|
Kritikak irakurri eta komentatu ados zaudeten edo ez.
Harriduratik abiatu
Harrigarria. Horixe da liburu honen izenburua irakurtzean senti
dezakegun lehen gauza, harrigarria dela suizidioa agertzea haur
(egia esan liburu hau haur baino gaztetxoentzako da) literaturako
obra batean, baina are harrigarriagoa suizidatzen den pertsonaia
nor eta galtzerdi bat izatea.
Eta harridura horretatik abiatuta, edo beste modu batean esanda
irakurlearen erakarpen horretatik abiatuta liburuko orrialdeetan
barrena sartuko gara eta narratzailea galtzerdia duen istorioan
murgildu. Harridurak jakinminari utzi dio lekua (nire kasuan,
behintzat) eta jakinminak umorearekin eta bizitzaren inguruko
gogoetarekin egiten du topo galtzerdi xelebre eta itxuraldatuzale
abenturetan.
"Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik
bota nuen neure burua". Esaldi indartsu horrekin hasten da
liburua, baina suizida narratzaile onekin gertatzen den bezala,
galtzerdiek ez dute bere buruaz beste egiten... edo bai? Izan
ere laugarren solairutik jauzi egin ondoren beste bizitza bati
ekingo dio galtzerdiak, eta bizitza horretan (gure bizitzaren
errealitatea beste ikuspuntu batetik azaltzeko parada paregabea)
maite duen jendea izango du ondoan galtzerdiak, baina baita bortitza
eta sentimendurik gabekoa. Gertakarien narrazio hau, gainera,
galtzerdiaren gogoetekin (eta hauetan oso esanguratsuak dira Plinio
aurreneko jabearen pentsamendu filosofikoak), sentimenduekin,
ikuspuntuekin osatzen da. Horrela, Mariasun Landak gertakari bortitzak,
bizitzaren errealitate gordina, amodioa, gizakiaren ezagutza edo
umorea nahasten ditu liburu interesgarri honetan. Galtzerdi protagonistak
(Augusto izena jarriko dio bere buruari une batean) oso modu zuzenean
kontatuko digu bere istorioa, bere buruaz beste egitea erabakitzen
duen unetik amaierarako musu korapilotsua arte; eta estilo zuzen
horrek oso arin irakurtzea dakar. Augustoren istorioan protagonistarekin
identifikatzen gara... neurri batean, galtzediaren ikuspuntutik
(eta irudietan ere oso ongi lortua dago hau) kontatzen baitzaigu.
Irakurleak gozatu egingo du Mariasun Landaren istorio honekin,
irribarrea ezpaineratuko zaio gertakariak jazotzen diren bitartean,
baina baita idazlearen burutazioa kontuan izatean. Gainera, Antton
Olariagaren irudiek ederki islatzen dute testua; tonua eta ikuspuntua
oso ongi lortuak dira, eta irudi guztiak koloretan izateak aparteko
xarma ematen dio liburuari.
Beraz, liburuaren itxura edo izenburuaren harrigarritasunaz haratzago,
orrialdeetan murgiltzeko moduko liburu aparta dugu galtzerdi berezi
honen istorioa.
Xabier Etxaniz, Behinola 6. zenbakia maiatza |
Istorioa: Landak galtzerdi baten fikziozko istorio benetan
originala dakarkigu liburu honetan. Kontakizuna protagonistak,
galtzerdiak alegia, bere burua laugarren solairutik botatzearekin
batera hasten da. Hortik aurrera, istorio eta abentura ugari kateatzen
dira gure galtzerdiak bizipoza topatzen duen arte; besteak beste,
arratoi baten bisita, txontxongilo lanak, lapurreta, gladiadore
jokoak eta garbigailua ezagutuko ditu.
