literatur sorkuntza

Dozena bat bertso berri

Dozena bat bertso berri
Gazteen kontsolagarri
Nere mingaina sano dan arte
Nahi nituzke jarri
Begiratuaz alkarri
Andrerik ezin ekarri
Mutil zaharraren despeida zer dan
Esango det sarri

Egon zaitezte aditzen
Zahartuta nola gabiltzen
Gazte denbora ezkondu gabe
Erraz da gelditzen
Orain ajeak berritzen
Indarrak ere urritzen
Soldata gabe orain jarri naiz
Anaia serbitzen


Anaiak nauka mendean
Koinata aldamenean
Gazte denboraz akordatzen naiz
Sasoia joanean
Ez det gularik janean
Gau ta egun beti lanean
Ondo eginda esker gaiztoa
Gero azkenean

Ilobak nauka arrotza
Hoa hemendik horruntza!
Nekea franko esker gaiztoa
Alimentu hotza
Soldata gabe morrontza
Begiratua zorrotza
Animosoa ez dago mutil
zaharraren bihotza

Inork nahi badu ikasi
Nere librua ikusi
Mutil zaharraren testamentua
Irakurtzen hasi
Ilobak dauzkat nagusi
Indarrak joan igesi
Hontaz aurrera horien mende
Beharko det bizi

Hezurrak zaizkit gogortu
Belarrika ere gortu
Modu honetan mutil zaharraren
Enbidia nork du?
Andrerik ez nuen hartu
Orain anparoz behartu
Fraile nahita ere ezin ninteke
Komentuan sartu

Engainatu naiz ederki
Merezi baino hobeki
Neskatxak ere ez dirate nahi
Aterik ireki
Badute mila aitzaki
Gazteagoak izaki
Estimazio txarra nola dan
Mutil zaharrak daki

Lehenago erromerian
Dama gaztien erdian
Jira ta buelta ibiltzen nintzan
Panparroikerian
Orain tristura begian
Nago estadu txarrian
Pipa bat hartu hortzetan eta
Suaren guardiyan

(Xenpelar)

 

---ulermena lantzeko---