Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

“Laguntzen ari zatzaizkit” zuzena da?

Galdera:

Zalantza pare bat galdetu nahi dizuet:

  • “Laguntzen ari zatzaizkit” esaldia zuzena da ‘Me estás ayudando’ esateko?
  • Zuzena bada, ez al da oso jasoa?

Erantzuna:

“Laguntzen ari zatzaizkit” zuzena da eta, zuk ongi diozun moduan, ‘Me estás ayudando’ esan nahi du. “ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit” da esaldi osoa, nahiz eta ZU NIRI esan edo idatzi beharrik ez dagoen “zatzaizkit” forman ongi islatuak daudelako bi pertsonak. “zatzaizkit” adizkia NOR-NORI motakoa da eta, adierazi bezala, ZU NIRI pertsonei dagokie.

Beste kontu bat da erregistro jasokoa den irudipena izatea. Ez gaude ohituta NOR-NORI motako adizkiak  ―”zatzaizkit”, “zatzaizkigu”, “gatzaizkizu”, “gatzaizkie”, “zatzaizkidate”, “zatzaizkigute”― erabiltzera. Oso gutxitan baliatzen ditugu, eta irakurri edo entzun ere gutxitan.

NOR-NORI motako beste hauek, ordea, ohikoak dira eta geuri ere erraz ateratzen zaizkigu: “zait”, “zaizkit”, “zaigu”, “zaizkigu”, “zaizu”, “zaizkizu”… Seguruenik ez ligukete zalantzarik sorraraziko “Laguntzen ari zait” edo “Laguntzen ari zaizkit” esaldiek. 

Ohituran datza desberdintasun bakarra:

– ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit (= Laguntzen ari zatzaizkit).

– IZARO NIRI laguntzen ari zait (= Laguntzen ari zait).

– IKASLEAK NIRI laguntzen ari zaizkit (= Laguntzen ari zaizkit).

Bukatzeko, esan behar dizugu “ZU NIRI laguntzen ari zatzaizkit” esaldiaren parekoak beste moduren batean adierazi ohi ditugula normalean —batik bat ahozkoan—. Esate baterako, seguruenik gehienok honela esan ohi dugu: “ZU NIRI laguntzen ari zara”.

Honatx antzeko adibide bat:

– Zu niri laguntzen ari zaren bitartean, besteak lo daude (= Zu niri laguntzen ari zatzaizkidan bitartean, besteak lo daude).

festa/besta/pesta?

GALDERA: 

Kaixo:

Hainbat lekutan ikusi ditut “festa”, “besta” eta “pesta” hitzak. Ez dakit, ordea, zein den zuzena edo zuzenena. Hirurak onartzen dira?

ERANTZUNA:

Euskaltzaindiaren Hiztegira (EH) joko dugu ikusteko ea hiztegian jasota dauden zalantza eragiten dizuten hitz horiek. Eta, jasota badaude, inolako oharrik duten ikusiko dugu ondoren.

festa hitza jasota dago, eta ez du ohar berezirik.

besta hitza ere jasota dago, eta “Ipar. eta Naf.” euskalki marka du

pesta hitza, berriz, ez dago jasota. Euskaltzaindiaren Hiztegian agertzen ez denez, Elhuyar hiztegian begiratu eta ikusiko dugu hor ere ez dagoela jasota. Horrek pentsarazten digu pesta aldaera ez dutela egokitzat jo euskara baturako.

Ondorioz, hori guztia kontuan hartuta: 

festa da hitz orokorra. besta, berriz, egokia da Iparraldean edota Nafarroan erabiltzeko, hau da, bertako hizkeran ari den hiztunak erabiltzeko edo bertako hartzaileentzat jardutean baliatzeko.

“energia berriztagarriak” terminoak badu laburdurarik euskaraz?

Galdera:
Kaixo:
Gaztelaniaz “Energías Renovables” terminorako EE.RR laburdura erabiltzen den bezala, euskaraz “Energia Berriztagarriak” terminoak ba al du? Eskerrik asko!

Erantzuna:
Laburdurak erabiltzen dira ezagunak direnean edo aurretik osorik formulaturik ageri
direnean.


Energia berriztagarrien kasuan, bi kontu aipatu behar dizkizugu:
a) Alde batetik, ez dago ezaguna den laburdurarik. Beraz, erabili nahi izanez gero, asmatu egin beharko zenuke eta aurretik osorik formulatu eta testuan ongi zehaztu.
b) Bestetik, plurala da kontzeptua, eta erdaraz horrelako pluralak bikoiztu egiten dira
(RR.HH = recursos humanos, esate baterako), baina euskaraz ez. Hala, bada, EB egin
beharko genuke, eta hor saltsa handia da: esate baterako Europar Batasuna edo Ezker Batua ere EB siglen bidez laburtzen baitira.


Horregatik guztiagatik, guk gomendatuko genizuke ez erabiltzea. Eta, erabili nahi izanez gero, EnB edo antzeko zerbait asmatzea; aurrez ongi zehaztuta, jakina: XXXXXX energia
berriztagarriak (EnB) XXXXXX.

Zein da zuzena: “abendu arte” ala “abendurarte”?

Galdera:

Egun on. Zalantza bat sortu zaigu: ahoz, eta idatziz ere gero eta gehiagotan, abendurarte, goizerarte eta antzekoak entzuten zein irakurtzen ditugu. Zein da egokia gaur egun? Non aurki dezakegu horren inguruko araua?

Erantzuna:

Auzi honetarako Euskaltzaindiak ez du berariazko araurik argitaratu, baina badira zenbait joera edota erabilera nagusitu eta orokortu direnak:

  1. Ontzat ematen dira hiru erabilera hauek: abendu arte, abendua arte eta abendura arte; bihar goiz arte, bihar goiza arte eta bihar goizera arte. Zenbait eragilek -(e)ra arte egitura hobesten edo bultzatzen dute —abendura arte eta bihar goizera arte—, baina Euskaltzaindiak ez du ez forma horren ez besteen alde egin. Hortaz, gaur-gaurkoz hirurak dira erabiltzeko modukoak.
  2. Okertzat jotzen da idazkera hau: *abendurarte, *goizerarte… 

Berariazko araurik ez dagoen arren, Euskaltzaindiak argitara emandako Euskara Batuaren Eskuliburua argitalpenean zabaldu dezakezu informazio hori. Esteka honetan klik eginda, gaiaren inguruan sakontzeko aukera ederra izango duzu:

-RAINO/ARTE


Kargua adierazteko: “bulegari” ala “bulegaria”?

Galdera:

Nola idatzi behar da pertsona baten kargua:
Rakel, bulegaria ala Rakel, bulegari ?

Erantzuna:

Zalantzarik gabe, lehenengoa da zuzena: Rakel, bulegaria. Horrelakoetan,
mugaturik idatzi behar duzu kargua.

Honatx beste adibide batzuk:

Mikele Elordi, zuzendaria Mikele Elordi, 3A-ko tutorea Mikele Elordi, orientatzailea
Mikele Elordi, alkatea Mikele Elordi, X-ko presidentea Mikele Elordi, Matematika mintegiburua