NOR ZEN JOHANES?

Bargota edo Vianako zahar edo gazte batengana hurbilduz gero, Johanes izena aipatzen badiozu, berehala erantzungo dizu: "... bai, jakina, Bargotako Aztia..." . Oso pertsonaia ezaguna eta apreziatua baita Johanes aipatutako inguru hauetan. Denek ezagutzen dute hari buruzko pasadizo barregarri edo misteriotsuren bat. "...Bere etxea gau bakar batean eraiki zuen..." esango dizu batek; "...ez dakit zenbatgarren urteko abuztuan Vianako Santa Mª elizan sartu zen bere kapa elurrez beteta zuela..." beste batek. Jadanik hilda badago ere, ez dago zalantzarik: bizirik jarraitzen du inguru hauetako jendearen bihotzetan.

Bargotan jaio zen. Garai hartan Bargota Vianako auzo bat besterik ez zen. Bi herriok Nafarroako eta Gaztelako Erresumetako mugan zeuden.

Orreagako liburuzainak, Agapito Martínezek, eman zigun aztiaren berri. Agapito Martinez Aguilar Kodeskoan jaioa zen, eta Johanes, haren ustez, Mellado sendikoa zen. Familia noble honek ospe handia hartu zuen mairuen aurkako borroketan. Jarraian emanen ditugun datuen arabera, Johanes 1500 urtearen inguruan bizi bide zen.

Gazte zelarik eliz-ikasketak egin zituen Salamancan, haren familiak Bargotako elizan sortutako kapilautzan aritu ahal izateko. Unibertsitate-hiri horretan askotan joan ohi zen "Kobazulo" famatura. Hartan magia desberdinetako eskolak ematen omen ziren, haien artean nekromantzia.

Behin elizgizon bihurtuta, baina ez apaiz, jaioterrira itzuli zen onuradun. Bargotako parrokia Vianako Santa Maria parrokiaren mendean zegoen. Bi toki horien artean eman zituen geratu zitzaizkion urte guztiak.

Lehen aipatutako Aguilar Kodesko autorearen arabera hirurogeita bost urte zituela hil zen.

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa |