literatur sorkuntza

Propp-en funtzioak I

Praktika eta aplikazioa: Propp-en funtzioak nola ageri diren ipuin honetan.

Balzolako gizon-sugea (Euskal Herriko ipuin herrikoia)

Negu aurreko batean, urteko lehen elur-malutak barruntatuz batera, ardietara joan ziren Paulo eta Pello anaia biak.

Ardiak Balzolako koba-zuloaren ondoko landan zeuzkaten eta elurra loditu baino lehen etxera ekarri nahi zituzten.

Han zebiltzan ardiok pilatu nahian, bateko txakurrari txistu egin, besteko motxila jaso elurra mara-mara ari zuen bitartean.

Ahalegin guztiak eginda ere, dena zen alferrik. Elurrak, goian-behean, zarratu-zarratu ekiten zion eta amen-jexux esan orduko dena txuritu zen, ardiak ez ibiltzeko moduan.

Ardiei hanka meheak elurtzan sartzen zitzaizkienean, euren artileak elur bolaz janzten ziren pisuaren pisuaz ibili ezinik utziz.

Ardiok lehorreratu nahiaren ekina begien bistan zegoen baina ezina bistarago. Horregatik Paulok hobe beharrean esan zion anaia gazteari:

Aizak, honekin elurte honekin ezingo gaituk etxera joan, ezta pentsatu ere! Orduan, horraxe, Bazolako kobazulora eramanen ditiagu ardiok harik eta lurmendu arte. Zer deritzok?

Nik neuk ondo! -erantzun zion Pellok. -Nire aldian, ez diat sekula honelako elurterik ezagutu, hik bai?

-Hobe ez! Ni neu gerrirainoko elurtea ere ezagututa negok, hi jaioberri hintzela. Orduan basabehiak eta zaldiak sartu nitian hortxe Balzolako kobazulo horretan. Gaur ere horrela egin beharko diagu, osterantzean hortzak hilko dituk segituan gautu behar dik-eta

Halaxe egin zuten. Aidatu ardiok eta dena beharrean heldu ziren ardi eta guzti kobazulo horretara.

Behin kobazulora joan eta gero, ardiek euren artileak astindu zituzten elur-bolak botatzeko. Jarraian etzan eta hausnar hasi ziren haitzuloaren abaroan.

Paulok eta Pellok ere euren soinekoei astinaldi bat eman eta gero, ezarri egin ziren kobazuloaren sarreran.

Paulok sua iziotu zuen eta jateko apur bat atera bere zakutotik. Pellok ez zeukan soinekoa baino besterik eta esan zion:

-Hi Paulo, zer dela-eta ekarri duk hau guzti hau? Jakin al duk ala gaua hemen egin behar diagula.?

-Jakin ez, -erantzun zion Paulok irribarrez- baina elurrarekin kontuz, elurra zuria dela beltza duk eta badaezpada zuhur ibiltzea bezalakorik ez zagok. Nik neuk ere aitarengandik ikasia zeukeat eta hik heuk ere ikasiko duk nire adinera heldu orduko.

Biak bietara, jan zuten Paulok eramandako jakia eta kontu kontetan zeuden noizbehinka sugarretan eskuak igurtziz.

Kandela bedeinkatu bat ere piztu zuen Paulok. Honek beti eramaten zuen kandelario egunean bedeinkatutako kandela bat aldean, behar zenean pizteko, fede handikoa zen-eta.

Loak noiz hartuko zeudela, Pellok suge handi bat ikusi zuen sauren ingurumaritik ardietarantz.

Zutundu egin zen eta sutatik bertatik ilenti handi bat hartuz, suge ikaragarria hiltzera joan zen.

Zertara hoa? -itaundu zion Paulok.

Suge madarikatu bat zegok hemen eta hil egin behar diat.

Ez Pello, ez ezak hil, hori ere Jaungoikoak egina duk eta!

Berdin zaidak, hil egin behar diat eta kitto!

Esan eta egin. Pellok indar guztiaz bota zion ilentia sugea joko zuelakoan, baina huts egin zuen eta buruan barik buztanean jo eta buztan punta kendu.

Sugea estaldu egin zitzaion koba barruko iluntasunean.

Gaua igaro eta eguna zabaldu zenean, Paulok joan-etorri bat egin zuen inguruetatik eta esan zion Pellori:

-Hi, egun eguzkitsua agertu duk eta joan ahal izango gaituk poliki-poliki etxera.

Halaxe gertatu zen. Arrastirian hartu ardiok eta gau iluntzerako bake-bakean zeuden etxean ardi bat bera ere galdu barik.

Negu luzea ere joan zen eta udaberria etorri zenean, Paulori guda batera joan beharra etorri zitzaion.

Urrun joan behar izan zuen, Luyandoko Malato arbola baino askoz urrunago. Gogoz kontra baina joan egin behar.

Guda hori luze egin zitzaion Paulori, baina halakoren batean akabatu zen gerra hori eta lizentziatzeko eguna ailegatu.

Gabon eguna zen. Eguerdi ostean lizentziatu zituzten soldaduok. Poza eta algara ez zen falta, baina Paulok, begiak jaso eta esan zion bere buruari:

-Ni nagok ona! Gabon arrastiria duk eta ez zeukeat gaur etxera heltzeko modurik. Aurtengo Gabonak bidean egin beharko ditiat. Baina tira, konformatu eginen nauk, gerra honetatik bizirik atea nauk-eta.

Hausnarketok eginda, etxerako bide hartu zuen Paulok. Oinez zetorren, bakar-bakarrik eta pentsakor.

Handik lasterrera gizon ezezagun bat hurreratu zitzaion Paulori eta era honetara hitz egin zion:

Zer burutazio dabilkik buruan?

Zer ibiliko diat ba, Gabon gaua etxean egin nahiarena! –erantzun zion Paulok-.

Bene-benetan Gabon gaua haiekin egin nahi duk?

Hik heuk ere ez dakik zenbateraino nahiago niakeen Gabon gaua neure etxekoekin egitea!

Hori nahi baduk, plantatu hadi nire neure lepoan eta nik neuk eramanen haut airean! Baina kontuz, kondizio batekin: hegaz goazela ez duk “arre deabrua” baizik erranen, aditu didak?

Paulok ezin zuen ezer ulertu baina, alde batetik, etxeratzeko gogo handia zuenez eta bestetik, gizon berezi hari ezetz esaten ausartzen ez zenez, hala esan zion:

Ondo zegok, joanen nauk. Baina ba al dakik hik nongoa naizen?

Jakingo ez diat ba! Oroitzen haiz, behinola, nola egon zineten hi eta hire anaia Balzolako kobazuloan gaua egiten elurte handi batekin eta nola hire anaia Pello han hil nahi izan zidaan!

Bai, oroituko ez nauk bada!

Bada ikus ezak nire eskua, atzamar txikia falta diat. Hauxe duk hire anaia ilentiarekin kendutako buztan punta. Oraindik anaiari hik esandako hitzak ondo ditiat gogoan: “bakean uzteko sugea, hori ere Jaungoikoak egina dela eta”; horregatik hirekin zorretan nagok eta Balzolako kobaraino eramanen haut.

Esan eta egin! Deabruak bere lepoan hartu Paulo eta honek “arre deabrua” esatearekin batera airean zeuden.

Gabon egun horretako iluntze aurretxoan heldu ziren Balzolako kobazuloaren atarira. Paulo guztiz zorabiaturik zegoen eta bere konortera etorri zenean ezin zuen sinestu ere egin Balzolan zegoela.

Deabruak Paulori zion zorra zeharo kitatu nahian edo, hitz hauek esaten hasi zitzaion:

Hi, Paulo, hator kobazuloaren barrenera, hor barruan zerbait zeukeat bai hiretzat eta baita hire anaia Pellorentzat ere.

Joan ziren biak barrura eta han, kobaren sakon-sakonean artza bat bete urre gorri zeukan deabruak gordeta. Horrela esan zion:

Tira, har itzak artza eta bertako urre gorri guztia ongi eginaren ordainetan. Eta hire anaia Pellori eraman iezaiok gerriko gorri hau eta esaiok oraingoz libratu egin dela. Hi izan haizen kasuan Pello izan balitz, harenak egina zian!

Ikusiak eta entzunak entzun ondoren, Paulok, deabruak emandakoak hartu eta Abemarietarako etxera jo zuen.

Etxeko atea kox-kox jo, etxean sartu eta bizitako guztia kontatu zien etxekoei. Haiek harrituta zeuden baina pozik.

Denak lasaitu zirenean, Paulok Pellori esku bat lepora bota eta beste eskuan gerriko gorria zeukalarik hauxe esan zion:

-Hi, Pello, gerriko hau heuretzat eman zidak deabruak!

Nik zertarako behar diat gerriko hori, -erantzun zion Pellok- loti iezaiok etxe aurreko intxaurrondoari!

Halaxe egin zuen Paulok. Baina gerrikoa intxaurrondoari lotzearekin batera, zzzzzziiiiiisssssttttt!, sustrai eta guzti desagertu zen, intxaurrondoa hondoaren lainoetan galduta.

Denak ikaratu ziren eta badaezpada, haiek urre gorria ere, etxean utzi beharrean, abadeari eramatea deliberatu zuten. Eta esaten da, urre gorri guztiak San Pedro parrokiako Gabon gaueko meza ordaintzeko erabili zirela.

Juan Manuel Etxeberria, Gabonetako ipuinak, Ibaizabal

 

--->>>irakaslea<<<---