literatur sorkuntza

TartAROA

Tartaroen munduan murgilduko gara. Ba al dakizu nor diren tartaroak? Entzun al duzu noizbait? Pista bat emanen dizugu, horretarako Koldo Izagirreren pasarte bat irakurriko duzu. Tartaroei eta euskaldunei buruz mintzatzen da. Ea zer iruditzen zaizun!

"Euskaldunak, tartaroak bezala (...) dialekto tartaro bat hitz egiten [dute eta] tasunaren eta gizatasunaren arketipo dira; ofenditzen direnean bakarrik dira lanjerosak; orduan izugarriak dira, egia esan (...). Jende fidela eta honratua dira euskaldunak, desinteresatuak, onak eta etxerakoiak atzerritarrekin; tartaroen karakterretik guztiz gertu dauden puntuak hain zuzen. Baina lerdo xamarrak dira eta beren kapazitatea ez da, hurrik eman ere, lehen mailakoa, eta honetan ere tartaroen antzekoak dira".

 

Ados zaude? Zer deritzozu?

Orain tartaroen ipuin bat irakurriko duzu. Irakurri eta gero, beltzez dauden hitzen sinonimoa eman beharko duzu, horretarako, testuinguruaz balia zaitez.

 

 


Tartaro

Asko munduan bezala bizi zen ama bat bere hiru semeekin. Ez ziren aberatsak baina lanetik bizi ziren. Mutil zaharrenak erraten dio bere amari egun batez abantaila gehiago luketela joaten balitz mutil. Amak ez zuen nahi baina azkenean uzten du.

Badoa joan, joan, joan. Iristen da etxe batera. Galdetzen du ea behar duten mutilik. Erraten diote baietz. Egiten dituzte baldintzak: jaunak emanen diola soldata handia, ehun mila libera. Baina mutilak egin beharko dituela nagusiak agintzen dituen guztiak eta ez baditu egiten, nagusiak bizkarreko larrua ken urtearen buruan eta soldatarik gabe igor. Mutilak erraten dio ongi dela, azkarra dela eta ariko dela lanean.

Biharamunetik ematen dio nagusiak lan anitz. Egiten ditu errazki. Azkeneko hilabetetan nagusiak bortxatzen du gehiago. Egun batez igortzen du landara hamalau erregu ogien ereiteko egun hartan. Mutila badoa tristeki idi pare bat hartuta. Heldu da noizbait arratsean. Nagusiak erraten dio:

—Egin duk lana?

Erraten dio ezetz.

—Oroitzen haiz baldintzez? Behar diat bizkarreko larrua kendu. Hura duk hire soldata.

Kentzen dio erran bezala eta igortzen du deus gabe bere etxera. Ama hura penatu zen ikustean iristen hain mehe eta eri, deus dirurik gabe. Kontatzen du zer pasatu den eta bigarren anaiak nahi du partitu berehala, azkar dela hura eta eginen duela hark baino lan gehiago. Amak ez zion nahi baina utzi behar izan zuen. Badoa jaun beraren etxera. Baldintza berberetan sartzen da eta urtea aurreratua zuelarik, igortzen du hura ere hamalau erregu ogien ereitera.

Abiatzen da goizean goiz bi idi parekin, baina iluna etorri zen hark dena erein gabe. Nagusia, loriaturik, poztu zen hori ikustearekin. Kentzen dio hari ere bizkarreko larrua eta igortzen du etxera deus dirurik eman gabe. Pentsa ezazue ama haren pena bi haurrak etortzean planta hartan.

Hirugarrenak nahi du partitu. Berehala segurtatzen du ama hark ekarriko duela dirua eta bere bizkarreko larrua. Badoa jaun haren etxera. Erraten dio hari ere soldata handi ematen duela, baina hark erran guztiak egitekotan, bestela bizkarreko larrua ken eta deus gabe igor urtearen buruan. Ongi ariarazi zuen lanean hamar hilabetez baina orduan nahi zuen frogatu. Igortzen du landara eta erraten dio behar duela hamalau erregu ogi erein arratseko. Erraten dio baietz. Hartzen ditu bi idi pare. Badoa landara. Egiten du ildo bat eta han botatzen ditu hamalau erreguak. Landaren inguruan egiten du beste ildo bat haien estaltzeko eta badoa ilunerako etxera. Nagusia harritua da. Galdetzen dio ea erein duen. Erraten dio baietz. Dena lurrean dela. Posible dela segurtatzea. Nagusia ez zen kontent. Beldurtu zen.

Biharamunean igortzen du hamasei behirekin holako landetara eta erraten dio sarrarazteko abere haiek atetik eta atekarik ireki gabe. Gure mutilak hartzen du aizkora bat, burdin sarde bat, aitzur bat eta badoa. Iritsi denean landa hartara, hiltzen ditu denak aizkorarekin, puskatzen eta burdin sardearekin landara botatzen. Heldu da arratsean etxera. Nagusiari erraten dio, han zirela behi guztiak landan, hark erran bezala. Ez zen nagusia kontent baina ez zezakeen deus erran. Biharamunean erraten dio joateko holako basora eta ekartzeko handik orga bat egur, baina denak zuzen-zuzenak. Badoa gure mutila eta pikatzen du txara bat gaztainondo, nagusiak berak landarazi zuena eta ongi ederra zena eta heldu da etxera. Nagusia, hori ikusita, ez zezakeen ezer erran. Baina ez zen kontent. Erraten dio biharamunean joan behar duela berriz ere idiekin eta ekarri orga bat egur, baina denak makurrak, zuzenik ekartzen baldin bazuen, hainbat gaiztoago harentzat.

Badoa mutikoa eta ateratzen du mahasti eder bat. Orga kargatu eta heldu da etxera, nagusiak hori ikusi eta ez zezakeen deusik erran. Ez zekien zer pentsa. Igortzen du baso batera. Han bazen tartaro bat eta baso hartara joaten ziren jende eta animalia guztiak jaten zituen. Ematen dizkio nagusiak hamar txerri eta ematen dio hamar egunentzat jatekoa erraten diolarik han aseko direla txerriak, ezkurrez anitz baitzen, eta etortzeko hamar egunen buruan.
Abiatzen da gure mutila. Badoa joan, joan, joan. Aurkitzen du emakume zahar bat. Erraten dio:

—Nora zoaz, mutil?

—Holako basora, txerri hauen asetzera.

Erraten dio emakumeak:

—Zuhurtasuna baduzu ez zaitez joan. Jango zaitu tartaro izugarri hark.

Emakume hark bazuen saski bat intxaur buru gainean eta erraten dio:

—Ematen balin badizkidazu bi intxaur garaituko dut tartaroa.

Ematen dizkio gogotik eta badoa aurrera joan, joan, joan eta atzematen du beste emakume zahar bat hari harikaltzen ari zena. Erraten dio:

—Nora zoaz mutil?

—Holako basora.

—Ez zaitez joan. Bada han tartaro izugarria. Jango zaitu segurki eta zure txerriak ere.

—Joan behar dut. Igual da eta garaituko dut ematen balin badizkidazu zure bi harilko horiek.

Ematen dizkio gogotik. Badoa aurrera eta atzematen du arotz bat. Hark ere galdetzen dio nora doan. Erraten dio:

—Holako basora, txerri hauen gizenaraztera.

—Bazoaz atzera. Bada han tartaro bat segurki jango baitzaitu.

—Ematen baldin badidazu labana bat, garai nezake.

—Emanen dizut gogotik.

Badoa gure mutila eta iristen da baso hartara. Mozten dizkie txerriei buztanak. Gordetzen ditu segurean eta agertzen zaio tartaroa. Erraten dio nola etorri den hara, jan behar duela. Orduan, erraten dio mutilak:

—Jan ezak txerri bat, baina ez nazak uki.

Hartzen ditu bi intxaur eta karraskatzen ditu bat bestearen kontra eta erraten dio:

—Badizkiat hemen bi bala. Hauetariko batek ukitzen bahau, hila haiz.

Tartaroa izutu eta badago isil-isila. Txerri bat jan eta heldu zaio oraingoan eta erraten dio:

—Egin behar diagu apustu bat. Zeinek egiten duen egur zamarik handiena.

Tartaroa hasten da pika eta pika. Uzten du gure mutilak. Tartaroak egiten duenean izugarri bat, hasten da mutila bere harilkoarekin arbolen inguratzen eta erraten dio:

—Hik horiek eta nik hauek guztiak.

Eta badoa arrimatuz. Tartaroak, baso galtzearen beldur, onartzen du oraingoan bera baino abilagoa zela. Hamar egunak igaroak baitzituen, egiten du mutilak gauez su handi bat, labana han gorritzen du eta tartaroa lo zegoelarik sartzen dio laban hura begi bakarretik. Txerri buztanak hartu eta badoa baso hartatik txerririk gabe, zeren tartaroak egunean bat jan baitzion.

Bere nagusiaren etxearen inguruan bazen lamizulo bat. Gure mutilak botatzen ditu ahal bezala txerrien buztanak zulo hartara, bat ez salbo, eta badoa lasterka nagusiarengana erraten diolarik txerriak poz-pozik heldu zirela etxe alde.

—Hala berotuak ziren lasterka etorriz, non zuloan sartu baitzaizkit guztiak. Bat nahi izan dut tiraka aterarazi, baina buztana besterik ez zait etorri. Hona non dudan.

Badoa nagusiarekin lamizulo hartara, baina ez zen nagusi hura ere ausartu han sartzen haiek handik ateratzeko. Tristeki joan zen mutilarekin bere etxera ez jakinez gehiago zer pentsa. Hantxe eman zizkion bere ehun mila liberak eta mutila joan zen harro bere etxera, bere ama eta anaiengana. Han bizi izan zen ongi eta gizona gelditu zen ehun mila libera gutxiagorekin.

(ETXANIZ ERLE, Xabier. Geure ipuinak. Pamiela)

 

 

Bakoitzaren sinonimoa gezi baten bidez lotu.

Erregu   Ebaki
Orga   Mataza
Txara   Apurtu
Harilko   Gurdi
Karraskatu   Pisu-neurria
Pikatu   Dirua
Libera   Zuhaixka


irudia Nolakoa da testuan ageri den tartaroa? Zeintzuk dira bere ezaugarriak?

irudia Zein dira testuan ageri diren beste pertsonaiak?

irudia Euskal mitologiako pertsonaiarik ezagutzen duzu? Zein?

irudia Ea ezagutzen dituzun jarraian ageri diren pertsonaia guztiak! Izenak eta definizioak lotu:

ABERRI, LAMIAK, ATARRABI, AIREGAIZTO, AMALUR, INGUMA,
EHIZTARI BELTZA, MIKOLAS, IRATI eta TARTALO edo TORTO.

  Euskal mitologiako jeinu gaiztoa, bekokian begi bakarra duena. Polifemo ziklopea gogorarazten du, Homerok "Odisean" aipatua. Haitzuloetan bizi da eta bertara inguratzen den edonor hartu eta jan egiten du.
  Euskal mitologiako jeinua Lapurdin, lainogatxo ere deitua beste lekuetan. Ekaitzak sortu eta tximistak bideratzen zituen, batzuetan baserri eta soroen aurka. Haiek babesteko aizkora bat jartzen zen ahoz gora etxeko ate aurrean edo zelaian. Kostaldean, berriz, oso hedatua dagoen ustea da jeinua itsasotik datorrela eta lanbro itxuran mozorrotuta soroetako eta gari zelaietako uztak desegiten dituela. Horrela, gizakiaren gaitzak erein eta zabaldu egiten ditu.
  Euskal mitologiako deabruak. Zenbait herritako kondairetan, zubi-eraikitzaileak dira.
  Euskal mitologiako jainko gizonezkoa, Pirineo aldekoa; erromatarren garaiko zenbait hilarri eta aldare-harritan aurkitzen da. Haren ezaugarri eta funtzioak ezezagunak dira.
  Euskal mitologian, emakume-itxura duen izakia; aldaera desberdinen arabera oinak ahuntz, ahate edo oilarrarenak izan ditzakeena. Kostaldeko herri batzuetan arrain isatsez azaldu izan dute, beste herrialdetan arrain buztana ere dute. Kondaira gehienen arabera, berriz, erreka inguruan arropa garbitzen eta orrazten egoten ziren. Nekazariren batek erreka-ertzean janaria uzten bazien, gauez jaten zuten lamiek, eta horren truke, lurra goldatu edo bukatu gabe utzitako lana amaitzen zioten. Mitologian zein artelanetan, ibai-ertzean eserita eta urrezko orrazi batez ile gorrixka orrazten ageri dira beti. Gazte anitz maitemintzen eta liluratzen zituzten, baina gazteak, lamien oinetan erreparaturik, haiek konturatzen ziren penaz edo etxekoen esanagatik ohartzen ziren haiekin ezin zitezkeela ezkondu.
  Etxeetan sartu, eta barruko biztanleak lo daudenean, izorratu egiten ditu amesgaiztoak sortzen. Mauma ere esaten zaio.
  Eguzkiaren eta Ilargiaren amatzat hartzen da Lurra. Izakiez gain, pertsonaia mitologikoen, numenen eta arimen bizileku da. Landareen eta animalien bizia ziurtatzen du. Altxor izugarriak gordetzen ditu bere baitan. Fruituak eskaintzen ditu oparitzat eta bazka sortzen haziendak ugal daitezen. Urrez beteriko idinarruak aipatzen dira mendi eta leize anitzetan, eta gizaki ugari saiatu izan da hainbat leku zulatzen mito horiei jarraikiz. Diru txanponak eskaintzen zitzaizkion Lur jeinuari, amalurra zaintzen duen jeinuari alegia, ordainean mesedeak jasotzeko esperantzan. Kristauek ohitura hori bereganatu, eta baseliza barruetan txanponak uztea bilakatu dute, adibidez, Aralarko Mikel Deunaren santutegian.
  Euskal mitologiako pertsonaia; Mariren seme ona eta Etsairen ikasle ona. Bere anaia Mikelatsen gaiztakeriak indargabetu egiten ditu. Itzalik gabe bizi zen, baina bizitzako azken uneetan berreskuratu eta salbatu egin zen.
  Euskal mitologian maiz azaltzen den pertsonaia, atsedenik gabeko ibileran ehizagaien bila mendi eta aranetan barrena ibiliko dena. Oso hedatua da pertsonaia honen mitoa Euskal Herri osoan. Beste izen batzuk ere ezagutzen zaizkio: Martin edo Mateo Txistu Gipuzkoan, Salomon erregea Zuberoan edo Joanito Txistularia Bizkaian, esaterako. Gaskoniako landetan, mitoa izen zelta duen Artus erregea da. Zazpi urtetik behin azaltzen da munduari bira ematen denbora hori behar duelako.
  Basoa (Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Nafarroa Garaiko basoa, Pirinioetan; Pikatuatik Iparraldera, Aboditik Ekialdera eta Aezkoatik Mendebaldera zabaltzen da. Europako pagadirik zabalena da; 6.520 ha. Gainera, izeiak, pinuak, arteak eta flora aberatsa ditu) eta ibaia (Urtxuria eta Urbeltza ibaiek bat egin ondoren jaiotzen da) anitz alegi eta mitoen gunea da.Loturak: ehiztaria


irudia Asko ikasi al duzu? Orain pertsonaia hauekin guztiekin tartaroen aroko ipuin bat sortuko duzu. Gogoratu non, noiz, nor eta zer gertatu den kontuan hartu behar duzula. Animo!

--->>>irakaslea<<<---