literatur sorkuntza

Ipuin beldurgarria

Ikasleek, Heriotzaren andregaia ipuina irakurtzen duten bitartean, hutsuneak beteko dituzte. Gero, ikasleek sortu duten bertsioa ahoz azalduko dute. Ondoren, irakasleak jatorrizko bertsioa emanen die.

Bukatzeko, berri bat idazteko proposatuko diegu.

Heriotzaren andregaia

Bazen behin neska lirain bat. Ez zuen ez senar, ez guraso ezta inor sendikorik ere: denak hilak ziren. Bakar-bakarrik bizi zen herri bazterreko txabola batean; eta inortxo ere ez zitzaion bisitatzera joaten, eta bera ere ez zen inoiz inorengana joaten. Arratsalde batez bidaiari jator bat heldu zen honen etxeraino, atea ireki eta deiadar egin zuen:

-Urrutiko lurraldeetatik natorren ibiltaria naiz. Atsedenaldi bat egin nahi nuke hemen, ezin bainaiz urrutira joan.

Neskatxak erantzun zion:

-Gera zaitez hemen; koltxoi bat emango dizut lo egin dezazun eta, nahi baduzu, jateko eta edateko zerbait ere bai.

Bidaiari atsegina laster oheratu zen eta esan zuen:

-Azkenean horratio berriro lo egiteko moduan naiz; makina bat denbora bada azkeneko aldiz lo egin nuela.

-Zenbat denbora? –galdetu zuen neskatxak.

Eta gizonak erantzun zuen:

-Neskatxa maitea, nik ez dut aste bete besterik lo egiten mila urtean behin.

Neskatxak barre egin zuen:

-Niri iseka egiten ari zara, bihurri hori!

Baina ordurako bidaiaria lo seko zegoen.

Hurrengo goizean jaiki zen eta, neska gazteari zuzenduz, esan zuen:

-Neska polita zara. Nahi baduzu bertan geratuko naiz aste bete osoan.

Neskak pozik onartu zuen, ibiltari jatorrarekin maitemindurik baitzegoen ordurako. Baina, gau batez, lotan zeudenean, neskatxa aztoraturik esnatu zen eta esan zuen:

-Nire lagun maitea, amets beldurgarri bat izan dut. Hotz-hotz eginda eta zuri-zuri geratu zarela eta sei txori zuriz tiraturiko gurdi zoragarri batean gindoazela biok amets egin dut. Zuk, indar handiz, adarra jo duzu, eta hildakoak, egundoko jendetza, guregana bildu dira: zeu zinen hauen errege.

Bat-batean gizona zutitu egin zen eta esan zuen:

-Ene maitea, joan beharra daukat, denbora honetan guztian ez baita arimarik ere hil munduan. Abiatu beharra daukat, utz nazazu.

Baina neskatxa negarrez hasi zen arrenka:

-Ez zaitez joan; bizi gaitezen elkarrekin.

-Joan beharra dut –erabaki zuen gizonak-. Jainkoak zaindu zaitzala.

Baina agurtzeko eskua eman zionean, neskatxak esan zion:

-Besterik ez bada, esadazu behintzat nor zaren.

-Nire izena dakiena hil egiten da –esan zuen bidaiariak-. Alferrik ari zara galdezka; ez dizut esango nor naizen.

Neskatxak negarrez segi zuen:

-Edozer gauza jasango dut, ez zait axola, baina esadazu nor zaren.

-Bale –etsi zuen ibiltariak-, zatoz nirekin hortaz. Ni heriotza naiz.

Neskatxak dardarka sakon bat sentitu zuen eta une hartan bertan hil zen.

-------

(HINDES GROOME, Francis. Ijito ipuinak. Transilvaniako ijito-ipuinak.)
Itzulpena: Joan Mari Sarasola

--->>>ikaslea<<<---