GAIZTOEN ESKARMENTUAK

Mandazainaren mando-ilara

Egun batean Aras aldera zihoan aztia, han senideak baitzituen, eta San Joan Erramuko konbentutxora ailegatu zenean atseden hartzera geratu zen. Bidean mandazain bat zetorren eta galdetu zion:

- Egun on, gizon! Nongoa zara, mandazain?

- Eta zuri zer axola, txorimalo?

Johanesek pasatzen utzi zien mandazainari eta mado-ilarari. Bat-batean, mandazainaren begirada harrituaren aurrean, mandoak hegan hasi ziren eta zintzilik geratu ziren Vianako Santa Maria elizako kanpandorre handian.


Lukuraria eta antxumeak

Oso gizon langile eta pobre bat bizi zen Bargotan. Goiz batean soroetara zihoala aztiak galdetu omen zion haren tristuraren arrazoiaz.

- Emazteak eta seme-alabek ezin dute jan, eta lukurraria batek neukan lur zati txikia kendu dit.

- Ez kezkatu, eskaiozu dirua, horren truke nik emanen baitizut nire antxume taldea.

- Noizdanik duzu, bada, antxume talderik?

- Gaurdanik, Arentxuko eskortetan.

Lukuraria gustu onez eman zituen txanponak, antxume taldeak askoz gehiago balio baitzuen. Bordari begiratu zionean hasi zen eskuak igurzten antxume talde polit haren aurrean. Aker handia atera zen lehena, itsasa altxatu eta gur egin zion; gero besteak atera eta zelai aldera abiatu ziren akerrak egindako keinu bera eginez. Zur eta lur geratu zen lukuraria, aitaren egin eta une horretan bertan desagertu ziren antxume guztiak deabruak eramandako arimak bezala.

Esaten dutenez, denbora luzean inguru horietan aker usaina suma zitekeen; beste batzuk, berriz, sufre usaina zela diote.


Joan Itzalgabea

Aztia Logroño aldera zihoan bide frantsesean barrena Kantabriako muinotik hurbil. Bazen denbora franko harekin zihoala erromes gupidatsu itxura zuen gaztea. Hark proposatu zion arima deabruari saltzea. Bargotarrak ezetza eman zuen. Munilako ermitara ailegatzean -garai batean han omen zegoen Kodesko Ama Birjina- deabruak lepotik heldu zion itotzeko asmotan. Baina Johanesek bere itzala bota zion, eta deabruak eraman zuen.

Horregatik, itzala ez egiteagatik, ez eta egunik eguzkitsuenetan ere, Joan Itzalgabea esaten zioten.


Otiñanoko abadea

Nafarroak Araba eta Errioxarekin dituen mugetan Kodesko Ama Birjinaren santutegia dago. Haren ondoan bi harkaitz daude, tamainaz desberdinak baina itxuraz oso antzekoak. Inguru honetan "Bi Ahizpak" esaten zaie. Tradizioaren arabera garai batean amarik gabe geratu ziren bi haur ibili ziren mendizerra hartan eta amaordeak madarikatu eta bi harkaitz bihurtu zituen.

Haiekin lotura du Johanesek ere. Behin meza entzutera sartu omen zen Bargotakoa aipaturiko santutegira eta Otiñanoko abadeak, besoak erregu gisa zabalik zituela, Johanes ikusi zuenean alde egiteko eta sakristian sartzeko keinua egin zuen. Bargotakoa bidearen erdian jarri zitzaion eta apaizak esan zion:

- Idatzita dago: "Ez ogi bedeinkaturik txakurrei bota, ez eta bitxilorerik txerriei eman jateko".
Hau entzunda besteak erantzun zion lasai asko:

- Hau ere idatzirik dago: "Kumeek ere, haien jabearen mahaitik erortzen diren ogi apurrak jaten dituzte".

Eta apaizak bere horretan jarraitzen zuenez gero, Johanesek oinetatik heldu zion, airera eraman eta Bi Ahizpetatik handienera itsatsita utzi zuen. Oraindik ere ikus daiteke bertan besoak zabalik erregu moduan.

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa |