literatur sorkuntza

Ipuin beraren bertsioak I

Marierrauskin ipuinaren jatorrizko bertsioa irakurriko duzue jarraian. Ea zuek ezagutzen duzuen bertsioarekin zein berdintasun eta ezberdintasun aurkitzen duzuen!

Marierrauskin

Gizon aberats baten emazteari ondoeza egin zitzaion, eta hiltzeko zorian zegoela sumatu zuenean, hots egin zion bere alabatxo bakarrari ohe ondora joateko, eta esan zion:

- Laztana, izan zaitez ona eta bihozbera, horrela Jainkoak beti lagunduko dizu, eta nik zeru gainetik begiratuko dizut, eta zure ondoan izango naiz.

Ondoren begiak itxi zituen eta azken arnasa eman zuen. Neskatxa egunero joaten zen amaren hilobira eta negar egiten zuen, eta errukiorra eta onbera izaten jarraitu zuen. Elurrak, halere, oihal zuri batez estali zuen hilobia, eta eguzkiaren indarrez lurmendu zuenean, gizona beste emakume batekin esposatu zen.

Emakumeak bi alaba eraman zituen etxera berarekin batera, aurpegiz ederrak eta zuriak, baina bihotzez itsusiak eta ilunak. Bolada txarra hasi zen alabaorde gajoarentzat.

- Zer egiten du geure kuttuntxoak logela barruan? –esan zuten-, ogia jan nahi duenak, nola edo hala irabazi behar din: alde egin ezan hemendik sukaldera, neskame!

Erantzi zizkioten arropa ederrak, jantzi zioten txabusina zahar grisaska bat, barre egin zioten gero, eta sukaldera eraman zuten. Gogor lan egin behar zuen, eguna zabaldu baino lehen jaiki, urketara joan, sua piztu, janaria prestatu eta garbiketak egin. Ahizpek, gainera, asma daitezkeen okerkeriarik handienak egiten zizkioten. Iseka egiten zioten, eta garbantzuak eta dilistak botatzen zizkioten errauts gainera, eta, makurtu eta berriz bildu behar izaten zituen. Gauean, lan egin eta gero nekaturik, ohean etzan beharrean, sutondoko errautsen artean etzan behar izaten zuen. Eta, horregatik, beti zikin eta hautsez betea zegoelako, Marierrauskin zeritzoten.

Behin aitak, feriara joatekoa zela-eta, bi alabaordeei galdetu zien zer opari nahi zuten ekartzea.

- Soineko ederrak –esan zuen batek-, perlak eta harribitxiak –bigarrenak.

- Eta, Marierrauskin –esan zuen-, zer nahi duzu zuk?

- Aita, etxerako bidean zure kapelaren kontra jotzen duen lehen kimua, horixe moztu ezazu niretzat.

Erosi zituen, bada, soineko ederrak, perlak eta harribitxiak bi alabaordeentzat, eta itzulbidean, sastraka eta zuhaixka artetik zaldian zihoala, hurritz-kimu baten kontra jo, eta kapela bota zion. Moztu zuen, bada, kimua eta eraman zuen. Etxera heldu zenean eskatutakoa eman zien alabaordeei, eta Marierrauskini hurriztiko kimua. Eskerrak eman zizkion Marierrauskinek, amaren hilobira joan, eta kimua aldatu zuen han gainean, eta hainbeste negar egin zuenez, malkoekin busti zuen hilobia. Hazi zen kimua nolabait, eta zuhaitz ederra bilakatu zen. Marierrauskin egunean hiru aldiz joaten zen hara aldera, negar eta otoitz egiten zuen, eta aldi bakoitzean txoritxo bat joaten zen zuhaitz gainera, eta zernahi desira ematen zion txoritxoak.

Behin, erregek hiru eguneko festa antolatu zuen, haren semeak emaztegaia aukera zezan. Gonbidatuak izan ziren bi alabaordeak, eta haiek Marierrauskini deitu eta esan zioten:

- Orratz itzan gure ileak, garbitu itzan gure zapatak eta lot itzan gure gerrikoak; erregeren festara goazan dantza egitera.

Halaxe egin zuen Marierrauskinek, eta negar egin zuen, berak ere dantza egitera joan nahi zuelako, eta biziro eskatu zion amaordeari joateko baimena.

- Aizan, Marierrauskin –esan zion-, ez daukan ezer soinean, ez daukan soinekorik, ez dakin dantza egiten, eta halere jaira joan nahi dun?

