Sarrera

Eskolan atzerriko hizkuntzaren irakaskuntza jakintza irakastetik hasten da. Aldi berean, kontuan izan behar dugu eskolako 4 urteko haurrek oinarrizko hiru elementu oso ongi menderatzen dituztela (beste hizkuntza bat erabiltzea / eskuratzea ahalbidetzen duen eremu indizial partekatua). Bestela eginez gero, ez du balio. Hauek dira 3 elementu horiek: denbora-espazioaren egitura, narrazio testua eta estilo zuzena.

 

 

 

 

 


 

Denbora-espazioaren egitura.


Jerome Brun-ek esan digu jaiotzen denetik amak jarduteko forma bateratuak egiten dituela, eta horietan elkarrekintza oso esanguratsua dela. Hori horrela, haurrak, hasiera-hasieratik, oso trebeak dira eta maiz hartzen dute parte. Horiek denbora-espazioaren egiturak dira. Ama oso konstantea da jarduna antolatzen. Denboran eta espazioan antolatzen du: bainua prestatzen dugunean, afaria prestatzen dugunean, haur-oihalak aldatzen ditugunean eta abar.
Hiru urteko haurrekin ari diren irakasleek lan handia egin behar dute denbora-espazioa egituratzeko. Haurrek badakite jan ote duten, ama etorriko ote den, jolas-ordurako garaia ote den edo ez... Lan gaitza egin behar da hiru urteko haurrekin: denbora-espazioaren egiturak antolatu behar dira. Beraz, uste dut gurasoek edo tutoreak haur horiekin ongi jokatu dutela denbora eta espazioa antolatzean, nik haiekin lan egin aurretik.
Nola ulertzen dugu elkar? Denboran eta tokietan egiten ditugun gauzak onartuz, esaten dugunarekin baino gehiago. Etxean euskararik hitz egiten ez duten haurrek D ereduan ikasten dute. Eredu horretan zinez beharko ditugu klasea antolatzeko gai izanen diren irakasleak, hizkuntza gorabehera.

 

 


 

Narrazio testua.


Hemezortzi hilabeterekin jakin badakigu norbait (bereziki ama) ipuin bat kontatzen ari zaigula. Seguruenik ez ditugu haren hitzak ulertuko, baina jakin badakigu ipuin bat dela. Ipuin batean garrantzitsua ez da zer kontatzen ari zaizkigun, nola kontatzen ari zaizkigun baizik. Ipuin bat testu mota bat da. Narrazio bat da, eta narrazioak testu baten egitura du.
Kontakizunak hasiera, klimaxa eta bukaera ditu. Protagonista argi bat izateaz gainera, kontakizuna pertsonaia bakar batean zentratzen da. Gainerakoak, aldiz, bigarren mailakoak dira. Gauza bat errealitatea baita eta bestea ipuin bilakatua. Hartu protagonista bat, hartu antagonista batzuk, hartu gatazka bat eta garatu; hori egiteko prest gaude denok, ipuinez asko baitakigu.
Are gehiago, psikolinguistikan esaten zaigu haurrak 2 urte eta erdirekin badakiela noiz ari zaigun ama edo telebista ipuin bat kontatzen; are gehiago, geure eguneroko bizitza ipuin moduan geure buruari kontatzen hasten gara. Bizia tragedia da, baina egunero ipuin bat asmatzen dut eta saiatzen naiz niretako norbait Julieta edo Romeo izan dadila. Horrekin guztiarekin, gai banaiz Romeo eta Julietaren ipuin bat egiteko, bizitzea askoz ere errazagoa izanen da. Gezurrezkoa da, baina funtzionatzen du. Nik irudikatzen dut nolakoa izanen den biharko eguna. Ipuin bat kontatzen ari naiz. Hori egiteko ez banaiz gai, ez dakit bizitzen.
Helduak garenean edo 4 urte ditugunean, ipuinez asko dakigu. Gizakien arraza ipuinak kontatzen dituen arraza da.

 


 

Estilo zuzena.


Zeharkako estiloa menderatu aurretik estilo zuzena menderatu ohi dugu. Lehenik ulertzen da, gero egin egiten da. Schmidt eta beste egile batzuk frogatzen ari dira zeharkako estiloko hainbat mekanismo ez direla 12-14 edo urte gehiago izan arte menderatzen hasten. Estilo zuzenean ari garenean, 1. pertsonan ari gara hizketan; zeharkako estiloa 3. pertsonan hitz egiten ari den narratzailearena da. Kanpotik barrura hitz egiten du, esaten ari den horretatik urrun gelditzen da. Estilo zuzenean ari garenean pertsonaiaren tokitik ari gara.
Hiru urteko haur batek ipuinak elkarrizketak balira bezala kontatzen ditu. Bere maisuak edo maistrak kontalaria duen ipuina ematen badio, galtzen da. Ez daki ipuina osatzen; ez du bere etxera eramanen. Kontakizuna zaila gertatzen zaio; elkarrizketak, aldiz, ez dio lan handiegirik sortzen.
Horregatik, maisuak edo maistrak ez du, hasiera batean, ipuina kontatu behar. Antolatu egin behar du. Nik proposatu nahi dudan sekuentziazioak hiru testu maila ditu: lehena, estilo zuzena; bigarrena, kontatzen duen kontatzailea eta, azkenik, hirugarrena, antolatzen duen kontatzailea.
Nire input-ak estilo zuzen antolatua badu, haurrek ulertuko naute. Ipuina kontatzean narrazio gehiegi erabiltzen badut, dena hondoratuko zait.

