literatur sorkuntza

Ipuin bati bukaera eman

Mikel Antzaren ipuina esku artean duzue. Suzko gezi bat bezala arreta handiz irakurri eta bukaera asmatu. Eskolan ikasleak asmatutako bukaera batzuk irakurriko ditugu eta gero irakasleak originala emanen dizue.

barratxoa

«...Suzko gezi bat bezala
bizitza landetatik doa
Manitu handiaren baratzera.»

Waka-ho

«Gaixtoaren gezi suz eraixeki guziak
iraungi ahal ditzazuen»

Leizarraga, Ephesioei episrola VI-16

Waka-Ho haur zelarik gurasoak galdu zituen. Onondagas irokes tribuko agure zaharrenak hartu zuen babesean eta aiton horren ahots lehunak deskribatutako eszena ederrak, ipuin lilurakorrak, betirako pausatu ziren Waka-Ho-ren irudimenean. Lur hoberik ez luke aurkituko halako haziak. Waka-Horentzat hitz bakoitzak kolore bat zeukan, arnasaldi bakoitzak erritmo bat adierazten zion. Eta hala, agurea zaharturik hil zenenan, Waka-Hok, han, basoaren abartsuenean negar egin zuen. Eta gero, aitonaren errautsak eskuan hartuz haizeak eraman zituen arte begira egon zen. Arratsean, hitzak bata bestearen atzetik irten zitzaizkion:

«...haizeak ajeatzen duen gorputz zimela
errauts da
eta errautsa landetan barreiatzen da
lore eta fruituen bidez nigana etortzeko...»

Waka-Horen haurtzaroa bakartia izan bazen, —agurearen laguntzak soilik ezkutatzen zuen bakardade hori— gaztaroa are uzkurrago eta beste gazteengandik aldenduago igaro zuen. Txikitan, tribuko beste haurrak desberdin begiratzen zituen; nahiago zuen mila aldiz agurearekin basoetako babes ilunean paseiatu, solasean, haur jolas mengeletan parte hartzea baino.

Bakardade hori hitzez betetzen irakatsia zion agureak eta orain hura aldendu zelarik, atsedeneko orduak ipuinak bergogoratzen ematen zituen. Horretan eta geziz tiratzen ere aritzen zen, laster tribuko tiralari onena bilakatu zen arte.

Aitonak kontatutako ipuinak bergogoratzen zituenez, beti asmatzen zuen zerbait berria, hemen edo han sartzeko... Bere bizitza aurrera zihoan, agurea hil zenetik beste asaldadura handirik gabe. Gutxinaka-gutxinaka, gainera, tribuko haurrak hurbiltzen zitzaizkion asmatzen zituen ipuinak eta esaten zituen poemak oso ederrak baitziren (tiralari izatearen ospeak ere bazuen horretan zerikusirik). Euria edo elurra ari zuen neguko egun hotzetan, Waka-Horen «tipi»a adin guztietako haur eta gaztez beterik egon ohi zen. Eta, Waka-Hok, agureari ikasi zion ahots lehunez esaten zituen irokesen tribuetako kontu zaharrak.

Horietako egun batean, otsoak kanpamentutik hurbil zebiltzan gaua zen, auhen batzuk entzun ziren baso aldetik eta gero, eztanda bi. Waka-Horekin zeuden guztiek arnasa eten zuten eta txintik atera gabe geratu ziren adi-adi. Waka-Ho izan zen jaikitzera ausartu zen bakarra, larru lodiak gainean hartu eta gezi-uztaiz horniturik gaueko elurretara irten zen basorantz.

Beste eztanda batek hautsi zuen elurraren erori malgua eta otsoen oihuak areagotu ziren. Basoaren argiune baten erdian gizon zuri bat zegoen, otsoz inguraturik eta, antza zenez, handiki zauritua, odola baitzerion ezkerreko saihetsetik.

Waka-Hok trebeki jaurtiki zituen geziak eta bat, bi, hiru otso geratu ziren hilik elurretan, putzu gorri baten erdian bakoitza; besteek ihes alde egin zuten. Ordurako konortea galdua zuen zauritua bizkar gainean hartu eta «tipi»ra eraman zuen.

Une hartaxetik aldatu zen bere bizia. Gazte hark Edgar izena zuen eta irokesen hizkuntza ezagutzen zuen; sensibilitate handiz entzun zituen Waka-Horen poemak, zauria sendatzen zitzaion bitartean tribuarekin igaro zituen egunetan. Gizon hura biziki hunkitu zuten Waka-Horen poemek eta behin Waka-Ho poemak esaten ari zitzaiola mesede bat eskatu zion. Otsoek zauritua gertatu zen gau beldurgarri hartan zaldia galdu zuen eta zaldian poltsa baliotsu bat zeramala kontatu zion Waka-Hori. Hura ekarriko balio, asko eskertuko liokeela.