Berriro ere eskatu zionez, azkenik amaordeak esan zion;

- Bota dinat, bada, erretilukada bat dilista errauts gainera; bi orduko epean dilistak berriz jasotzen baldin baditun, joatea izango dun.

Neskatxa lorategira joan zen atzeko atetik, eta hots egin zuen:

- Usotxo otzanak, usapalak, zeru azpiko txoritxo guztiak, zatozte eta lagun iezadazue dilistak batzen, onak eltzera, txarrak golkora.

Orduan sartu ziren sukaldeko leihotik bi usotxo zuri, eta gero usapalak, eta azkenik zeru azpiko txori guztiak burrunbaka eta hegaldaka jira eta bira, eta errautsen gainean pausatu ziren. Eta usotxoek burua makurtu zuten eta hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta orduan gainontzeko guztiak ere hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta ale on guztiak erretiluan utzi zituzten. Ordu bete pasatu orduko bukatu zuten eta berriz kanpora hegaldatu ziren. Orduan neskatxak erretilua eraman zion amaordeari, eta pozik zegoen, eta uste zuen orduan bai, jaira joatea izango zuela. Baina amaordeak esan zuen:

- Ez, Marierrauskin; ez daukan soinekorik eta ez dakin dantza egiten; beraz, ez haiz gurekin etorriko.

Orduan, Marierrauskinek negar egin zuenez, amaordeak esan zuen:

- Ordu betean bi erretilukada dilista errauts artetik garbi-garbi batzen baldin baditun, joatea izango dun –eta aldi berean pentsatzen zuen: "Sekula ezin izango din."

Hustu ziren, bada, bi erretilukada dilista errauts artera; baina neskatxa lorategira joan zen atzeko atetik, eta hots egin zuen:

- Usotxo otzanak, usapalak, zeru azpiko txoritxo guztiak, zatozte eta lagun iezadazue dilistak batzen, onak eltzera, txarrak golkora.

Orduan sartu ziren sukaldeko leihotik bi usotxo zuri, eta gero usapalak, eta azkenik zeru azpiko txori guztiak burrunbaka eta hegaldaka jira eta bira, eta errautsen gainean pausatu ziren. Eta usotxoek burua makurtu zuten eta hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta orduan gainontzeko guztiak ere hasi ziren pik, pik, pik, pik, eta ale on guztiak erretiluan utzi zituzten. Eta ordu erdia pasatu baino lehenago bukatu zuten, eta berriz kanpora hegaldatu ziren. Orduan neskatxak erretiluak eraman zizkion amaordeari, eta pozik zegoen, eta uste zuen orduan bai, jaira joatea izango zuela. Baina amaordeak esan zuen:

- Ez din ezertarako balio, ezin haiz gurekin etorri; izan ere, soinekorik ez daukan eta ez dakin dantza egiten, eta lotsa-lotsa eginda utziko gintuzken.

Gero bi alabekin batera alde egin zuen.

Etxean inor ez zenean, Marierrauskin bere amaren hilobiko hurritz azpira joan zen eta hots egin zuen:

- Arbolatxo, arbolatxo, abarrak astin itzazu, urrea eta zilarra nire gainean bota itzazu.

Orduan hurritzeko txoriak bota zion urre-zilarrezko soineko bat, eta zetaz eta zilarrez brodatutako zapatak. Soinekoa jantzi zuen eta jaira joan zen. Bere ahizpek eta amaordeak ez zuten ezagutu, eta pentsatu zuten atzerriko printzesaren bat-edo izango zela, hain ematen zuen ederra soineko oparia jantzita. Ez zitzaien inola ere bururatu Marierrauskin izan zitekeenik, hura etxean zikinkeria artean egongo zela uste baitzuten. Printzea bidera irten zitzaion eta eskutik heldu zion, eta berarekin dantza egin zuen. Printzeak ez zuen beste inorekin dantza egin nahi izan, ez zion eskua askatu, eta beste norbait dantza eskean hurbiltzen zitzaionean printzeak esaten zuen:

- Nire dantza laguna da.

Dantza egin zuten ilundu arte; orduan neskak etxera nahi izan zuen. Printzeak, halere, esan zion:

- Zurekin joango naiz eta lagunduko dizut –izan ere, jakin nahi zuen neska eder hura zein etxetakoa zen.

