Irakasleendako ohartxo batzuk:

aurkibidea
 

Lan honek hiru atal ditu:

1. Liburua irakurri baino lehen

  • Ikasleei eskatuko diegu hainbat koloretako galtzerdiak eramatea klasera eta liburuaren kapitulu bat irakurtzean, dagokion galtzerdi horren kolorea esekitoki edo tenderetetik kentzea.
  • Hipotesi fantastikoen bidez ikasleak motibatzea.

2. Irakurri bitartean (galtzerdika, hau da, atalez atal, ariketa edo jarduera batzuk egitea).

3. Bukaeran

    • Euskal emakume idazleei buruzko ikerketa
    • Marrazkiak ordenatzea
    • Liburu honen kritikak lantzea

Liburua klasean ozen irakurtzea gomendatzen dizuegu. Gelan irakurri. Irakasleak ikasleei, ikasleek gelakideei. Taldean (txandakatuz) egin irakurketa, ozenki eta garbi irakurri. Ozenki irakurtzeko ohitura bultzatu.

Liburuari buruzko informazioa

Liburua: “Galtzerdi suizida”
Egilea: Mariasun Landa
Marrazkilaria: Antton Olariaga
Argitaletxea: Elkar

Mariasun Landak liburu honetan kanpotik berdinak direnak barrutik desberdinak izan daitezkeela kontatu nahi digu. Hori adierazteko bi galtzerdiren arteko desberdintasunak azaltzen dizkigu. Galtzerdi batek beste guztiak bezalakoa izan nahi du, berdin dio zulo bat izatea, bost axola zer gertatzen zaion... Beste galtzerdiak, berriz, bizimodua aldatu nahi du, ez dago konforme egokitu zaion bizitzarekin, sentimenduak ditu eta bere ustez, galtzerdi arrunta izanik, sufritu egiten da. Orduan, egun batean, nagusiak lehortzeko zintzilik utzi ondoren, bere burua laugarren solairutik botatzea erabakitzen du. Hortik aurrera hamaika abentura gertatuko zaizkio, batzuk arriskutsuak, esaterako, bere burua gladiadore bihurtua ikusten duenean, besteak barregarriak, eta baita atseginak ere, maitemindu eta guzti egingo baita.

Liburua asko gustatu zait galtzerdiari abenturak gertatzen zaizkiolako. Gustura irakurtzen da, arina eta erraz ulertzeko modukoa.

Patricia Morcillo

Idazleari buruzko informazioa

Haur literatura euskaraz
Seve Calleja
Labayru, 1994

MARIASUN LANDA (1949- )
Ikasleentzat idazten duen irakaslea

Mariasun Landa euskal haur-literaturaren ardatzetako bat dugu, argitaratutako zazpi liburuek eta literatur lehiaketetan irabazitako sariek erakusten dutenez.

Errenterian jaio zen 1949ko ekainaren 5ean. Gizarte Laguntzarako ikasketak egin ondoren lau urtez bizi izan zen Parisen eta han egin zuen Filosofiako lizentziatura.

Parisetik etorritakoan euskara ikasteari ekin zion oso ondo menperatu arte. Andereño egon zen lehenengo Zarauzko ikastolan eta Lasartekoan gero. Gaur egun IRALE, irakasleak euskalduntzeko Eusko Jaurlaritzaren zerbitzuan ari da euskara irakasten.

1979 eta 1981 bitartean gai ezberdinak jorratuz artikuluak idatzi zituen Argia, Egin, Punto y Hora eta Anaitasuna aldizkarietan batez ere.

1982an lehenengo ipuin liburua argitaratu zuen, Amets uhinak. Literatur sariak direla-eta, asko irabazi ditu, baina Zarauzko Udalak eratutako Lizardi Sarian 1982an lehenengo saria aipatuko dugu. Hau da izan ere haur literaturaren arloan egiten den saririk garrantzitsuena. Ipuina Txan fantasmaren etengabeko istorioa zen, gero Elkarrek Txan fantasma izenburuaz argitaratu zuena. Ipuin hori itzuli eta La Galera argitaletxe kantalanaren «La Gaviota» bilduman argitaratu zuten. 1984an hirugarren saria irabazi zuen Donostia Hiria Sarian Nire eskua zurean lanagatik, eta 1986an sari horretan bertan berriro ere hirugarren gelditu zen Etorri behar duena lanarekin.

Mariasun Landarena, berriro ere, ikasleen beharrizanez konturatuta haur literatura idazten hasi den andereñoaren kasua da. Baina hala ere Mariasunek txikitatik izan du literaturarako joera, eskolarako idazlanak egiten zituen garaitik, orduan ere eskuetara heltzen zitzaion edozer irakurtzen baitzuen.