Waka-Ho segituan abiatu zen gizon hark seinalatu zion baso alderantz. Azkar baino azkarrago topatu zuen zaldiaren hezurdura, eta alboan larruzko poltsa.

Poltsa ikustearekin Edgarren begiak distiratsu ipini ziren eta arduratsuki barnean bilatzen hasi zen. Lehenengoz likido marroia zeukan botilatxoa atera zuen eta tragoska bat hartu ondoren, poltsan bilatzen jarraitu zuen. Liburu bat atera zuen bertatik eta honela esan zion sendatzen ari diren gaixoen ahots sakon, ahul eta lirurakorraz: «Nire hizkuntza irakatsiko dizut...».

Poema liburu bat zen eta uda baino lehen Waka-Ho liburu hura goitik behera ulertzeko gai zen. Edgarren laguntza sutsua zen eta goizaldeko ordutan ere aritzen ziren Waka-Ho ingelesez mintzatu zen arte. Edgarren zauria segituan sendatu zen, eta bazuen horretan botilatxoko likidoak zerikusirik; baina, oraindik idazten irakatsi nahi zion Waka-Hori.

Udarekin botilatxoaren likidoa agortu zen eta Edgarrek alde egin behar izan zuen. Waka-Hok idazten bazekien eta Edgarrek opari bat utzi zion, poema liburua eta orri zuriz osatutako liburuxka.

Waka-Hok liburua mila aldiz irakurri ondoren, laster, hizkuntza hartan idazten hasi zen, baldar hasieran eta gero eta trebeago orriak betetzen joan zen. Orri zuriak akabatu zitzaizkionean, behin eta berriz irakurri zituen (larruan idazten saiatu zen, baina ez zeukan paper elurtuaren lilura Waka-Horentzat). Izenburu bat idatzi zuen liburuxkaren hasieran, Edgarrek oparitutako poema liburuan ikusi zuen antzera: «Suzko Gezi bat bezala...» eta eskaintza ipini zuen beste liburua imitatuz:

«Handa-kari haur nintzelarik
jaso ninduelako eta zaindu eta dakidan
guztia irakatsi liburu hau,
Onondagas irokes tribuko Waka-Hok»

Orduz geroztik ez zuen ondo lo egiten Waka-Hok, ezinegonaren txindurriek atsedena eragozten zioten. Ideia bat zebilkion buruan: ikusia zuen Edgarrek eman zion liburuan zuzenbide bat, Boston zeritzan herriko kale batena, liburua argitaratu zuen argitaletxearena zen, hain zuzen.

Bestela ezin liteke izan ere, behin batean, gehio itxaron gabe, larruzko jazkirik dotoreena ipini eta kanpamentutik aldendu zen eguzkiaren printzek oraindik baso zabalak urreztatu ez zituen udazkeneko egunsentian, inor ohartu gabe. Boston hirira ailegatzeko erabakia hartua zuen.

Oinez legoa asko ibili zituen Albany herriraino, beti, zuelean liburuxka estutuz eta zenbaitetan bidaieko arriskutatik salbatzeko uztai-geziekin zuen abilezia erabiltzera behartua. Albanyn larru komertziante batekin tratuan hasi eta kastore larruak saldu zizkion; lortutako diruaz diligentzian txartela hartu eta Bostonerako bidaia luzean abiatu zen berriz ere, bidaiaren erdia behintzat burutua zuen.

Bostonerainoko bidaia aipatzeak ez du merezi, Waka-Hok era guztietako irainak jasan behar izan zituen eta ez zuen hitzik atera, bakarrik noizik behin liburuxka atera eta irakurtzen igarotzen zituen ordu luzeak.

Boston hirian lilurak gainditu zuen Waka-Ho. Albanyn ikusitakoa nahiko txundigarri bazen hura perspektiba guztien aldaketa izan zen berarentzat; kale luzeak begiratu eta zorabioa sartzen zitzaion eta etxeak burura eroriko ote zitzaizkion beldurrez ibili zen kale estuetatik. Lilurak eragozten zion zurien mespretxua atzematea. Jendeak zioen albotik pasatzean: «Begira ezazue! indio nazkagarri bat».

Argitaletxearen zuzenbidea aurkitzea kosta zitzaion, inork ez baitzion haren berri eman nahi, baina aurkitu zuen. Bi pisuko egurrezko etxe dotore bat zen eta atean gaizkin itxurako atezain indartsua zeukan. Honek, nahiko desgora eta uztai-azkonak bertan uztera behartu ondoren, sartzeko baimena eman zion (nahiko arraroa baitzen ingelesez hain dotore mintzatzen zen irokes higuingarri eta usain txarreko bat).

Ia hiru ordu aspergarri itxaron behar izan zituen urduri gela txiki eta oztu batean editorearekin egoteko baimena jaso arte. Urduri, Waka-Hok atea bultzatu zuen... bere aurrean begirada zorrotzeko gizon ilun bat, nahiko zahartua, eskuak higidura urduriz igurtzen zituena, begizulo sakonak nabari zitzaizkion eta kopetan inoiz ezabatzen ez ziren ardurazko hiru zimur. Argala zen, hezurtsua eta zigarro bat zeukan ezpain lehorretatik zintzilik; eskuz seinalatu zion esertzeko.

Waka-Hok begirada jaitsi gabe baina lotsati eseri eta liburuxka eskuratu zion. Hazka nabarmenez eta apika gorroto piska batez hartu zuen editoreak poema liburua, egunen igarotzeaz eta bidaia luzeaz ajeaturik zegoen orri mordoa.

Editorearen lehen hitzak «poemak, e?» mespretxati bat izan zen eta gero, tabakoak zakartutako ahots kaxkar batez ozen irakurri zuen, «Suzko gezi bat bezala...», «ja, ja» indar gabe batekin bukatzeko.

Waka-Hok inoiz sentitu ez zuen zerbait nabaritu zuen bularrean, mina, min arraro bat, bidaiaren nekeak, hiriaren lilurak, urduritasunak eta gizon haren ahots zakar eta iraingarriak sortutako mina. Baina, editoreak dedikatoria irakurri zuen barre algaraka hasiz eta arnasestuka Waka-Hori ezertarako betarik eman gabe irakurtzen hasi zen:

«Triste kantatzen du buztan-zuriak
arbola horren gainean
eta hosto bat erortzen da
lurrera eta haizeak altxatzen du.
Haizeak eramaten du ere errautsa
eta kea.
Haizeen menean mugitzen dira
landareak baratzean
Manituk bidaltzen digu haizea
eta haizeak eramaten gaitu beragana
suzko gezi bat bezala
bizitza landetatik doa
Manitu Handiaren baratzera...».

Bukatu zuen, eta berriro ere, «poemak, e?» lehen bezala eta gehitu zuen, «indiar bat ingelesez? um, um, um» eta isilunea. Gero aitakorki, liburuxka bueltatzeko keinua egiten zuen bitartean, esan zion Waka-Hori; «Bai arazoa da poemak direla... orain ez asko poema liburu bat argitaratu genuen, E.A. Poe zeritzan urlia batek idatzia "Tamerlane and other poema" eta desastre editorial bat izan zen, orduz gero poema liburu gehiago ez argitaratzea erabaki dugu» isildu zen, eta Waka-Hok beraganako gorrotoa nabaritzen zuen gizon haren hitzetan, erabiltzen zuen doinuan hau aditzen zuen Waka-Hok: «ja, ja, indio batek poemak idazten ditu eta gainera ingelesez... ja, ja, eta ez hori bakarrik tontolapiko honek argitaratzea ere nahi dik, inditar hauek, zazpigarren zeruan bizi dituk, ja, ja, ja». Eta orduan editoreak jarraitu zuen: «Ja, ja, indio bat poemak idazten eta gainera ingelesez, ja, ja, ja...».

Waka-Ho ez zitekeen aulki hartatik mugitu, itsatsirik bezala zegoen eta aditzen jarraiki zitzaion, «Dena dela, oso oker ez banago zu irokesa (mespretxu eta gorrotoz hitz hau) zara eta zuek edukiko dituzue kontu batzuk, agian horiek ingelesez idatzi eta ematen badizkidazu, argitaratuko nizkizuke poema (mespretxuz) hauek, eta liburuxka bota zion.

Waka-Horentzat gehiegi izan zen, aulkitik jaiki eta leku hartatik atera zen korrika editorearen barre nekatua belarrietan zuelarik, atezainari bultzada eman eta gezi-uztaiak kendu zizkion........

 

ANTZA, Mikel. Suzko gezi bat bezala. Susa argitaletxea (Moldatua)

EUSKAL IDAZLEEN ELKARTEA. Ipuina lantzeko gida. EIE argitaletxea

--->>>irakaslea<<<---