eibz atlas sentimentala
patxi zubizarreta
LAN-EGUNKARIA
MARTXOAK 26

a. ariketa

Kapitulu honetan kultura horretako hitz ezagun eta ezezagun batzuk ageri dira.

buleta berbere

buleta Mahoma, mahometar

buleta muezin

buleta minarete

buleta Magreb

buleta Meka

buletakus-kus

 

Baten bat ahaztu zaigu? Hala bada, zerrendan erantsi.

Beno, hitz hauek ezagutzen dituzu? Badakizu zer esan nahi duten? Hitz hauen esanahia Harluxet Hiztegi Entziklopedikoan bilatu eta beheko galdera hauei erantzun.

Zer dira berbereak?

Mahometarrak Mahoma herriaren gentilizioa da? Nor dira?

Muezin, minarete eta magreb zer dira?

Meka megasupermerkatu baten laburdura al da?

Nolakoa izanen da kus-kusa, ona, mingotsa... ?

Martin dagoen herrian zeren usaina izanen du? Zure ustez nolakoa izanen da bertan dagoen usaina?

 

 

b. ariketa

Telebistarik eta bideo jokorik ez balego, zertan emanen zenuke denbora? Jokoren bat ezagutzen duzu? Zein? Zer egin behar da joko horretan? Saia zaitez bospasei lerrotan joko horren instrukzioak ematen. Ondoren, ikaskide bati pasa iezaiozu ongi ulertzen duen ikusteko (ahozko azalpenik gabe).

Bestela, joko hauen jolasteko modua eman dezakezu: seietan, eskoban, astoan... zertan datza?

 

c. ariketa

Liburuaren (31. eta 32. or.) pasarte batean Atlas Mendikateari buruzko sorreraz hitz egiten da. Pirinioen sorrerari buruzko istoriotxo bat irakurriko duzu eta gero antzekoren bat asmatuko duzu, ezagutzen duzun beste mendiren baten jatorria azalduz.

Pirinioen sorrera

Jainkoak munduan barrena gizakiekin nahastuta, beti Zeus handiaren gutiziei men eginaz bizi ziren aspaldiko garaiez hitz egin nahi dizuet, Pyrene ederrak iturrietako ur gardenak zaintzeko zeregina betetzen zuen garaiez.

Jainkosa ederrak begirada fantasia urrunetan murgildurik zuela igarotzen zituen egunak; aldian-aldian, bizi zen laku ertzera makurtu eta urari uzten zion haren edertasuna kopiatu eta adats luzea ferekatzen.

Noizean behin inguruko mendien gailurretan jolasean edo borrokan ari ziren erraldoien ahotsak aditzen ziren deiadarka. Guztien artean, ordea, burrunbariarena, Gerion beldurgarriarena zen, Pyrene emaztegaitzat hartzea desio zuen hiru buruko erraldoiarena. Baina jainkosak gorrotoa zion, eta horrexegatik, erraldoia beregana hurbiltzen saiatzen zen bakoitzean, zeharkatu beharreko oihan beltza itxi egiten zen bere bidean eta sasiek erraldoiaren hiru aurpegi ezin itsusiagoak eta esku beldurgarriak urratzen zituzten, harik eta, azkenik, hura geldiarazi eta haserre bizian itzularazten zuten arte.

Eta hala izan zen, egun batez erraldoiak, etsi-etsian, ibarrari su ematea erabaki zuen arte. Orduan, esku indartsuez tximista eta trumoiez gainezka zeuden laino ilunak gogor estutu eta landarediaren gainera jaurti zituen, ibar osoa itzelezko sugarretan estaltzeraino.

Zeus handia izugarri haserretu zen erraldoiarekin, haren burugabekeriagatik, eta Herkules semea bidali zuen mendeku hartzera. Sasoi hartan, Herkules, borrokaldi eta neke askoren ostean, atseden hartzen zegoen Iberiako itsasertz lasaietan.

Gerionen desafio orroek eta poztasun oihuek atera zuten hain justu ere Herkules atsedenalditik. Heroia laster batean gailur altu haietara igo zen, bere ospea handituko zuen erronka berri baten bila.

Borroka ikaragarri bat hasi zen, eta Herkules laster atera zen garaile. Munstro erraldoiaren azken orroak itzaltzen ari zirenean, aiene goxo batek erakarri zuen heroiaren arreta. Aienea ibarraren sakonetik zetorren, eta hartarantz abiatu zen berehala.

Iristean Pyrene aurkitu zuen, zaintzen zituen iturburuen ondoan konortea galduta. Haren edertasuna ikusita, berehala maitemindu zen eta besoetan hartuta, itsasertzera eraman zuen suspertzeko asmoz. Orduantxe itzuli zen bere onera nereida ederra, itsasoko haize freskoak lagundurik, eta heroi salbatzailearen gorpuzkera mardul eta adoretsua ikusi zuen.

- Ez beldurrik izan, ene ninfa ederra –esan zion urruma zirudien ahotsarekin-. Nire besoek mendietako kobazuloetan bizi zen erraldoi izugarri hartatik libratu zaituzte behin betiko.

- Biziki estimatzen dizut, oh, Zeusen seme –esan zion neskak, ezagutu zuenean-. Ziur naiz zure aita ahaltsuak hain ekintza ausarta saritzen jakingo duela.

- Dagoeneko saritu nauela uste dut –erantzun zion Herkulesek-, hari esker aurkitu baitzaitut, nire loria eta zorionerako –eta gero, samurtasunez besarkatzen zuen bitartean-: zatoz nirekin Olinpora. Nire emaztea izango zara, eta Alkmene nire amak indarraren dohaia emango dizu, nire beso indartsuekin eta baita zeureekin ere behin betiko zoriontsu izan gaitezen.

- Asko eskertzen dizut, oh Herkules handia -erantzun zion Pyrenek-. Eskatzen didazuna egingo nuke, baina nire ibarretik eta bertako iturburuen ur-soinu gozotik urrun tristeziaz eta urruti-minez hilko nintzateke.

- Baina ez al duzu ikusten, neskatxa eder hori, zure ibarrean errautsak besterik ez direla gelditzen? –esan zion heroi maiteminduak-. Nik iturburu agortezinak dituzten beste ibar batzuetara eramango zaitut, eta zure edertasunari abestuko diote betiko. Zatoz nirekin.

- Ezin dut –zioen adeitsu barkamena eskatu nahian-. Nire bizitza ibar honi lotuta dago betiko, eta bertan bizi eta hil egin nahi dut. Utzidazu joaten, zin egiten dizut nire esker ona zure maitasuna bezain handia izango dela beti.

- Zoaz orduan –esan zuen etsita heroiak-. Baina ni beti gertu izango nauzu, nire maitasuna emateko.

Herkulesek urruntzen ikusi zuen Pyrene eta indar guztiekin mina itotzen saiatu zen. Mendi haietako baten puntan eserita egon zen, Gerion beldurgarriak suntsitutako paisaia haietaraino Pyrene nola jaisten zen begira. Dagoeneko ez zen txorien kantu alairik aditzen, ez zegoen loreen usainik, ez eta tximeleta alairik ere haien inguruan dantzan. Ura, grisez tindatua, errautsez gainezka zihoan, baina zumeek ez zuten horregatik negar egiten. Gertutik, dena zen hondamendia eta heriotza.

Hondamendi hura ikustean Pyreneren bihotz minduak ezin izan zuen jasan, eta lehen bere paradisua izan zen leku hartan, zaindu zituen uren ondoan erori zen ninfa ederra hilik.

Hori ikusita, Herkules tximista bezain azkar jaitsi zen mendi gailurretik eta bere maitearen hilotza ikustean besoetan hartu zuen, berriz bere onera ekarri nahian, baina negar batean amaitu zuen, ez zelako berpizteko gai.

Kemena berreskuratu zuenean, hantxe bertan ehorztea pentsatu zuen. Eta munduak Pyrene inoiz ahaztu ez zezan, haren oroimenean monumentu harrigarri eta bikain batekin betikotzea erabaki zuen. Honela, bi egun eta bi gauren buruan, bere ninfa ederrarentzat mausoleoa izango zen mendilerro luze eta erraldoia eraiki zuen, eta bere maitearen oroigarri izan zedin izena eman zion: Pirinioak.

 

Seve Calleja, Berba galduen putzua, Desclée

aurrera

irakurtzen duzun bitartean...