EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IRAKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Landaberroko afaria

audioa Landaberroko afaria entzungaia

Ipuina entzun eta gero, ikasleei ipuina idazteko eskatuko diegu. Gero, ahoz bizpahiru irakurriko dituzte eta denon artean istorioa osatuko dute.

Ondoren, marrazki bat egiteko eskatuko diegu.

Bukatzeko, ipuinak eta mitologia gustuko dituztela ikusiz gero, euskal mitologiaren pertsonaia ezagunenak landu eta haien istorioak aukeratuta (horretarako ipuin gehiago irakurri beharko dituzte) bildumatxo bat presta dezakete zenbait saiotan. Polita izaten ahal da bildumatxoa egin eta denei kopia bana ematea.

 

Transkribapena:

KONTALARIA.- Amaiurko herrian, Landaberro izeneko baserri bat dago. Baserri honetara gauero lamia bat etortzen zen eta sutondoan esertzen zen, soinekoak gora jaso ondoren.

Beroaldi bat hartu eta gero, etxekoandreari zartagineko zukua eskatzen zion. Zuku hau, zartagina erdiraino olioz bete eta bertan ogi-apurrak frijituta egiten zen.

LAMIA.- Etxekoandre, atera zukua.

KONTALARIA.- Etxekoandreak, afari honekin egiten zuen gastua beldurgarria zela eta, senarrari kontatu zion dena.

Honek, bere emazteari lasai egoteko esan zion, berak konponduko zuela arazoa.

GIZONA.- Gaur gauean ni geratuko naiz sukaldean.

KONTALARIA.- Andrearen soinekoak jantzi, goruan lihoa jarri eta ardatza eskuan zuela ardazten hasi zen. Halako batean lamia azaldu zen:

LAMIA.- Nor zara zu?

GIZONA.- Ni? Neureburu.

LAMIA.- Atzo piririn-piririn ardazten zenuen, gaur berriz purrunpun-purrunpun dabil ardatz hori.

KONTALARIA.- Ondoren, betiko eskaera egin zion lamiak.

LAMIA.- Etxekoandre, atera zukua.

KONTALARIA.- Gizonak olioz betetako zartagina sutan jarri zuen eta irakiten hasi zenean aurpegira bota zion lamiari.

Lamia, aurpegia erreta, marruka hasi zen. Orduan lamiaren lagunak etorri zitzaizkion eta galdetu:

LAMIAREN LAGUNAK.- Nork eta zer egin dizute?

LAMIA.- Neureburuk, Neureburuk.

LAMIAREN LAGUNAK.- Zeuk egin badiozu zeure buruari, zergatik kexatzen zara?

KONTALARIA.- Hau esanda, denek alde egin zuten. Eta lamiak gauaren ilunean desagertu ziren. Lamia goseti hura ez zen gehiago inorengana azaldu zuku eske.