EGA NAFARROA
GEUK “UTZITAKO” TOKIA?Jakin aldizkariaren azken alerako, urtearen errepaso bat eskatu ziguten hainbat laguni, kulturaren arloan nabarmenak iruditu zaizkigun gertakariak azpimarratzeko. Ez dut han esandakorik hona ekarriko, baina bai kasko barnean kilika geratu zitzaidan kontu bat; azkura ematen duenak hatza nahi. Literaturaren saltsan badira urtetik urterako aldaketatxoak, inongo joerari ez baizik zoriari zor zaizkionak, horrela esan baliteke; urte batean poesia-liburu bikainak atera litezke, baina zentzugabea litzateke hor bilakaera jakinik topatu nahi izatea, hurrengo urtea agorra eta hutsala gerta bailiteke alor berean. Aurten, adibidez, saiakera nabarmendu da beste generoen gainetik, baina goiz da oraindik mugimendu sakonik antzemateko. Aldiz, esan liteke eta esan egiten dut, azken urteetako gertakari esanguratsuena, ikuspuntu soziologiko batetik, emakume idazleen plazaratzea izan dela. Bai kopuruz mordoxka azaldu delako denbora gutxian, bai kalitatez lan bikainak kaleratzen ari direlako. “Emakume idazle” kategoria ez dute maite, arrazoiz, emakume eta idazle diren hauetako gehienek, baina haren falta urtetan eta mendetan salatu eta deitoratu denez gero, barkagarri izan bedi izendapen hori erabiltzea. Oraintsu arte nolabaiteko kuota bete beharra aldarrikatu da han eta hemen (ohartu gabe agian kuota hori ezartzeak emakume idazle onen lanaren gutxiespena ekarriko zuela gerora); gaur, berriz, nik uste inongo kuotarik erabili gabe harro erakusteko moduko obra ari direla osatzen. Ez zen hori buruan jiraka neukan kezka baina. Eman dezagun euskal literaturaren mundua feminizatu egiten dela. Baita edizioarena ere. Inguruko kulturetan neurri batean gertatu den prozesua da hori, eta ez litzateke harritzekoa gurean ere indartzea. Bejondeigula! Bagenuen premia. Hala ere, ez dakit guztiz zuzena litzatekeen joera berri hori emakumeak gizartean omen duen pisu gero eta handiagoaren adierazgarritzat hartzea. Alegia, kazetari emakumezko batek aurrekoan komentatu
zidan beren lanbideak prestigioa galtzearekin batera alde egin dutela
gizonezkoek beste arlo batzuetara, eta beren tokia emakumeei “utzi”.
Informatika, ingeniaritza, garrantzi estrategikoa duten sektoreetara begiratu
eta erabateko androkrazia ikusten dut, kardinalen konklabe bat balitz
bezala. Literaturak, berriz, argi dago ez duela zerikusirik negozioen
muinarekin eta mende berriaren martxan itzala galduz doala ere esango
nuke. Xabier Mendiguren Elizegi, Argia, 2119. zb., 2008-01-13 (moldatua) ADINAREN GAITASUNAKHaurtzaroaren seinaleetako bat da haurrari tokatzen zaion desgrazia, edozein dela ere, munduko desgraziarik handiena iruditzen zaiola, beste guztiak txiki eta arin bilakatzen dituen desgrazia. Izan daiteke benetako ezbehar bat, gaixotasun larria edo gurasoen heriotza. Baina, halaber, itsusitasun fisiko egiazko ala ustezkoren bat. Zer nahi den, haurrak kontsideratzen du ez dagoela munduan berea bezain mingarria den zorigaiztorik. Gero, haur hori gazte eta pertsona heldu bilakatzen denean, gehienetan ulertzen du berea ez dela, beti eta berez, zorigaiztorik gaiztoena. Batetik, zurea begi bistan duzulako eta besteena sarritan ezkutuan dagoelako. Eta besteen lekuan jartzen ikasten duzulako, besteen sufrimendua kontuan izaten ikasten duzulako. Eta jakin badakizulako etxe guztietan dagoela, egon dela edo egongo dela sufrimenduren bat. Adinak, ordea, ez du beti irakaspen hori bermatzen. Konta egiozu norbaiti gaixotasun bat duzula, are minbizia, eta entzulea adinekoa bada ere, sarritan moztuko du zure kontakizuna berak sufritzen duen desgrazia ustez handiagoa adierazteko. Askotan bigarren zorigaizto hori huskeria da lehenengoaren ondoan, baina pertsona hori haurra da berrogei urte bete ondoren ere. Ohitura sendoa da adin bati gaitasun jakin batzuk egokitzea, egokitzapen hori berezkoa balitz bezala. Aipatzen dugu halakoren adina eta horrekin batera adinak berez ekarriko lituzkeen gaitasunak irudikatzen ditugu. Esperientziak, ordea, sarritan gezurtatzen du irudikapen hori. Izan ere, gutako bakoitzak adin desberdina du esparru desberdinetan. Hasi itxuratik eta jakinduriarekin jarraitu. Berdin zaigu, errazago zaigu bizitza estereotipoetara lotuta. Arantza Urretabizkaia, Diario Vasco, 2009ko otsailaren 23a (moldatua) |
1)c, 2)a, 3)a 4)b, 5)b