltzen dute, herritarren garapena bultzatzeko asmoz. | ||
d. | politikariek ekologisten iritzia entzun nahi dute, energia berriztagarrien ikerketa behar adina sustatzeko. | ||
5. |
Azkenik, … | ||
a. | Donostian bizi da, bere seme-alabak euskaraz hezi nahi dituelako. | ||
b. | Bartzelonatik ihes egin zuen, azkenean ezetz esaten ikasi zuelako. | ||
c. | meteorologia zentroko zuzendari izateko, generoak ez duela garrantzirik dio. | ||
d. | ez du uste etorkizunean emakumeekiko begirunea eta emakumeen bizimodua aldatuko direnik. |
1)c, 2)b, 3)c, 4)a, 5)b