literatur sorkuntza

Ikusi nuenean

Kopla hauek neurtu ondotik kanta itzazu. Doinua ere aldatzen ahal diozu (“Ikusi nuenean” doinuarekin abestu beharrean “Ama begira zazu” doinuarekin).

Ikusi nuenean
Zure ilatza
Iruditu zitzaidan
Sorginen erratza.

Ikusi nuenean
Nik zure bekaina
Iruditu zitzaidan
Gauaren kamaina.

Ikusi nuenean
Nik zure sudurra
Iruditu zitzaidan
Lukainka muturra.

Ikusi nuenean
Nik zure zangoa
Iruditu zitzaidan
Ahuntzadar makoa.

Ikusi nuenean
Nik zure bularra
Iruditu zitzaidan
Basoan txondorra.

Ikusi nuenean
Nik zure belarria
Iruditu zitzaidan
Azaren orria.

Ikusi nuenean
Nik zure okotza
Iruditu zitzaidan
Gaztaina morkotsa.

Ikusi nuenean
Nik zure ahoa
Iruditu zitzaidan
Karobi zuloa.

Ikusi nuenean
Nik zure begia
Iruditu zitzaidan
Anpolai gorria.

Ikusi nuenean
Nik zure bekokia
Iruditu zitzaidan
Zartagi ipurdia.

 

 

Orain zure ikaskide eta irakasle batzuei eginen dizkiezue horrelako koplak. Gero, batzuk aukeratu eta denen aurrean kantatuko dituzue.

---xx--xxx--xx---

Beste aukera bat bikoteka elkarri zirikatzen aritzea izan daiteke. Adibide gisa, Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak 1995-09-08 Alkizan elkarri botatakoak dituzue:

Egaña:
Fraile frakasatua
al zera zu ere?
   
  Lizaso:
Fraile ikuturikan
ez daukat batere,
   
Egaña:
ez zera ba izango
fraile frakasatu?
   
  Lizaso:
Fraile joatea ez dut
sekulan pentsatu.
   
Egaña:
Zu ez al zinan egon
apaizgaitegian?
   
  Lizaso:
Urruti ibili naiz
ni neure tokian,
   
Egaña:
zu apaizgaitegian
ez al zinan izan?
   
  Lizaso:
Hamar urtean ez naiz
ni sartu eleizan.
   
Egaña:
Nork irabaziko du
Kontxako Bandera?
   
  Lizaso:
San Juan, San Pedro eta
Oriok aukera,
   
Egaña:
Kontxako trapu hori
nora joango da?
   
  Lizaso:
Igual Pasaira eta
igual Oriora.
   
Egaña:
Zeuk ere badaukazu
Kortaren hizkera,
   
  Lizaso:
bainan diferentea
gutxi gorabehera,
   
Egaña:
hizketan badaukazu
Kortaren tajua,
   
  Lizaso:
beraz maldizioka
hastera nijua.
   
Egaña:
Eskultura egin nahi
ta marmola falta,
   
  Lizaso:
eskultorea ere
alperra aparta,
   
Egaña:
zerbait nahi zuen baina
falta zun marmola,
   
  Lizaso:
ez du egin da neri
bate ez zait ajola.
   
Egaña:
Zer pisu dadukazu
zuk belarrietan?
   
  Lizaso:
Nere ustez berdina
dadukat bietan,
   
Egaña:
belarri bakoitzean
ze pisu daukazu?
   
  Lizaso:
Hartu eta banaka
pisatu itzazu.
   
Egaña:
Bertsolari onena
zein degu gaur arte?
   
  Lizaso:
Lehen Basarri, orain zu
ez zabiltz aparte,
   
Egaña:
zuk zein juzgatzen dezu
bertsotan onena?
   
  Lizaso:
Hitz gutxirekin asko
esaten duena.
   
Egaña:
Gaur etorri al zera
zurikerirako?
   
  Lizaso:
Aizu beti denbora
ohi da hortarako,
   
Egaña:
zurikeri asmotan
al zera etorri?
   
  Lizaso:
Aspertu bazerade
zu atzean jarri.
   

 

Iturria: http://www.bertsozale.com/