VIANAKO AKELARRETAN

Endregoto Vianako andretxo itsua

Vianako harresietatik kanpo, mendebaldera, auzo Handian edo San Felizesekoa ikusten da, etxe xumeak ditu eta jornalariak bizi dira bertan. Hor bizi omen zen Endregoto, asko ikusten zuen sorgin itsua.

Behin baino gehiagotan entzuna zuen Johanesen berri eta bere etxetxoan egiten zituen bileretako batera gonbidatu zuen. Bargotarrak ikasi zuen bertan belarrez, ukenduz eta hara joandakoen bidez jakin zuen Vianako putzuan egiten zirela akelarreak, Kantabriako larretik gertu. Baina oraindik okerrena ailegatzeko zegoen.

Endregotok azken araoa bota zuenean, kanpoan izugarrizko ekaitza altxatu zen eta bazirudien etxea hegan hasiko zela. Ardoa mandazainei zerbitzatzen zien mutiletako batek murmuriatu zuen:

- Badator Endregotoren etxetik...

Johanesek berriro ez zela joanen zin egin zuen, baina itzuli zen.


Cabredoko zapataria

Endregotoren etxera eta putzuan egiten ziren akelarretara joaten zenetako bat Cabredoko zapataria zen. Cabredo, Meano eta Lapoblacioneko mendien atzean dago. Larunbatetan Vianako bileretan egindako ukenduaz igurzten zuen gorputza, erratza bat hartu, tximiniatik atera eta Aguilarko dorrean atseden hartua zuten gainerako sorginekin elkartzen zen. Gero, denak elkarrekin Salobreko larrera joaten ziren hegan.

Behin batean bildutako guztiak aker itxura zuen deabruaren ipurdia musukatu behar zuten momentua ailegatu zenean eta zapatariak aurpegia hurbildu zuenean, deabruak puzkar ikaragarria bota zuen eta Cabredokoak mendekua hartzea erabaki zuen.

Hurrengo larunbatean, txanda egokitu zitzaionean, ezten bat sartu zuen alde usaintsu erasotzailean. Dena den, Beltzeburi ez omen zion min handiegirik eman, bueltatu baitzen esanez:

- Orain musu eman didan sorginak, hurrengoan bibotea moztu dezala fin-fina!

Cabredora hegan itzultzen ari zenean ohartu zen sartutako eztena odolez zikinduta zegoela; berehala bota zuen, odol horrek zorigaitza ekartzen du eta. Harrez geroztik ez zen berriro Vianako akelarrera itzuli.


Endregoto eta Aguilarko kondea

Armarria duten jauregiz beteta dagoen hiria da Viana. Haietako batean, San Miguel auzoan, Aguilarreko konde zaharra bizi zen. Oso pertsona eskuzabala omen zen behartsuekin, haien artean Endregotorekin. Inork ez daki nola baina andretxo itsuak liluratu zuen kondea eta konbentzitu ere konbentzitu zuen berak bazekiela hil ondoren berpizteko prozedura eta hala eginez gero aukera izanen zuela ongia egiten jarraitzeko.

- Sinets iezadazu, Jainkoak hala nahi du, hain zara ona...

Itsuak Johanes deitu zuen, nekromantea baitzen eta hildakoak deitzeko gaitasuna baitzuen; oso baliagarria izanen omen zen esperimentuaren bigarren zatian.

Esperimentua kondearen etxeko upelategian egin zen. Gauean bi lapiko jaitsi zituzten, bata txikia eta bestea handia. Lehenengoan belarrak eta animalien puskak egosi zituzten. Kondeak lurrin bat usaindu eta lo geratu zen; ondoren zaharraren gorputzarekin puskak egin eta lapiko handian sartu zuten dena gainerako osagaiekin batera. Oilarrak kantatu aurretik berpiztuko omen zen.
Gau osoa araoz, sorginkeriaz eta erreguz eman zuten, baina oilarrak kantatu eta konde gaixoa lapikoan gelditu zen.

Justiziak harrapatu zituen Endregotoren etxean bilduta eta gordeta zeuden guztiak. Inkisizioak itsua sutara kondenatu zuen eta gainerakoak galeretara, Johanes izan ezik, batzuen adierazpenen arabera zerikusi zuzena izan ez zuelako gertaeran. Johanes sambenito eramatera kondenatu zuten, eskapulario lotsagarria zen, auzitegi ospetsu hark kondenatutakoei ohorea kentzen ziena.


Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa |