{"id":17446,"date":"2023-04-20T08:28:58","date_gmt":"2023-04-20T08:28:58","guid":{"rendered":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/?p=17446"},"modified":"2024-04-19T07:51:21","modified_gmt":"2024-04-19T07:51:21","slug":"adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera","status":"publish","type":"post","link":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/2023\/04\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera\/","title":{"rendered":"Adimen artifiziala: fikziotik errealitatera"},"content":{"rendered":"\n<p><a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera\">BERRIA ikasgela \/ 2023-04-17 \/ 555 hitz<\/a><\/p>\n\n\n\n<p><strong>GPT-4 txatak agerian utzi du adimen artifiziala ez dela jada etorkizuneko kontua. Adituek diote aurrerantzean geroz eta arlo gehiagotara zabalduko dela, baina zer da adimen artifiziala? Nola funtzionatzen du, eta nola aldatuko du gaur egungo bizimodua?<\/strong><\/p>\n\n\n\n<!--more-->\n\n\n\n<h5><strong>Zer da adimen artifiziala?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Disziplina zientifiko bat da, Gorka Azkune informatikari eta EHUko IXA taldeko ikertzaileak esan duenez. Adimena ez dagoenez oraindik ondo definituta,&nbsp;<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">ataze<\/a><a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\"><\/a><a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">tara<\/a>&nbsp;bideratutako ikuspegia erabiltzen da: \u00abEzin dugunez besterik gabe esan makina batek adimena daukan edo ez, egiten duguna da makina horri ataza batzuk jarri, gure ustez izaki adimentsu batek bakarrik&nbsp;<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">ebatzi<\/a>&nbsp;litzakeenak, eta ikusten dugu makinak zenbateraino egiten dituen ondo ataza horiek\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Mikel Artetxe EHUko Hitz zentroko kideak erantsi du \u00abnolabaiteko ikasketa edo prozedura mekaniko ez-sinple bati jarraitzen dion\u00bb teknologia oro sartu daitekeela termino horren barruan. Hain zuzen, \u00abjaso duen entrenamenduaren eta erabiltzaileekin izan dituen hartu-emanen arabera\u00bb ikasteko gai den teknologia bat dela zehaztu du Ujue Agudok. Psikologian doktorea da Agudo, eta Bikolabsen egiten du lan. Orai NLP enpresako teknologien arduradun Xabier Saralegik gaineratu du gizakiek dituzten zenbait gaitasun makinen bidez erreproduzitzea izan litekeela adimen artifizialak egiten duena: \u00abEsaterako, arrazoitzeko gaitasuna, planifikatzeko gaitasuna, arazoak ebazteko gaitasuna, modu abstraktuan pentsatzeko gaitasuna&#8230;\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<blockquote class=\"wp-block-quote has-text-align-center\"><p>Adimen artifiziala \u00abjaso duen entrenamenduaren eta erabiltzaileekin izan dituen hartu emanen arabera\u00bb ikasteko gai den teknologia bat dela zehaztu du Ujue Agudo psikologian doktoreak.<\/p><\/blockquote>\n\n\n\n<h6><strong>Zer adimen artifizial bereizten dira?<\/strong><\/h6>\n\n\n\n<p>Ez dago adimen artifizial mota bakarra. Adimena erreplikatzeko, hastapenean, bi adimen mota bereizi zituzten, Xabier Saralegiren arabera: adimen orokor integrala eta adimen zehatza. Adimen zehatzak balio du ekintza jakin batzuetarako; aldiz, adimen orokorra gizakien adimenaren pareko zerbait litzateke.