literatur sorkuntza

Ipuin elektronikoak

Hasi aurretik, narratzailea identifikatzeko ariketa bat eginen dugu. Hauek gogoan dituzu?

a) Istoriotik kanpoko narratzailea:

· narratzaile orojakilea
· narratzaile lekukoa

b) Istorio barruko narratzailea:

· narratzaile pertsonaia

Orain pasarte batzuk irakurriko dituzu. Narratzailea zein motatakoa den jarriz, taula bete ezazu:

 

Testua
Narratzaile mota
Ezaugarriak
1
   
2
   
3
   
4
   
5
   
6
   
7
   
8
   

 


MONTOIA, Xabier. Emakume biboteduna. “Les routiers sont sympas”. Susa, 1992

Muga igaro eta lasaitu egin da. Ez ditu inoiz paper kontuak maite izan. Ia helmugaraino eramango duen autoestrata ordaintzeko lehen txanponak bildu, makinako saskira bota, azeleragailua zapaldu eta abiatu egin da.

Egin behar duen bidea neketsua dela jakinda ere, pozik hartu du bolantea. Kamioiko bakartasunean, motorraren durrundak kanpoko mundutik isolaturik, ziur sentitzen du bere burua, bere bizitzaren jaun eta jabe berriro. Berak agintzen du bertan, berak erabaki noiz eta non gelditu, nola gidatu. Hura da beharbada geratzen zaion azken aterbea. Horrela ematen dio sarritan. Hura da, itxuraz, zorigaitzaren beso luzeak -etengabeko mugimenduak eragotziko balio bezala- harrapatu ezin duen toki bakarra. Gelditu bezain laster, aldiz, haren eskuetan dago preso. Horrela gertatu izan da azken asteetan. Etxera iritsi, atea ireki eta egongelan kausitu du bere zain. Ez du besterik aurkitu etxe isilean.


SASTRE, Pablo. Elurretan hotsak. Susa, 2004

Sastraken artean haur batzuk, kuku hemen eta kuku han, oihu garrasiak eginez elur konbate batean lotuta zeuden.

Espaloian bilduta, jertse koloretakoekin, larru txamarra xinpleekin jantzitako emakume aurpegi-luzeek etsi keinuak egiten zituzten. Gona luze pintarratuak zituen haietako batek hanken artean laranjez beteriko poltsa bat zeukan.

Oinez zetorrela, haiengana heldu gabe, neska bat, hogei urte, banku batetik eskuaz elur pixka kendu, plastiko txiki bat ezarriz bertan jarri zen. Oso beltza ilea, txamarra ere beltza, lepoan bufanda gorriluna, lurrun laino bat askatzen zuen hatsaldi bakoitzean.

Burdinazko hesiaren ondoan, eskuan lore sorta bat zuen andre ongijantzi bat neskatila bati begira zegoen. Sei edo zazpi urtekoa, hura, buruan lazoa eta botaxka gorribiziekin jantzia, jolasten ziren haurrengandik begiak kitatu gabe txokolatez estaliriko bollo bat jaten ari zen.


ARRETXE PEREZ, Jon. Zazpi kolore. Elkar, 2000

Iluntzeko otoitzaldia amaitutakoan, Ali zaharra hareatzan jesarri zen eta gainerako guztiok, oasiko zaindari Ahmed eta ni tartean geundela, beste horrenbeste egin genuen, denon artean zirkulua osatuz. Gu salbu, denak kamioilariak ziren, gaua pasatzeko Saharako oasi galdu hartan babesa bilatu zuten kamioilariek, bakardadearen beldurrez, basamortuko izpirituen beldurrez.

 

ITURBE MAIZ, Arantxa. Lehenago zen berandu. Alberdania, 1995

Bi urte besterik ez da etxe honetara etorri nintzela eta kanpoan nengoen, ikastaro batean, Laurarena gertatu zenean. Jakin bezain pronto itzuli nintzen eta gutun bat aurkitu nuen buzoian: berea zen.

Laugarrenean bizi ziren. Ni bosgarrenean.

Laura ezagutzeko suertea izan nuen. Senarrarekin ez nuen sekula hitzik egin, baina behin baino gehiagotan topo bai. Ez zekien bizilagunak ginenik. Ez du inguruko jendeari begiratzeko ohitura handiegirik, inguruko guztien begiradak bere gain somatzera ohituta dauden gehienen modura. Arkitekto ospetsu izateak oraindik badu bere garrantzia hiri honetan. Arkitekto ospetsuen artean, batez ere.

Laura desberdina zen. Ez zen arkitektoa. Idazlea zen. Bikote aparta osatzen zuten eta Laura bera ezagutu izan ez banu, munduan eduki eta izan litekeen guztia eduki eta zuen bikotetzat hartuko nukeen.

 

SARRIONANDIA, Joseba. "Lau akazien patioa 1975-2002", Uztarria aldizkaria, 2002ko arazoa

Fiskalak heriotza zigorra eskatu zuen, tribunalak kondena hori ezarri zion, eta Francisco Francoren baimena baizik ez zen behar fusilamentua konplitzeko. Ministroen kontseilua ostiraletan izaten zen eta abuztuaren 28tik aurrera Anjel Otegi, Burgosko espetxean eta presoek Submarinoa deitzen zen eraikuntzako ziegetan isolaturik, agindua noiz emango ote zen zain zegoen. Ostiralen batetan hartu beharko zuten Anjel eta beste kartzelatan kondenatuta zeuden beste lagun batzuk hiltzeko erabakia, baina hainbat ostiral pasatu ziren erabakirik gabe.

Patio de las Cuatro Acacias deitzen zen presondegiko patioa, eta esaten zen gerra zibilean jende asko fusilatu zutela bertan; milaka zulo zituen hormak bihotzaren alturan.

 

CANO, Harkaitz. Neguko zirkua. Susa, 2005

Askotan galdetzen nion nire buruari, nola ote zitekeen aitak beti hiru-lau eguneko bizar latz hura izatea eta ez sekula bizar luzeagoa, eta ezta sekula bizarra leun, lurrindu eta egin berri ere. Bizarra puntu horretaraino ernamuindu eta hortik aurrera gehiago hazi izan ez bailitzaion. Bizarra beti halaxe izatea bere aurpegiari eskaintzen zion arretaren ondorio zela deliberatu nuen, baina harritzekoa zen. Itxurarekiko balizko kezka hura ez zetorren bere artilezko jertse zirtzilduarekin, bere utzikeriarekin, bere zarpailkeria orobatekoarekin bat.

 


URRETABIZKAIA, Arantxa. Koaderno gorria. Erein, 1998

Gogoan dut behin, uda hartan bertan, ospitaletik atera eta handik egun gutxitara, Conchan barrena gindoazela biok, zu aulkitxoan eta ni hari bultzaka, bisera lurrera erori zitzaidala edo hori iruditu zitzaidala behintzat. Makurtu nintzen, jaso nuen txapela, jarri nizun berriro, ondo erdiratua, eta aurrera egin nuen. Handik bi pausotara ikasi nuen argi eta garbi zerorrek kentzen zenuela txapela eta propio botatzen zenuela lurrera. Jaso nuen berriro txapela eta nire aurpegia zurearen parez pare jarririk esan nizun zuk ez zenekiela, oraindik, zein zen zure ama, alferrik botako zenuela berriro lurrera bisera madarikatua, eguzkiak jotzen zuela eta beharrezko zenuela. Horretan aritu ginen hurrengo bost minutuetan, zuk txapela bota eta nik jaso, hitzik gabe, zu irribarrez eta ni gero eta haserreago.

 

SAIZARBITORIA, Ramon. Hamaika pauso. Erein, 1995

Donostiako kaleak hutsik ageri ziren eta Abenidako farola berrien argi gordinak areagotu egiten zuen hiriaren hustasuna. Urbietatik jo zuen oinez. Lanbroa ari zuen, baina giroa epela zen. Burgosen hotza egingo zuela pentsatu zuen, eta berriro ere Daniel Zabalegiren irudia etorri zitzaion gogora. Mahai baten aurrean pattar botila batekin. Eta zein pattar izan zitekeen ere pentsatu zuen. Edozein pattar merke. Aurrerago, ez ziotela eman esango zion kapilauak. Hitzez hitz, «se le dio» edo «se le facilitó» agian, «todo lo que quiso, refrescos, café. Naturalmente, bebidas alcohólicas no». Refrescos esango zion, eta «naturalmente, bebidas alcohólicas no». Baina orduan ezin imajina zezakeen horrelakorik, alkoholaren kontsolamendua ere uka ziezaioketenik alegia, eta Fundador botila baten aurrean imajinatzen zuen, berak ere pattarraren errea sentitu nahi zuelako, beharbada, jendartearen beroa bezainbat.

 

hurrengoa