Hileko artxiboak: ekaina 2017

EZ EZIK (“ere” hitza behar du eskuineko perpausean)

Lehenengo juntagaiaren gibelean EZ EZIK eta bigarrenarenean ERE gehituz eratzen da esapide hau. Halaxe dio Euskaltzaindiak bere hiztegian:

ez ezik Ez bakarrik. (ere hitza behar du eskuineko perpausean). Bere izena ez ezik, familia guztiarena ere lohitzen ari zen: bere izenaz gainera familiarena ere lohitzen ari zen. Aitortu gabe utzi zuen bekatua ez ezik, aitortuak ere berriro esan beharko ditu. Ezkontzak biziera ez ezik, bizilekua ere aldarazi zion. Hotzildu zen poliki-poliki, epeldu gero eta azkenik, hoztu ez ezik, baita izoztu ere.

Bigarren juntagaiari dagokionez, esan beharra dago gehienetan ere erabili ohi den arren badirela beste aldaera batzuk ere, esate baterako: baita… ere, ere bai.

Hona hemen Internet sarean topaturiko adibide batzuk:

  • Mutrikun ez ezik, Pasaian ere ekologistak aurka

  • Pazko astelehena ez ezik, igandea ere bai
  • IƱaki Artola ez ezik, Abel Barriola ere itzuliko da lehiara asteburu honetan

  • Jasotzen dugun arreta goiztiarrak haurrari ez ezik, familiari ere laguntzen dio

  • Herritarrek ez ezik, bisitariek ere erosten dituzte.
  • Biziegokitasunari buruzko araudiak baldintzak ezartzen ditu, fatxadetako baoetarako ez ezik, baita terraza irekietatik kanpora ematen duten baoetarako ere