Google dokumentuetan letra-tipoa aldatu nahi badugu, kontua euskaraz konfiguratuta dugunok gainerako erabiltzaileek baino askoz aukera gutxiago daukagu. Euskara erabiltzeagatik oraindik ere zigortuta ibili behar dugu? Zer egin dezakegu? Euskara baztertu eta gaztelaniara pasa, aukera guztiak izateko? Ez horixe! Artikulu honetan azalduko dizugu nola konpondu arazoa euskarari eutsita.
Une honetan euskaraz ari bagara, ondoko letra-tipoen artean hautatzera behartuta gaude:
Baina kontua gaztelaniaz, ingelesez, edo frantsesez, adibidez, jarrita dutenek aukera zabalagoa dute, eta gainera, Google-ren edozein letra-tipo gehi dezakete:
“Más fuentes” sakatu eta, zerrendakoez gain, nahi dugun letra-tipoa gehitu ahal dugu:
Aukera asko daude, eta bilatzailea erabil dezakegu, edo Google-k eskaintzen dizkigun iragazkien bidez, bilaketa murriztu. Behin letra tipoa hautatuta (bat baino gehiago gehi daitezke zerrendara), Aceptar botoia sakatuko dugu eta aurrerantzean letra-tipoen zerrendan azalduko da, erabiltzeko prest.
Kontua berriz euskaraz jartzen badugu, letra-tipoak gehitu ditugun dokumentuan mantentzen dira, hortaz, dokumentu horretan letra-tipo aukera guztiak izango ditugu eskura, kontuaren hizkuntza edozein delarik ere. Dokumentu berrietan, berriz, lehengo aukera murritzak izango ditugu, hori bai.
Ondorioz, honelako dokumentu bat izan dezakegu gure Drive-n, eta letra-tipo berezia erabili nahi dugunean, dokumentu horren kopia batetik abiatu letra-tipo aukera guztiak zabalik izateko. Bestalde, azpimarratu behar da aski dela dokumentu horretako hitz bat kopiatzea eta dokumentu berrian itsastea letra-tipo berrian idazteko, baina honela eginez gero, menuan ez dira agertuko letra-tipo berriak, beraz, “askatutako” dokumentuaren kopian lan egitea izango litzateke aukerarik onena. Probatu nahi baduzue, ondoko lotura hau erabil dezakezue, zuen kontuan hizkuntza aldatzen ibili gabe: dokumentuaren kopia
Amaitzeko, esan behar da Google-ren aurkezpenetan ere berdin gertatuko zaigula, baina kalkulu-orrietan, berriz, letra-tipo aukera guztiak ditugu erabilgarri.