Alde egin zuen, halere, neskak, eta usategira lasterka joan zen. Itxaron zuen, bada, printzeak aita etorri arte, eta esan zion neskato ezezagun hura lasterka usategira joana zela. Orduan pentsatu zuen aitak:

- Litekeena da Marierrauskin izatea –eta aizkora-aitzurrak eramateko agindu zuen, usategia apurtu ahal izateko; baina han barruan ez zegoen inor. Eta amaordea eta ahizpak etxera iritsi zirenean, Marierrauskin errauts artean zegoen zarpail zikinak jantzita, eta olio-kriseilu batek argitzen zuen tximinian; izan ere, Marierrauskinek azkar-azkar ihes egin zuen usategitik hurritzera, soineko ederra erantzi eta hilobi gainean utzi zuen, eta gero txabusina grisa jantzirik sutondoko errauts gainean eseri zen.

Hurrengo egunean, gurasoek eta ahizpaordeek alde egin eta festa berriz hasi zenean, Marierrauskin hurritzera joan zen eta esan zuen:

- Arbolatxo, arbolatxo, abarrak astin itzazu, urrea eta zilarra nire gainean bota itzazu.

Orduan txoriak aurreko egunekoa baino ere soineko ederragoa bota zuen. Eta jaian soineko hori jantzita agertu zenean, jende guztia miraritu zen haren edertasunaz. Printzeak, halere, hura noiz iritsiko zain, berehala eskutik heldu zion, eta harekin bakarrik dantza egin zuen. Besteak dantza eskean hurbiltzen zitzaizkionean, printzeak esaten zien:

- Nire dantza laguna da.

Ilundu zuenean, neskak alde egin nahi izan zuen, eta printzeak lagundu nahi zion, ikusi nahi zuelako zein etxetara joango zen, baina neska ihesi joan zen etxe osteko lorategira. Han madariondo eder handi bat zegoen egundoko fruitu ederrez betea, eta arin baino arinago madariondoan gora egin zuen, eta printzeak jakin ez, non sartu ote zen. Itxaron zuen aita etorri arte eta esan zion:

- Neska ezezagunak ihes egin dit, baina uste dut madariondo gainera igo dela.

Aitak pentsatu zuen:

- Litekeena da Marierrauskin izatea –eta aizkora ekartzeko agindu zuen, eta zuhaitza bota zuen, baina han gainean ez zegoen inor. Eta amaordea eta ahizpak sukaldera iritsi zirenean, hantxe zegoen Marierrauskin errauts artean, betiko moduan; izan ere, zuhaitzaren beste aldetik behera ihes egin, eraman zizkion hurritzeko txoriari arropa ederrak, eta txabusina grisa jantzi zuen.

Hirugarren egunean, gurasoek eta ahizpek alde egin zutenean, berriro joan zen Marierrauskin amaren hilobira, eta esan zion arbolatxoari:

- Arbolatxo, arbolatxo, abarrak astin itzazu, urrea eta zilarra nire gainean bota itzazu.

Bota zizkion, bada, txoriak soineko bat, ordura artekoak baino ere bikainagoa, eta zapatak, oso-osorik urre gorrizkoak. Jaira iritsi zenean, jende guztia miraz gelditu zen zer esan ez zekiela; printzeak berarekin bakarrik egin zuen dantza, eta neskatxari inork dantza eskatzen bazion, printzeak esaten zuen:

- Nire dantza laguna da.

Ilundu zuenean, Marierrauskinek alde egin nahi izan zuen, eta printzeak lagundu nahi izan zion, baina ihesi joan zen neska. Urrezko ezker-zapata galdu zuen, ordea, zeren eta printzea eskailerak bikez igurzteko agindu zuen eta, hartara, zapata itsatsita gelditu zen. Jaso zuen, bada, zapata, eta hurrengo egunean zapata aldean zuela gizonarengana joan zen eta esan zion emaztetzat hartuko zuela urrezko zapataren neurriari ondoen zetorkion oinaren jabea. Bi ahizpak poztu ziren, oso oin politak zituztelako. Zaharrena zapata aldean zuela logelan sartu zen probatzera, eta ama ondoan zuen. Baina behatz erpurua ezin izan zuen sartu, zapata beretzat txikiegia zelako; orduan amak labana bat luzatu eta esan zion:

- Ebaki ezan behatza; erregina haizenean, ez dun gehiago oinez ibili beharko.

Neskatxak behatza ebaki zuen, indarrez oina zapatan sartu, eta printzearengana joan zen. Printzeak emaztegaitzat hartu, zaldi gainean jarri, eta harekin batera trostan alde egin zuen. Igaro behar zuten nolanahi ere hilobiaren aurretik; hango hurritz gainean zeuden bi usotxoak pausaturik, eta hots egin zuten:

- Gur-gur, gur-gur, zapatan odola bor-bor, txikiegia da zapata, benetako emaztegaia etxean da eta.

Begiratu zion, bada, printzeak neskaren oinari, eta ikusi zuen odol jarioa. Jiratu zuen zaldia, eraman zuen etxera emaztegai faltsua, eta esan zuen ez zela hura benetakoa, zapata beste ahizpak ipini behar zuela. Joan zen, bada, ahizpa hura logelara eta behatzak, bai, sartu zitzaizkion zapatan, baina orpoa handiegia zen. Orduan amak labana bat eman zion, eta esan zion:

- Ebaki ezan orpoaren zati bat; erregina haizenean, ez dun gehiago oinez ibili behar izango.

Neskatxak ebaki zuen, bada, orpoaren zati bat, oina indarrez zapatan sartu, eta printzearen aurrera atera zen. Printzeak emaztegaitzat hartu, zaldi gainean jarri, eta trostan alde egin zuen harekin batera. Hurritz ondotik igaro zirenean, bi usotxoek, gainean pausaturik, hots egin zuten:

- Gur-gur, gur-gur, zapatan odola bor-bor, txikiegia da zapata, benetako emaztegaia etxean da eta.

Printzeak so egin zion oinari, eta ikusi zuen zapata odola dariola, eta galtzerdi zuriak odolez gorritzen. Jiratu zuen, bada, zaldia, eta berriz eraman zuen etxera emaztegai faltsua.

- Hau ere ez da benetakoa –esan zuen printzeak-, baduzue beste alabarik?

- Ez –esan zuen gizonak-, soilik nire emazte zenaren marizikin itsusi txikitxo bat; hori, halere, ezin da emaztegaia izan.

Printzeak esan zuen bila joateko; amak, ordea, erantzun zuen:

- Inola ez! Zikinegia da, eta ez dago inoren aurrean aurkezteko moduan.

Baina printzeak kosta ahala kosta nahi zuen Marierrauskin aurrean eduki, eta deitu behar izan zioten. Orduan, neskatxak aurpegia eta eskuak garbitu zituen lehenik, gero hara aldera joan, makurtu zen printzearen aurrean, eta printzeak eskuan jarri zion urrezko zapata. Erantzi zuen, bada, Marierrauskinek ezker oineko zapata astuna, sartu zuen oina urrezko zapatan, eta pittin-pittin bat sakatuz, barruan egokitu zen, harentzat egina izan balitz bezala. Eta neskak soina altxatu zuenean, printzeak haren aurpegia ezagutu eta esan zuen:

- Hauxe da bai, benetako emaztegaia!

Amaordea eta bi ahizpak aztoratu eta zurbildu ziren amorruaren amorruz; printzeak, halere, Marierrauskin zaldi gainean jarri eta trostan alde egin zuen harekin batera. Hurritz ondotik igaro zirenean, bi usotxo zuriek hots egin zuten:

- Gur-gur, gur-gur, zapatak odolik ez du, zapata ez da txikia, benetako emaztegaia printzeak etxera darama.

Eta hori hots eginda, hegaldatu ziren beherantz, eta Marierrauskinen sorbalda gainean jarri ziren, bata eskubian, bestea ezkerrean, eta hantxe gelditu ziren.

Printzearen eta Marierrauskinen ezkontza ospatu behar zenean, ahizpaordeak azaldu ziren, adiskidetu eta haren zorionean parte hartu nahian. Ezkongaiak elizara zihoazela, zaharrena eskubian jarri zen, gazteena ezkerrean, orduan usoek begi bana lehertu zieten mokoka; ondoren, elizatik irtetean, zaharrena ezkerrean eta gazteena eskubian jarri ziren, orduan usoek beste begi bana lehertu zieten mokoka. Eta bizitza osorako itsumena izan zuten zigor gisa beren makurkeriagatik eta faltsukeriagatik.

 

GOMEZ, Genaro. Grimm anaien ipuinak, Pamiela

 

--->>>irakaslea<<<---