<\/p>\n\n\n\n<p>Humberto Bustinze NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta NAIR Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroaren zuzendariak azaldu du adimen artifizial zehatz edo ahulak jarduera bat soilik egiteko balio duela. \u00abHori, gaur egun, zerbitzu askotan dugu: tunel batean sartzean automatikoki argiak kalibratzen dituzten autoak, Siri, ibilgailu autonomoak&#8230;\u00bb. Adimen artifizial orokorra, berriz, oraintxe ari da sortzen, itxuraz: makina edo tresna jakin bat, jarduera sorta bat egiteko gai dena, ez ekintza bakar eta soil bat. Horixe da ChatGPT, Open AI enpresak sortu duen solaskide artifiziala.<\/p>\n\n\n\n<p>\u00abBeste adimen mota bat litzateke adimen artifizial indartsua, zeinean makinek emozioak imitatuko lituzketen \u2014baina sentimendurik ez lukete\u2014. Hori azken pausoa litzateke\u00bb,&nbsp;Bustinzeren arabera.<\/p>\n\n\n\n<blockquote class=\"wp-block-quote has-text-align-center\"><p>Adimen artifizial orokorra oraintxe ari da sortzen, itxuraz: makina edo tresna jakin bat, jarduera sorta bat egiteko gai dena, ez ekintza bakar eta soil bat.<\/p><\/blockquote>\n\n\n\n<h6><strong>Zer dira sare neuronalak?<\/strong><\/h6>\n\n\n\n<p>Sare neuronalak izan dira \u00abinflexio puntua\u00bb. Teknologia horretan, ikasteko gaitasuna da adimenaren gakoa, eta adimen artifizialeko sistemek gaitasun hori imitatu nahi dute.&nbsp;<\/p>\n\n\n\n<p><em>Sare neuronal<\/em>&nbsp;esaten zaie, baina ez dira sareak, eta ez daude neuronaz eginda. Konputazio tresnekin \u00abneuronak eta horien konexioak imitatzean datza\u00bb, Humberto Bustinzeren arabera. Xehetasunak erantsi ditu Mikel Artetxek: \u00abOrdenagailuari ematen diozu sarrera bat, eta esaten diozu irteeran zer eman behar duen. Adibide pila bat sartzen dizkiozu, eta berak ikasi behar du zer patroi dauden sisteman, irteeran erantzun hori emateko. Ez du berak bakarrik egiten, noski. Guk diseinatu behar dugu ikasketa prozesua nolakoa izango den. Ikasketa algoritmoak diseinatu egin behar dira\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Sare neuronaletan, nodoak edo unitateak daude, eta haien arteko loturak; eta lotura horietako bakoitzak pisu bat du. Geruzetan antolatzen dira, bestalde. Sare neuronal bakoitza ataza bat egiteko entrenatzen da. Hizkuntzaren teknologietan, adibidez, ematen zaio makinari esaldi bat, hitz bat kenduta, eta makinak ikasi behar du osatzen.<\/p>\n\n\n\n<blockquote class=\"wp-block-quote has-text-align-center\"><p>Sare neuronal bakoitza ataza bat egiteko entrenatzen da. Hizkuntzaren teknologietan, adibidez, ematen zaio makinari esaldi bat, hitz bat kenduta, eta makinak ikasi behar du osatzen.<\/p><\/blockquote>\n\n\n\n<p>Xabier Saralegik nabarmendu duenez, hizkuntzaren prozesamenduan, ikusmen artifizalean, irudi eta bideoen sorkuntzan&#8230; erabat erabiltzen dira sare neuronalak gaur egun, askoz emaitza hobeak ematen dituztelako. Euskaratik eta euskarara itzultzeko tresna modernoak ere ikasketa sistema horretan oinarritzen dira, eta hobekuntza nabarmena ekarri zuten, duela bost bat urte.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Nola entrenatzen dira?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Sare neuronalek funtzionatzeko lehengaia datu sortak dira; corpusak eta makina entrenatu nahi den ataza horretarako erantzunak. Gorka Azkunek adibide bat jarri du: \u00abAuzia baldin bada makinari argazki bat eman eta berak argazki hori deskribatzea testu bidez, sare neuronalari erakutsiko diot datu multzo handi-handi bat, irudi batzuekin eta baita nik idatzitako deskribapenekin ere. Irudi eta testu pila bat dauzka, ikusten ditu, entrenatzen duzu irudi konkretu baterako testua sortzen&#8230; eta irudi berriak sartzean, badaki testuak sortzen\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Behin eta berriro eta behin eta berriro errepikatzen dira prozesu horiek. Testuekin gauza bera da, Xabier Saralegiren hitzetan: esaterako, makina bati testuak itzultzen irakasteko, jatorrizko esaldiak eta horien itzulpenak ematen zaizkio, milaka eta milaka, milioika. \u00abAlgoritmoak ikusten ditu halako adibide pila bat, eta induzitzen du horren atzean dagoen logika, eta sortzen du eredu estatistiko bat\u00bb. Berak sortzen du, ez gizaki batek emanda.&nbsp;Entrenamendua esaten zaio horri.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abAlgoritmoak ikusten ditu halako adibide pila bat, eta induzitzen du horren atzean dagoen logika, eta sortzen du eredu estatistiko bat\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Xabier Saralegi (teknologien arduradura Orai NLP enpresan)<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Zer aldatu du ChatGPTk?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Xabier Saralegiren ustez, txat horrek muturrera eraman ditu sare neuronalen ahalmenak, eta \u00ab<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">disrupzio<\/a>&nbsp;bat\u00bb eragiten ari da. GPT txataren aurretik, ataza edo auzi jakin bat egiteko entrenatzen ziren sare neuronalak; adibidez, testuak itzultzeko. Baina konturatu ziren, behin makinak hizkuntza arkitektura bat sortuta, posible zela sare neuronal horri beste ariketa batzuk eskatzea, nolabait ere hizkuntzaren logika ikasia zuelako.<\/p>\n\n\n\n<p>Horrela, ChatGPTren sortzaileek, makina ataza jakin baterako datuekin soilik entrenatu beharrean, trebatu dute, aldi berean, dozenaka ataza egin ahal izateko. Eta ez soilik hizkuntzaren alorrean, baita bestelakoetarako ere: zentzu komunerako, sentimenduak ezagutzeko, elkarrizketarako, laburpen automatikorako&#8230; ariketak eginarazi dizkiote. \u00abHori da ChatGPTren atzean dagoen magia\u00bb, azaldu du Xabier Saralegik.<\/p>\n\n\n\n<blockquote class=\"wp-block-quote has-text-align-center\"><p>Zentzu komunerako, sentimenduak ezagutzeko, elkarrizketarako, laburpen automatikorako&#8230; ariketak eginarazi dizkiote. \u00abHori da ChatGPTren atzean dagoen magia\u00bb, azaldu du Saralegik.<\/p><\/blockquote>\n\n\n\n<h5><strong>Zer egiteko gai da adimen artifiziala gaur egun?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Sare sozialetako edukia erabiltzaile bakoitzarendako moldatzetik, interbentzio kirurgikoak egiteraino. Hamaika arlotan txertatuta dago jada adimen artifiziala. Orain, gainera, \u00abgeneratiboa\u00bb dela zehaztu du Ane Iturzaetak [Microsoften egiten du lan, hodeieteko arkitekto gisa], ekintzaz haratago, sortzeko gaitasuna ere baduelako.&nbsp;<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abMedikuari laguntzen dio sintomatologia bat interpretatzen, diagnostikoa egiten\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Itziar Alkorta (legelaria eta bioteknologian espezializatua)<\/p>\n\n\n\n<p>Itziar Alkorta legelaria da, eta bioteknologian eta giza ugalketako teknologia berrietan espezializatuta dago, baita EHUko irakasle eta ikertzailea ere. Azaldu du medikuntzan ere aplikazio anitz dituela tresnak. Zenbait ospitaletan, adibidez, Watson izeneko diagnostikorako asistente bat erabiltzen dute: \u00abMedikuari laguntzen dio sintomatologia bat interpretatzen, diagnostikoa egiten\u00bb. Gaixotasunak detektatzeko ChestLink izeneko softwarea ere aipatu du: erradiologian erabiltzen da, gaitzik gabeko erradiologia irudiak baztertzen ahal ditu. Eritasun zehatzen diagnostikorako tresnak ere badaude; koloneko minbizia diagnostikatzeko, adibidez, pilula inteligente bat dagoela dio Alkortak: \u00abPazienteak pilula irensten du, eta pilulak badauka datuak biltzeko txip inteligente bat. Datu horiek makina batera doaz, eta zortzi orduz egiten du pertsonaren diagnostikoa. Gero kanporatu egiten da, eta ez dauka inongo bigarren mailako efekturik\u00bb. Horrez gain, interbentzio kirurgikoak egiteko adimen artifiziala darabilten robotak ere badaude.