TXANTXAK

Mutikoa eta pilota

Ederki ezaguna da Nafarroak betidanik izan duen eskupilotan aritzeko zaletasuna. Goiz batean aztia partida bat jokatzen ari zela mutiko batzuekin pilotaren josiak askatu ziren, eta Johanesek etxeko lanetan laguntza ematen zion mutikoari deitu eta esan zion:

- Hi mutiko, joan hadi Vianara eta erosi pilota bat.

- Jo! Vianaraino? Oso urruti dago...

- Hi joan hadi, uste baino gutxiago kostatuko zaik.

Mutikoa ibiltzen hasi eta handik gutxira ufa arraroa somatu zuen atzeko aldean. Buelta eman zuen eta han zegoen zezen handi bat harengana zuzen-zuzen zihoana. Valdecornavako bidea hartu eta ziztu bizian abiatu, aitaren batean Vianako harresietara ailegatu zen. Pilota erosi eta Lizarrako atea zeharkatu bezain pronto zezenaren lehengo ufa bera sentitu zuen atzeko aldean; honela Bargotara ailegatu zen azkar baino azkarrago.

Han zeuden Aztia eta haren jolaskideak zain.

- Ikusten? Ikusten? Viana pentsatu baino hurbilago zegok!


Ontzi-saltzailea eta eperrak

Eskualde osoan oso famatuak ziren Vianako Sanjuanetan egiten ziren feriak. Egun haietako batean bargotarra eta Santa Maria kabildoko lagun batzuk ikusten ari ziren ontzi-saltzaile batek jarrita zuen erakusketa; plaza Nagusian etxetarako zeramikak zituen.

- Ezetz trastekeria egin eta saltzaile horri gauzak txikitu!

- Ontziek balio dutenaren bikoitza ordaintzen baduk...

- Tira, ados!

Prestidigitadoreak kapa zabaldu eta berehala eper-saldo bat ontzietara abiatu zen. Une hartan San Joan ataritik sartzen ari zen jorratzaile talde batek eperrak ikusi eta haiek harrapatzera oldartu ziren garrasiak eta espartinen azpiko karrask-karrasken artean. Gero, haragizko altxor haiek eskuetan zituztela aldendu ziren, baina, eskuak ireki ahala nabaritu zuten eskuan paper koloreztatuz egindako txoritxoak besterik ez zituztela.

Apaiz apustuzaleak ordaindu zuen. Eta jendeak dioenez, egun hartan, bat-batean, sortu zitzaion Johanesen etxeari eper bat eta hamabi eper-kumez osaturiko armarria.


Iruñeko Sanferminetan

Edozein nafar petori dagokion legez, uztaila iritsi eta Johanesi Iruñean zegoen giroa ikusteko gogoa piztu zitzaion eta harantz abiatu zen. Baina beste pertsona batzuek aurrea hartu ziotenez gero, betiko ostatua beteta zegoen. Etxeko andreak aintzat hartuta garai hartan inori bost axola zitzaiola gela konpartitzea esan zion:

- Agian zure lurraldeko apaiz bati eta haren ilobari ez zaie inportatuko zurekin konpartitzea logela...

Andreak kriseilu bat eman zion eta gelan argia sartzean ohartu zen haietako bat Otiñanoko abadea zela, eta Johanesek bazekien abade horrek ez zuela begiko.

- Gabon, abade jauna!

- Jainkoan hala ekarri, azti jauna!

- Etxeko andreak esan dit lo onekoak zaretela eta ez duzuela oztoporik jarriko nik zuekin geratzeko... Makurrena zera da, normalean nik bururik gabe lo egiten dudala...

Johanes lurrean etzan zen; kriseiluaren argi motelean zehar begira geratu zen abadea, ez zuen begirik kentzen. Handik gutxira hara non ikusi zuen aztiak burua gorputzetik askatu eta mesanotxean uzten zuela. Osabak eta ilobak alde egin zuten izuturik.

- Ero dago! Hau deabrukeria da!

Ostalaria eta aguazilak zer gertatzen zen ikustera logelara joan zirenean, han ikusi zuten Johanes lo goxoan ohe bigunaren gainean, hurrengo eguneko San Fermin eguna pasatzeko atsedena hartzen.

Nagusia | Nor zen Johanes | Egia ala ipuina | Johanes herriak ikusita |

| Elezaharrak | Gida didaktikoa |