literatur sorkuntza

Kultura anitzetako ipuinak

Hona hemen kultura anitzetako hainbat ipuin. Hauetatik batzuk aukeratu eta zatika desordenaturik emanen ditu irakasleak. Ikasleei dagokie hauek ordenatzea, eta horretarako, zati guztien ulermena landu beharko dute. 4 pertsonako taldeak osatu eta talde bakoitzean ipuin guztiak ordenatuko dituzte.

 

Zuzenketa orria

Begi urdineko umetxo beltza MATUTE, Ana María Ume ergelak
Sinbad erregearen belatza   Hamairu ipuin arabiar
Periko Astamakila BALZOLA, Asun eta RÍOS Alicia Ipuin beteak
Mila gau eta bat gehiago Patxi Zubizarretaren bertsioa  
Hiru anaiak GRIMM, Jacob & Wilhelm Grimm anaien ipuinak
Patata baten maitasun istorioa GRIPARI, Pierre Arroka kaleko ipuinak

 

Begi urdineko umetxo beltza

Gau batean mutiko bat jaio zen.

Negarrik egiten ez zuenez gero, eta zerua bezain beltz izanik, ergela zela jakin zuten. Saski batean utzi zuten, eta katua aurpegia miazkatzen hasi zitzaion. Baina, gero, inbidiaz beterik; begiak atera zizkion. Begiak urdin ilunak ziren, zinta gorri askorekin. Orduan ere ez zuen negarrik egin umeak, eta ahaztu zuten denek.

Umea poliki-poliki hazten zen, saskian, eta katuak mina ematen zion, gorrotatzen zuen eta. Baina bera itsua zen, eta ez zuen bere burua defenditzen.

Egun batean haize gozo-gozoa iritsi zitzaion. Jaiki eta, besoak luzatuta eta eskuak zabalduta zituela, abanikoak bailiran, leihotik irten zen.

Kanpoan, eguzkia sutan zegoen. Umea zuhaitz ilara baten ondotik ibili zen: berde busti usaina zuten eta itzal iluna uzten zuten lurrean. Horretan sartzean, umea geldirik geratu zen, musika edaten ari balitz bezala. Eta konturatu zen bere bi begi urdinen beharra zuela, behar handia.

-Urdinak ziren –esan zuen ume beltzak-. Urdinak, pitxar-topa bezala. Non ote daude nire begi urdinak? Nork itzuliko ote dizkit nire begi urdinak?

Baina orduan ere ez zuen negarrik egin, eta lurrean eseri zen. Zain, zain.

Danbolina eta panderoa, kriskitinak, gona horien zurruburrua eta oin biluzien arrastatze leuna aditu ziren. Bi emakume ijito iritsi ziren, hartz handi batekin. Hartz handi gaixoa, larrua zulatua zuena. Emakume ijitoek ume ergel beltza ikusi zuten. Geldirik ikusi zuten, eskuak belaun gainean, betzuloak gorri eta heze, eta ez zuten pentsatu bizirik zegoenik. Baina hartzak, haren aurpegi beltza ikustean, bere dantza geratu zuen. Eta marruka eta negarrez hasi zen harengatik.

(MATUTE, Ana María. “Begi urdineko umetxo beltza” in Ume ergelak. Desclée de Brouwer)

 

Sinbad erregearen belatza

Badiote Farseko erregeen artean dibertsioetarako, lorategietan zehar ibilaldietarako eta mota guztietako ehizaldietarako oso zaletua zen bat egon zela. Berak heziriko belatz bat zuen, eta ez gauez ez egunez ez zuen uzten, gauez ere ukabilari lotuta baitzeukan. Ehizan zihoanean berarekin eramaten zuen, eta lepotik zintzilikatua zion urrezko edalontzi batetik eradaten zion. Bazegoen erregea egun batean bere jauregian eserita, eta bat-batean ehizarako hegaztiez arduratzen zen “wekila” etortzen ikusi zuen, eta esan zion: “o mendeen errege hori! Ehizara joateko aroa heldu da”. Orduan erregeak bere prestaketak egin eta belatza ukabilean jarri zuen. Atera eta gero ehizarako sareak antolatu zituzteneko ibar batetara heldu egin ziren. Eta tupustean gazela bat erori zen sareetan. Orduan erregeak esan zuen: “Haren ondotik gazela pasa den hura hil egingo dut”: gazelaren inguruan sarea estutzen hasi ziren, eta gazela erregearengana hurbildu eta atzeko bi hankez zutitu zen erregearen aurrean lurrari musu eman nahi izango balio bezala. Orduan erregea txaloka hasi zen gazela ihes eragiteko asmoarekin, baina honek jauzi egin, erregearen buruaren gainetik pasatu eta barruko lurrera sartu zen. Orduan erregea goardarengana jiratu, eta haien begiek malizioski elkarri keinu egiten ziotela ikusi zuen. Holako gauza bat ikustean, visirrari esan zion: “Zergatik ari dira nire soldaduak keinuka?” eta visirrak erantzun zuen: “Haren ondotik gazela pasaka zen hura hiltzea zin egin duzula esaten dute”. Eta erregeak hots egin zuen: “Hala nire bizitza! Gazela horri jarraitu eta atzeman behar da!” Eta zaldikatzeari ekin zion, arrastoari jarraituz, eta hura atzematen lortu zuen. Belatzak begietan mokoz jo zuen halako moldez, itsutu zuela eta zorabioak sentiarazi zizkiola. Orduan erregeak bere gabikoa eskuan hartu zuen, hari lepoa moztuz eta larrua kenduz, eta zelatik zintzilikatu zituen murrizteak. Nahiko bero egiten ari zen eta leku hura basamortua zen, idorra, eta urik ez zeukan. Egarri zen erregea eta baita zaldia ere. Eta erregea itzuli eta zuhaitz batetik ura bezalako gantza ateratzen ari zela ikusi zuen. Erregeak eskularru batez eskua estalirik zeraman; belatzaren lepotik edalontzitxoa hartu, ur hartaz bete eta hegaztiaren aurrean jarri zuen, baina honek hankaz edalontzia jo eta irauli zuen. Eta belatzaren aurkako haserreak erregea hartu zuen, eta hirugarren aldiz edalontzia bete zuen, baina zaldiari eskaini zion, eta belatzak hegoaz bota zuen. Orduan esan zuen erregeak: “Allahek lurpera zaitzala, o zorigaiztoko hegaztien artean nefastuen hori! Ez nauzu edaten utzi, ez duzu zeuk ere edan, ez duzu zaldia ere edaten utzi”. Eta bere ezpataz belatza jo eta hegalak moztu zizkion. Orduan belatzak, buruz zutituz, keinuka esan zion: “Begira ezazu zuhaitzean dagoena”. Eta erregeak begiak altxatu eta zuhaitzean suge bat ikusi zuen, eta isurtzen zen likidoa bere pozoia zen. Orduan erregea belatzari hegalak mozteaz damutu zen. Gero altxatu, zaldi gainean jarri, gazela eramanez joan, eta bere jauregira heldu zen. Sukaldariari gazela eman, eta esan zion: “Har eta gisa ezazu”. Gero bere tronoan eseri zen, belatza utzi gabe. Baina belatza, koroka baten ondoren, hil egin zen. Erregeak, hau ikustean, heriotzaz salbatu zion belatza jaurtiki zuen.

Holakoa da Sindabad erregearen istorioa!

Visirrak Yunan erregearen kontaketa entzun zuenean, esan zion: “O duintasunez berekiko errege hori! Zein kalte egin dut nik ondorio zorigaztokoak ikusten baitituzu? Honela jokatzen naiz zurekiko urrikaltasunez. Eta ikusiko duzu egia esaten ari naizela. Kontu egiten badidazu, zeure burua salbatu ahal izango duzu, eta bestela, galdu egingo zara erregeen artean errege baten semeari ziria sartu zion visir bat galdu egin zen bezala.

“Sinbad erregearen belatza” in Hamairu ipuin arabiar. Txertoa.

 

Periko Astamakila

Andre honek Luziana izena zuen eta bazuen alaba bat, Afrika izenekoa, oso oso tripazaina zena.

Egun baten deia zabaldu zen erregeak eta bere segizio osoak Ceuta hiria bisitatzeko asmoa zutela, eta herritar guztiei erregutzen zitzaiela presta zitzaiela jateko goxoak hiri hartatik igarotzen zirenean erregeari eta bere segizioari harrera ona egiteko.

Luziana andrearen espezialitatea ostopil orezko enpanada zen, eperkiz betea. Datil opilez eta mingrana zukuz lagundurik ateratzen zuen. Eta bere enpanada hain gozoa zen, eta bere ostopila hain fina, Luzianak bere artean pentsatu baitzuen: “Eper enpanada eder batzuk egingo ditut eta erregearen segizioari eskainiko dizkiot”.

Eta bere alabari, tripazainari, esan zion:

-Afrika, alabatxo, zoaz patiora, har itzazu mingrana batzuk eta has zaitez zukua ateratzen, hortxe palmondo azpian. Eta ekar iezadazu mendafin sortatxo bat.

-Bai ama, lagunduko dizut.

Afrika patiora joan zen eta Luziana enpanadak egiten hasi zen. Behar zen denboraz labean erre zituen, eta gorritu zirenean eperkiz eta arrautza gogor eta almendra txikituz, eztiz eta kanelaz egindako nahasketa batez bete zituen.

Gero labeko erretilua sukaldeko leihoko erlaitzean utzi zuen, palmondoa zegoen patiora ematen zuela, eta palmondoaren patioan, mairu iturriaren ondo-ondoan bere alaba Afrika tripazaina zegoela ohartu gabe.

Afrika, bere amak eman zion aginduari jarraituz, zukua ateratzeko onenak ziren mingranaz betetzen ari zen bere saskia, baina enpanaden usain gozoak bete zuen bat-batean patio osoa, bere sudurtxoraino iritsi zen, begiak loratu zitzaizkion, ahoa busti zitzaion eta... akabo! gertatu beharrekoa gertatu zen! Bost enpanada jan zituen aingerutxoak, bost! Lodienak eta kolore ederrena zutenak, jateko eske zeudenak!

Luziana gertatutakoaz jabetu zenerako beranduegi zen: enpanada ederrenak falta ziren. Eta ez ziren gutxi. Emakumeak buruari eutsi, eta kalera atera zen garrasika.

- Ai, nire alabak bost enpanada jan dituela, nire alabak bost enpanada jan dituela...

Eta atso zahar batek esan zion:

- Zaude isilik, erregea dator eta...

Erregea eta bere segizioa herrietatik pasatzen zenean mundu guztiak atera behar zuen kalera txalotzera eta abegi ona egitera, eta orduan Luzianak esan zuen.

- Ai! Zer egingo dut nik orain? -eta etxe barrura sartu zen, baina erregea oso gertu zegoen, eta garrasiak entzun zituenez, horrela galdetu zuen:

- Etxe honetan eroren bat dago, edo zer gertatzen da? Atera dadila oihuka zegoena!

Luziana, kalera atera zen berriro, eta erregearen aurrean makurtuz, eta disimulatzeko, esan zuen:

- Ez, errege jauna, ez nago erotuta. Izan ere nire alabak bost mataza irun ditu, eta hain azkar egin du, harrituta utzi nauela.

Erregeak erantzun zion:

-Horixe da nik behar dudana; azkar iruten duen neskato bat, mataza asko baitut iruteko. Bidal iezadazu jauregira, niretzat lan egingo du eta.

Luziana andreak, ikaraturik, bere artean zioen:

- Ai, zer egingo dut nik orain, Jaungoiko laztana? Nire alabatxoak ez daki iruten eta!

Afrika jauregian utzi, eta etxera itzuli zen Luziana.

Afrika, neskatoa, negarrez zegoen, iruteko artile kalparrez inguraturik utzi zuten gelan.

Han zegoen gajoa negar eta negar, eta halako batean gizontxo bat sartu zen leihotik, eta hala esan zion:

-Zer gertatzen da? Zergatik ari zara negarrez?

Afrikak dena kontatu eta gizontxoak lasai egoteko esan zion:

-Begira, ez zaitez larritu, nik lagunduko dizut. Artilea eramango dut, eta bost mataza ekarriko dizkizut egunero irunda, baina dena iruten amaitzen dudanean nik eskatzen dizudana eman beharko didazu.

Afrikak baietz esan zion, eta beraz, gizonak irundakoa ekartzen zion egunero eta neskatoak erregeari eramaten zizkion artile-matazak, eta kito.

Baina artilea amaitzear zegoenean, Afrikak galdetu zion:

-Bueno, eta zer eskatuko didazu?

Eta gizontxoak erantzun zion:

- Nire izena asmatzeko eskatuko dizut; eta asmatzen baldin badidazu, ez dizut beste ezer eskatuko.

Azken egunetan, han ibili zen Afrika, izenak esan eta izenak esan...

- Juan duzu izena, Pedro duzu izena...

Ez zegoen asmatzeko modurik.

-Ama, nola izena ote du gizontxoak? –esaten zion alabak Luzianari-. Ikaratuta nago, ama. Zer eskatuko ote dit bere izena asmatzen ez baldin badut?

Horrela zeudela, auzoko bat etorri zen amarekin hitz egitera, eta hala esan zion:

-Ez dakizu, Luziana, zein gauza bitxia gertatu zaidan gaur. Egur bila nindoan eta pikondo baten enborrean goru bat ikusi dut. Hurbildu naiz, eta zuhaitzaren zoko batean gizontxo bat ikusi dut irun eta irun. Eta .. ba al dakizu zer kantatzen ari zen?

- Ezta arrastorik ere –erantzun zion besteak.

- Hori bai zela barregarria! Horrela kantatzen zuen: “Nik ez dut izena, eta are gutxiago izengoitia, niri esaten didate Periko Astamakila”.

Oso pozik jarri zen Luziana eta lasterka joan zen alabari esatera. Gizontxoak artile guztia iruna zuen jada, eta Afrikak bere leloarekin jarraitzen zuen:

“Honela duzu izena, bestela duzu izena...”

Eta gizontxoak:

- Ez, ez eta ez! –eta pozez saltoka zegoen-. Ezetz eta ezetz, nik ez dudala horrela izena!

- Pako duzu izena, Lalo duzu izena...

- Ezetz eta ezetz!

- Tira, bada! –esan zuen neskak besoak gerrian jarrita-. Ez al da, bada, zure izena, Periko Astamakila izango?

Eta orduan, aaaaaaa! Oso oso haserre jarri zen eta alde egin zuen, eta kito.

Eta hau hala bazan, sar dadila kalabazan.

(BALZOLA, Asun eta RÍOS Alicia. “Periko Astamakila” in Ipuin beteak. Melilla. Aizkorri)

 

Mila gau eta bat gehiago

Alabaina, emakumearen zuhurtzia beste behin ere argi baino argiago geratu zen. Antza, mutil gazte lizun batek egun batez emakume xarmant eta airos bat ikusi zuen. Berehala maitemindu zen eta bihotza pasioz bete zitzaion. baina emakumea senarra ez beste batekin sekula ibili gabea zen eta asmorik ere ez zuen horretarako.

Egun batez senarrak bidaian joan behar izan zuen, eta mutil gaztea mezuak bidaltzen hasi zitzaion, egunero, eta egunean behin baino gehiagotan. Baina emakumeak erantzun ez.

Auzuneko atso batek mutil gaztearen maiteminaren berri izan zuen, eta auzia bere esku uzteko eskatu zion.

- Nire bidez zure desioa gauzatu ahal izango duzu.

Biharamunean atsoak emakumearengana jo zuen, eta, hurrengo egunean, eta baita hurrenagokoan ere, eta oharkabean adiskide handiak egin ziren. Elkarrekin bazkaltzen zuten, dena kontatzen zioten elkarri.

Emakume ezkonduaren etxetik irten aurretik, atsoak ogi puska bat hartu, eta koipe eta piperrautsez igurtzirik, zakur bati emateko usadioa hartu zuen. Zakurra atsoari segika hasi zen. Hura nora joan, hara joaten zen animalia. Baina behin piperrauts asko bota zion ogiari, eta zakurra negarra begietan heldu zen, atsoarekin batera, emakumearen etxera.

-Zer ote du zakur horrek? Zergatik egiten ote du negar? –Galdegin zuen.

-Zakur honek istorio bitxia du, bitxia duenez –hasi zen atsoa-: lehen emakume gazte eta polita zen. Auzuneko mutil bat seko maitemindu zitzaion. Izugarri maite zuen eta egunero mezuak bidaltzen zizkion. Emakumeak, ordea, ez zion erantzun ere egiten eta mutila maiteminez gaixotu zen. Nik emakumea ezagutzen nuen eta mutilaz errukitzeko eskatu nion: “Ene laguna, izan ezazu gupida eta egizu berak eskatzen dizun guztia”. Baina berak lehengo lepotik burua jarraitu zuen, mutilari kasu zipitzik egin gabe, eta mutilaren lagunek, sorginkeria baten bidez, zakur bihurtu zuten emakume egoskorra. Bere burua hain apaldurik ikusirik, bere burua hain kaskagorra izateagatik madarikatuz, laguna zakur itxurapean etorri zen nirera. Negarrez hipaka, laguntzeko eskatu zidan. Baina nik ezin izan nion lagundu. Hala ere, egoera horretan ezin utzi, eta gutxienez nire etxean hartu nuen. Orain, ikusten duzu, errukarria bera da eta, lehengo egoeraz oroitzen denean, negarrez hasten da.

Hitz haiek entzun zituelarik, emakumeak, beldurrak hilik, esan zuen:

-Ene, ene, ene! Ikaratu egin nauzu!

-Zer dela eta? –galdegin zion, maltzurkeriaz, atsoak.

-Hara: gazte lirain batek niri ere mezuak bidaltzen dizkit, baina orain arte entzungor egin izan diot. Beldur naiz niri ere ez ote zaidan zakur horrena gertatuko...

-Kontuz ibili beharko duzu bada. Ez diozu kontra egin behar –eta, berehala, honela segitu zuen-: baina deskribatzen badidazu, nik haren albora eramango zaitut.

Emakumeak gaztea nolakoa zen azaldu zion eta atsoak ezezaguna zitzaiola esan zuen. Gero gaztearengana jo zuen, eta emakumea esku-eskura zuela jakinarazi zion. Pozaren pozez, mutilak bi dinar eman zizkion, eta beste hamar agindu bere desioa gauzatzen bazuen.

Atsoa emakumearengana itzuli, eta esan zion:

- Mutila oso haserre dago eta zuri kalte egiteko asmotan dabil. Hala ere, nik ekin egin diot eta, bihar, eguerdiko otoitz garaian etorriko zaizu.

- Eskerrak! –atera zitzaion emakumeari-. Bihar hona etortzea lortzen baduzu, hamar dinar emango dizkizut.

Biharamunean, goizean goiz joan zen atsoa emakumearenera. Apain janzten eta bazkaria prestatzen lagundu zion. Gero, gaztearen bila joan zen. Baina ezin, bada, hura inon topatu. Auzunean galdezka ibili zen, baina zerbait gertatu zitzaion, antza, izan ere ez baitzen inon ageri. “Ezin dut nire trikimailua bertan behera utzi”, egin zuen atsoak bere baitan, “beste gazte bat topatu, eta harekin agertuko naiz”.

Karrikan aurrera, gizon gazte bat bistatu zuen, apaina, itxura nekatuarekin. Harengana hurbildurik, esan zion:

- Nahi al duzu ongi bazkaldu eta neska polit bat esku-eskura izan?

- Ba ote halakorik?

- Bai horixe. Nire etxean daukazu –amaitu zuen atsoak.

Atsoa aurretik zihoan. Ezin zuen sumatu ere egin atzean nor zuen. Hala bada, heldu dira etxera, jo dute aldaba, eta emazteak hara non ikusi duen bere senarra! Bere larri hartan, burubide bat izan zuen. Oinetakoa erantzi, eta senarrari oihuka hasi zitzaion:

- Non da elkarri agindu genion fideltasuna? Traizioa egin didazu! Bidaiatik itzulia zinela jakin nuenean, zure fideltasuna frogatu nahi izan nuen atso honen bitartez, eta orain hautsi egin duzu gu bion arteko konpromisoa. Emakume lizunen zalea zara zu, malapartatu hori!

Oinetakoaz joka hasi zitzaion eta gizona bere burua defendatzen saiatu zen. Sekula ez zuela halakorik egin, eta, arren, jotzeari uzteko. Jainkoaren izenean gelditzeko eskatzen zion, baina emazteak gero eta bortitzago jarraitu baitzuen, laguntza eske hasi behar izan zuen.

Azkenik, otzan baino otzanago, gizona eskuak eta oinak musukatzen hasi zitzaion, baina emazteak tarteka jo egiten zuen. Une batez, emakumeak atsoari keinu bat egin zion oinetakoa eskuetatik ken ziezaion, eta atsoak hori egin zuelarik, senarrak eskuan muin eman, eta esan zion:

- Jainkoak ontasunez eta ondasunez sari zaitzala!

Atsoa orduan harri eta zur geratu zen emakumearen zuhurtzia eta argitasuna ikusirik.

Egunsentiaren argitasunak ezustean harrapatu zuen Xerazade eta honek hitz egiteari utzi zion. Dunyadad ahizpak ipuinari zoragarria iritzi zion, eta Xerazadek are ipuin zoragarriagoa kontatuko zuela hitz eman zuen, baldin eta Xariak sultanak bizia beste egun batez luzatzen bazion. Erregeak, orduan, jakin-gosearen jakin-goseaz, onartu beste aukerarik ez zuen izan.

(Patxi Zubizarretaren bertsioa, Mila gau eta bat gehiago. EREIN)

 

Hiru anaiak

Munduan beste asko bezala, gizon batek hiru seme zituen, eta bere etxea ondasun bakar. Ondo pozik izango ziren hirurak, aita hil ostean, etxearen jabe; aitak, halere, denak maite zituen berdin, eta ez zekien nola jokatu, inork minik har ez zezan; etxea saldu ere ez zuen nahi, arbasoena zuelako, bestela banatuko zuen dirua haien artean. Zerbait bururatu zitzaion azkenik, eta esan zien semeei:

- Ibil zaitezte munduan eta ekin gogor, ikas ezazue bakoitzak ogibide bat; etxera itzulitakoan, eskulanik onena nork egin, etxearen jabe hura izango.

Akort ziren semeak. Nagusiak ferratzaile izan nahi zuen, bigarrenak bizargin, eta hirugarrenak, ordea, ezpatari. Gero epea jarri zuten berriz elkarrekin etxera itzultzeko, eta abiatu ziren. Aurkitu zuen, nolanahi, bakoitzak maisu bikaina, eta ikasi zuten maisuengandik zuzena zer zen. Ferratzaileak erregeren zaldiak ferratu behar zituen, eta bere buruarekiko pentsatzen zuen:

- Orain ezin diat hutsik egin, neu izango nauk etxearen jabe.

Bizarginak jaun eleganteei bizarra egiten zien, eta hark ere uste zuen etxearen jabe bera izango zela. Ezpatariak kolpe bat baino gehiago jaso zuen, baina hortzak estutu eta ez zen koldartu, zeren bere barruan pentsatzen zuen:

- Kolpeen beldur baldin banaiz, ez nauk sekula etxearen jabe izango.

Jarritako epea egina zenean, elkarrekin itzuli ziren aitaren etxera; ez zekiten, ordea, nork izango zuen abagunerik egokiena bere abilezia erakusteko, jesarri ziren elkarren ondoan zer egingo hausnartzen. Hala jesarrita zeudelarik, igaro zen bat-batean erbi bat larrean zehar lasterka.

- Tira ba –esan zuen bizarginak-, egokiera ederra duk hau niretzat- hartu konketa eta xaboia, aparra egin zuen erbia hurbildu artean, erantsi zion aparra muturrean ziztu bizian ari zela eta, baita ziztu bizian ari zela ere, bizar motz puntadun bat egin zion, eta halere, ez zion batere ebakirik ezta minik ere egin.

- Gustatu zaidak –esan zuen aitak-, besteek gogor ekiten ez badiote, hirea izango duk etxea.

Handik laster jaun bat azaldu zen karroza batean ziztu bizian.

- Ikusiko duzu orain, aita, zer egin dezakedan –esan zuen ferratzaileak, abiatu zen karroza atzetik, atera zizkion zaldiari lau ferrak galopan zihoala, eta iltzatu zizkion beste lau ferra berri, baita galopan zihoala ere.

- Hi haiz, hi, mutil braboa –esan zuen aitak-, hire anaiak bezain ongi egin dituk hire lanak; ez zekiat, bada, etxea nori eman beharko ote diodan.

Orduan hirugarrenak hitz egin zuen:

- Aita, lehenik utz iezadazu niri neureak egiten –eta euria hasi zuelako heldu zion ezpatari, bere buru gainetik astindu zuen gurutze-ukaldia, eta ez zitzaion tanta bat bera ere erori gainean; eta euria mardul ari zuenean, eta azkenik are mardulago, zerutik euria uharka ari balu bezala, geroago eta azkarrago eragin zion ezpatari, eta teilatupean bezain lehor iraun zuen.

Hura ikusirik, miraritu zen aita, eta esan zuen:

- Heuk egin duk lanik onena; hiretzat duk etxea.

Konforme azaldu ziren beste bi anaiak arestian agindu bezalaxe eta, elkarri maitasuna ziotelako, hirurak gelditu ziren etxean eta jardun zuten beren ogibideetan; eta hain ongi ikasi zutenez eta iaio-iaioak zirenez, dirutu ziren. Alai bizi izan ziren elkarrekin aguretu artean, bati ondoeza egin zitzaion eta hil zen, oso atsekabetu ziren beste biak, gaixotu eta berehala hil ziren. Orduan, apart-apartak izan zirelako eta elkar maite izan zutelako, hirurak hilobi berean sartu zituzten.

(GRIMM, Jacob & Wilhelm. “Hiru anaiak” in Grimm anaien ipuinak. PAMIELA)

 

Patata baten maitasun istorioa

Behin batean bazen patata bat –patata-patata bat, egunero-egunero ikusten ditugun horietakoa-, patata hutsa baino gehiago izan nahi zuena. Patata frijitua izatea zen bere biziko ametsa. Eta horixe izatera iritsiko zatekeen, etxeko mutikoak sukaldetik lapurtu izan ez balu.

Bere gelara erretiratu zenean lapurretako fruitu harekin, mutikoak poltsikotik labana atera, eta eskultura egiten hasi zen patataren gainean. Bi begi egin zizkion, eta patatak ikusteko ahalmena izan zuen. Gero, bi belarri egin zizkion, eta patatak entzuteko ahalmena izan zuen. Gero, ahoa, eta patatak hitz egiteko ahalmena izan zuen. Gero, ispilu bat erakutsita, hala esan zion patatari:

- Begira, oso polita zara!

- Bai zera –erantzun zion patatak-, ez naiz polit-polita ere. Gizon baten antza dut! Hobe nengoen lehengo moduan!

- Ederki! Hori eginda dago! –esan zuen mutikoak, minduta-. Horrela jartzen bazara...

Eta zakarrontzira bota zuen.

Hurrengo goizean, zakarrontzia hustu egin zuten, eta patata berdura pila baten erdira erori zen, leku zelai batean.

- Ederra dugu leku hau! –esan zuen- eta hau jendetza bertan! Guztiak, gainera, interesgarriak... To! Nor da pertsona hori frijitzeko zartaginaren antza duena?

Gitarra zahar-zahar bat zen, erdi txikitua, bi soka besterik ez zituena.

- Egun on, emakumea –esan zuen patatak-. Zu ikusi orduko hala esan diot neure buruari, zu norbait berezia zarela, izanez ere frijitzeko zartagin bat dirudizu.

- Oso atsegina zara –esan zuen gitarrak-. Nik ez dakit zer den frijitzeko zartagin bat, baina dena dela eskertzen dizut. Egia da, ni edozein ez naiz. Nire izena gitarra da. Eta zurea?

- Nirea lur sagarra. Baina gaur ezkeroztik nire laguna izango zarenez, deitu lasai patata, haiek deitzen didaten bezala. Aukeratu egin ninduten, nire edertasuna dela-eta, frijitua izateko, eta halaxe izango nintzatekeen, etxeko mutikoak lapurtu ez banindu sukaldetik. Hori bakarrik balitz... Lapurtu ondoren, tunante hark desitxuratu egin nau, bi begi, bi belarri eta aho bat jarriz...

Eta patata ahotolestxoak egiten hasi zen.

- Ez negarrik egin –esan zion gitarrak-. Oso ederra zara oraindik. Eta egin dizunari esker, baduzu hitz egiterik.

- Horixe egia –aitortu zuen patatak-. Kontsuelo handia da gero, ez pentsa. Azkenik, ikusi dudanean mustro hark nirekin egin duena, sutan jarri naiz, eskutik labana kendu, sudurra moztu eta joan egin naiz.

- Oso ondo jokatu duzu –erantzun zion gitarrak.

- Halaxe da bai –esan zuen patatak-. Baina zu, nolatan hemen?

- Ni –erantzun zion gitarrak-, urtetan eta urtetan, izugarri maite ninduen gazte eder baten lagunik onena izan naiz. Nigana hurbildu eta bere besartean hartu eta besarkatu egiten ninduen. Gero, kolpetxoak eman eta sabela laztantzen zidan, neuri oso kanta politak kantatuz.

Hasperen egin zuen gitarrak, gero bere ahotsa mingostu eta segitu zuen esaten:

- Egun batean, atzerritar batekin etorri zen. Hura ere gitarra, baina metalezkoa, astuna, arrunta, oso zatarra! Laguna kendu dit hark, sorgindu egin du! Edozeini jokatuko nioke hura maitatu ezetz! Hartzen zuenean ez zen kanta gozoak kantatzeko, ez, noski! Indarrez jotzen hasten zitzaion, orro basatiak jaurtiz, lurrera erortzen zen harekin, borrokan ari zela ematen zuen! Bestalde, ez zen hartaz fidatzen. Badakit hori. Soka batez lotua zuen-eta!

Egia esan, gazte eder hark gitarra elektrikoa erosi zuen, eta gure gitarrak sokatzat hartu zuena, argi indarrari lotzen zuen haria besterik ez zen.

- Halaxe, bai, hark lapurtu dit nire laguna. Egun batzuen buruan, hura besterik ez nahi begien aurrean, eta begiradarik ere ez niretzat. Eta nik hori ikusi dudanean nahiago izan dut handik alde egin...

Gitarra gezurretan ari zen. Ez zuen berak nahita alde egin: jabeak bidali zuen. Baina hori, ezin aitortu.

Dena dela, patatak ez zuen tutik ulertu.

- Oso polita da zure istorioa –esan zuen-. Hunkigarria, gainera. Kontu hori barreneraino iritsi zait. Ondo nekien elkar ulertzeko eginak ginela! Gainera, gero eta frijitzeko zartaginaren antz handiagoa duzu.

Baina haiek horrela hitz egiten zuten bitartean, ondoko bidetik zihoan buhame batek entzun zituen. Gelditu eta adi-adi geratu zen.

- Hau ezohikoa da! –pentsatu zuen-. Gitarra zahar bat bere bizitza kontatzen patata zahar bati, eta patatak erantzuten diola! Nirekin eramango banitu, ziurtatuta nuke geroa!

Zelaian barneratu, patata hartu eta bere poltsikoan sartu zuen, gero gitarrarekin gauza bera eta han joan zen alboko herrira.

Herri hartan plaza handi bat zegoen, eta plaza hartan zirko bat. Buhameak zuzendariaren atea jo zuen:

- Zuzendari Jauna! Zuzendari Jauna!

- Nor da? Sartu, sartu! Zer nahi duzu?

Buhamea rulotean sartu zen.

- Zuzendari Jauna, hitz egiten dakien gitarra bat dut.

- Zer? Nola? Hitz egiten dakien gitarra bat?

- Bai, bai, Zuzendari Jauna! Eta erantzuten dion patata?

- Zer? Nola? Zer da ipuin hau? Edanda al zaude, lagun?

- Ez, ez. Ez dut tantarik edan azkenaldi honetan! Entzun ezazu!

Buhameak mahai gainean jarri zuen gitarra, gero patata poltsikotik atera eta haren ondoan utzi zuen.

- Ea. Hasi biak hitz egiten!

Isiltasuna.

- Ez al duzue ezer esatekorik?

Isiltasuna.

- Hitz egin ezazue, behingoz!

Beti isiltasuna. Zuzendaria gorri-gorri.

- Esadazu, lagun, ez zinen hona adar jotzera etorriko?

- Ez, Zuzendari Jauna! Benetan esaten dizut. Badakite hitz egiten, biek gainera! Orain egoskortu egin dira, ni barregarri utzi nahian, baina...

- Zoaz kanpora!

- Baina bakar-bakarrik geratzen direnean...

- Kanpora joateko esan dizut!

- Baina, Zuzendari Jauna...

- Zer? Nola? Ez zara oraindik joan? Ederki: neuk aterako zaitut.

Zuzendariak buhameari fraka zorrotik heldu eta rau, kanpora bota zuen. Baina orduan norbait entzun zuen barrez bere atzean. Patata zen, gitarrari hitz egiten:

- Bota egin ote du? Ji ji ji.

- Bota! Eta nola! –erantzun zion gitarrak-. Ja ja ja.

Zuzendariak burua jiratu zuen:

- Egia zen beraz! Zuek biok hitz egiten duzue.

Isiltasuna.

- Et, et, et –zuzendariak berriro-, alferrik isilduko zarete. Ez dizue ezertarako balio izango: neuk entzun zaituztet!

Isiltasuna.

- Bapo! –esan zuen zuzendariak haserre antzean-. Proposamen polita nuen zuentzat. Proposamen artistiko bat.

- Artistikoa? –esan zuen gitarrak.

- Zaude isilik! –agindu zion patatak.

- Baina Artea, interesgarria da niretzat.

-Zorionak! –esan zuen zuzendariak-. Ikusten duzuenez, oso zentzuzkoa naiz zuekin. Nahi baduzue, lanean hasiko zarete biak. Artista bihurtuko zaituztet.

- Nahiago nuke frijitua izan –kontra egin zion patatak.

- Zu frijitua? Duzun talentu horrekin? Krimen bat izango litzateke! Nahiago duzu orduan janari izan, artista baino?

- Zergatik janari? Frijituak jan egiten dira? –galdetu zuen patatak.

- Horixe jaten direla! Zer bestela! Zergatik uste duzu frijitzen direla?

- Ez nekien! –esan zuen patatak-. Hala bada, nahiago artista izan.

Zortzi ordu geroxeago, ikusgarriak ziren txartel handi horixka batzuk herri osoan. Hau zuten idatzirik:

PRAKAMAN ZIRKOA

Pailazoak! Akrobatak!

Amazonak! Ekilibristak!

Tigreak, zaldiak, elefanteak, arkakusoak!

Eta lehendabiziko aldiz munduan:

NOEMIE, patata orojakilea

Eta AGATA, bere kasa jotzen duen gitarra!

Lehen funtzioan, jende asko zegoen, inortxok ere ez zuen-eta herri hartan halakorik ikusi.

Pistara ateratzeko ordua etorri zitzaienean, patata eta gitarra biak aurreratu ziren harro-harro, orkestak doinu militar bat jotzen zuen bitartean. Hasteko, patatak berak aldarrikatu zuen egin beharrekoa. Gero, gitarrak, berak bakarrik, zati zail bat jo zuen. Gero, patatak kantatu egin zuen, gitarrak bigarren ahotsa egiten ziola. Gero, patatak oker kantatu zuela-eta gitarrak errieta eman zion, plantatan noski. Patatak haserretuarena egin zuen eta biak liskartu ziren, publikoa barre algaraz jarriz. Gero, adiskidetu ziren eta azken zatia kantatzeari ekin zioten.

Arrakasta izan zuten. Haien numeroa irratiak eta telebistak grabatu zuten; beraz, mundu osorako hitz egin zuten. Pètaouschnock-eko sultanak, albistegietan ikusita, egun berean bere hegazkin pribatua hartu eta zirkoko zuzendaria ikustera joan zen.

- Egun on, Zuzendari Jauna.

- Egun on, Sultan Jauna. Zer nahi duzu?

- Patatarekin ezkondu nahi dut.

- Patatarekin? Baina, patata ez da gizakia.

- Orduan, erosi egingo dizut.

- Baina, ez da edozer... Hitz egiten daki, kantatzen...

- Orduan, neurekin eramango dut!

- Baina, zuk ez daukazu eskubiderik...!

- Nik denetarako eskubidea dut, diru asko dudalako.

Zuzendariak ederki asko ulertu zuen hobe zuela zuhur jokatu.

- Etsi-etsituta nago –esan zuen zinkurinka-. Maite dut patata hori, oso lotuta nago hari...

- Ulertzen duzun bezala! –esan zion sultanak, ironia apur batez-. Hala bada, bagoi bat bete diamante erosiko dizut.

- Bat bakarra? –galdetu zuen zuzendariak.

- Bi, nahiago baduzu!

Zuzendariak malko bat xukatu zuen, indarrez zintz egin, eta ahots dardaratiaz gaineratu zuen:

- Uste dut hiruraino iritsiko bazina...

- Hiru eta ez dezagun gehiago hitz egin!

Hurrengo egunean, sultana bere sultanerrira joan zen patata eta gitarra berekin zeramatzala, bi lagunek ez zuten-eta elkarrengandik banatu nahi. Aste hartan, astekari paristar batek argazki bat argitaratu zuen, izenburu honekin:

ELKAR MAITE DUGU

Hurrengo asteetan, astekari berak beste argazki pila bat, guztiak ezberdinak, argitaratu zituen, izenburu ezberdinekin. Honako hauek, hain zuzen:

LEGEBILTZARRA AUSARTUKO AL DA BERTAN BEHERA UZTERA?

HAUTSIKO OTE DU PATATAREN BIHOTZA?

PATATAK NEGARREZ ESAN DIGU: HONEK EZIN IRAUNGO DU!

GITARRAK ESAN DIGU: NAHIAGO HEMENDIK JOAN!

ETA HALA ERE ELKAR MAITE DUTE!

MAITASUNA EZER BAINO INDARTSUAGOA DA.

Azken izenburu honekin argitaratu zituzten ezkontzako argazkiak. Hurrengo astean, egunkariek beste berri bat ekarri zuten, eta gaur mundu guztiak ahaztua du dagoeneko.

(GRIPARI, Pierre. “Patata baten maitasun istorioa” in Arroka kaleko ipuinak. DESCLÉE)

Moldatua

 

--->>>ikaslea<<<---