 

 

 

Ipuina antolatzea.


Eskolako lehen egunean ez badakit antolatzen denbora-espazioa, estilo zuzena, kontakizunaren egitura, hitz egiten duen kontatzailea eta antolatzen duen kontatzailea, ez dut emaitza onik jasoko. Ikasturte bukaerara iristeko oinarriak lehenengo egunean jartzen ditut.
Ipuin bati ekin aurretik, okerrena da nik keinu bat egiten badut, nik espero izatea besteek errepikatuko dutela. Eta nik zerbait esaten badut, nik espero izatea besteak errepikatzea. Eta nik zuzenean ipuinari ekiten badiot, beharbada haur askok ez dute nik egindakoa eginen.
Bestela esanda, lehenik keinu eginen dut eta gero hasiko naiz hitz egiten. Inork ez du ikusi, baina denek ikusi dute.
Ipuinak kontatzen ari garenean, kontatzailearen zatia azkarrago esaten dugu, beste tono bat erabiliz, baina, elkarrizketak direnean, patxada handiagoaz esaten ditugu.
Denbora-espazioari dagokionez, ipuinak kontatzen ari garenean, erritmoa keinuekin markatu behar dugu, orkestrako zuzendariaren makila izanen balitz bezala. Erritmo aldaketek klasea antolatzen digute.
Ipuinak funtziona dezan, nik norbaiten Romeo bihurtu behar dut. Ipuinari ematen diodan balio erantsia da. Protagonista denbora-espazioan egon behar duen pertsonaia da. Amak Txanogorritxoren ipuina kontatzen duenean, lehenik Txanogorritxo aurkezten du eta, gero, otsoa. Inoiz ez alderantziz. Ezein iragarkik ez du hala egiten. Haurrek jakin behar dute ezkerrekoa protagonista dela, erdikoa kontalaria eta eskuinekoa antagonista.
Ipuin honek baditu marrazkiak. Baina, lehen egunean ez dut marrazkirik aurkeztuko. Hori eginez gero, kanpoan geldituko gara. Nahi dut haurra pertsonaiaren tokian jartzea, pertsonaia izan balitz bezala jokatzea. Hori lortzen da ipuinaren gainean, kanpotik hitz egin beharrean, barnetik hitz eginda. Haurrak pertsonaiaren tokian jartzea, produkziorako abiapuntu ezin egokiagoa da. Entzulearen tokian jarriz gero, kanpotik arituko lirateke, eta entzuleak ez du zeharkako estilorik. Entzuleak itzultzen du, entzulea ez da inplikatzen... Estilo zuzenean haurrak protagonistaren tokian jartzen dira. Hori guztia denbora-espazioaren egituraren arabera antolatzen dut.
Honela laburbilduko genuke. Lengoaia prozedura multzo bat da, entzuten, irakurtzen edo idazten duguna esanahi gehiagorekin edo gutxiagorekin betetzeko erabiltzen duguna. Lengoaiak egiten duguna edo esaten duguna esanahiz betetzen du. Saiatu naiz diskurtso esanguratsua egiten, zeinetan haurrek eta nik prozedura multzo bat abiatu dugun, entzuten ari garena edo esaten ari garena esanahiz betetzeko.
Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen kurtsoetan, familiakoa ez den hizkuntza batekin, esaten duguna edo entzuten duguna esanahiz betetzen duten prozeduren iturria ez da esaten duguna edo entzuten duguna. Non eta noiz dira horien oinarri. Egituratuta dagoen hori esaten duguna esanahiz betetzen duen hori da. Horri lengoaia kontestualizatua deitzen zaio.
Ipuinak kontatzeko egiten duguna hartuko dugu oinarri, esaten duguna baino gehiago; denbora eta espazioari garrantzi handiagoa emanen diogu.
Ingelesa esanahiz betetzen duten haurrak dira; protagonistaren, antagonistaren edo pertsonaiaren tokia eraikitzen dute, gero, haur horiek esaten duten hori guztia pertsonaia bihurtzen baita. Haur horiek ez dute soilik ingelesa ikasten, euskara ere gehiago ikasten baitute.
Hizkuntza ez da esaten duguna, esaten dugun hori esanahiz betetzen duen hori baino. Hainbat ezaugarritan esaten duguna esanahiz betetzen duen hori azpiko gaitasun komuna da. Ez dugu ingelesik egin, esanahia eraiki dugu. Ikasi ditugun hizkuntza guztietarako baliagarria da.

