EIBZ

 

OINARRIZKO HIZKUNTZA TREBETASUNAK
--- IKASLEA ---

 
mintzatu
irakurri
idatzi
entzun

Hiltzera zigortutakoen organoak saltzen dituztela onartu du Pekinek

Txinako Gobernuak esan du organo transplanteekin egiten diren gehiegikeriak kontrolatzeko neurriak hartuko dituela; iturri ez-ofizialen arabera, Txinan aldatzen dituzten organoen %95 presoenak dira

Hiltzera zigortutako presoen organoekin dirua egiten dute Txinan. Izan ere, herrialde hartan aldatzen dituzten organo gehienak heriotza zigorra ezarri dieten presoei kendutakoak dira, dela haien oniritziarekin edo gabe.

Aspaldi ohartarazi zuten Txinatik alde egindakoek, eta baieztatu egin du orain Huang Jiefu Txinako Osasun ministro ordeak, Manilan, organo transplanteen inguruko nazioarteko biltzar batean. Organo transplanteekin egiten diren gehiegikeriak «kontrolatzeko» neurriak hartuko dituztela nabarmendu du Jiefuk, baina argi utzi du Pekinek heriotza zigorra mantenduko duela.

Txinan ezartzen dituzte heriotza zigor gehien. Iaz, esaterako, 3.400 preso baino gehiago exekutatu zituzten, Amnesty Internationalen arabera. Preso horien organoekin negozioa egiten dute gero zenbaitzuk. Caijing ekonomia aldizkariaren arabera, Txinan transplantatzen dituzten organoen %5 bakarrik dira organo emaile libreenak. Gainerakoak hiltzera zigortutako presoenak dira. Egunkari horren arabera, Txinako erietxeek eta Poliziak sare bat osatzen dute. Hala, organoren bat behar dutenean erietxeak Poliziarekin jartzen dira harremanetan, eta haiek heriotza zigorra betearazten dutenekin. Azken horiek arduratzen dira behar diren organoak bilatzeaz.

Gutxi gora beherako prezioak ere zehaztuta daude, Caijing agerkariaren arabera. Hildako preso baten organoak ehun dolar inguruan saltzen dituzte, eta bizirik dauden pertsonen giltzurrunak, berriz , 10.000 euro inguruan, «organo horiek lortzeko bitartekari lanak zailagoak direlako». «Hiltzera zigortutako presoekin dirua egiten dute zenbaitzuk Txinan, nahiz hori ez den legezkoa», onartu du Osasun ministro ordeak.

Ofizialki, organoak eman nahi dituzten galdetzen diete presoei hil aurretik, eta zain daudenei ere esaten diete non lortu duten organo hori. Baina ez dago hori betetzen dela bermatzerik. Presoak baiezkoa ematen duenean ere, ezin da esan oniritzia beti borondatezkoa izaten dela.

Horren froga dira Txinako prentsan argitaratu diren zenbait berri. 2000. urteko maiatzean, esate baterako, Jiangxiko epaimahai batek tiroz hildako preso baten giltzurruna saldu zuela zabaldu zuen prentsak. Preso haren aitak bere buruaz beste egin zuen, semearen giltzurruna saldu zutela jakin zuenean. Gansun, berriz, beste preso baten organoak saldu zituen epaimahai batek, baimenik gabe, gerora frogatu zenez. Hildakoaren sendiari 2.000 yuan (200 euro) eman zizkioten kalte-ordainetan.

Txinatarren kulturan hildakoaren gorpuaren osotasunak balio handia du, eta hori da horren emaile gutxi egoteko arrazoietako bat.

Horren guztiaren harira, Amnesty Internationalek ohartarazi du preso baten organoak lortzeko presioak exekuzio eguna aurreratzea ere eragin dezakeela. Eta, era berean, heriotza zigorra bertan behera uztea ere eragozten duela. AIren arabera, iaz 3.400 preso baino gehiago exekutatu zituzten Txinan. Eta Gobernuak argi utzi du heriotza zigorra mantentzeko asmoa duela. Hala ere, legeari aldaketa batzuk egingo dizkiotela iragarri zuen Pekinek duela bi aste, presioak tarteko. Aldaketa horiek indarrean jartzen diren egunetik aurrera, Auzitegi Gorenak eman beharko ditu exekuzio aginduak. Orain arte, eskualdeetako auzitegiek ere bazuten aukera hori, baina Gobernuaren arabera, auzitegi horiek «subjektiboegiak» dira.

Erresuma Batuko medikuen salaketak

Aspaldi eman zuten disidenteek eskandalu honen berri. 2001. urtean, Txinako Armadarentzako lan egindako mediku batek bizirik zeuden preso biri giltzurrun bana kendu ziela onartu zuen Estatu Batuetako Legebiltzarrean. Geroztik, hainbat erakundek egin dute bat salaketa horrekin. Amnesty Internationalek berak hainbat ohartarazpen egin ditu.

Duela bi egun, berriz, giza organoen trafikoa salatu zuten Erresuma Batuko zenbait medikuk, tartean Stephen Wigmore Birminghamgo Unibertsitateko transplanteetarako saileko buruak. Horien arabera, Erresuma Batuan giltzurrun baten zain diren gaixo batzuk Txinara joaten dira, organo bila. Uste da hamar britainiar inguru joan direla aurten Txinara giltzurruna aldatzeko asmoz. Horietako askok Internet bidez erosten dute behar duten organoa.

Transplantsinternational.com konpainiak zerbitzu hori eskaintzen du. Konpainia horrek argi dio saltzen dituzten organo guztiak hiltzera zigortutako presoenak direla. Haren arabera, organoak euren borondatez ematen dituzte presoek, eta ordainetan dirua jasotzen dute gero haien etxekoek. Nondik datoz organoak? izeneko atalean, organo guztiak hildako pertsonenak direla zehazten du konpainia horrek, eta bi asteko aurrerapenaz jakiten dutela beraiek noiz izango diren organo horiek, gaixoari aldatzeko prest. Organoak salgai jarri aurretik, emaileari odol analisiak egiten dizkiotela ere argitzen dute web orrian, emailea eta hartzailea bateragarriak diren jakiteko, eta emaileak gaixotasun kutsagarririk ez duela baieztatzeko. Oxfordeko, Nottinghamgo eta Sussexko medikuek organo aldatze horiek oso arriskutsuak izan daitezkeela ohartarazi dute Hospital Doctor aldizkarian. Arazo etikoak ere nabarmendu dituzte: "Etsigarria da zenbait medikuk halako negoziotan parte hartzen dutela ikustea".

Ainara Argoitia

 

--->>>irakaslea<<<---