Mariasun Landa Zarauzko ikastolara joan eta ikusi zuen haurrentzat ez zegoela ia ezer euskaraz idatzita. 1974 zen, eta orduko haur literaturaren egoera basamortua lakoa, dena egiteko zegoen. Orduan hasi zen Mariasun Landa ipuinak idazten klasean erabiltzeko, Amets uhinak liburuan bilduta argitaratu ziren ipuinak eurak, ia. Handik lasterrera Rodariren berri izan zuen, eta, ordura arte txikikeritzat hartzen zen genero honek zabaltzen zuen bideak txundituta, haur literatura idazteari ekin zion.

Mariasun idazlea da baina baita emakumea ere, eta ikuspegi horretatik haurrentzako liburuetan neskek protagonista izateko duten eskubidearen alde egingo du. Ez da, ordea, mutilen aurka egin nahi duelako. Berak dioskunez, neska protagonistak hurbilagokoak ditu bera ere neskatoa izan zelako. Beste arrazoi bat ere badu Mariasun Landak neskak protagonista jartzeko: txikitan irakurtzen zituen liburuetako neskak —Mark Twainen Becky Thatcher, esate baterako— hain ziren memelak ze, Tom Sawyer edo Huck Finnen antzeko pertsonaia abenturazale eta dibertigarriak sortu nahi izan ditu neskentzat. Mariasun Landaren ustez, arazoa ez da protagonista neskato ala mutikoa den, bakoitzari ematen zaion tratamendua baino. Mariasun Landaren lanak:

Amets uhinak («Sor»)
Kaskarintxo («Perkax»)
Partxela («Perkax»)
Elizabete lehoi domatzailea («Perkax»)
Txan fantasma («Perkax / La Gaviota»)
Josefi dendaria («Txalupa», koedizioan)
Izar berdea («Txalupa», koedizioan)

Estilo zehatza, erraza eta lirikoa du. Bere ezaugarririk bereziena pertsonaien sentimenduak eta bizi dituzten egoerak adieraztean erakusten duen sentsibilitatea da.

Iturria: www.armiarma.com

Mariasun Landaren BIBLIOGRAFIA

Haur eta gazte literatura

o Elisabete lehoi-domatzailea (1983, Elkar)
o Partxela (1985, Elkar)
o Izar berdea (1985, Elkar)
o Izeba txikia (1988, Erein)
o Errusika (1988, Elkar)
o Kleta bizikleta (1991, Elkar)
o Potx (1992, Elkar)
o Txan fantasma (1992, Elkar)
o Iholdi (1994, Erein)
o Alex (1994, Erein)
o Julieta, Romeo eta saguak (1994, SM)
o Nire eskua zurean (1995, Erein)
o Ahatetxoa eta sahats negartia (1997, Elkar)
o Katuak bakar-bakarrik sentitzen direnean (1997, Anaya)
o Amets uhinak (1998, Elkar)
o Maia eta aterkia (1998, Elkarlanean)
o Sorgina eta maisua (2000, Elkarlanean)
o Amona, zure Iholdi (2000, Erein)
o Joxepi dendaria (2000, Elkarlanean)
o Galtzerdi suizida (2001, Elkarlanean)
o Elefante txori-bihotza (2001, Anaya)
o Krokodiloa ohe azpian (2002, Alberdania)

Bestelakoak

Literaturaren Zubitegia

Mariaxun Landa

“Txikitan, asko gustatzen zitzaidan idaztea; asko dibertitzen nintzen”

Mariasun Landa Etxebeste euskarazko haur-literaturgintzan idazle ezagunenetakoa dugu. Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1949ko ekainean. Gaur egun, Donostian bizi da, eta irakaslea da Irakasle eskolan. Sari asko irabazi ditu: Lizardi Saria, Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria, eta Baporea lehiaketako finalean ere izan zen. “Krokodiloa ohe azpian” dugu Landak argitaratutako azken liburua.

Noiz eta nola sartu zitzaizun idazteko irrika?
Txikitan, nire buruari esan nion artista izan nahi nuela. Egia esan, artista samarra nintzen umetan, agian orain baino gehiago (kar, kar, kar)... Beti esaten nuen abeslaria izango nintzela... “builosa” samarra, behintzat, banintzen.

Zure ikasketak egiten ari zinela argi al zenuen idazle izan nahi zenuela?
Nik uste dut baietz; idazle izatea nuen amets. Eta gero horrela izan da.

Gazteagoa zinenean, 13 urte zenituenean, gustatzen al zitzaizun idaztea eta irakurtzea?
Pentsa ezazu, garai hartan telebistarik ez genuela; beraz, komikiak eta gustuko liburuak irakurtzea oso atsegina zen guretzat. Idaztea, istorioak asmatzea ere asko gustatzen zitzaidan, eta 13 urte nituela liburuxka bat egin nuen nire lehen ipuin haiekin, marrazki eta guzti.

Noiz idatzi zenuen zure lehen liburua?
1982an. “Amets Uhinak” du izenburua, eta ikastolako ikasleentzako idatzitako ipuinak biltzen dira bertan.