Hoberena: Idazleak giza sentimenduak dituen galtzerdi ziztrin
baten larruan sartzeko duen gaitasuna. Irakurleari galtzerdi begiak
jartzen dizkio eta ikuspegi xelebre eta dibertigarri bat eskaintzen
dio. Horren adibide dugu, esate baterako, garbigailu barrutik
galtzerdiak bizitzen dituenak; zentrifugatuak, ur dzangadak, mugimenduak...
primeran irudikatzen dira.
Nabarmentzeko: Plinio eta Lukas arrainaren ahotik bertso, poema
eta esaldi aipagarri dezente azaltzen dira. Bestalde, Antton Olariagaren
marrazki koloretsuak istorioaren osagarri paregabeak dira.
Norentzat: Azala eta barrualdea gainbegiratzean haurrentzako ipuin
baten itxura duen arren, egokiago da gazte eta helduentzat. Egokia
da, bereziki, haurrei hainbestetan, eta helduoi hain eskasetan,
eskaintzen zaigun imajinazioa dastatu nahi dutenentzat.
Esaldi bat:"hitz gogor, itsusi, alferrekoz egindako hostoak
kendu behar dira, bihotzera iritsi arte".
Gurutze Jauregi, AIZU 265. zenbakia 2002ko martxoa |
Plinio zaharra da galtzerdi honen jabea. Plinio zaharra naturalista
eta idazle latinoa ere bazen: Historia Naturala bilduma zientifikoa
idatzi zuen. Behatzen oso zalea zen, antza: Vesuvio sumendiaren
erupzioa hobeto ikusteko gehiegi hurbildu eta itota hil zen. Ikusnahia
zuen idazleak; jakingurak jota dago gure galtzerdia ere. Horregatik
dira Mariasun Landaren liburuak bitxiak, xelebreak eta maitagarriak:
kuriositatea sortzeko gaitasuna dutelako; bizitzaren inguruan
hausnartzen laguntzen digutelako.
Egoera surrealista batetik abiatzen da liburua, hasiera bera da
absurdua: “Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren
solairutik bota nuen neure burua”. Horrela, bada, galtzerdi
zahar eta zulatu batek, mundua ezagutzeko grinak bultzatuta, bizitza
ezagutzera jaurtiko du bere burua. Abentura ugari biziko ditu:
aktorea izango da, gladiadorea, bakardadea eta laguntasuna ere
zer diren jakingo du. Gertaera bakoitzetik zer edo zer ikasiko
du. Horrexegatik atalen amaieran geldiune
interesgarriak daude: hurrengoaren zain uzten gaitu narratzaileak.
Filosofiako esamoldeak ere badaude, edo idazleak dioenez, olerki
zatitxoak: Plinioren berbak, galtzerdi protagonistak bizi izandakoaren
arabera burura datozkionak, alegia, “Gazteak bururik ez,
zaharrak indarrik ez”, adibidez. Filosofia zein maitasuna
eta sentimenduak agerian jartzen dira honakoarekin: “Maite
ninduzulako orain nago bakarrik, zerbait eman nahi zenidan ta
utzi nauzu hutsik”, M. Azurmendi poetak idatzi eta Imanol
abeslariak aspaldi grabatutako hitzekin.
Ipuinen osagarriak dira Antton Olariagaren ilustrazioak, sugerenteak
oso, azpitik edo goitik hartutako argazkiak bezala, detaile bitxiak,
kuriosoak azken horiek ere eta, aldi berean, ederrak.
Ironia eta umore fina darie pasadizo batzuei, esaterako haurrei
“izaki” deitzen dienean, haurrak ulergaitzak baitira
galtzerdiarentzat, portaera basati eta arraroak dituzten izakiak
baitira.
Idazleak liburu honen istorioak baliaturik, biziaren alde egiten
du. Baikor sentiarazten gaitu
irakurketa amaitzen dugunean.
Beraz, atsegin handiz irakurtzen den liburua dugu, edozein helduri
irribarrea irtenarazten dien horietakoa.
Laburpena
Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota
nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi
nituzke hemen, niri, bederen, sinestezinak eta harrigarriak iruditzen
baitzaizkit.
Mondragon Unibertsitateak argitaratua |
|