JOHANES HERRIAK IKUSITA

Bargotako Aztiaren izena gaur egunera arte, industrializazio garaira arte heldu da. Jendeak beti izan ditu hizpide pertsonaia honen abenturak eta ekintzak kandela baten inguruan biltzen zenean, edota ezkaratzetan, edo sutondoen epelean, edo ukuiluen goxoan.

Zaharrenek haren esanak kontatzen dituzte hodeiak erakartzeko eta haien gainean ibiltzeko; eta Vianako akelarreetara joateagatik berandu heltzen zela elizkizunetara; eta urruneko beste tokiekin eta pertsonaiekin lotzen zuten alegiak.

Ahoz aho heldu zaizkigun kontakizun hauei arretaz begiratuz gero berehala konturatuko gara aztia nolakoa zen bertakoentzat: pertsona argia, bihotz onekoa, asmo txarrekoekin oso kritikoa, petrikiloa eta aztia. Muga aldeko jendeak oso oroimen goxoa du Johanesi buruz.

Atentzioa emateko modukoak dira Johanesek erabilitako trikimailuak Joan Otsoa salbatzeko. Joan Otsoa agramondarra zen eta Nafarroako Erresuma zaharraren independentziaren aldekoa zen. Johanes Erresumaren gainbegiradaren lekukoa izan zen.

Agian ez da errealitatetik oso urruti izanen Burgosko apezpikuaren eremuan zegoen Okako mendiei buruz egindako aipamena. Burgosen idatzi zuen lehen aipaturiko Guevarak bargotarrari buruz, eta mendi hauetan, agian, hobetu zituen petrikilo-ikasketak. Hil eta urte batzuk bereanduago, 1541ean, Kalagorriko inkisidoreek zigorra ezarri zieten lur hauetako hamabost pertsonari; aipatzekoa da haietako hamaika Johanes bezalako elizgizonak eta petrikiloak zirela.

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa|