literatur sorkuntza

Ipuinak alderik alde zeharkatzen

1. Ipuinak irakurri

2. Mapan kokatu

3. Euskal bertsioa sortu

 

Eguzkia eta ilargia

(Dahomey Errepublikako ipuina)

Eguzkia eta Ilargia elkarren ahaideak ziren. Behin ilargiak esan zion Eguzkiari:

-Gure seme-alabak zerutik Lurrera jaurtiki behar ditugu.

-Ederki, ekin diezaiogun –erantzun zuen Eguzkiak.

Aukeratutako egunean Ilargiak ezkutatu egin zituen bere seme-alabak. Hartu zaku bat, harriz bete eta Eguzkiarengana joan zen.

Eguzkiak, inolako susmorik gabe, hartu bere seme-alabak eta bere zakuan sartu zituen.

Hartu zuen bakoitzak bere zakua bizkarrean eta Lurrera jaitsi ziren.

Ibilaldi luze baten ondoren, ibai handi batera iritsi ziren. Ilargia bere zakuko harriak ibaira botatzen hasi zen.

Ikusi zuen Eguzkiak eta gauza bera egin zuen zakuan zeramatzan bere seme-alabekin.

Ondoren, beren zeruko etxera itzuli ziren biak. Eguna amaitu zen. Eguzkia ezkutatu eta han agertu zen zeruan Ilargia bere seme-alaba guztiekin. Hau ikustean, haserretu egin zen Eguzkia; Ilargiari deitu, eta ea zergatik botarazi zizkion bere seme-alabak ibaira, galdetu zion.

Ilargiak honela erantzun zion:

-Handiak dira zure argia eta berotasuna, Eguzki! Zuk ez duzu zeure seme-alaben beharrik. Utzi uretan eta bihur daitezela arrain. Gizonek arrantza egin eta berauetaz elikatuko dira.

Harrez gero Eguzkiak eta Ilargiak elkarren lagun izateari utzi egin zioten. Egundaino ez dira adiskidetu, eta bakoitza bere aldetik dabil zeruan.

(Afrikako ipuin herrikoiak (1). Bildumaren prestaketa: Seve Calleja. ELKAR)

barratxoa

Urregilearen orduak

(...) eskimalen ipuin bat. Familia bat bizi zen herri batean: gurasoak bi seme-alabekin, neska-mutilak hauek. Gauero, alabaren dendara, edo gelara, gizonezko bat sartzen zen, eta larrua jotzen zion. Berehala alde egiten zuen ondoren. Alabak, gizon hura nor zen jakiteko, gau batean ikatzez igurtzi zituen bularrak eta sabelaldea. Gau hartan ere etorri zen gizona, jo zion larrua eta joan zen.

Biharamunean jaiki zenean, neska adi-adi jarri zen gizonezkoei begira; norbaitek izan behar zuen ikatzaren aztarna gorputzean, eskuetan edo aurpegian. Harriturik, hasiera batean, eta ikaraturik gero, bere anaia aurpegia ikatzez belztua zeukala ikusi zuen. Joan eta gurasoei kontatu zien den-dena. Hauek, oso haserre, semeari deitu zioten: “Non zikindu duk aurpegi hori?“

Semeak eskua eraman zuen aurpegira, eta belztua zeukala ikusirik, hitzik gabe gelditu zen, eta ihes egin zuen.

Orduan arreba, sutatik ilenti bat hartu, eta anaiaren atzetik abiatu zen. Biak galdu ziren gurasoen begi-bistatik eta ez zituzten inoiz gehiago ikusi. Eta eskimalek esaten dute haizeak ilentiari ateratzen zizkion txinpartak zeruko izar bilakatu zirela; neskak zeraman ilentia eguzki bilakatu zela eta mutila gau, eta bere aurpegi beltzaren garbigune apur haietatik sortu zela ilargiaren distira apala, zikindua bezala.

Eta geroztik eguna beti gauaren atzetik datorrela, eguzkia beti ilargiaren atzetik dabilela, eta horregatik ilargia hainbat gauetan ezkutatu egiten dela, eguzkiak inoiz ere aztarna finkorik aurki ez dezan.

(ARISTI, Pako. Urregilearen ordua. Erein. 353-354 or.)

barratxoa

 

Bi ipuin hauek irakurri ondoren, Benin, eskimal, algonkin eta inuit mapan kokatuko dituzue.

 

 

Benin
(République du Bénin), lehen Dahomey. Afrikaren M-ko estatua, Beningo golkoan. Mugak: I-an Niger eta Burkina Faso; E-an Nigeria; H-an Gineako golkoa; M-an Togo. Hegoaldea ekuatoriala eta oihantsua da. Iparraldea, berriz, tropikala eta sabanaz betea. Olio-palmondoa da ekonomiaren oinarria. Honez gain, tabakoa, kafea, kakaoa eta kotoia.

eskimal
iz. Algonkinek inuitei emandako izena ("arrain gordina jaten duena" esan nahi du).

algonkin
iz. eta izond. Ipar Amerikako amerindiar herri-multzo bateko kidea; herri horri dagokiona. Gaur egungo Kanadako ekialdeko kostaldetik Mendi Harritsuetaraino eta EEBBetako erdialdeko hainbat eskualdetan bizi ziren eta bere baitan ojibwak, cheyenneak, arapahoak, etab. hartzen zituen.

inuit
iz. eta izond. Amerika eta Groenlandiako lurralde artikoan bizi den etnia bateko kidea; etnia horri dagokiona.
Inuitak hizkuntza eta kultura berdineko talde txikitan multzokatuta bizi dira, estaturik gabeko gizartea osatuz Hudson eta Baffin badien inguruan, Ipar Polotik hurbil. Esan liteke, beraz, inuita baldintza klimatiko eta ekonomikorik gogorrenetan bizi den giza multzoa dela.
Herri nomada izan da tradizioz, eta garai batean ehiza eta arrantza zuten bizibide bakarra. Neguan lurrez eta izotzez eginiko iglu izeneko txabola biribiletan bizi izan dira. XX. mendean kolonizazio bortitza jasan dute, beren zibilizazioa arriskuan jarri duena.

Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa

barratxoa

 

Hau egin eta gero, euskal bertsioa sortuko duzue.


--->>>irakaslea<<<---