Idatzitako zure lehen liburuak arrakastarik izan al zuen?
Orduan ez zegoen gaur egun dagoen bezainbeste liburu, eta dezente zabaldu zen.

Horrek animatu al zintuen gehiago idaztera?
Gehien animatu ninduena, Txan fantasma ipuinari eman zioten Xabier Lizardi Saria izan zen, 1984an.

Zertan oinarritzen zara zure ipuinak idazteko orduan?
Oso gai zabala eta sakona da. Ipuin bakoitzak du bere istoriotxoa, baina oro har, fantasia eta errealitatea nahastea atsegin dudala uste dut. Umorea eta sentikortasuna ere oso garrantzitsuak dira niretzat.

Zer nahiago duzu, helduentzat ala gazteentzat idatzi?
Orain arte, helduentzat artikuluak eta abar idatzi izan ditut. Istorio literarioak, berriz, gazteentzat.

Zure ustez, ondo idazteko, irakurle ona izan behar al da?
Bai. Irakurtzea ezinbestekoa da idazle batentzat.

Idatzitako liburuetatik, zein izan da arrakastatsuena eta zuri gehien gustatzen zaizuna?
Zaila da erantzuten, baina hona hemen batzuk: “Txan fantasma”, “Nire eskua zurean”, “Elefante txori-bihotza”, “Iholdi”, “Galtzerdi suizida”, “ Krokodiloa ohe azpian”...

Zein da, zeure iritziz, maisurik onena literaturan?
Maisu eta maistra asko izan ditut; beren izenak ez dira folio honetan sartzen.

Nola gustatzen zaizu idaztea: musika entzunez, isiltasunean...?
Isiltasunean.

Saririk irabazi al duzu?
Besteak beste: Lizardi Saria, “Txan fantasma” liburuarekin; Euskadi Saria, “Alex” liburuarekin; Espainiako Sari Nazionala, “Krokodiloa ohe azpian” liburuarekin.

Errenteriakoa zara, baina non bizi zara orain?
Donostian bizi naiz hamabost urte nituenetik. Gazte garaian Parisen bizi izan nintzen, lau urtez.

Idazteaz gain, zein dira zure zaletasunak?
Kruasanak jatea, mendira joatea, berriketan aritzea, zinea, eta, ahal dudanean, dantza egitea!

Azkenaldi honetan, asko bidaiatzen ari zarela eta, ez al duzu familia faltan botatzen?
Bai; familia, lagunak, kaleko farolak, terrazako landareak, kresal-usaina, egunkaria irakurtzen dudan taberna... Horren truke, paisaiak eta jende berria ezagutzen ditut.

Aukeratu ahal izango bazenu, munduko zein lekutara joatea gustatuko litzaizuke?
Zerrenda luzea dut, baina Txinatik bueltaxka bat egitea ez legoke gaizki.

Zer nahiago duzu, mendia ala hondartza?
Biak.

Zurekin batera ikasketak egindako norbait bizi al da gaur egun idaztetik?
Txikitako lagunenetatik... ez dut uste.

Liburu berriren bat idazten ari zara?
Idazten ari naiz, bai. Ez dakit zer aterako den.

Nola ikusten duzu euskararen egoera literatura munduan?
Egun baikorra badut, nahiko ona. Beste egun ezkorragoetan, berriz, nahiko kaskar.

Internetek liburua ordezkatuko al du?
Uf, auskalo! Ikusteke dago, baina, neure iritziz, liburuak bizitza luzea du oraindik.

Emango al zeniguke gomendioren bat?
Liburuak misterioz eta abenturaz beteta daude. Irakurtzea oso ona da.

 

-----------------------------------------------------------------------------------------


Orain dela aste batzuk gertatu zen: laugarren solairutik bota nuen neure burua. Eta harrezkero gertatu zaizkidanak kontatu nahi nituzke hemen, niri, bederen, sinestezinak eta harrigariak iruditzen baitzaizkit”.

Honelaxe hasten da Mariasun Landaren nobela berria. Antton Olariagaren koloretako marrazkiek are ederrago bihurtzen duten obra biribil hau.

Galtzerdi bat delako protagonista nagusia darama liburuak hain izenburu bitxia, edonori jakin-mina pizten diona. Izan ere, galtzerdi baten ahotan jarri ditu egileak edonork izan ditzakegun zalantzak eta burutazioak, senti dezakegun bakardadea edo maitasuna, etsipena edo bizi-poza... Fikziozko kontakizuna izan arren, gizakion eguneroko errealitatea islatzen du obra honek. Galtzerdi ausart batek lehenengo pertsonan kontatuko digu bere burua laugarren solairutik bota zuenetik maitasunaren kilimak sentitu zituen unerainoko gorabehera guztiak. Abentura eta erreflexioz betetako liburua delako da egokia nahiz gazte eta nahiz helduentzat.

Iturria: Elkar argitaletxea