Egilearen artxiboa: Miren Basurto

Zein da zuzena: “abendu arte” ala “abendurarte”?

Galdera:

Egun on. Zalantza bat sortu zaigu: ahoz, eta idatziz ere gero eta gehiagotan, abendurarte, goizerarte eta antzekoak entzuten zein irakurtzen ditugu. Zein da egokia gaur egun? Non aurki dezakegu horren inguruko araua?

Erantzuna:

Auzi honetarako Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik argitaratu, baina badira zenbait joera edota erabilera nagusitu eta orokortu direnak:

  1. Ontzat ematen dira hiru erabilera hauek: abendu arte, abendua arte eta abendura arte; bihar goiz arte, bihar goiza arte eta bihar goizera arte. Zenbait eragilek -(e)ra arte egitura hobesten edo bultzatzen dute —abendura arte eta bihar goizera arte—, baina Euskaltzaindiak ez du ez forma horren ez besteen alde egin. Hortaz, gaur-gaurkoz hirurak dira erabiltzeko modukoak.
  2. Okertzat jotzen da idazkera hau: *abendurarte, *goizerarte… 

Berariazko araurik ez dagoen arren, Euskaltzaindiak argitara emandako Euskara Batuaren Eskuliburua argitalpenean zabaldu dezakezu informazio hori. Esteka honetan klik eginda, gaiaren inguruan sakontzeko aukera ederra izango duzu:

-RAINO/ARTE


Zuzenak dira “lau urtetan behin”, “lau urtean behin” eta “lau urtero”?

Galdera:

Egun on. Hauetako zein dago ondo: “lau urtetan behin”, “lau urtean behin”, “lau urtero”?

Erantzuna:

Maiztasuna adierazteko aipatu dituzun hiru aukeren artean, Euskaltzaindiak bakarra onesten du euskara baturako: “lau urtean behin” hain zuzen ere. 110. arauan du arautua afera hau.


a) Inesiboan —NON kasuan— forma mugatua hobesten du; beraz, “lau urtean behin”, eta ez mugagabea den “*lau urtetan behin”.

b) Bestalde, “*lau urtero” bezalako sintagmak ere okertzat jo ditu. [zenbatzailea + izena + -(e)ro] egiturak ez dira egokiak: “hamabost egunero”, “bi astero”,  “zortzi orduro”… 

Zuzenak dira, ordea, [izena + -(e)ro] egiturak: “egunero”, “hamabostero”, “astero”, “orduro”…

c) Bukatzeko, honatx maiztasuna adierazteko beste modu egoki batzuk:

lau urtez behin
lau urtetarik behin lau urtetarik lau urtetara
lau urterik behin lau urtetik behin lau urtetik lau urtera

Informazioa zabaldu nahi baduzu, sar zaitez Euskaltzaindiak argitaratutako Euskara Batuaren Eskuliburua argitalpenean, “zenbatzaileak eta maiztasuna” izeneko sarreran. Honako hauxe duzu esteka zuzena: https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?&option=com_ebe&view=bilaketa&Itemid=1161&task=bilaketa&lang=eu&id=1416&highlight=zenbatzaileak+eta+maiztasuna

Kargua adierazteko: “bulegari” ala “bulegaria”?

Galdera:

Nola idatzi behar da pertsona baten kargua:
Rakel, bulegaria ala Rakel, bulegari ?

Erantzuna:

Zalantzarik gabe, lehenengoa da zuzena: Rakel, bulegaria. Horrelakoetan,
mugaturik idatzi behar duzu kargua.

Honatx beste adibide batzuk:

Mikele Elordi, zuzendaria Mikele Elordi, 3A-ko tutorea Mikele Elordi, orientatzailea
Mikele Elordi, alkatea Mikele Elordi, X-ko presidentea Mikele Elordi, Matematika mintegiburua