GIDA DIDAKTIKOA

1.- SARRERA

Zertan datza Bargotako Aztiaren Web Gunearen proiektua? Lehenik eta behin esan, Johanes, Bargotako Aztia, Lizarraldeko legendazko pertsonaia dela. Bere bizitza XVI. mendean kokatzen da, Viana ondoan dagoen Bargota herrian hain zuzen ere. Ikerketek diotenez, legendazko pertsonaia izateaz gain, pertsonaia historikoa ere bada.

Johanesek bizirik jarraitu du XX. mendea arte herriko elezaharretan. Hauek biziki dibertigarri eta interesgarriak dira eta gure kulturaren ondarea izanik penagarria litzateke hauek galtzea. Hori gerta ez dadin, hona hemen gune hau, kontalari birtual hau, aintzinekoak bezala Johanesen pasadizoak kontatuko dizkiguna.

2.- HELBURUAK

Bargotako Aztiaren gunea sortzerakoan helburu orokor hauek izan ditugu ardatz:

- Errekurtsoak eskaini haur, gazte eta helduei Nafarroako kultura hobeto ezagutzeko.

- Ikastetxeetan teknologia berrien erabilpena bultzatu.

- Irakur-idazketa landu era atsegin batez.

- Internet aitzakia delarik, ume eta gazteen sormena bultzatu.

 

3.- GUNEAREN DESKRIBAPENA

Johanes, Bargotako aztiaren web orrian sartzean, bi bloke desberdinekin egingo dugu topo. Batetik, gure pertsonaiaren inguruko informazioa, hiru atal desberdinetan banatuta dagoena, alegia:

  • Nor da Johanes
  • Pertsonaia historikoa
  • Pertsonaia folklorikoa

Hiru atal hauek loturik daude, hots, bakoitzaren amaieran agertuko zaigun gezi itxurako ikonoak hurrengora eramango gaitu. Orri nagusira joateko aukera ere emango digu beste ikono batek. 

Bestetik, elezaharrak. Web gune honen mamia da zalantzarik gabe. Atal honetan barrena aritzean, Bargotako aztiari buruzko elezahar ezberdinetaz gozatzeko aukera izango du erabiltzaileak. Sei talde edo ziklotan sailkatuta aurkituko ditugu, hala nola:

· Harria menperatu zueneko zikloa

· Txantxak

· Gaiztoen eskarmentuak

· Hegaldiak

· Joan Otso

· Vianako akelarreak

· Haren heriotza

Guzti-guztiak irribarrea aterako diguten elezaharrak. Johanes hobeto ezagutzen lagunduko digutenak. Batzuetan bihurri, baina, beti ere umoretsu eta txantxazale agertzen den pertsonaia nafartarra.

Johanesen orrian aurkituko ditugun testu ezberdinetan, irakurketa erraztuko diguten bi elementu garrantzitsurekin egingo dugu topo. Bat, argazki ikonoa, argazki kamera txiki baten itxura duena; bertan klikatzean aipatutako tokia edo ingurua bistaratu ahal izango dugu. Bestea, bereiztutako hitzak. Zenbait hitz azpimarratuta aurkituko ditu irakurleak; bertan klik eginez bere esanahia argituko digun leihoa zabalduko da. Ez da egongo, bada, hiztegiaren beharrik.

Bukatzeko, orri nagusian bertan gida pedagogiko hau bistara daiteke eta amaieran, gunearen kredituak eta kontakturako helbidea ere topa daiteke.


4.- PROPOSAMEN PEDAGOGIKOAK

Arestian esan bezala eta, egileok irakasle garen aldetik, oso baliabide ona deritzogu web honi hezkuntzan aplikatzeko.

Hori dela eta, zenbait jarduera diseinatu dugu hezitzaileei zuzenduta Johanesen guneari etekin pedagogikoa atera ahal izateko. Baina, atal honen izenburuak dioen bezala, ondorengoak proposamenak baino ez dira. Irakasle bakoitzari dagokio, beraz, horiek moldatzea, osatzea edota egokitzea bere irizpideen arabera. Esan beharra dago ere, egileok ikasleen errealitatetik abiatzea eta lanen funtzionalitatea izan dugula ardatz ariketa sorta hau egiterakoan.

Bestalde, aholku batzuk ematera ere ausartuko gara. CD ROMan azaltzen diren testuen maila dela eta, hauek landuko dituzten ikasleen adin egokia 12 urtetatik gorakoa izatea (DBHko 1. mailatik gora) gomendatzen dugu, eta bereziki, Ipuin Langelan txertatzeko. Hezitzailearen esku geldituko litzateke LHko 3. zikloan lantzeko aukera..

Metodologiari dagokionez, kontuan hartu beharko genuke ikasleei hainbat jarraibide eman behar zaiela, adibidez: "...bilatu Johanesek etxea eraiki zueneko elezaharra, irakurri eta ondoren denon artean komentatuko dugu.." "...txantxen zikloko elezaharrak irakurri eta bat aukeratu denon aurrean kontatzeko...". Horrelako irizpide metodologiko batzuk kontuan hartu ezean, astunegia egin dakioke ikasleari hainbesteko informazioa bereganatzea.

 

5.- JARDUERAK

1. Johanes, Bargotako aztiak askotan egin behar izan zituen edabeak sorginkeria desberdinetarako. Orain zure aukera da. Zergatik ez duzu edabe magiko bat asmatzen? Erabaki lehenengo izango duen efektua edaten duenarengan. Ondoren, idatz ezazu edabearen errezeta zure gelakideei eskaintzeko. Gogoratu antolatzaile egokiak erabiltzen: hasieran, gero, azkenik...

Lan osagarriak:

  • Ba al dakizu zer den prospektu bat? Egin ezazu zuk zure edabea edaten duenak irakurri beharko lukeen prospektua, ongi deritzozun aholkuekin.
  • Orain da zure edabea promozionatzeko unea. Asmatu iragarki bat, slogan eta irudi egokiekin denek zure edabe magikoa ezagut dezaten.

2. Irakurri dituzun Johanesi buruzko pasarteetatik bat aukeratu. Taldeka jarri eta denon artean bihur ezazue pasartea antzerki. Agian, beharrezkoa izango da narratzaile bat txertatzea. Ez ahaztu akotazioak ere idazten, antzerki batean ezinbestekoak izaten dira dekoratu eta pertsonaien inguruko informazioa emateko.

Antzerkia idatzita duzuenean irakaslearen laguntzarekin zuzendu eta zuen ikastetxeko txikiei eskaintzeko prestatu. Zaindu ondo ahozkapena eta tonua, hauek oso elementu inportanteak dira antzerki batean. Dekoratuak eta jantziak ere prestatu beharko dituzue.


3. Irakurri berriro "Endregoto eta Aguilarko Kontea " pasartea ("Vianako Akelarreak" atalpean) eta ondoren bukaera alda iezaiozu.


Lan osagarriak:

  • Imajinatu irakurri duzun pasartea beste garai batean pasatzen dela, 2025. urtean esaten baterako. Nola kontatuko zenuke?
  • Alda iezaizkiozu irakurritako pasarteari zenbait pertsonaia edo objektu. Modu honetan, oso pasarte dibertigarria lortuko duzu. Animo!

4. Imajinatu garai hartako kazetari bat zarela eta Johanesi pasarte batean gertatutakoa hurrengo eguneko egunkarian kontatu behar duzula. Zer nolako albistea izango litzateke? Gogoratu zein den albistearen egitura eta ezaugarriak: titularra, sarrera, gorputza, hirugarren pertsonan kontatu...


5. Presta ezazu azalpen testu bat Johanes, Bargotako Aztia pertsonaiari buruz beste gela bateko ikasleei ahoz azaltzeko. Kontuan hartu antolatzaile egokiak erabili behar dituzula. Ondorengo taula lagungarri izango duzu:

Aurreko ideien KONTRAKOA adierazteko Ideiak GEHITZEKO Aurreko ideiekin KONPARATZEKO

Hala ere

Bestalde

Baina

Hala eta guztiz ere

Edozein kasutan

Dena den

Nolanahi ere

Edozein modutan

Gainera

Baita ere

Berriro

Eta honekin batera

Azkenik

Honela

Era berean

Berdintsu

Modu berean

Modu bertsuan

Halaber

 

6. Binaka pasarte bat aukeratu eta egokitu txikientzat ipuin bihurtzeko. Zenbait hitz aldatu beharko duzue haurrek ongi uler dezaten, eta agian, ideia batzuk beste modu batean idatzi beharko dira. Prest dagoenean, ikasi eta kontatzera joan zaitezte. Gogoratu intonazioa ere zaintzen.


7. Hitz zerrenda honetatik bi objektu aukera itzazu:

  • Botila
  • Telefonoa
  • Bonbila
  • Txirrina
  • Atea
  • Zorrozkiloa
  • Mukizapia
  • Komuneko papera

Bi objektu horiek eta Johanes pertsonaia nagusitzat hartuta, ipuin xelebre bat asma ezazu. Amaitzerakoan gelako ipuin guztiak bildu eta JOHANESEN IPUIN XELEBREEN BILDUMA izeneko liburuxka osa dezakezue.


8.- "Iruñeko Sanferminetan" pasartea irakurri berriro ere. ("Txantxak" atalpean) Pasarte honekin komiki bat osatu. Hasi aurretik kontuan hartu aholku hauek:

  • Pentsatu zenbat biñeta beharko dituzun.
  • Koadroen azpian testu motz bat joan daiteke eskenan gertatzen dena kontatuz.
  • Pertsonaia bakoitzak esango duena ere erabaki.
  • Onomatopeiak erabili, aproposak izango dira hainbat momentutan.
  • Bokadilo ezberdinak erabili pertsonaiek esaten edo pentsatzen dutenaren arabera.

9. Eskutitz bat idatzi behar duzu. Mutila izanez gero Johanes zarela eta Endregoto sorginari idatzi behar diozula pentsatu. Neska bazara berriz, Endregoto izango zara eta Johanes bihurriari idatziko diozu. Aukera hauek dituzu zure gutunaren mami bihurtzeko:

- Maitasun gutuna.

- Kexa gutuna. Endregotok / Johaneskek bere sorginkeriak direla medio, itzala egiten dizulako eta zu baino ospetsuagoa bihurtzen ari da aztien eta sorginen munduan...

- Vianako akelarrean egon eta gero primeran pasa duzu eta planak egin nahi dituzu Johanes / Endregotorekin Zugarramurdikora joateko.

- Zuri bururatzen zaizun beste ideiaren bat...

Eskutitza amaitzerakoan gelako lagun bati postaz bidaliko diozu eta berak erantzungo dizu.


10.- Debatea edo eztabaida saio bat antolatu gai honen inguruan: SORGINAK ETA AZTIAK, ERREALITATEA ALA FANTASIA?

Taldeka bildu bakoitzaren iritziaren arabera eta erabili behar dituzuen argumentuak aurretik idatzi.


11.- .......

Ez zalantzarik izan zure proposamenak bidaltzeko, beste jarduera batzuk, horrela, ariketa sorta txiki hau gero eta osatuagoa izango da.


6. BIBLIOGRAFIA

1.- Martínez Alegría, A.: La batalla de Roncesvalles y el Brujo de Bargota, Iruñea, 1929, 194.-195. orr.

2.- Guevara, A. de: Epístolas familiares y escogidas, Bartzelona, 1886, 25.-26. orr.

3.- Castañega, M. de: Tratado de las supersticiones y hechicerías y de la posibilidad y remedio de ellas, Logroño, 1994, 66. or.

4.- Archivo Histórico Nacional, Inquisición, legajo 321, folios 91 r-v.


7. ESTEKAK

Esteka gutxi egon arren eta batzuen edukia "anekdotikoa" bada ere, hauek bildu ditugu ikasle nahiz irakasleen jakin-mina asetzeko.

  • Bargota ondoan dagoen Torralba herriko elezahar eta ipuinen bilduma. Hauetako askok "Juanis" (Johanes) dute gaitzat. Oso interesgarria. (Gazteleraz)

http://www.mundofree.com/richiski/codes/cuentos.html

  • Euskal Herriko Unibertsitateko Euskonews aldizkarian agertutako Johanesi buruzko aipamena. (Gaztelaniaz)

http://suse00.su.ehu.es/euskonews/0053zbk/efem5301.html

  • Bargotako udalaren inguruko informazio orokorra baina "urria". (Gaztelaniaz)

http://bargota.turismonavarra.com/

  • Vianako historiaren laburpena Bargotako aztiaren inguruko datu batzuk daudelarik.

http://www.ikastola.net/ikasweb/biana/bianako_historia.htm

  • Pedro Oleak zuzendutako Bargotako aztiari buruzko telefilmaren kredituak eta sinopsia. (Ingelesez)

http://www.blockbuster.com/catalog/

 

Gida didaktikoa Word dokumentuan

 

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Gida didaktikoa |

| Elezaharrak | Gida pedagogikoa |