HEGALDIAK

Oka mendietako elurra

Inkisizioaren agirietan irakur daitekeen moduan Burgosko lurralde horietan elizgizon sendagileak ugari ziren. Ahozko tradizioaren arabera gure aztia hara joaten omen zen askotan bilera eta akelarreetara.

Vianako zaindaria den Abuztuko Ama Birjinaren egun batean Johanes arin eta presaka sartu zen Santa Maria elizan; beste batzuetan bezala berandu ailegatzen zen elizkizunetara. Elizan zeudenek, harriturik, ikusi zuten nola astintzen zuen kapa eta nola geratzen ziren harlauzak elurrez estalita esaten zuen bitartean:

- Hau elurtea Okako mendietakoa! Ederra elurtea Okako mendietakoa!


Madrileko zezenketan

Madrilen errege ezkontza ospatzeko zela eta gure gizonaren andre giltzainari gogoa sartu zitzaion hara joateko zezenketa ikustera. Ziztu bizian eta inolako atsedenik hartu gabe Johanes Kastejongo mendixkara igo eta handik oihukatu zuen:

- Okako mendietako hodeia etorri azkar asko niregana!

Hodeiak obeditu eta haren gainean joan ziren Madrilera. Goitik eder-ederra ikusten zen Plaza Nagusia jendez gainezka espektakulua ikusteko. Baina jendearen artean Villenako markesa zegoen, Johanesen laguna, eta haiek ikustean ondoan eserita zeudenei esan zien:

- Begira ezazue, Bargotako aztia eta bere giltzaina!

- Berriro txantxetan...

- Txantxetan? Begiratu eta ikusiko duzue nola kentzen diodan zapata bat giltzainari.

Hura oinutsik ikustean aztiari esan zion:

- Lasai, oraintxe bertan itzuliko digu.

Markesaren buruan oso adar handiak atera ziren, hain ziren handiak ezin baitzen atetik pasatu. Nobleak zapata itzuli zuen berehala baina apaingarriak ez zitzaizkion joan; azkenik nafarraren ahotsa entzun zen:

- Adarrak eroriko zaizkizu Kalagorriko inkisidoreen aurrean nire alde eginen duzula zin egiten badidazu.

- Zin egiten dizut!

Adarrak desagertu zitzaizkion. Hala ere, ikusle haietako batek aitaren egin zuelako giltzaina eta nagusia erori ziren hodeitik plazara eta gartzelara sartu zituzten.


Erroman

Bazuen Johanesek oso harreman estua deabru hurko batekin, hurkoa harekin ibiltzen zelako eta zerbitzatzen zuelako. Behin Erromara eraman zezan konbentzitu zuen baina ez zion esan zertarako joan nahi zuen.

Garai hartako Aita Santua Alexandro VI.a, Borgiarretarra, gorteko dama batekin zebilen harremanetan. Haren senarrak hil nahi zuen. Johanesek konplotaren berri eman zion Aita Santuari, eta hark ordainez, bekatu guztiak barkatu zizkion deabruarekiko harremana hausteko baldintzarekin.

Kalagorriko Inkisizioak errukiorra azaldu omen zen Johanesekin Aita Santuari egindako mesedeagatik.

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak |Gida didaktikoa |