Hileko artxiboak: apirila 2013

*eta abar luze bat: kalko desegokia.

Gaztelaniaren eraginez-edo, maiz entzun edota irakurri izan ditugu esaldi honen antzekoak:

*Eskualdeko artea, literatura, historia, etnografia eta abar luze bat landu ditugu ikastaroan.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan sarrera hau dator “abar” hitzaren azpian:

eta abar (eta abar luze bat kalko desegokia da; erabil horren ordez eta abar, eta abar)

Jarraitu irakurtzen

Okerrak: *etentzen, *etentzea, *etentzeko…

Esaldi hauek ez dira zuzenak:

  • *Aldioro etentzen du klasea galderaren bat egiteko.
  • *Kontratua etentzea erabaki dute.
  • *Lesioa zela eta, partida etentzeko eskatu zuen jokalariak.

Honela behar dute zuzenak izateko:

  • Aldioro eteten du klasea galderaren bat egiteko.
  • Kontratua etetea erabaki dute.
  • Lesioa zela eta, partida eteteko eskatu zuen jokalariak.

Jarraitu irakurtzen

Munduko neska jatorrena = Munduko neskarik jatorrena

Superlatiboa eta partitiboa:

      Bi esaldi hauetan, zein da zuzena?

a) Munduko neska jatorrena zara.
b) Munduko neskarik jatorrena zara.

Zenbaiten ustez, b) aldaera bakarrik da zuzena. Uste dute superlatiboaren aurrean nahitaezkoa dela partitiboa. Uste okerra da. Biak dira zuzenak eta biek esanahi bera dute.

 

XUXENweb

XUXENweb: Xuxen zuzentzaile ortografikoa sarean

Euskaldunok, beste hizkuntza guztietako hiztunek bezalaxe, akatsak egiten ditugu hizkuntza erabiltzen dugunean. Batzuk ezjakintasunagatik egiten ditugu, beste batzuk utzikeriagatik, beste batzuk lapsus hutsak izaten dira —tekleatzean egindako okerrak, esate baterako— …

Idatzi behar dugunean, Xuxen zuzentzaile ortografikoak asko erraztu ahal digu lana.

 

Hona hemen sarri samar egiten diren akatsetako batzuk, eta Xuxen zuzentzaileak detektatzen eta nabarmentzen dituenak:

a) Tekleatzean egiten diren akatsak: goazeb, zerta

b) Ortografia akatsak: auek, biar, zihur, keskatu

c) Deklinabide akats batzuk: alabeei, lanarik

d) Euskaltzaindiak euskara baturako baztertu dituen hitzak: isladatu, euskera, gusto

Akats horiek Xuxenek gorriz azpimarratzen edo nabarmentzen ditu. Ordenagailuan instalatua baldin badugu, laguntza handia izango dugu idazten ari garen bitartean. Instalatua ez badugu, ordea, Xuxenek Internet sarean ere eskaintzen du zerbitzu hori: XUXENweb.

Adierazgarria delakoan, adibide gisa, hitzez hitz ekarri nahi izan dut hona Kazetaritzako irakasle den Eneko Bidegainek “31 eskutik” blogean argitaratu zuen Zuzentzailea MAC eta DOCS-en postean dioena: “Ikasleei garbi erran diet ez dudala onartuko Xuxenek pasatzen utziko ez lituzkeen hutsez betetako idazlanik. Kazetari batek ez dezake artikulurik bukatutzat jo Xuxen pasa gabe. Idazle bati ere komeni zaio zuzentzaile ortografikoaren laguntzarekin lan egitea, argitaletxeari zuzenketen fasean alferrikako lana aurrezteko eta argitaletxeko zuzentzailearen lana zuzenketa sakonago eta zorrotzagora bideratzeko” .

Euskaraz zuzen idatzi nahi duen edonori komeni zaio Xuxen erabiltzea, batik bat bere idazkiek erabilera publikoa izan behar badute; beraz, irakasleoi ere komeni zaigu, jakina. Xuxenek ez du dena zuzentzen, ortografia zuzentzen du bakarrik, baina asko da hori!

Alabaina, Xuxen erabiliagatik, argi izan behar dugu goitik behera berrikusi behar dugula idatzitakoa. Gure begiek, edo beste norbaiten begiek, beti berrikusi behar dute testua. Xuxenendako zuzen-zuzenak dira bai NAIZ eta bai NAHIZ, bai ALA eta bai HALA, baina okerreko tokian jarriz gero, akats handiak eginen ditugu Xuxen ohartu gabe: *Xuxen erabili dugu; ala ere, akatsak daude. Xuxen ez da akatsez jabetu, eta ni jabetuko ote nahiz esaldia berrikustean?