HARRIA MENPERATU ZUENEKOA

Etxea eraikitzea

Salamancatik jaioterrira itzuli zenean, hasi zitzaion Johanesi familiarengandik independizatzeko gogoa eta bizitza nahi zuen bezala eta askatasunez eramateko. Etxea behar zuen eta lanari ekin zion.

Galtzagorriak gordetzen zituen orratzontzia zabaldu zuen. Hauek iratxo txiki batzuk ziren eta aspaldian laguntzen zioten haren abenturetan. Berehala hasi ziren haren inguruan mugitzen:

- Zer nahi duzu guk egitea? Zer nahi duzu guk egitea?

- Gorañoraino igo eta jaitsi harri pilo handi bat.

Iratxoek bidaia batzuk egin zituzten harrobiraino eta, biharamunean, bargotarrek ikusi ahal izan zuten herrian eraikitako etxe berria. Aztiak gau bakar batean eraiki zuen etxea.


Inork jar ez dezakeen harria

Esaten dutenez, etxe horretako horma batean betidanik egon da inork bete ez dezakeen zulo bat. Zulo hori estaltzeko harri bat jarri duten aldi oro, harria erori egin da.

Inguruko jendearentzat Johanesen boterearen iraupena azaltzen du horrek. Johanes bakarrik, egun batean itzultzen bada, izanen da gauza harri bat ezartzeko.


Eskortak eraikitzea

Petrikiloak bazituen zerealetarako lursail batzuk Vianatik hurbil, baina Bargotatik urruti samar. Han ez zuen alea gordetzeko eraikinik, beraz, eskorta batzuk eraikitzea erabaki zuen.
Poltsikotik orratzontzia atera eta tapa askatu zuen, berehala atera ziren galtzagorriak:

- Zer nahi duzu guk egitea? Zer nahi duzu guk egitea?

- Ikusten al duzue toki hori?

- Bai, bai, bai!

- Bada... zoazte Torralbako Mendizerrako bidera eta ekarri toki altuenetik ikusten duzuen harri piloa.

Iratxoak ziztu bizian joan ziren eta arrastiriko zeruak zenbait aldiz pasatzen sumatu zituen. Biharamunean, mandazainek eta bide frantsesean barrena Logroño edo Lizarra aldera zihoazen erromesek inork ikusi gabeko eskorta batzuk ikusi zituzten. Aztiak gau bakar batean eraiki zituen.
Oraindik gaur egunean borda hauen aurriak ikus daitezke Valcardera udalerrian. Vianan jendeak "Arentxunen eskortak" esaten dizkie, Erentzun deituraren deformazio linguistikoa da. Vianako ikastolak izena hartu zuen, hain zuzen, harri miresgarri horietatik.


Garai harrigarria

Ebakitzeko garaia pasatuta zegoen eta garijotzea ailegatu zen. Bargotan eta Vianan ahoz aho zebilen susmoa zen Johanesek eultzituko zuela haizerik ez egonda ere, ez zuela behorrik erabiliko, ez eta trailu edota sarderik ere.

Eskorten alderik sakonena lur azpiko galeria zen eta larrainaren gainean zegoen. Arratsalde aurreratuan jakin-minak eta ikusminak bultzaturik nafar asko bildu ziren. Aztia ailegatu zenerako jornalari batek barreiatuta zuen eultzia. Ez zebilen haize izpirik ere. Bargotarrak uztari begiratu zion eta berehala hasi zen jirabiraka larrainean barrena. Denbora pixka bat pasatu ondoren ikusleek ahozabalik ikusi zuten lurraren gainean lastoa besterik ez zegoela, eta ale guztia bilduta zegoela beherago eskortetan.

Udaro errepikatu zen ikuskizuna. Bertara joaten zirenek ez zuten inoiz ulertu nola egin zezakeen hura Johanesek trailu eta haizerik gabe, eta ez zituzten inoiz ikusi Johanesek egindako zulotxo ikustezinak aleak biltegira zuzen-zuzen pasatu ahal izateko.

Vianakoek, oraindik, larraina erakusten dute, gaur egunean etzea da eta almendrondoak ditu.

 

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa |