literatur sorkuntza

Publizitate-kanpaina

Ikasleek testua irakurriko dute. Ondoren Karrantza parkearen publizitate-kanpaina sortuko dute. Horretarako, honako hauek eginen dituzte:

Edo adibidez:


iragarkiak

 


Egiazko eta gezurrezko animalien artean
(Argitarapen data: 2003/8/22)

Lehia sekulakoa bada ere, Karrantza Euskal Herriko eskualderik ederrenetakoa dela esan daiteke. Mendebaldean aparte antzean dagoelako-edo, gune ezezaguna da askorentzat. Parke berri batek areagotu egin ditu hara abiatzeko aitzakiak.

J.A.M.

Euskal Herriko lurretan, mundu zabalean bezalaxe, dinosauroak ibili ziren duela 65, 100 eta 140 milioi urte. Hori esateko zalantzarik ez dago, nahiz eta gure inguruan aztarna askorik ez den aurkitu; Errioxan oinatzak aurkitu ziren, eta Arabako lurretan, berriz, fosil bat agertu da.
Orain, oinatzak eta fosilak ez ezik, dinosauroak ikusteko aukera ere badago, Karrantzako Karpin parke tematikoak berriki zabaldutako Terrasauro aldean, hain zuzen. Hantxe daude ikusgai dinosauro motarik ezagunenak, beldurgarrienak eta handienak, tamaina errealeko eta zehaztasun handiko erreprodukzio bikainen bidez. Era berean, musker erraldoi haragijaleak, belarjaleak eta hegalariak daude. Haietako asko mugitu ere egiten dira, eta orro beldurgarriak egiten dituzte; zientzialarien ustez, egiazko dinosauroek egiten zituzten orroen imitazio zehatzak.
Terrasauro Karpin parkeko erakusgai berriena da, baita arrakastatsuena ere, batik bat umeen artean. Puntako teknologia (Estatu Batuetakoa) erabiliz, latexaz egindako erreprodukzioek sistema elektroniko bat dute, mugimenduak eta soinuak eragiteko. Dinosauro bakoitzaren ondoan, haren oinatzaren erreprodukzioa dago lurrean, hori ere tamaina errealean. Oinatza zapalduta, piztia jurasikoa mugitzen eta orroka hasiko da berehala, eta horrek, jakina, ikaratu edota harritu egingo du bisitaria. Hori ikusgarria da zinez, baina ez da, ez, Terrasauroko berritasun bakarra.
Heziketari dagokionez, antzinako animalia haien inguruko azalpenak ere ageri dira idatzita, eta batez ere animatronikoak aipa daitezke: paleontologoen itxurako erreprodukzioak dira, dinosauroenak bezain zehatzak, eta hantxe daude jesarrita, ondoan narrasti erraldoien arrautzak, kumeak edo aztarnategiak dituztela. Haietako baten ondoan paratuz gero, berbalapiko baten moduan hasiko da hizketan era guztietako azalpenak emanez: lehenengoz euskaraz, ondoren gaztelaniaz eta jarraian ingelesez.
Duela 65 milioi urte desagertutako basapiztia erraldoi hauen artean, ohorezko lekua Rex tiranosauroak hartzen du, haragijaleetan izugarriena zelako: 12 metro luze, itzelezko hanka eta atzaparrak, eta hortz izugarri handiz betetako ahoa, pertsona bat oso-osorik irensteko bezain handia. Horrez gain, umeei argi azaldu behar zaie gizakia eta dinosauroak ez zirela sekula garai berean bizi izan, bi espezieen artean, izan ere, milioika urteren aldea dago. Pedro Abad parkeko zaindaria eta erakuslearen arabera, ume askok uste dute gaur egun ere badirela dinosauroak eta, era berean, antzinako gizakia dinosauroen artean bizi zela pentsatzen dute. Bestalde, bilduman ageri diren dinosauroak honakoxeak dira: Diplodokus, Mallasauro, Quetzalcoatlus, Parasaurolofus eta beste hainbat musker erraldoi. Horiek dira, bai, ezagunenak, baina ez dira jakina garai hartako dinosauro guztiak, animalia hauen arteko aniztasuna gaur egungo ugaztunen artean egon daitekeena bezainbestekoa baitzen.

Ezagutzeko ez ezik, kontzientzia hartzeko
Hori guztia Terrasauro Karpinen parte bat baino ez da, etxaldearen azalera handiena egungo animalia bizien eremuak hartzen du-eta, Animaliak alegia. Bertan, Europako faunako 50 espezietako ehunka animalia daude, eurentzako eremu egokian kokatuta eta sailkatuta, libre ibil daitezen; hesitutako eremuetatik irten gabe ordea, bisitariek haiekin topo egiteko. Oreinak, basurdeak, azkonarrak, katagorriak, mufloiak, orkatzak, bisonteak, otsoak, mapatxeak, azeriak, hegazti harrapariak (mota gehienak), hartzak, adarzabalak, dortokak... zerrendak amaitezina dirudi.
Pedro Abadek azaldu digunez, ugaztun animaliak gatibu jaiotako aleak dira, zoologikoetan batez ere, eta hegaztiei dagokienez hegan egin ezinik daude guztiak, gehienak ehiztariek tiro eginda zauritu baitziren; hala, behin zauriak osatu eta gero, Karpinera ekarri zituzten. Hemen ez dago, beraz, bizileku naturalean harrapatutako animaliarik. Hala ere, hortxe daude hartza, otsoa eta katamotza, guztiz animalia basatiak metro gutxira ikusgai (ezkutatzen ez badira, jakina!).
«Animalian, Europako fauna ezagutarazi nahi dugu, baita haren arazoen berri eman ere; gisa berean, jendea hezi eta jokabide batzuk aldatzea da gure asmoa, animaliak babestu ahal izateko», azaldu digu zaindariak. Heziketa asmo horren ildotik, azpimarratzekoa da Animalian dagoen areto berezi bat, desagertzeko arrisku bizian dauden Europako animalien zerrenda ageri baita bertan, baita animalia hauen biziraupena kaltetzen duten arrisku nagusiak ere, hala nola ehiza, zepoak, suteak, giza hondakinak edota autoen kolpeak.
Animaliei kalterik ez egiteko, hezi egin behar da pertsona eta, beraz, beharrezkoa da okerreko iritziak baztertzea, konparazio batera «animalia basatiek gizakiari erasotzen dioten ustea; animaliek ez dute joera hori izaten, ezta hartzek edota otsoek ere. Aitzitik, gizakiak du animaliei erasotzeko joera», azpimarratu digu Abadek.
Parke tematiko gisa antolatuta dagoenez, bisitariak onena aurrez zehaztutako eta adierazitako ibilbidea egitea du. Era horretan, Terrasauro ikusi eta gero (edo aurretik), animalia bizi guztiak ikusteko aukera izango da. Ordu pare batean lasai asko egin daitekeen osteratxo atsegina da, zuhaitzez eta landarez inguraturik. Horrez gain, atsedenlekuak, umeentzako jolastokia (Dinotxiki), taberna-jatetxea eta bestelako zerbitzuak ere badaude parkean; gainera, parkeko zaindariek talde-bisitaldiak direnean nahiz ikasleekin-eta esatari lanetan jardun ohi dute.
Etxaldeko eraikin nagusia jauregi eder bat da, eta bertan zabalduko dute datorren urtean parkearen hurrengo erakusgaia: Bitxo Jauregia. Han, jendea beldurtzen duten animalia txikiak izango dira, sugeak, armiarmak eta antzeko zomorroak. Parkearen beste proiektu bat arraza autoktonoko animalien atala da. Hantxe ikusi ahal izango dira Enkartazioetako astoa, villano txakurra, latxa ardia, euskal artzain txakurra, pottokak eta motxina behia, besteak beste.
El Carpin etxaldearen jabea Urbano Peña Txabarri izeneko Bizkaiko labe garaietako ingeniaria zen. Duela zortzi urte Enkartazioetako Mankomunitateak familiari erosi zion, Karpin Abentura parke hau zabaltzeko helburuz, eta ingurumenean espezializatutako enpresa bat arduratu zen kudeaketaz. Gisa horretan, turismo ekologiko eta kulturalaren bidez, eskualdearen garapenari bultzada eman nahi izan diote.
Karpin parkea bisitatzea aitzakia ederra izan daiteke Euskal Herriko mendebaldeko muturrean kokatutako eskualdea, Karrantza, ezagutzeko, euskal herritar askorentzat bazter hauek guztiz ezezagunak baitira, nahiz eta naturaz, mendi ederrez, larrez eta aberez inguratuta egon. Gainera, historia aldetik ere eskualde aberatsa da.

OINARRIZKO DATUAK
- Izena: Karpin Abentura.
- Non: Karrantzako Biañez auzoan. Bilbotik 52 kilometrora.
- Ordutegia: Egunero zabalik, 11:00etatik 19:00etara (apirilaren 1etik urriaren 31ra), 11:00etatik 17:00etara (azaroaren 1etik martxoaren 31ra).
- Prezioak: Helduek 4,5 euro; 5-18 urteko umeek 3 euro; 3-4 urtekoek 2,50 euro; 0-2 urtekoek doan.
- Telefonoak: Karpin (946107066-944479206), Karrantzako Turismo Zerbitzua (902197361). Talde-bisitaldietan, aurrez ohartarazi.
- Internet: www.karrantza.com.
- Nola iritsi: Bilbotik etorrita, Balmasedako errepidea hartu, Zallan desbideratu, Turtzio- Villaverde igaro eta La Escrita mendatea pasatu eta sei kilometrora, Karrantzako lehen auzunea den El Callejora iritsiko gara; pare hartan, Biañezerako bidea hartu behar da. Beste aukera bat hauxe da: A-8 autopistatik joan, Colindresen (Kantabria) irten, Burgosko errepidea hartu, Gibajan desbideratu eta Karrantzara. Autobusez (ANSA) eta trenez (FEVE) ere hel daiteke Bilbotik Karrantzara, baina hobe da autoz.
- Bazkaldu: Karpinen taberna-jatetxea dago, eta Biañezko Txetxu Etxea ere gomendatzeko moduko taberna-jatetxea da. El Suceso gertu dago, eta bertan mendiko askaldegia, mahaiak eta parrilak daude. Karrantzan ere badira jatetxe eta sagardotegi ugari.
- Lo egin: Landa turismoko hainbat etxe, bainuetxe bat eta kanpin bat daude.
- Ikusteko: Pozalaguako leizea, Biañezko Elizako Museoa, El Suceso eta dorretxeak eta baselizak.