Berbera ala berdina?

Galdera:

Euskaldunok maiz nahasten ditugu bi hitz hauek. Zergatik? Gaztelaniaren eragina sumatzen da, dudarik gabe. Nik kotxe bat daukat, iaz erosi nuen eta aurten berberarekin jarraitzen dut.

Gaztelaniaz esango nuke “Sigo con el mismo coche”. Lagun batek gustukoa zuen nire kotxea eta nirea bezalako beste bat erostea erabaki du. Orain biok ditugu kotxe berdinak, baina ez berberak. Gazteleraz esan dezakegu bai “tenemos coches iguales”, bai “tenemos el mismo coche”, “igual” eta “mismo” hitzak askotan sinonimoak bezala erabiltzen direlako.

Baina euskaraz ongi erabiltzeko biak bereizi behar dira. “Berbera” erabiltzen garenean gauza batetaz ari gara hitz egiten, kotxe bakar batetaz, esate baterako. Berriz, “berdina” hitza erabiltzeko gutxienez bi gauza egon behar dira, adibidez, bi kotxe, zurea eta nirea; biak dira berdinak: marka, kolore eta potentzia berdinekoak. Baina ez dira berberak.

Hau da behintzat nik pentsatzen dudana. Hurren arte.

Erantzuna:

Oso azalpen burutsuak eman dituzu “berdina” eta “berbera” hitzen inguruan. Hala ere, zehaztapenen bat egin nahi nizuke:

1) Normalean “bera” erabiltzen da, ez “berbera”. Azken hau beste haren forma indartua da. Adibidez: “Atzo kalean gizon bat ikusi nuen: Ibarretxe berbera ematen zuen!”.

2) Zure mezuaren bukaera aldean honako esaldi hau dator: <“Berbera” erabiltzen garenean gauza batetaz ari gara hitz egiten, kotxe bakar batetaz, esate baterako>.

Hobe duzu “batez” erabiltzea “batetaz” baino. “Batetan”, “batetatik”, “batetako” eta abar ez dira existitzen gaurko euskaran, txartzat jotzen dira.

3) Bestalde, “erabiltzen dugunean” idatzi behar zenuen, ez “erabiltzen garenean”. Beraz, aurreko esaldi hori honela geldituko litzateke: <“Bera” erabiltzen dugunean, gauza batez ari gara hitz egiten; kotxe bakar batez, esate baterako>.

Ohartxo hauek baliagarriak izatea espero dut.

Data: 2004/12/14

Kategoria Hizkuntza, etiketak , , egilea .

Honi buruz: EIBZ

EIBZ edo Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko zentro ofiziala da, Hizkuntzen eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren mendekoa. EIBZk hiru atal nagusi ditu eta ongi zehazturiko helburuak eta eginkizunak: a) Prestakuntza arloa: Euskara maila eguneratzeko eta hobetzeko ikastaroak ematea. Euskarazko ikastaroak diseinatzea eta ikastaro berriak proposatzea. Irakasleei ikasmaterialak euskaraz sortzeko aholkuak ematea eta sortzen laguntzea. b) Hizkuntz Egiaztapen eta Zuzenketaren arloa: Nafarroako Gobernuaren EGArako probak prestatzea. Irakasleei euskararen gaineko kontsulta zerbitzua eskaintzea: oinarrizko hezkuntza terminologia, hizkuntza arauak, kalitatezko testuak, baliabide didaktikoak. Lankidetza hitzarmenak sustatzea euskarazko hizkuntza baliabideak jaso, hedatu eta erabili nahi dituzten ikastetxeekin. c) Informazioaren eta Baliabideen arloa: Euskararen irakaskuntzari lotutako fondo dokumentala, bibliografikoa eta teknologia berrien gainekoa sortzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroko fondo bibliografikoak, ikus-entzunezkoak eta informatikoak zaintzea, sailkatzea eta eguneratzea. Baliabide Zentroaren webgunea sortzea eta eguneratzea. Helbidea: Zubiarte kalea, 13 Uharte - 31620 Nafarroa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.