literatur sorkuntza

Ipuin bati bukaera eman

Mikel Antzaren ipuina esku artean duzue. Suzko gezi bat bezala arreta handiz irakurri eta bukaera asmatu. Eskolan ikasleak asmatutako bukaera batzuk irakurriko ditugu eta gero irakasleak originala emanen dizue.

barratxoa

Bostoneko kaleetan galdurik pasatu zuen ia egun guztia eta gau aldera, desorientaturik eta goseak sabela gaztigatzen ziolarik, jendez gainezka zegoen lokale ketsu batetan barneratu zen. Taberna hartan sartu bezain pronto, han zeuden mozkor guztiak algaraka hasi ziren, bazeukaten gauerako dibertsioa, burlaka eta iseka hasi zitzaizkion Waka-Hori eta hau larriturik alde egiten saiatu zenean, ez zioten utzi. Heldu eta barrara eraman zuten, han mozkorrek zioten, «edan ezak suzko ura, ja! ja! ja! gustatuko zaik, uooojoooiiii!!!!!» indiarren garrasiak imitatzen zituzten. Hiruren artean Waka-Ho atzetik hartu eta ahotik behera whisky basokada hustu zioten. Barrenak erre zitzaizkion Waka-Hori eta gero zorabioa etorri zitzaion. Bi, hiru, lau aldiz errepikatu zen eta guztietan irainak entzun behar izan zituen. Azkenerako, taberna hartatik ostikoka bota zuten Waka-Ho kaleko hautsa miaztera.

Burua biraka, erabat galdurik ibili zen kaleetan zehar, negarrez oroitzen zen tribuko kideez eta inoiz baino gehiago haurtzaroan zaindu zuen agureaz, Handa-Kaz. Gorroto bizi bat, suzko gorrotoa piztu zitzaion erraietan. Oharkabean argitaletxearen aurrean aurkitu zuen bere burua.

Begietan argi berezi bat zeukan Waka-Hok, ordura arte inoiz izan ez zuena eta makinalki gezi bat atera eta uztainean prestatu ondoren, su eman zion. Suzko gezia zuzen sartu zen editorialeko leihotik eta segundu gutxiren buruan suziri baten moduan piztu zen edifizioa. garrasiak entzun ziren leku guztietatik, eta edifizio barnean ere bai. Leiho batetik editoreak salto egin zuen, erropak suak harturik eta lurraren kontra hautsi zuen burua.

Waka-Hok suaren lilura galdu zuenean, alde egin zuen handik antsika, jendearen kontra behaztopa eginez, berriz ere galdu zen kaleetan. Jendea segituan hasi zen bere bila.

Tabernaz taberna ibili zen gertatutakoaz ezer ez zekitenek eskaintzen zioten «suzko ura» edanez eta irokesez esaldi luzeak errezitatzen, tabernako mozkorren trufarako hala zioen :

«giozi bat naiz, hosto bat, emetzen ez den hazia
gorrotozko gezi bat naiz
hosto iharra
zoriontsu bizi nintzen eta orain bizia ez da...
eta orduan Handa-kak basoan aurkitutako hartza hartu
beldurrezko tximista
eta ni...»

Herio desioz egarri jendetza hiritik zebilen indiar erahiltzailearen bila eta taberna batean aurkitu zuten whiskyz mozkorturik. Jo zuten odoldu arte eta soka bota zioten lepora; arrastaka erabili zuten hiriko kaleetatik azala sendo urratu eta desagertu zitzaion eta plaza nagusian astigar batetan urkaturik hautsi zitzaion bizkarrezura, eten arnasa, lehertu birikak, heriotzaren plazera... hil zen Waka-Ho, liburuxkaren orriak kaleetan zehar haizeak barreiatzen zituen bitartean.

 

--->>>ikaslea<<<---