literatur sorkuntza

ALFA... eta omega

Alfabeto grekoan alfak hasiera adierazten du, omegak, aldiz, bukaera. Ipuinen hasierak oso garrantzitsuak izaten dira.
Hona hemen oso ezagunak dituzun hasiera eredu batzuk:

Behin batean baziren Esterenzubiko bazterrean bizpalau unai, bat mutiko gazte bat. (ETXANIZ ERLE, Xabier-en edizioa. Geure ipuinak. “Basajaun eta unaiak”. Pamiela. 2000)

Behin bazen gizon bat izena zuena Artto. (ETXANIZ ERLE, Xabier-en edizioa. Geure ipuinak. “Arttoren istorioa”. Pamiela. 2000)


Beste batzuk bururatzen zaizkizu? Zein?

ikonoa ..............................................................

ikonoa ..............................................................

ikonoa ..............................................................

 

Askotan zerbait idatzi behar dugunean, eta orri zuriaren aurrean gaudenean, idazten hastea ez da erraza. Trebatzen hasteko, hainbat idazleren pasarte txiki batzuk hautatu ditugu. Bi testutxo hauek irakurri eta bat aukeratu. Nola jarraituko du?

Demagun zure ama naizela eta zu nire alaba. Demagun jaiotzear zaudela eta 2012. urtean 18 urte izango dituzula. Demagun opari hau egiten dizugula.
Demagun horixe...

(ARRIETA, Yolanda. Jostorratza eta Haria. Alberdania, 2001)

Eta ...

1980rako urte pare bat falta zela, uztaileko arratsalde sargori batean ailegatu nintzen zibilizazioaren azken portura, Tolosara.
Mendian gora, Vasconum.
Hemeretzi urtez asfalto hutsean hazi eta baserri batera joan nintzen, neure burua Josechu el vasco bihurtu nahian.
Maleta handi batekin.
Kristoren bero bustia.
Ibaiak (akaso neolitikoan ibai izanak) kirasturik guztiz giroa.
Indigena batek seinalatu zidan bidea; tipoak ulertu nire galdera, eta arras harriturik ni, euskaraz komunika nintekeela eta. Beraz, aurrera eta ezkerrera, tuneletik; kostatu egingo zitzaidala, oinez eta dema-harriari tiraka; esan beharrik ez.

(SAGASTIZABAL, Joxean. Kutsidazu bidea, Ixabel. Alberdania, 1994)

Zer moduz lanean?

Oraingoan, gauza bera proposatu nahi dizugu, baina idatzi beharrean beste modu batez lan eginen duzue. Horretarako, 4 laguneko taldetan jarri, denon artean irakurri eta eskema on bat prestatuko duzue. Gero, talde bakoitzak istorioak nola jarraitzen duen asmatuko du. Animo!

Egun hartan Joxe arotzari zerbait arraroa gertatzen zitzaion. Mikaelari hori iruditu zitzaion behintzat. Egunero bezala tabernara joan, eta egun on esan gabe eseri zen betiko mahaian. Ogia eta ardoa eraman zizkionean, Joxek ezta aurpegira begiratu ere. Zerbait gertatzen zaio gaur Joxeri! —zioen berekiko Mikaela argiak. Urteak ziren, Joxe, beste auzoko langile asko bezala, bazkaltzera joan ohi zela Mikaelaren tabernara. Beraz, ondo ezagutzen zuten elkar eta ziur zegoen egun hartan zerbait gertatu zitzaiola...
—Nahiko lan egin al da, gizon? —esan zion Mikaelak.
—Ezer askorik ez dugu egin, baina tira! —erantzun zion besteak.

(LANDA, Mariasun. Amets uhinak. Mikaela detektibea. Elkar, 1998)

Ipuinen bukaera batzuk:

ikonoa Eta hala bazan sar dadila kalabazan eta atera Derioko plazan.
ikonoa Eta denak oso pozik jarri ziren eta urte asko, asko, asko bizi izan ziren.
ikonoa Eta zoriontsuak izan ziren eta ni joan nintzen eta etorri nintzen eta ez zidaten ezer eman.

 

Oraingoan, bukaerako testutxo bat duzue eta zuei hasiera asmatzea dagokizue.

Egun batez Ali Babak semea haitzulora eraman eta sartzeko sekretua erakutsi zion, eta halaxe egin zuen semeak ere bere ondorengoekin; eta ordutik aurrera, aberastasun haietaz neurriz baliaturik, oparotasunean bizi izan ziren eta hiriko ohorerik handienak jaso zituzten.

(Patxi ZUBIZARRETAren edizioa. Ali Baba eta berrogei lapurrak. Pamiela. 1993)

Inguruko jendeak, gertatutakoaren eskarmentua hartuta, ez zion gehiago gogait eragin eta Joan, Joanet, urte askoz bizi izan zen bakean, eta inoiz ez zuen janari eta edari faltarik izan.

(BALZOLA, Asun eta RÍOS, Alicia. Joan, Joanet. Aizkorri. 1999)

--->>>irakaslea<<<---