JUSTIFIKAZIOA
Liburu ibiltarien kutxak mailegu zerbitzu berezia da; liburutegi mugikorren funtzioa bete nahi dute kutxa hauek. Liburu mailegu zerbitzu mugikor honekin irakurtzeko zaletasuna sustatu nahi da Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleengan. Haurrek kutxetako liburuak irakurri ahal izango dituzte hauetan aurkituko dituzten istorioez gozatzeko.
Eskola bakoitzak bere modura antolatuko du liburu hauen erabilera: liburuak irakurtzeko etxera eramanez, ikasle helduenek eskolako liburutegian liburuzain lana betez, gelan irakurketa saio bereziak antolatuz, tutoreak libururen bat ozenki irakurriz, isileko irakurketa librea eginez... Beraz, hilabete batez, liburuak askatasunez baliatuko dituzte, mailegu zerbitzu mugikor honen bidez. Irakurtzera animatzeko baliabide interesgarritzat jo dezakegu liburuak gelaz gela, eskuz esku erabiltzea; aldi berean, eskola liburutegia dinamizatzeko jarduera egoki bihur daiteke.
Irakurtzeko zaletasuna
Irakurleak sortzea lan delikatua da. Irakasleok ez dugu formula magikorik horretarako. Ikasleen alderdi kritikoa lantzea edo sortzea da helburu nagusia. Ikastetxean antolatzen diren ekintzen benetako helburuak irakurtzeko zaletasuna sustatzea izan behar du.
Helburu hauek lortzeko, zeregin handia dute liburuak egoki aukeratzea eta irakurleak irakurtzera animatzea.
Liburuak egoki aukeratzea. Irakur liburuen aukeraketa tresna garrantzitsua da txikienak irakurketan murgiltzeko, irakurtzen hasi direnen ohiturak finkatzeko eta nerabeak irakurle helduak izatera iristeko.
Gero eta argitaletxe gehiago dago eta gero eta produkzio handiagoa. Baina, argitaratzen den guztiak ez du balio, kalitate literarioa bereziki kontuan izan behar baitugu.
Umeei irakurtzeko material aberatsa eta ondo aukeratutakoa eskaintzen badiegu, irakurketa bera atseginagoa eta aberatsagoa izango da.
Irakurtzera animatzea. Umeak liburuarekiko duen jokabidea heldu batek izan dezakeenaren oso antzekoa da. Ez irakurtzeko dituen arrazoiak ere helduenak bezalakoxeak dira: nekea, denbora falta, beste interes batzuk nahiago izatea, etab.
Irakurtzeko zaletasuna sortzeko modua nork bere gustuko testuak irakurtzea da. Liburua plazer-tresna moduan, libre aukeratutakoa, entretenitzeko modutzat hartzen ikasi behar da. Gazteei, liburuak eskaini ahala, hauxe errepikatuko diegu: “Hasi eta harrapatzen ez bazaitu, edo aurrera jarraitzeko gogorik ez baduzu, ekarri eta beste liburu bat bilatuko dugu.” Azorinek zioenez, “Zer da garrantzitsuena? Zer ez den irakurri behar jakitea.”
Gizarte honetan onartuta dago liburua kulturaren sinboloa dela. Guztion lana da liburua maitatzen irakastea, eta ez dezagun ahaztu irakurtzea dela irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko egin daitekeen gauzarik garrantzitsuena.
_______________________________