 

 

Didaktika


Proposatzen dut Haur Hezkuntzan astean hirutik bost saio bitarte egitea. Ausartena laukoa izanen litzateke. Hiru baino gutxiago eginez gero, ez du funtzionatzen, ez baititugu erdietsiko eskuratu nahi genituzkeen emaitzak.
Astean hirutan edo lautan ipuina erabiliko nuke, aste eta erditik bi aste bitartean. Haurrak nekatzen direnean, esku arteko ipuina utzi eta beste bat hartzen dut. Bigarren ipuinarekin aste eta erditik bi astetarako tartean aritu ondoren, berriro hartzen dut lehen ipuina. Gero, berriz, bigarrenari ekiten diot... Horrela egiten dut bizpahiru ipuinekin.
Irakasleek batez beste urtean 6 ipuinekin egiten dute lan. Horrez gainera, bestelako ariketak ere egiten dituzte.
Komeni da ipuina ikusizko euskarririk gabe lantzea bi edo hiru egunetan. Hirugarren egunean ipuina euskarririk gabe lantzen dut. Gero, hormairudia erabiliko dut. Ipuina bi astez landu ondoren, utzi eta beste bat hartuko dut. Hiru edo lau egunez ikusizko euskarririk gabe egon eta gero, ikusizko euskarria paratzen dut.
Horrela eginez gero, ipuinari hizkuntza ez aldatzeko dituzten aukerak anitzez ere gehiago dira. Marrazkia lehen egunean berean aurkezten badugu, ez dute eurekin ingelesik eramanen etxera. Adin horretan ez dute kontzientzia metalinguistikorik; horrenbestez, izena objektuarena da. Marrazketa edo testua ingelesez izatearen arrazoia ez da esaten duguna, hori esateko erabiltzen dugun tokia baizik. Ikuspuntu horixe bera lantzen ari naiz ni. Nik toki bat paratzen badizut, zuk ingelesez erantzunen didazu. Balio erantsia posizioa da. Tokiak hitzak ingelesez izatera behartzen du. Hitz horiek itzuliezinak dira. Nire ustez, oinarria ez da fonema, hitza edo esaldia. Oinarria testua bera da.
Hilabete igaro ondoren, berriro lantzen dut lehen ipuina. Lehen egunean ez dut ikusizko euskarririk erabiliko, ez horrenbeste ipuina gogora ekartzeko, hitz egiten duen pertsonaiaren posiziora itzultzeko baizik. Horixe da niri interesatzen zaidana. Horri esker, haurrak etxera itzuliko dira eta ipuina kontatzen jakinen dute. Nik protagonistaren lekuak paratu nahi nituzke. Seguru nago haurrek protagonistaren tokia hartuko dutela, bereziki ikusizko euskarririk ez dagoenean. Ikusizko euskarririk gabe hori lorturik, ikusizko euskarria erabiliko dut, talde mailan, hormirudi baten bidez, edo bakarka, karpetako fitxen bidez.
Pertsonaien elkarrizketak aldatzen ahal dira, errazenetik zailenetara; baina, ez dut denbora-espazioaren egitura aldatu nahi.
Zerbait egin behar dut; horretan gai izatea nahi baitut. Baina, ez dut diskurtsoa marrazkiarekin lagunduko. Beraz, horrekin koherente izan behar dut eta horixe bera igorri etxera. Eta zer da "horixe bera" hori? Lehen egunean ipuina ulertuko da protagonistaren tokia, antagonistaren tokia eta kontatzailearen tokia eraiki baititut. Etxera beste zerbait igorri behar da, hots, erritmo bati, tempo bati jarraikiz hitz egiten duen pertsonaia. Horixe da errazena, haur guztiek egiten baitakite.
Haurrek bakarrik egiten ez dakiten hori badakite irakasleekin egiten. Egunen batean kanpoko erregulaziotik barneko erregulaziora igaroko gara, eta orain soilik laguntzarekin egiten duten hori, irakaslerik gabe ere egiten jakinen dute. Irakasleak ez die ez dakiten hori irakasten, euren ezgaitasuna gaitasun bihurtzen die. Horixe da behinik behin nik neuk antolatu nahi dudan ikuspuntua.

 

 

 

Atzerriko hizkuntza eta helburua.


Kontua ez da zenbat hizkuntza ikasi behar den, nola ikasi behar diren baizik. Kontua ez da zer adinetan hasi behar duten ikasten, nola hasi behar duten baizik. Azaltzen saiatu naizen oro "nola" horren ingurukoa izan da. "Nola" hori esanguratsua eta funtzionala bada, ez kezkatu, hori ere ikasiko baitugu.
Atzerriko hizkuntzaren helburua ez da bertakoek bezala hitz egitea. Helburua ez da bertakoek bezala pentsatzea, haiek egiten dituzten festak egitea edo bertakoek dituzten bezalako lagunak izatea edo..., ez baititugu gure kultura eta nortasuna ukatuko. Helburua hitz egitea da. Eta nahasten badira, zer? Nahasi dira, eta kitto! Baina hitz egiten dute, elkarren artean komunikatzen dira eta beren burua gai ikusten dute. Nire iritziz, helburua ez da bertakoak bezala mintzatzea, haiekin mintzatzea baizik.