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Zer muga ditu gaur egun?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>\u00abEkintza espezifikoak bikain egin ditzake, baina ez da arrazoibide maila abstraktu batera iristen\u00bb, esan du Irati Berasategik. Fisikan graduatua da, eta Zientzia eta Filosofian masterduna. Filosofiaren ikuspuntutik ikertu du adimen artifizialaren inguruan. Humberto Bustinzerentzat, berriz, bi dira muga nagusiak. Azaltzeko gaitasuna da lehenbizikoa: \u00abSistema pila bat daude oso ondo funtzionatzen dutenak, baina ez dute azaltzen zergatik funtzionatzen duten\u00bb. Fabrika batean horrek ez du aparteko garrantzirik, baina medikuntzan bai, esaterako. Mamografiei dagokienean, adibidez, sistema batek Europan azken hamabost urteetan egin diren mamografia guztiak gorde ditu: \u00abHain perfektua da sistema, ezen mamografia bat sartu eta pertsona horri gertatuko zaiona asmatzen duen. Baina badago arazo bat: mediku baten diagnostikoa hobetzen du, baina ez du justifikatzen zergatik egin behar den ebakuntza\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abBaina badago arazo bat: mediku baten diagnostikoa hobetzen du, baina ez du justifikatzen zergatik egin behar den ebakuntza\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Humberto Bustinze (NUPeko kadedraduna eta Nafarroako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroaren zuzendaria)<\/p>\n\n\n\n<p>Moldatzeko gaitasuna da bigarren traba. Hau da, tresna bat trebatu daiteke ekintza jakin bat baldintza batzuetan egiteko: neurri zehatz bateko taula batean munduko jokalari hoberenari irabazteko, adibidez. Baina, jokoa bera izan arren, taularen neurriak aldatuz gero, esaterako, adimen artifizialak ez ditu emaitza berdinak izanen, ez baitu egoera berrira moldatzeko gaitasunik.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Zer garapen eduki dezake?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Itziar Alkortak adierazi du \u00abpertsonaren datu&nbsp;<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">genomiko<\/a>&nbsp;eta historial klinikoetan oinarritutako medikuntza pertsonalizatua\u00bb izateko aukera ekarriko duela adimen artifizialak: \u00abHorrek esan nahi du pertsona horrek gaixotasunik badu berari egokituko zaizkion sendagaiak emango zaizkiola, berarentzat espezifikoki behar dituen dosi eta moduetan. Eta ez hori bakarrik; gaixotasun horiek aurreikusteko aukera eta, beraz, eritasunei aurrea hartzeko aukera handiagoa egongo da\u00bb.&nbsp;<\/p>\n\n\n\n<p>Ujue Agudok, ordea, adimen artifizialaren inguruko espektatibei buruzko kontraesanak azaleratu ditu: \u00abUrte luzez esan zen adimen artifizialak lan aspergarriak, arriskutsuak eta zikinak amaitu behar zituela. Planteamendu gisa logikoa da, baina oraindik hori ez da gertatu. Adimen artifizialak guri gehien gustatzen zaizkigun jarduerak egin ahal izateko, pertsona pila batek egon izan behar dute datuak etiketatu edo garbitzeko lana egiten\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abAdimen artifizialak guri gehien gustatzen zaizkigun jarduerak egin ahal izateko, pertsona pila batek egon izan behar dute datuak etiketatu edo garbitzeko lana egiten\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Ujue Agudo&nbsp; (psikologian doktorea)<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Pertsonen adimen gaitasunak eskuratzen ari da?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Arrazoitu, ariketa matematiko konplexuak egin, ideia eta arazo konplexuak ebatzi, hizkuntza ulertu eta sortu, kode informatikoa sortu, planifikatu&#8230; Xabier Saralegiren arabera, Microsofteko ikertzaile talde batek ondorioztatu du ChatGPT4k jarduera horiek guztiak egiteko gaitasunak oso garatuak dituela. Emaitza horiek \u00abbeldurtzekoak\u00bb direla esan du, eta ChatGPT4k \u00absekulako ezagutza\u00bb duela.<\/p>\n\n\n\n<p>Adimen artifizal orokorra gertu dagoela ondorioztatu daiteke, beraz. Orokorra bai, baina indartsua ez. Humberto Bustinzeren ustez, sentimenduak dituen adimen artifiziala ez da iritsiko. Izan ere, tresna horrek \u00abarazoak ditu sortzeko eta interpretatzeko kontzeptu sinbolikoak, metafisikoak eta lengoaiaren esanahi zehatzetik harago doazenak; edo identifikatzeko gizakiendako naturalak diren harreman objektiboak edo kulturalak\u00bb. Hau da, testuinguruak baldintzatu dezake pertsona batek nola interpretatzen duen irudi edo kontzeptu bat. Baina adimen artifiziala ez da bereizketa hori egiteko gai. Oraingoz, behintzat.<\/p>\n\n\n\n<blockquote class=\"wp-block-quote has-text-align-center\"><p>Bustinzeren ustez, sentimenduak dituen adimen artifiziala ez da iritsiko: \u00abarazoak ditu sortzeko eta interpretatzeko kontzeptu sinbolikoak, metafisikoak eta lengoaiaren esanahi zehatzetik harago doazenak\u00bb.<\/p><\/blockquote>\n\n\n\n<h5><strong>Posible ote da kontzientzia artifiziala sortzea?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Adimen artifiziala definitzeko oztopo bera dago kontzientzia artifiziala definitzeko: kontzientziaren definizioaren inguruan ere ez dagoela adostasunik. Hala ere, definizio posible bat proposatu du Irati Berasategik. \u00abZelulaz, mikroorganismoz eta abarrez, osatutako egitura zehatza duen gorputz batean gertatu den eboluzioaren ondorizko fenomenoa, gizakioi inguratzen gaituen errealitatearekin elkarbizitzan esperientzia subjektibo bat izatea ahalbidetzen diguna. Zer sentitzen duzu zuk amonak prestatutako bazkaria usaintzean? Hori da esperientzia subjektiboa; zuk A sentituko duzu, eta nik, adibidez, nire amona ez denez, B\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Definizio horri jarraituta, kontzientzia artifiziala litzateke makina batek bere ingurunean gertatzen dena \u00absentitu eta gertaera horren esperientzia subjektibo bat izateko gaitasuna\u00bb. Hala ere, gehitu du kontzientziaren definizioan gorputz biologiko bat abiapuntutzat hartu arren, posible litzatekeela kontzientzia artifiziala \u00abbeste mekanismo batzuen bidez\u00bb agertzea ere. Hori gauzatzea, ordea, \u00aboso urruti\u00bb dagoela dio Berasategik.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Zer arazo ekar ditzake adimen artifizialak?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Datuen erabilera eta pribatutasuna. Bi auzi horiek dira adituak gehien kezkatzen dituena, adimen artifizialaren erabilerari dagokionez. Baina zer egin daiteke datu horiek adimen artifizialaren eskuetan utzita? \u00abPertsonen etorkizuneko portaera aurreikus dezake, probabilitate tasa handi batekin\u00bb, azaldu du Itziar Alkortak. Esaterako, pertsona batek smartwatch bat badauka, \u00abetengabe\u00bb ari da datuak sortzen: lotarako pautak, osasun pautak, elikadurarenak zein gaitasun kognitiboenak&#8230; \u00abDatu horiek beste eredu batzuekin alderatuta, adimen artifizialak asma dezake, esate baterako, pertsona horrek sendagai jakin batekiko izango duen&nbsp;<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">atxikidura<\/a>&nbsp;maila\u00bb, Alkortaren arabera. \u00abImagina dezagun botika oso garesti bat dela, eta ezin diegula gaixo guztiei eman. Baldintza berdinetan dauden pertsona multzo batean, inteligentzia artifizialak esaten badigu batzuek atxikidura handiagoa izango dutela besteek baino, nori emango diogu medikamentu hori?\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Adimen artifiziala elikatzeko erabilitako datuen aukeraketak ere arriskuak ekar ditzakeela ohartarazi du Alkortak. \u00abEuropan COVID-19aren diagnostikoa egin zenean, adibidez, ikertzaileek berehala milaka datu&nbsp;<a href=\"https:\/\/www.berria.eus\/ikasgela\/berriak\/xehetasuna\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera#\">ekoiztu<\/a>&nbsp;zituzten. Beraz, birusaren profila egin zenean, datu gehienak europarrenak ziren. Afrikarren datuak oso gutxi ziren\u00bb. Diagnostiko horren arabera asmatu duten erremedioa ere oker egon daitekeela dio. \u00abPopulazioaren zati bat kanpo geratu daiteke\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Solaskide artifizialei buruz, Mikel Artetxek adierazi du \u00abhaluzinazioak\u00bb direla arazo nagusia: \u00abSistema hauek beti botatzen dute erantzun bat, horretarako prestatuta daude. Igual ez dakite erantzuna, baina botatzen dute zerbait. Horretaz ere kontziente izan behar dugu\u00bb. Akatsak egiten dituztela eta existitzen ez diren erreferentziak asmatu ere egiten dituztela, alegia.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abSistema hauek beti botatzen dute erantzun bat, horretarako prestatuta daude. Igual ez dakite erantzuna, baina botatzen dute zerbait. Horretaz ere kontziente izan behar dugu\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Mikel Artetxe (EHUko Hitz zentroko kidea)<\/p>\n\n\n\n<p>Bada beste arrisku bat ere: erabilera maltzurra. Xabier Saralegik ekarri du adibidea: \u00abEgin zuten ariketa bat, aztertzeko ChatGPTk izan ditzakeen erabilera maltzurrak: jarri zioten ariketa bat, desinformazio kanpaina bat antolatzeko, eta dena egin zuen, pauso guztiekin\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Zer arazo etiko ekar ditzake?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>Besteak beste, adimen artifizialak gizarte talde jakin baten joerak erreproduzitu ditzake edo pertsonen erabakiak baldintzatu. Ujue Agudo: \u00abAdimen artifiziala sortzeko zikloaren zati handi batean parte hartzen dugu gizakiok: entrenatu egiten dugu, datuak berreskuratu, eredu estatistikoa hautatu, eta behin merkatura ateratzen denean adimen artifizialak erabiltzaileengandik ere ikasten du. Momentu horietan guztietan gizakiok ditugun joerak adimen artifizialera pasatzen ahal ditugu\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p>Hau da, gizakiaren eta adimen artifizialaren arteko hartu-emanek tresna&nbsp;<em>kutsatu<\/em>&nbsp;dezakete. Irati Berasategik esplikatu du joera horiek \u00abgehienetan klase ertain-altuko eta mendebaldeko gizon batenak\u00bb izan ohi direla: \u00abEta horrek ezaugarri horien barruan sartzen ez diren pertsonen diskriminazioa ekartzen du\u00bb. Alderantziz ere gerta daiteke, adimen artifizialak berak gizakien hautuetan eragiten ahal baitu.<\/p>\n\n\n\n<p>Arlo hori ikertzen du Ujue Agudok. Azaldu du adituek gomendatzen dutela adimen artifizialaren erabaki prozesuan beti pertsona bat egotea:&nbsp;<em>human in the loop<\/em>&nbsp;(gizakia bihurgunean) deritzo. \u00abPertsona horrek makina gainbegiratzen ahalko du, eta detektatzen ahalko du noiz egiten duen huts, eta erabakia aldatu. Ikertzen ari gara ea algoritmoak pertsona horri laguntzen dion, edo bere erabakiak baldintzatzen ari den\u00bb. Izan ere, tresnak gehiago dakielakoan, zenbait hautu ontzat eman ditzake pertsona horrek. \u00abBaina zenbait kasutan aukera zuzenak soilik ez du balio: etikoa eta bidezkoa ere izan behar du. Erabakiak makinak ez dituen ezaugarri jakin batzuk izan behar ditu\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<h5><strong>Erregulatzea beharrezkoa da?<\/strong><\/h5>\n\n\n\n<p>\u00abKontrolatu behar dugu, gizarte bezala, algoritmoak nola egin diren, eta erabakiak zer irizpideren arabera hartzen dituzten\u00bb, adierazi du Itziar Alkortak. Haren arabera, herritarrak ez dira gai adimen artifizialaren \u00abkaxa beltzean\u00bb gertatzen dena ulertzeko, baina ezarri ditzakete algoritmo horiek diseinatzeko irizpide \u00abdemokratiko\u00bb batzuk. \u00abHori oso inportantea da ulertu ahal izateko guregan hartzen diren hainbat erabaki, makina batek hartzen dituenak, automatizatuak daudenak, eta kontra egiteko zailak direnak, ez baitugu ulertzen zein diren makina horiek erabaki horiek hartzearen ondorioak\u00bb. Ane Iturzaeta bat dator: \u00abKontua ez da adimen artifiziala zer egiteko gai den, baizik eta zer egin behar duen; erantzukizuna hartu behar dugu\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-center\">\u00abKontua ez da adimen artifiziala zer egiteko gai den, baizik eta zer egin behar duen; erantzukizuna hartu behar dugu\u00bb.<\/p>\n\n\n\n<p class=\"has-text-align-right\">Ane Iturzaeta (hodeietako arkitektoa Microsoften)<\/p>\n","protected":false},"excerpt":{"rendered":"<p>BERRIA ikasgela \/ 2023-04-17 \/ 555 hitz GPT-4 txatak agerian utzi du adimen artifiziala ez dela jada etorkizuneko kontua. Adituek diote aurrerantzean geroz eta arlo gehiagotara zabalduko dela, baina zer da adimen artifiziala? Nola funtzionatzen du, eta nola aldatuko du &hellip; <a href=\"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/2023\/04\/adimen-artifiziala-fikziotik-errealitatera\/\">Jarraitu irakurtzen <span class=\"meta-nav\">&rarr;<\/span><\/a><\/p>\n","protected":false},"author":6,"featured_media":0,"comment_status":"open","ping_status":"open","sticky":false,"template":"","format":"standard","meta":[],"categories":[398,7,5505,6631],"tags":[9226],"featured_image_src":null,"featured_image_src_square":null,"author_info":{"display_name":"liburutegia","author_link":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/author\/liburutegia\/"},"_links":{"self":[{"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/posts\/17446"}],"collection":[{"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/posts"}],"about":[{"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/types\/post"}],"author":[{"embeddable":true,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/users\/6"}],"replies":[{"embeddable":true,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/comments?post=17446"}],"version-history":[{"count":2,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/posts\/17446\/revisions"}],"predecessor-version":[{"id":17783,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/posts\/17446\/revisions\/17783"}],"wp:attachment":[{"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/media?parent=17446"}],"wp:term":[{"taxonomy":"category","embeddable":true,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/categories?post=17446"},{"taxonomy":"post_tag","embeddable":true,"href":"https:\/\/eibz.educacion.navarra.es\/blogak\/liburutegia\/wp-json\/wp\/v2\/tags?post=17446"}],"curies":[{"name":"wp","href":"https:\/\/api.w.org\/{rel}","templated":true}]}}