|
Aitzakia, albiste, berri, damu, esperantza, froga, hitz,
iritzi, irudipen, itxaropen, itxura, kezka, konfiantza, kontu, marka,
promesa, seinale, sentimendu, susmo, uste, zantzu, zurrumurru...
eta horrelako izenek gobernatzen dituzten perpaus osagarrietan
–eLAKO eta –eN
atzizkiak erabiliko dira euskara batuan:
- Ekonomia gaizki doalako berriak ez gintuzke harritu behar.
- Ameriketara joan zen han hobeto biziko zelako ustean.
- Berriro elkar ikusiko dugulako esperantza ez dut galdu.
- Maite gaituztelako seinale da egin diguten harrera beroa.
- Berriro elkar ikusiko dugun esperantza ez dut galdu.
- Maite gaituzten seinale da egin diguten harrera ona.
|
|
Baina euskara batuan ez da egoki perpaus osagarrietan –eLAREN,
-eNEKO edo –eNAREN atzizkiak erabiltzea, ez
baitute literatur tradizioan aski den adinako lekukotasunik. Beraz,
gisa honetako perpausek ez dute lekurik euskara batuan:
- *Ekonomia gaizki doalaren berriak ez gintuzke harritu behar.
- *Ameriketara joan zen han hobeto biziko zelaren ustean.
- *Maite gaituztenaren seinale da egin diguten harrera ona.
|